Aurora Beltrán. Tahúres Zurdos: Gogaikagarria iruditzen zait jendeak Tahúres Zurdos orain laudatzea, eta ez lehen. Gure taldeak beti izan ditu jarraitzaile fidelak

2004-09-24

LARREA, Koldo

GARMENDIA YARZA, Koro

Hamazazpi urteren buruan, izena egina eta ospea beren alde zeuzkatenean, belaunaldi bat baino gehiagoren belarriak goxatu dituen taldeak agur esatea erabaki du. Baina taldeko abeslaria, talde-burua, motorra, ez dago musikaren mundua uzteko prest, ezinezkoa zaio, musika bere pasioa baita, bere bizia. Ez dabil ordea partitura eta konposaketen artean itsusuta, munduari besoak zabalduta baizik.

Itxura guztien arabera, Tahúres Zurdos taldeak abenduaren 4an emango du bere azken kontzertua, Iruñean. Zein bide hartuko du aurrera begira taldeak? Eta Aurora Beltránek?

Nik jotzen jarraitzeko asmoa daukat. Hasieran, bakarrik. Iaz akustiko batzuk egin nituen, eta abesti berri batzuk ere prestatu ditut. Agian disko berri bat aterako dut, baina neure kabuz, diskoetxeengana jo gabe. Tudelako kontzertuan. Noboo aretoa. 2003ko abenduak 5. (Argazkia:Intro Comunicación).

Benetakoa eta behin betikoa da taldearen agurra, ala marketinaren estrategia ezkutu bat da akaso?

Ez, ez, agurra benetakoa da. Horren erakusle, ekoizpena guk geuk egina dela. Zintzo jokatzen ari gara. Bistan da musikaren mundua, gaur egun, horma bat bezalakoa dela. Lehen gutxienez kontuan hartzen zuen kultura, baina orain negozio hutsa da. Musika, kontzertuak eta abar krisian daude. Gauza gehiegi daude krisian. Gure iritzian, prestatu dugun azken diskoa agur esateko modu paregabea da. Gainera, taldeak oraindik ere duintasuna mantentzen duen memento batean utzi nahi izan dugu musika. Eta penarik handiena guri ematen digu. Pixka bat izorratzen nau orain alde guztietatik laudorioak besterik ez jasotzeak. Lehen kasurik txikiena ere egin ez ziguten lekuetatik hasi zaizkigu deitzen. Denek hitz politak izaten dituzte hildakoekiko, baina besterik da bizirik dauden bitartean. Gogaikagarria iruditzen zait jendeak Tahúres Zurdos orain laudatzea, eta ez lehen. Gure taldeak beti izan ditu jarraitzaile fidelak. Emakumea eta pertsona

Hogeita bost urte baino gehiago daramatzazu musikaren munduan. Emakume izateak erraztu egin dizu bidea?

Ba ez. Lanbide askotan, emakumeak, errespetu apur bat irabazi nahi baldin badu, gizonek baino askoz ere esfortzu handiagoa egin beharra dauka. Baina horrek bere alde ona ere badu, zeren hainbeste lan egin izanaren poderioz, lankideek, errespetatu ez ezik, baloratu ere egiten zaituzte. Gogoan dut, hasiera-hasieran, batzu-batzuek gitarra ia-ia gizon batek bezain ondo jotzen nuela botatzen zidatenekoa. Horrelakoak entzun behar! Emakume gitarra-jole onik ez balego bezala! Pertsona guztiok, gizon zein emakume izan, energia bat daukagu, eta energia hori gauza onak egiteko erabili behar dugu.

Benetan ez dizutela zure begi urdinek eta adats horiak aterik ireki?

Ezetz ba! (barre-algaraz). Alderantziz! Ni sekula ez naiz nire itxura fisikoaz baliatu, hori zekena iruditzen zait. Gainera, nik uste badaukadala itxura fisikoa baino kualitate hoberik, nahiz eta dagoeneko berrogei urte bete ditudan. Hori nabaritu egiten da. Beharbada, inoiz edo behin lagunduko zidan nire itxurak, mundu honetan garrantzi handia ematen baitzaio irudiari, baina, lagundu baldin badit, inertziaz izango zen, ez nik hori nahi nuelako. Itxura fisikoa baino kualitate gehiago dauzkagu.

Zer eman dizu musikak alderdi pertsonalean?

Dena. Tahúres Zurdosekin izandako bizipenek markatu egin naute. Musikak nortasuna lantzen lagundu dit. Jendearekin harremanetan izatea oso eskola ona da. Bizitza beste modu batean ikusten erakusten dizu, nahiz eta, azken batean, denok gauza berbera bilatzen dugun: ahalik eta zoriontsuen izatea. Encuentros de Navarra. 2003ko Irailak 18. Chesterfield Café. Madrid. (Argazkia: Prensa Quatto).

