Urteko galdera

Lore Erriondo / Pedagogian doktorea

2016/03/30

Lore Erriondo / Pedagogian doktorea

Galdera batetik abiatzen gara egitasmo honetako gonbidapena jaso dugun guztiok gure ekarpentxoa egiteko. Galdera da jakin-minaren adierazlea. Galdera da edozein ikerketaren abiaburua. Galdera da hizkuntzarekin jabetzen garenetik pentsamenduarekin batera uztartuta formulatzen dugun jakin-nahia. Galdera da gure iruditegian haurrak bekaina altxaka eta guri so, erantzule bilakatzen gaituena. Galdera da edozein gizatalderen egitura, jokamolde, ohitura, arau,... ezagutzeko bidea. Galdera da elkarrengana hurbiltzen gaituena. Galdera da beraz kulturalen biltegi eta gordailu; zientziaren akuilu eta motor; humanismoaren bide eta lotura. Zergatik bada ukatzen diogu amaigabeko galdera katean ari zaigun haurrari horretan jarrai dezan? Ez ditu beti erantzunak behar, ez erantzun jakinak. Askotan bere kezkak partitzeko bidea besterik ez da. Askotan gurekin lotura eraikitzeko bidea. Askotan gure usteak, iritziak eta mundu ikuskera jakinarazteko aukera. Askotan adimenerako erregai. Deseroso gertatzen zaigu sarritan gurasooi, ez dakigulako zer erantzun, beste eginkizunetan korapilatuta gaudelako, amaigabeko kalaka-zaratak traba egiten digulako, beste zereginetan gabiltzalako. Deseroso gertatzen zaigu sarritan hezitzaileoi, ez dakigulako zer erantzun, ez delako gaurko ikasgaian agertzen, beste eginkizunetarako ordua delako, isilik egoteko garaia delako. Deseroso gertatzen zaigu sarritan herritarroi tamaina txikiko mukizuon ateraldiak hitzik gabe uzten gaituelako, nagusitasun estatusaren oinarria kolokan jartzen duela iruditzen zaigulako. Eta gauza bera aplika diezaiekegu adin tarte guztietakoei: nerabezaro, heldu nagusi... Baita lanbide guztietako langileei ere. Zer esanik ez sexu/genero desberdinetako kideei; edo gizarte-klase, edo maila sozioekonomiko, edo alderdi politiko, edo azal-kolore, edo erlijio, edo jatorri, edo.... Ezagutzak, galderatik abiatutako bideak behaketa eta analisia ditu urrats, arakatzea eta xehakatzea tresna eta bertara iritsitakoan, ZIENTZIA kategoria ezartzen diogu. Orduan bilakatzen dugu ikasgai, ikasteko gai. Orduan sailkatzen dugu, mailakatzen dugu eta irakasten dugu. Baina ez diogu jaramonik egiten garrantzizkoenari; hau da, jatorriari, abiapuntuari, nondik sortu denari, galderari hain zuzen ere, kezkari, arazoari. Eta honela, "humanismoz" biluzten dugu, pentsatuaz helmugara eraman gaituen bidearen alderantzizkoa dela, hori ulertzeko eta berarekin jabetzeko bide zuzenena. Ez da horrelakoa behar dugun hezkuntza eredua, jakin-mina zirikatuko digun hezkuntza eredua behar dugu, elkarren artean komunikazio bidez partitu araziko diguna; asetze bidean jartzeko baliabideak eskainiko dizkiguna eta bidean lagunduko gaituena; osatu eta aberastuko duena eta norberak eraikitako esperientzia hori gainerakoei erakusteko bide emango duena, garrantzitsu bilakatuko eta aldi berean jakin-min elikatzaile. Honela lortuko genuke zientzia bidea humanistikoki urratzea, ez jakintza konpartimentatzea, ez sailkapen artifizialak egitea ezagutzaren baitan. Horrela lortuko genuke gure ikasleek jarrera aktiboa izatea egoera berrien aurrean, beren ekarpen intelektualetan eta herritarretan, beren hartu-emanetan. Baina horretarako bidea jarri behar dugu, ez legegintzaldi bakoitzean indar erakustaldia eginez boterea erabili eta hezkuntza lege berria egin edo aurrekoa desegin administrazioaren makinaria abiada bizian jarriz, hedabideetan errealitate birtuala eraiki eta bitartean ikastetxeak, irakasleak, baliabideak, gurasoak, unibertsitateak, kultur elkarte eta erakundeak, ikasleak ahaztu, alboratu. Eredua definitu, partitu, adostu, partekatu, elikatu, prestatu, gauzatu, baloratu eta egokitu. Zentzua ardatz, ez baita kultura humanistikorik gabeko zientziarik existitzen. Ez baitu kultura humanistikoa baztertzen duen gizarteak zientzia baloratzen eta baliabideak eskaini gabe, eraikitzen. Gogoetari bide eman behar diogu, indar erakustaldiak bazterrean utziaz, gizarte "zibilizatuak" kultura humanistikoan oinarritzen duelako sendo zientziaren eraikina.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

2016-ko BESTE ERANTZUNAK