André Luberriaga: "Euskal departamentuaren alde borroka egin dut lehen orenetik aintzinat"

1998-11-20

ITHURBIDE, Maite

Elkarrizketa André Luberriaga, Askaineko alkatea "Euskal departamentuaren alde borroka egin dut lehen orenetik aintzinat" * Maite Ithurbide 68 urte dituen gizon honek dagoeneko 26 urte daramatza Askaineko alkatetzan, elebitasuna ofizial egin den lehen herrian alegia. Horrez gain, euskal kulturaren alde egin duen lanagatik ere ezaguna dugu André Luberriaga. Azkenaldian kaleratutako inkestek adierazten dutenez Iparraldean euskeraren erabilera narbarmen jeisten ari da. Erakundeek hartutako neurriak baliogarriak direla uste duzu? Zer egin beharko litzateke zure ustez egoera hau zuzentzen joateko? Ez da dudarik Iparraldean euskararen erabilerak egiten dituela gaur egun bi urrats aintzinat eta hiru gibelerat. Nere ustez badire hortan bi arrazoi berezi : lehena, euskara mintzatzen dakitenek ez dute aski egiten, edo ahalkez edo alferkerian edo axola gabekeriaz. bigarrena, euskara ez delakotz aski lagundua ikastegietan, lantegietan, administrazioetan. Zorigaitzez, politikako euskal hautetsi hainitzek ibilki dute beren ustez xuxena den borroka bat, eta hori aspaldiko urtetan, bainan ez dakizkate hamar hitz euskaraz behar den bezala bat bertzearen ondotik emaiten. Ez dira beraz sinesgarriak. Etsenplu txarrak dira. Idiak eman dituzte orgaren gibeletik. Uts hori behar da lehen bai lehen kendu gure ikuspegitik. Nola aurkitzen da momentu honetan Euskal Departamentua sortzeko mugimendua? Zer ondorio izango luke Departamendu honen sorkuntzak euskal kultura mailan? Euskal departamentuaren alde borroka egin dut lehen orenetik aintzinat. Urteak gan eta urteak etor, ikusi ditut bi gauza : luze izanen dela Frantziaren atzaparretik biltzen gure nortasuna, gure izaitea. Bertzalde itsua behar da izan ez ikusteko biharko Europan eta frantzian gaurko departamenduak ez duela den gutieneko funtsik izanen. Geldituko da eltze uts bat bezala edo salda mindu ondar batekin bezala. Hori nahi dugu bildu edo izaite indartsu bat? Denbora berean, zer ikusten dugu? Europa guzian bezala, Frantzianere geroa dela eskualde edo herrialdetan, hemen Akitania deitzen da. Orai dela hamar bat urte, argi eta garbi agertu naiz erranez Euskalherriko nortasunak behar zuela jabetu erakunde edo herrialde batez, zointan mamia izanen baita, GUTIENETIK, gaurko departamendu eta eskualde frantsesek dituzten indar eta ahal guziak kokatuz eta batuz. Gisa hortagoaz, Frantziak amesten ahal dituen abiltasun eta jikutria guzieri tupin estalkia emaiten da. Hori da, nere asmoa, nere helburua. Segur naiz ez dela luzeago izanen biltzea erakunde zintzo hori. Frantziako administrazioa deseginen den edo aldatuko den egunean, osoki eginen da. GAUDEN ERNE. Beldurra da, gauza bat galde edo bertzea galde, luze izanen dela eta oloa lurretik ateratzeko eta bihia egiteko denboran gure zaldia gosez hilen dela. Hori da nere ustez IZIGARRIKERIA. Euskara ito nahi dute. Iparraldeko euskal irakaskuntzaren egoera nolakoa den azalduko zeniguke. (Seaska, Ikas Bi, Baionako Unibertsitatea....) Bitartean lana egin behar da. Iparraldeko Euskal Ikaskuntza zintzoki lanean hari da. Kartxudunek badute nahikundea, bainan ez da aski laguntzarik. Indar egin behar luteken guziek edo gehienek arras zuhurki egiten dute. Diru laguntza hainitz gehiago behar litake bildu, bainan nola ? Kanpotik ez aski laguntza hartzea, azken beltzean konpreni litaike. Bainan hemendik beretik berdin da. Euskaldun udaletxe edo herriko etxe guziek emaiten balute Azkaingoak emaiten duen ehuneko bera hanitz diru laguntza handiagoa bil litake aratsetik goizerat. Xuxen da larderiatzea Parise, Bordale eta Paue. Merexi dute, bainan guk zer esenplu emaiten dugu ? Zozoak beleari ipurdi beltz.. Iparraldeko eta hegoaldearen arteko harremanak gehiago estutu beharra ikusten duzu? Baiezkotan, nola egingo zenuke? Ipar eta hegoaldeko arremanak ere, Eusko Ikaskuntzaren gisa, urtero hobekiago doazi. Hortan ez da bide, edo molde berezirik. Behar dire aukera guziak baliatu, egunero. Halere, nahi dut erasia bat azpimarratu. Denek badakigu Hegoaldea eta Iparraldeaez direla neuri edo hein berekoak. Hori da boxean edo ukabilkan bezala : badira 100 bat kilotarik 50 bat kilo artekoak. Ez da galdatu behar zoin den azkarena eta zoin ahulena. Bainan, ikusi behar da, bai ala ez, batzuek eta bertzeek ongi boxatzen duten, edo gaizki. Gisa hortan dugu batzuek bertzen aberastasuna egiten ahal. Gure arremanetan ez du nehork egin behar bertzearen konplexurik ez gainekoa, ez beherekoa. Denak bagare. Denek baditugu gure indarrak eta gure ahuleziak. Uste ez bada ere, punttu honek ainitz kalte egindu orai arte hego eta iparraldeko arremanetan. Garrantzitsua da euskaldun guziek gogeta hori buruan sartzea. Zein izango litzateke, munduan zehar barreiaturik dauden euskaldunei Internet srearen bidez helarazi nahi zeniekeen mezua? Lehenik, munduan zabalduak diren euskaldun guzieri nahi diotet nere agur beroena helarazi. Bigarren agurra hau dut : haurra eta mutil gaztea nintzelarik Iparraldean baziren bi alderdi bezala euskalzaleen eta abertzaleen artean. Batzuek zuten beren oihua : GAUDEN GU. Kontzerbadorrak omen ziren... Bertzeek zioten : JO AINTZINAT EDO GOAZEN AINTZINAT progresistak omen ziren... Egia erran, ez du behar gabezko gerla horek deus onik eman Euskalherriari. Nere deia litake gure arteko bakeari buruz : GAUDEN GU ETA JO AINTZINAT
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Juan José Agirre: "Ustegabeko altxorrak bildu ditut"

 

Irakurri

Ignacio Arregi: "Euskara beti izango dugu kezka haundi bat, ez digu behin ere bakerik emango"

 

Irakurri

Jorge Oteiza: 'Bizitzen jakin izan dut'

 

Irakurri