Zeintzuk dira zure ustez bizitzako balio nagusiak?

Inor ez hiltzea, ez lapurtzea... Kar-kar! Ez naiz moralista, baina pentsatzen dut balio batzuk beste guztien gainetik daudela. Gizakiak, ezer lortu nahi badu behintzat, ingurukoekin ondo moldatzen saiatu behar du, eta ez ostikoka ibiltzen. Beraz, balio nagusietako bat lagun hurkoa ez izorratzea izango litzateke, bestela ez baitago mundu honetan bizitzerik.

Erromantikoa zarela esango zenuke?

Bai, oso. Baina ez maitasunean bakarrik, baizik eta arlo guztietan. Adibidez, batek baino gehiagok esan dit burutik jota nagoela autoekoizpenaren munduan sartu izanagatik, hain da konplexua. Baina erabaki hori erromantizismoak bultzatuta hartu dut, ez diruagatik, noski. Diru hori beste zerbaiterako erabil nezakeen.

Zer da zuretzat maitasuna?

Maitasuna gauza guztien oinarria da: harreman pertsonalena, lanarena, inguruarena... Zorigaitzekoa maitasunik gabe bizi dena. Maitasuna da biziari zentzua ematen diona.

Eta adiskidetasuna?

Balio garrantzitsuenetako bat. Egiten duzuna egiten duzula, adiskideak beti egongo dira zure alboan, zure alde. Eta hor daudela jakite soilak asko laguntzen dizu, ehunka kilometrora egonda ere.

Musikaren merkatuan komertzialtasuna gailentzen aritzearen ondorio da zuen agurra. Ikuskera hori bizitzari aplikatuz gero, gizatasuna galtzen ari garela esango zenuke?

Orokorrean bai. Nahiko garbi ikusten da: orain dena lehenbailehen eskuratu nahi dugu, eta modu errazean. Joera hori musikan ere islatzen hasia da. Eta pentsa zenbateko eragina duen musikak pertsona baten bizitzan... Imajina ezazu aste bat, edo hilabete bat, musikarik gabe.

Kapitalista gisa ikusten duzu zure burua?

Dendarik ez dagoen herrixka zoragarri batean bizi naiz. Atera kontuak. Uste dut horrekin dena esanda dagoela. Ahalik eta bizimodurik normalena izaten saiatzen naiz. Tudelako kontzertuan. Noboo aretoa. 2003ko abenduak 5. (Argazkia:Intro Comunicación).

Sistema kapitalista eta kontsumista honek askatasuna eman egiten digu, ala kendu?

Galdera ona. Azkenerako, kendu egiten digu. Emakumearen liberalizazioaren kontua datorkitu burura. Gezur galanta dela iruditzen zait. Emakumeen etxeko lana gazki ikusi izan da beti, sekula ez zaio tratu onik eman. Emakume batek liberalizatzea erabakitzen duenean, lan bat aurkitzen du; lan horretan gizonek baino soldata txikiagoa jasotzen du, ingurukoen errespetua irabazi behar du, eta gero, etxera itzulitakoan, lehen egiten zituen etxeko lan berberak egin behar ditu. Hori al da liberalizatzea? Zenbat eta behar gehiago izan, orduan eta esklaboago bihurtzen gara. Gizarte honek hori egiten du, beharrak sortu eta esklabo bihurtu. Baina kontuan izan behar dugu badirela erosezinak diren gauza batzuk; esaterako, kontzientzia garbi izatea.

Zer ezabatuko zenuke mundutik, eta zer erantsiko?

Ni ez naiz nor gauza horiek erabakitzeko, baina tira. Jainkoa banintz...! Dena den, iruditzen zait sortu gintuenak -baldin eta norbaitek sortu baldin bagintuen- perfektuak ginela pentsatu zuela. Kontua da zibilizazioak aurrera egin ahala gizakiaren kualitate on batzuk okertzen joan direla. Topiko galanta dirudien arren, mundua nire esku balego, gosea ezabatuko nuke, eta HIESa. Gerrak ere bai. Gizakia zorigaiztoko bihurtzen duten gauza guztiak. Eta, ezer eranstekotan, berriz, enpatia pixka bat ekarriko nuke, jendeak, zerbait egin baino lehen, pixka bat gehiago pentsatzeko, xake-jokalariek pieza mugitu baino lehen egiten duten bezala. Nafarroari begira

Zeure herrian, Nafarroan, aintzat hartu zaituztela esango zenuke?

