Urteko galdera

Xabier Barandiaran Irastorza / Soziologoa

2015/06/24

Xabier Barandiaran Irastorza / Soziologoa

Komunikazioaren gizartea eta euskal herrigintza

Nola ari da aldatzen gure herrigintza informazioaren eta komunikazioaren gizartean? Herrigintzan gero eta gehiago nagusitzen ari da merkatuaren eta kontsumoaren ikuspegia; post-modernitatearen balioek gizartearen gune gero eta zabalagoa hartzen dute; norbanakoaren ikuspegia nagusitzen da, eta kapital sozial erkidea izugarri ahuldu da; demografiaren eta kulturaren izaera gero eta konplexuagoaren eraginez, gure nortasunaren errealitatea aldatzen ari da. "Homo videns" izaerako gizartea da gurea, eta harreman geografikoaren guneei harreman sozialaren guneak gailentzen zaizkie. Gizarte aurreratuen ekoizpen ekonomiko, politiko nahiz soziala menderatzen duten indar nagusiek gero eta eragin sakonagoa dute Euskadin. Euskal Herriaren egungo kultura politikoa ulertzeko eta etorkizuneko proiektuak planteatzeko, faktore erabakigarriak izango dira hurrengo hiru eraldakuntza hauek:
  1. Merkatua gero eta garrantzizkoagoa da, ez bakarrik harreman ekonomikoen baldintzatzaile delako, baizik balio indibiduala edo soziala den heinean, politika errotik ari delako eraldatzen. Bizitza soziala edo kulturala antolatzeko iturri ari dira bihurtzen merkatua eta kontsumoa. Politika pribatizatzea edo herritarren eta "objektu politikoen" arteko kontsumo harremana dira partaide garen sistema horren garapenaren alderdi. Politikak gero eta indar gutxiago izatea faktore argitzaile nagusia da, eta kontuan hartu beharreko errealitatea ere bai, eraldakuntza sozio-politikorako helburu politikoak formulatzerakoan.
  1. Gizarte gero eta indibidualistagoaren bidean goaz; kontsumoa gailentzen da, sare erkidea gero eta ahulagoa da. Sekularizazioa, pluralizazioa eta indibidualizazioa gero eta indartsuagoak dira. Post-modernitatearen soziologoek egiaztatzen dute arrazoia ahul dela, eta arrazionalitatearen krisia iragartzen dute. Subjektibotasuna gailentzen zaio kolektibotasunari, harreman sozialen esparruan. Erkidegoak indarra galtzen du norbanakoaren aurrean. Kontsumoaren gizarte ikus-entzunezko eta post-materialistak ezartzen du orainaren eta berehalako plazeraren araua, oroimenik gabe, arau estetikoaren mende. Errentagarritasuna dago produktibitatearen gainetik, epe laburrak kendu dio lekua luzerako aurreikuspenari, zerbitzu ekonomiaren optimizazioak gero eta indar handiagoa du. Utopia oro baztertu eta ardura pragmatikoa da nagusi. Balio absolutuak galdu egin dira; desmitifikazioa eta desakralizazioa ditugu aurrez aurre. Absolutuaren lekua hartu du erlatibotasunak; batasunaren ordezko, aniztasuna dugu; objektiboaren lekuan, subjektiboa; ahaleginaren tokian, plazera; indarra beharrean, ahultasuna; sakralizazioaren ordez, sekularizazioa; arrazoiari sentimenduak kendu dio lekua; etikari, estetikak; ziurtasunari, agnostizismoak; ziurtasunari, erlatibismoak; eta abar. Gizarte industrialetan, bateratasun sozialaren arazoa sortu du horrek. Segurtasun sentipena galtzen ari gara. Labur esanda, "ni"-a ari da gailentzen "gu"-aren aurrean, eta modernitatearen ezaugarri izan zen arrazionalitatea nolabaiteko krisian dago. Mendebaldeko gizarteek eginkizun larri bat dute: norbanakoaren askatasuna ezkontzea gizartearen eta erkidegoaren bateratasunarekin, etorkizunari aurre egiteko. Benetan uste dut horixe dela euskal politikan eragin zuzena duten beste elementuetako bat.
  1. Herrigintza baldintzatzen ari den hirugarren funtsezko elementua da egitura sozialaren, kulturaren eta demografiaren konplexutasun gero eta handiagoa, harreman sozialerako baldintza berriak sortzen ari den heinean. Mendebaldeko gizarteak gero eta konplexuagoak dira, harreman guneak eta denborak errotik aldatzen ari baitira egitura sozial nahiz kulturalak. Ikusi besterik ez dago Euskadin bizi diren pertsonen higikortasun eremua, eta orain dela 30 urtekoarekin alderatu. Faktore horiekin batera, badago beste elementu bat gure errealitate politikoan, sozialean eta kulturalean eragina duena: gure bizitzan erabat txertatu dira errealitatearen produkzio sozialerako ikus-entzunezko mekanismo teknologikoak. Ikus-entzunezko kultura sakonki ari da baldintzatzen errealitate politikoaren eraikuntza soziala. Hedabideak sozializazio politikorako tresna erabakitzaileak dira.