Bai eta ez. Maila pertsonalean bai, oso pozik nago nire herrian. Ez daukat gaitzondorik. Eta, inoiz izan baldin badut, dagoeneko ahaztuta daukat. Beraz, nire herrian aintzat hartu ote nauten? Baietz esango nuke.

Zerbaitengandik ihesi ala zerbaiten bila joan zara hiritik kanpo bizitzera?

Ez batagatik, ez besteagatik; praktikoa iruditzen zitzaidalako baizik. Musika konposatzen aritzen garenok ez gara ordutegi bati lotuta ibiltzen, eta hemen ez diot inori molestatzen. Nire etxeak oso horma lodiak dauzkanez, jotzen hasten naizenean bizilagunak ez dira konturatu ere egiten. Usi herrixkan bizi naiz, Juslapeñako bailaran, Iruñeatik hurbil. Leku zoragarria da, eta jendea ere bai. Radio 3en 25. urteurreneko kontzertuan. Casa Encendida. Madrid. (Argazkia:Fernando Bravo).

Zer esan nahi du zuretzat Iruñeak, zure jaioterriak?

Hazten ikusi nauen herria da. Eta han daude nire lagunak. Leku ona da bizitzeko. Orokorrean, Nafarroa guztia da bizitzeko egokia.

Nolanahi ere, inoiz edo behin zuzendu diozu kritikarik. Sanfermingo festei, esaterako. Zer dela-eta?

Ni ez nago festen aurka, mutazioen aurka aurka. Nik ez dut edaten, eta sekula ez dut ulertu zergatik aldatzen den jendea uztailaren 6ko eguerditik aurrera, eta uztailaren 14ko gauerdian berriz ere bere onera itzultzen. Baina hori bakarrik ez: zikinkeria ere nazkagarria iruditzen zait, jendeak txiza edozein lekutan egitea, zaborra edonon eta edozein ordutan botatzea, emakumeak iraintzea, mozkorra egoteagatik jipoiak ematea... Hori sanoa baldin bada, ni zomorro bat izango naiz. Baina kritika hori ez diot Iruñeari bakarrik zuzentzen, baizik eta horrelako gauzak onartzen dituen beste edozein festari, Sanferminak, Vitoria/Gasteizko Amabirjin Zuriaren jaiak, Bilboko Aste Nagusia edo dena delakoa izan. Nik uste dut badagoela festak modu normalagoan ospatzeko modurik.

Beraz, tradizioen etsai eta modernitatearen lagun-min, ala alderantziz?

Lekuz kanpo dauden tradizioen etsai. Onartezinak iruditzen zaizkit, adibidez, animaliekin astakeriak egitean dautzan tradizioak: asto bat hartu eta dorre batetik botatzea, antzarei lepoa bihurritzea, etab. Horrelako gauzak erabat burugabeak dira. Baina tradizio sano eta politak bai, gustatzen zaizkit.

Nola ikusten duzu Nafarroa gizartearen eta politikaren aldetik?

Nafarroan dena da muturrekoa. Baina probintziarik handienetakoa denez, ezberdintasun handiak daude iparraldearen eta hegoaldearen artean. Nolanahi ere, eskualderik onenetakoa da, gauza on pila bat dauzka. Adibidez, barazkiak. Mundialak dira. Azken batean, aberasgarria da Nafarroan ideia eta kultura ezberdinak biltzea. Tudelako kontzertuan. Noboo aretoa. 2003ko abenduak 5. (Argazkia:Intro Comunicación).

Busti zaitez. Nafarroa independientea, Euskadin ala Espainian?

Ez dakit. Argi dago Nafarroaren eta Euskal Herriaren artean lotura handia dagoela (hizkuntza, kultura, etab.), baina Nafarroaren geroari buruzko erabakia nafarrek hartu beharko lukete.

Azkenaldian zerk eragin dizu kezka handiagorik, Euskal Jaieko okupek ala Corteseko uholdeek?

Bi arazo ezberdin dira. Euskal Jaieko gaztetxeari dagokionez, amorru handia ematen dit inolako laguntzari jaso gabe eta bizilagunen oniritziarekin kudeatzen den ekimen bat bat-batean ixtea, inolako negoziaketarik gabe. Erriberako uholdeena, berriz, arazo larriagoa da, sakonagoa, heavyagoa. Zorigaitza da.

Bukatzeko, nola ikusten du Aurora Beltránek bere burua hogeita hamar urte barru?

Emakume zahar bat bezala. Nik asko maite dut adineko jendea. Tamalez, gaur egun ez ditugu lehen bezala errespetatzen, eta, hori gutxi balitz, batzuetan mespretxatu ere egiten ditugu. Zaharrek hainbeste daukate guri kontatu eta erakusteko! Ea zahartzarora ondo iristen naizen. Asti gehiago izango dut, eta, hori bai, jendeak errespetatu egingo nau. Tahúres Zurdosek eta betiko bere liderra izango denak merezi duten bezala. Aurora Beltrán Iruñean jaio zen, 1964ko abuztuaren 26an, baina artean txikia zela handik oso hurbil dagoen Potasa herrira joan zen sendiarekin bizitzera. Ikasle ona zen, baina 6. OHOn zauri mingarria eragin zion etsipen latz bat izan zuen. Oinarrizko ikasketak amaitu ostean, Elektrizitateko ikastaro bat egin zuen, urtebetekoa, eta bete-betean musikaren munduan sartu zen. Hamahiru urterekin hasi zen lehen abestiak konposatzen. Horietako bat, “Muerte ven”, Tahúres Zurdos taldaren azken diskoan dator. Zazpi urtez Iruñeako Kontserbatorioan aritu zen ikasten, eta horietatik bost urte biolina jotzen eman zituen. Tarteka, lantxo batzuk egiten hasi zen: ikasleen etxeak garbitzen, musika eskolak ematen, etab. “Tahúres Zurdos“ taldean sartu baino lehen, “Belladona“ izeneko beste batean aritu zen. Musika-talde honek bere une gozoak ere bizitu zituen; Nafarroan zein inguruko probintzietan entzuten ziren haien abestiak. Hogei urte bete zituenean, bere bizimodua bete-betean musikari eskaintzea erabaki zuen. Baina Aurora ez da abestiak konposatzera mugatzen; oso modu intimoan, olerkiak eta kontakizun laburrak idazten ditu. Ez du baztertzen egunen batean argitara emateko aukera, jendeari bere beste alderdia ezagutzera emateko. Irakurzalea da oso, eta kirolari ere eskaintzen dio eguneko tarteren bat, “baina matxakatu gabe; ondo sentitzeko”. Duela bi urte ezkondu egin zen. Seme-alabarik ez du. Juslapeña bailarako (Nafarroa) Usi herrixka txiki politean bizi da, gustura eta lasai, pozik bere buruarekin eta ingurukoekin. Eta, gainera, konposatzen jarraitzeko inspirazioa aurkitzen du bertan, bere bihotza musikaz betetzen jarraitzeko. Tahúres Zurdos-i buruzko oinarrizko datuak Taldea osatzen duten kideak: Aurora Beltrán Gila; ahotsa eta gitarra. Manuel Beltrán Gila, “Lolo”, gitarra. Juan Manuel Ugarte, baxu-jolea. Javier Lizarazu, “Puntxes”, bateria. Diskografia: Estudioko zortzi disko: “Tahúres Zurdos”, 1988. “Tahuria”, 1990. “Nieve Negra”, 1991. “Árido”, 1992. “La caza”, 1994. “Azul”, 1996. “Tak”, 1998. “El tiempo de la luz”, 2000. Bi bilduma: “Tahúres Zurdos XIII (I)”, eta “Tahúres Zurdos XIII (II)”. Zuzeneko bat: “17 años”, 2004. Albumik salduena: “Nieve Negra”, berrogeita hamar mila kopia baino gehiago. Sariak: Musikaren sarietarako bi izendapen; bost urtez, jarraian, HeavyRock aldizkariak rock abeslari onenari ematen dion sariaren irabazle; eta hainbat irrati zein argitalpenek banantzen dituzten sari mordo bat. Kontzerturik jendetsuena: Las Arenas, 1991n edo 1992an. Mikel Erentxunen emanaldiarekin batera, 40.000 lagunetik gora bildu ziren.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Martin Ibarbia. Euskadiko Filmategiko presidentea: Arte honen esklaboa naiz. Zinema nire pertsona baino gehiago maite dut

 

Irakurri

Ana Aguirre Zurutuza. Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua: Euskal Herriak ezin du soldata baxuetan oinarritzen diren egitasmoekin lehiatu, eta, gainera, ez du nahi

 

Irakurri

Pilar Belzunce. Chillida-Leku: Eduardok zakarrontzira botatzen zituen marrazkiak ere erreskatatu nituen

 

Irakurri

Javier Caamaño. Lizarrako Bidearen Lagunen Elkarteko eta Done Jakueri buruzko Ikaskuntzen Etxeko zuzendaria: Santiago Bidean gehiago eragiten da izatea, edukitzea baino

 

Irakurri

Izaskun Astondoa. Pirotecnia Astondoako gerentea: Euskal Herrian jende asko ibili da lanbide honetan, baina denboraz desagertuz joan dira, eta ez dute jarraipenik eduki.

 

Irakurri