Parte hartzean oinarritutako kultura politikoa herrigintzan

Euskal Herriak oinarri bateratu batean eraikitako garapen eta modernizazio proiektu bat behar du, banakako eta taldeko eskubide guztiak bermatuko dituen proiektua. Oinarri bateratu hori lantzeak esan nahi du printzipio, helburu eta edukiei buruzko akordioa landu egin behar dela eta horretarako gizarteak aktore politikoei arnasa berria ematea ezinbestekoa da. Gizarteak erakunde eta aktore politikoekiko komunikazioa landu eta sakondu behar du. Bide eta eredu ezberdinak landuz, gizarte partehartzean oinarritutako kultura politikoa sustatzea da herrigintzari bere balio eraginkorrean eta eraldatzailean bultzada bat emateko. Gizartea bera ezin daiteke zeregin horretatik kanpo geratu. Gizarteak parte hartu ez bakarrik auzi politikoaren blokeoa gainditzeko baizik eta herrigintza bere osotasunean indartzeko. Egungo giro politikoak partehartze eza bultzatzen badu ere, guztion artean eredu ezberdinak landu beharrean gaude herrigintzan herritarron bilakaera ziurtatzeko. Ziurrenik partehartze hau ez da iragan hurbilean burutu den partehartzearen tankerakoa; eredu berriak topatu beharko dira. Euskal gizartearen indarrak bultzatu lezake egungo egoera politikoak bizi duen egoera gainditzea. Indar hori ez dator ohiko parte hartze politikotik, baizik eta partehatze eredu anitzen bidez garatzen den kultura politiko berri batetatik. Partehartzean dago beraz gakoa. Euskal gizarteak politikarekiko pasibotasunez jokatzen badu etorkizunak ez du ekarpen baikorregirik erakutsiko. Zertan datza kultura politiko berri hori? herritarrok politikarekiko dugun harremanaren aldaketa burutzean politikazko gizarte partaidetza eredu ezberdinetan sakonduz. Gizartearen partaidetzak zabalik dauden prozesuen balio demokratikoa indartzen du, demokrazia berritzeko eta sakontzeko osagai bihurtzen da eta elkarbizitzako sistema bat eratzeko hausnarketaren nahiz eztabaidaren bidea hobetzeko aukera eskaintzen du. Herritarren partaidetza prozesuak integrazio politiko handiagoa lortzeko aukera ere eskaintzen du; indartu eta osatu egiten du demokrazia hori; bizitza politikoa aberasten du, sistema demokratikoaren kalitatea areagotzen du eta herritarren gaitasun politikoa indartzen. Gizarte partehartzean oinarritutako kultura politikoa politikariei edo erakundeei buruz herritarrek duten konfiantza eta inplikazio maila areagotzeko eragile garrantzitsua izan beharko litzateke. Euskal gizartearen partaidetzak esan nahi du bizitza komunitarioaren eta kultura politikoaren garapena bakearen eta normalizazio politikoaren zerbitzura jartzea; esan nahi du jakintza sortu eta trukatzeko gaitasuna duen herritar sare zabal bat jartzea prozesuen segurtasun sistema modura; esan nahi du printzipioak eta ekintza komunitario demokratikoa elkarbizitza sistemaren garapenean sartzea. Horrek guztiak sistema demokratikoa indartzen du. Herritarren partaidetzak indar kualitatibo nahiz kuantitatiboa ematen dio eragile politikoen eta herritarren arteko komunikazioari. Herritarren partaidetzak kalitatea eta eraginkortasuna sartzen ditu prozesuetan. Guztiz ezinbestekoa da bakearen eta normalkuntza politikoaren prozesuan erakundeak, eragile politiko nahiz sozialak, eta herritarrak elkarturik joatea, aurrean ditugun arazoei erantzun orokor bat emanez. Bide horretan, herritarren partaidetza gizarte modernoen konplexutasunari aurre egiteko era bat da. Ikuspegi hontatik ezinbestekoa da elkarketarako eta elkarrizketa eraldatzailerako erreferentzia gune bat ezartzea, malgutasunez, pluraltasunez eta eragile politiko nahiz instituzionalen konplexutasuna aintzat hartuz. Herritarren partaidetza demokratikoa, berez da kultura politikoaren eta dohain zibikoen eredu. Gizarte partaidetzan oinarrituriko kultura politikoaren bidez eraginkortasun maila handitu eta prozesuetan kualifikazio handiagoa txertatzea lortzen da. Prozesuen eraginkortasunak esan nahi du erantzun egoki bat eman behar zaiela euskal gizarteak bakearen eta normalkuntza politikoaren inguruan azaltzen dituen eskakizunei. Euskal Herrigintzaren prozesua ez da herritarren ordezkari diren eragile politiko nahiz instituzionalen arteko adostasun batera mugatu behar. Herrigintzak ezinbestekoa du elkarbizitzaren inguruan pentsatzeko eta jarduteko modu berri bat. Euskal gizartearen partaidetza, aukera paregabea da kultura politiko berri bat eraikitzeko, aniztasunaren adostasunean oinarri harturik, eskubide indibidual eta kolektibo guztiak errespetaturik. Zalantzarik gabe, partehartzean oinarritutako kultura politiko hau desegokia ikusten dutenak badira. Badira ezer aldatzerik nahi ez duten eragile politikoak, badira herriaren bizitza publikoa egitura instituzionaletan eta politika tradizionalean egindako jarduerara mugatu behar dela uste dutenak, eta abar. Herrigintza ez da soilik, ezin daiteke izan soilik, alderdi politikoen eta erakundeetako arduradunen kontua; guztiona baizik. Euskal gizartea bihurtu behar da Herrigintzaren ardatza, eta horretarako gizartearen partehartzean oinarritutako kultura politiko berri batetan aldeko apostua egitea ezinbestekoa da: Nolakoa?
  1. Demokratikoa. Herrigintzan herritarren partaidetzak kultura politiko demokratikoan sakontzen dela eta kapital sozial erkidea aberastu eta indartzeko aukera bat sortzen dela erakusten du. Herritarren partaidetza handiagoak adierazten du gizarte zibila indartu egiten dela; adierazten du bizitza publikoa arnasberritu eta arintasun handiagoz antolatzen dela; adierazten du sistema politikoa aberastu egiten dela etorkizuneko eginkizunen aurrean.
  1. Etikoa. Herritarren partaidetzaren egituratze politikoa askatasunaren, berdintasunaren, justiziaren eta elkartasunaren printzipioen gainean egin behar da, eskubide indibidual eta kolektibo guztiak errespetatuz. Gure bizitza politikoa eta elkarbizitza sistema oinarri etiko irmoetan finkatu behar dira.
  1. Konplexutasunaren kulturara egokiturikoa. Konplexutasuna, pluraltasuna eta, azken batean, globalizazioaren testuinguruan XXI. mendearen eginkizunei aurre egin behar dien euskal gizarte modernoak bere barnean dituen pentsamolde eta jokamolde guztiak jasotzea da. Euskal gizartea partaide izateak errealitate eta irtenbiderako ikuspegi berriak ekarriko ditu.
  1. Proiektu ireki eta malgua. Gizarte partehartzea herritar guztientzat zabalik egon behar da inolako salbuespenik gabe. Herri honetan bizi diren pertsona guztiek dute zer esanik. Gizartearen partaidetza prozesua barneratzailea izan behar da, partaide izan nahi duten pertsona guztiei aukera emanez. Heldutasun demokratikoaren prozesu bat denez, benetan garrantzizkoa da gizarteak bere ondorioak sortzea.
  1. Proiektu eraldatzaile eta eraginkorra. Herritarren partaidetza ezin daiteke prozesu estatiko bat izan; eraldatze proiektu bat da. Ezer aldatu gabe, denbora pasatzen uztera mugatzen bagara -batzuek besterik uste duten arren- ez dugu aurrera egingo eta ez dugu arazorik konponduko. Arazoak benetan konpontzeko, gatazka sortzen duten elementuak aldatu behar dira; arriskuak hartu behar dira, eta eraldatze proiektu batean murgildu, baldintza berrien bila.
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp