Martin Ibarbia. Euskadiko Filmategiko presidentea: Arte honen esklaboa naiz. Zinema nire pertsona baino gehiago maite dut

2004-09-17

SALA, Teresa

"Gure historia salbatzeko gaude”, dio Martin Ibarbia Euskadiko Filmategiko Presidenteak. Urte asko igaro dira jada gizon honek bere bizitza euskal zinemari eskaintzea erabaki zuenetik, hamaika pasadizo eta askotariko istorio, oztopo eta balentria. Filmategia 1978an jaio zen hainbat pertsonen gogo eta indarrari esker. Egun, Estatuko zinema artxibo aktiboena dela diote lortutako emaitzek eta bertakoek, bost langile eskasek, lanean dihardute. Alta, baldintza hobeagoak izatea gustatuko litzaieke eta horiek aldarrikatzen dituzte. Ibarbiaren hitzei eutsiz, “profesionalizazioa, ikerketak, argitalpenak eta nazioarteko bilakatzea dira, besteak beste, lortu nahi ditugun xedeak. Guzti horiek bideratu ahal izateko azpiegitura egokia beharrezkoa litzateke eta ez daukagu”. Tartean, eta sorrerako espirituari eutsiz, aurrera begira jarraitzen dute zintaz, pelikulez eta altxorrez beterik dagoen Amara auzo donostiarreko bulego txikian. Hurrengo hitzordua, Zinemaldiko Euskal Zinemaren Egunean “Gipuzkoa” pelikula. 1979 urtean ekoiztutako dokumentala, non egun desagertuta dauden hainbat datu historiko biltzen diren. Gure memoria berriz ikusi, pentsatu eta ezagutzeko aukera.

Euskadiko Filmategia jaio zenetik askotariko berrikuntzak eman dira. Teknologia Berrien garaia bizi dugu orain. Zein neurritaraino baldintzatzen dute hauek Filmategiko egitekoa eta hazkuntza?

Teknologiak edozein jarduera baldintzatzen du. Zinema ezin da ulertu teknologiarik gabe. Zinema, teknologiaz baliatuz, pertsonek egin dugun artea da. 1815 urte ingurura arte gizakumea beti ibili da mugimendua adierazi nahian. Baina pinturak, eskulturak eta abarrek ez dute hori lortu, berez estatikoak direlako. Hala, XIX. mendean mugimendu hori adierazten lortzen da teknologiei esker. Honek izugarrizko arrakasta suposatu zuen. Ordura arte, eta milaka urte pasa arren, gizarteak ez zuen lortu mugimendua adieraztea. Hori da zinearen hasiera eta elementu teknologiko batek baldintzatuta gertatu zen. Gero, irudi horiek garatuz joan ziren eta 1930 urte inguruan jauzi kualitatibo handia eman zen, mugimendua adierazten zuten zinta horiei soinua ezartzea lortu zelako. Berriz ere teknologikoaz ari gara. Beranduago kolorea agertu zen. Guzti hau hobekuntza teknologikoei esker lortu zen. Zinemaren historiak oso harreman estua dauka garapen teknologikoarekin, elkarrekin ibili izan dira beti. Orain digitalizazioaren garaian gaude. Honek izugarrizko abantailak ekarriko dizkigu guztioi. Filmategia artxiboa da azken finean. Hala, artxibo baten egiteko bera burutzen du. Beraz, gauzak gorde, zaindu eta sendatzen ditu, ikertu egiten ditu eta, ondoren, formatu konkretu baten bidez gizarteari eskaintzen dizkio. Izan ere, guzti honek zerbitzu publiko batera bideratuta baitago, gizarteari eskaintzen zaion zerbait da, gizarteak, bere aniztasunean, eskaintzen zaiona har dezan.

Zein hobekuntza ekarriko dizkio digitalizazioak Filmategiari?

Digitalizazioak izugarrizko jauzi kualitatiboa suposatzen du gure egitekoan. Lehenik eta behin, kontserbazioari dagokionez, galtzeko arriskuan edo guztiz hondaturik aurkitzen den edozein material digitalizazioari esker salbatzen da. Erabilerari dagokionean, egun pelikulen erabilera fisikoa da. Digitalizazioarekin, ordea, erabilera ez da fisikoa izango eta horrek izugarrizko aurrerapausoa suposatzen du. Etorkizunera begira, egoitza ezberdinak izatea gustatuko litzaiguke: Bilbon, Gasteizen, Unibertsitateetan eta Donostian. Hala, bilbotar batek, bere hiritik mugitu gabe, ikusterik izango ditu gure filmak. Lehenengo Intranet bat izango da eta oztoporik ez baditugu aurkitzen, etorkizunera begira, Sarean izango da Euskadiko Filmategia, guztion eskura. Honek iraultza suposatzen du. Munduko edozeinek euskal zinemaren ezaguera bat izateko interesa erakusten badu ez du mugitzeko beharrik izango. Dagoen tokitik jarri ahal izango da gurekin harremanetan, eta guk egoki ikusten duguna eskaini ahal izango diogu. Hasiera batean neurtutako kalitatean eskainiko diogu eskatzen diguna, kopiatu ez dezan. Eta, ondoren, erabilera profesionala eman behar baldin badio ordaindu egingo digu. Teknologia berriek etorkizuna baldintzatzen digute, hori garbi dago.

Epez hitz egitea oso zaila izango da orain, izan ere zuek Gas Fabrika zaharrean egoitza berria sortzearen proiektua izan arren, asmo hori atzeratuta gelditu da. Antza denez, Tabacalerako eraikinera eraman nahi zaituzte.

Guk epeak garbiak genituen. Bagenuen proiektu bat non bi urteko epe bat finkatzen zen gauza hauek guztiak abian jartzeko. Proiektu hau pikutara joan zaigu eta itxoitea besterik ez zaigu gelditzen beste emaitzak zeintzuk diren ikusteko. Gu Gas Fabrika zaharrera joatea nahi genuen eta, horretarako, esparru guztiak jorratzen zituen proiektu konkretu eta borobildu bat aurkeztu genuen. Agintariek bertan hasieran inbertitu behar zuten dirua beste gauza batzuetara bideratzea erabaki zuten eta Tabacalerara bidaliko digute azkenean. Gu elkarte pribatu eta askea gara baina administrazioetatik jasotzen ditugu dirulaguntzak. Hala, baldintzatuta gaude hauek markatzen dituzten bideetara. Jakina, gu ez gaude hartu duten erabakiarekin batere ados. Guk oso proiektu konkretu eta landu bat geneukan. Hori desegin da eta inkognita batera bidaltzen gaituzte. Tabacaleraren eraikinera, hain zuzen ere. Eta eraikin horren erabilpena ez dago zehaztuta. Erabaki honek, gainera, zazpi edo zortzi urte inguruko atzerapena ekarriko digu. Momentu honetan oso triste gaude, ikusten dugulako guk azken lau urteetan egindako lana erabaki politiko administratibo baten ondorioz atzeratzen zaigula. Eta horrek izugarrizko pena ematen digu. Minduta gaude.

Zein da filmategiko funtzionamendua?

Gure tresnak dokumentuak dira eta, guretzat, dokumentua filmatutako edozer gauza da. Gaur bertan Zegamako gizon bat etorri da eta herriko familiak Udaletxean utzitako duela berrogei urte grabatutako sei bat orduko zinta utzi digu. Ez da profesionala baina bertan ikusiko ditugun irudiak dokumentu historikoak dira: Zegamako paper-fabrika, karlisten bilera bat, garai hartan falangistei egin zitzaien omenaldia eta abar. Hala, super 8, 16 mm edo 35 mm-ko formatuetan izan, guztia interesatzen zaigu. Hau bideratzeko bi modu daude; batetik, nahi duenak, gure biltegian uzten du aurkitzen duen edozein dokumentu edo baliagarri izan daitekeen edozein ekoizpen. Hemen uztearen arrazoia ongi kontserbatzen ditugula da. Gainera, digitalizazioa burutu ondoren salbu egongo dira guztiak. Pelikulek egoera bereziak behar dituzte kontserbatzeko. Hemen ditugula autore eskubideak ziurtatzen ditugu. Egunen batean norbait interesaturik balego irudi horien erabileran jabea eta interesatua harremanetan jarriko genituzke eta beraien artean erabakiko lituzkete baldintza ekonomikoak. Guk ez dugu, horretan, inongo erabakirik hartzen. Jabegoa ziurtatuta dago. Dokumentuak hemen ongi kontserbatzen dira eta guk, gainera, guztien kopia egiten dugu. Bestetik, profesionalen arloa egongo litzateke; pelikula berri bat egiten denean kopia positiboak egiten dituzte, baina negatibo bakarra dago, laborategietan gordetzen dena. Gure helburua negatiboa izatea da, bertatik kopiak atera ditzakegulako. Negatiboa ez da beste ezertarako erabiltzen, kontserbazioaren bermea eskaintzen dugu Filmategian. Negatiboa ongi gordeta baldin badago pelikularen kontserbazioa ziurtatuta dago. Gu gure historia salbatzeko gaude. Euskadiko Filmategia F.I.A.F. (Federación Internacional de Archivos Fílmicos) erakundeko kide da. Bertako partaide garenez, badaukagu munduko beste hainbat filmategiekin harreman estuak. Beraz, inon Euskal Herriari buruzko edozein berri edo bitxikeri gertatzen bada berehala jakinaren gainean jartzen gaituzte.

Zeintzuk dira gordetzen dituzuen altxor edo bitxi kuttunenak?

Niretzat, altxorrik kuttunena “Au Pays des Basques” pelikula izan daiteke, garai bateko zinemari dagokionean. Gero, zine mutuan badago 1928an Bilbon Azkona anaiek egindako “El mayorazgo de Bazterretxe” izeneko pelikula. Oso film konbentzionala da, drama, hain zuzen, baina altxor bat. Dokumentu mailan 1912 urteko “Irungo Festak” biltzen dituen dokumentala aipatuko nuke. Zinemagintzan, 1968. urteko “Amalur”, Frankismoaren barruan askatasunaren aldeko garrasi historiko bat izan zelako. Azkenik, eta zinema komertziala egiten hasi zen garaiari dagokionez, historikoki “Segoviako Ihesaldia” aro berri bateko hasiera markatu zuen filma kontsideratu daiteke.

1978an sortu zen Euskadiko Filmategia, Estatuko lehen filmategi autonomiko gisa. Zenbaterainoko ahalegina suposatu zuen garai hartan zuena bezalako erakundea sortzeak?

Garai hartan, eta hemengo proiektu askotan bezala, Euskal Herriko erakunde publikorik ezean, ekimen pribatu edo giza mailako iniziatiba sortu zen. Peio Aldazabal hasi zen honetan eta inguruko lagun taldean mugitu dugu guztia hogeita sei urte hauetan. Gure proiektua edo asmoa ez da bakarrik eraikina, gure proiektua erakunde pribatutik erakunde publikora pasatzea ere bada. Artxibo gehienak publikoak dira, artxiboa gizarte batek bere memoria gordetzeko eratzen duen sistema bat delako. Gure kasuan, ikus-entzunezko memoria. Europa osoko filmategiak, adibidez, publikoak dira. Hemen, ordea ez. Gure erakundeak ez genituelako, gure kabuz sortu genuen filmategia. Guk hogeita sei urtetan miseria asko bizitu ditugu, eta nik uste dut garai hori amaitu dela. Amateur mailako historia amaitu zaigu. Nik hiru ardatzen inguru mantendu izan dut gure proiektua: profesionalizazioa, hemengo lana profesionalek egiten dutelako baina modu ez profesionalean; behar bezalako egoitza eta baliabide teknikoak; eta gure jarduera ekonomikoki ziurtatua egotea. Gure jarduera guztiz defizitarioa denez, erakunde publikoek dirulaguntzak eskaintzen jarraitu beharko dute. Guk urte hauetan egin izan dugun lanari esker oso emaitza onak lortu ditugu, nahiz eta oso baldintza txarretan lan egin izan dugun. Besteak beste, 3 milioi eta erdi metroko luzera duen filma lortu dugu, 1.087 luzemetrai, hamalau milioi bideo inguru, 5.000 liburu baino gehiago edo 20.000 aldizkari, beste gauza batzuen artean. Guzti hau borobiltzea gustatuko litzaiguke. Beste helburu estrategiko bat nazioarteko bihurtzea izango litzateke. Nazioarteko harremanak baditugu baina ez daukagu hori sendotzeko aukerarik. Euskal kultura, zinemaren bitartez, kanpoan ezagutaraztea nahi dugu. Hori gure eginkizunetariko bat da eta niretzat izugarrizko garrantzia dauka. Gure herri honek zailtasunak ditu nazioarteko hainbat zirkuitutan sartzeko eta zinemak bide on bat eskaintzen dio hori gauzatzeko. Iragan maiatzean, adibidez, gure filmategitik ateratako euskal pelikulak eskaini ziren Londres hirian. Honek esan nahi du han euskal presentzia izan dela eta gure herria eta gure kultura ezagutzeko aukera izan dutela bertakoek. Hori etxetik atera eta kanpoan nor garen erakustea da, nazioarteko bihurtzea, alegia. Hori, alde guztietatik begiratuta, beharrezkoa da. Beste toki batzuetatik hona ere etorri litezke. Beste kultura batzuk ezagutzeko aukerak ditugu nazioarteko harremanak zaintzen baditugu. Baina harreman horiek zaintzeko azpiegitura bat behar dugu, antolakuntza bat, egoitza egoki bat… eta ez daukagu. Hori ere gure proiektuaren barne azaltzen da. Ikerketa mailan ere oso gutxi egiten dugu, dirurik ez dugulako. Adibidez, Gernikako Bonbardaketako irudiak ez daude, baina Gasteizen abioi alemaniarrak bonbak kargatzen gero Gernikara joateko adierazten dituzten irudiak, aldiz, bai. Ziur gaude alemaniarrek filmatu zutela gertakaria baina ez dakigu non dauden irudi horiek. Guzti hori ikertu egin behar da, ikertzailearen lana burutu behar da. Liburuak ere, eta ahal dugun neurrian, kaleratzen ditugu. Baina 1995az geroztik ez da euskal zinemaren katalogo on bat egin. Asko dira egun ditugun beharrak.

Zer gertatzen zaio Euskal Herriari zinemaren esparruan hain ekoizpen oparoa eta aberatsa izateko?

Beste zenbait alorretan aberatsak izan ez garen arren, irudi kontuei dagokionez dohaina dugula uste dut. Zinemarekin beti izan dugu harremana. Lumiere anaiak 1896 urtean Europako hainbat tokitan eskaini zituzten hainbat proiekzio eta Euskal Herrian ere izan ziren. Euskaldunok hasieratik izan dugu asmakizun horren berri. 1912an, 15 urte igaro ondoren, Irungo Festetako irudiak ekoiztu ziren. 1928an “Mayorazgo de Bazterretxe” egin zen eta badaude lehenagoko luzemetraiak ere. Zinemaren historiarekin oso lotuak izan gara euskaldunak, bai “egile” bezala eta baita ikusle gisa ere. 1985 urtean, askatasunaren indarpean edo, garrasi bat eman zen gure herrian. Eta garrasi horren inguruan hainbat pertsona elkartu ziren mugimendu bat sortuz. Gauza bera gertatu zen 1968. urtean “Amalur” egin zenean. Pelikula hura jendeak poltsikotik jarritako diruari esker ekoiztu zen. Beranduago Ikuskak heldu ziren eta horien inguruan Montxo Armendariz, Javier Agirresarobe, Juanmi Gutierrez, Pedro Olea edo Antxon Ezeiza bildu ziren, beste batzuen artean. Hor ere behetik gora sortu zen mugimendua. Hala, 80. hamarkadan eztanda gertatu zen, “Segoviako Ihesaldia” filmarekin. Jende horrek guztiak, beranduago, hasierako aberriko bultzada libertarioa pasa ostean, profesionalizatu egin zen. 1982an ETB sortu zen eta horrek beste leiho bat ireki zion Euskal Herriari. Nire galdera hurrengoa da: Nola galdu dugu 80ko hamarkadan hasi genuen euskal zinemaren aldeko bidea?. Eta honek analisi askoz sakonagoa eskatzen digu.

Nola amaitu du Martin Ibarbia Euskadiko Filmategiko presidente gisa?

Alor honetako esklaboa naiz ni. Amodioz beteriko pertsona. Zinema nire pertsona baino gehiago maite dut. Nire bizitza profesionalak ere ildo horri jarraitu izan dio beti. Ni ETBko sortzaileetariko bat naiz. 1985ean ETB utzi nuen, 88an Orio Produkzioak sortu eta horretan jarraitu dut. Beti egon naiz filmategiko mugimendura lotuta. 1999an presidente proposatu ninduten eta nik bazkideei esan nien geunden putzutik ateratzea premiazkoa zela. Filmategiarekin sorreratik egon naiz lotuta, kide bezala hasieran eta lankide gisa beranduago. Gero ardura gehiago hartu ditut eta erronka berriei aurre egin. Penagarria da, gauzak dauden bezala ikusita erretiroa berrikuntza guztiak bizitu baino lehen helduko zaidalako.

Donostiako Zinemaldiari gaur bertan emango zaio hasiera. Zein izango da zuen ekarpena? Beti bezala, gure egoitzan hainbat proiekzio eskainiko dira eta epaimahaikideek hemen izango dute pelikulak ikusteko aukera. Bestalde, Euskal Zinemaren egunean, urtero lez, pelikula bat eskainiko dugu. Aurtengoan “Gipuzkoa” dokumentala izan da aukeratu duguna. Filma 1979 urtean ekoiztu zen eta egun desagertuta dauden hainbat datu historiko erakusten dizkigu. Oso interesgarria. Gure memoriaren gordailu gara eta, tarteka, gure memoria berriz ikustea eta pentsatzea oso garrantzitsua irizten zait. Martin Ibarbia Maiz (Beasain, 1943) Ikasketak: Irakasle Ikasketak, Komunikazio eta Irudi Korporatiboari buruzko masterra. Beste batzuk: . 1977: Lehenengo Kilometroak ekimeneko sortzailea Beasainen eta Eusko Ikaskuntzako Zinematografi-Saileko lehenengo presidentea. . 1982: Euskal Telebista sortu zuen eta bertako programa zuzendaria izan zen. . 1981-1982: Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailean Kultur Programazioko zuzendaria. . 1988: Orio Produkzioak sortu zuen. . Ekoizpen, errealizazio eta gidoi lanak burutu izan ditu hainbat filmetan. Besteak beste: “Bakearen soka”, “Laugarren Mundua”. . “Jose Miguel de Barandiaran. 100 urte” ekoizpenaren gidoiaren egilea. . Euskal Telebistako “Sautrela” eta “Lengua Viva” saioetan zuzendari eta produktore lanak egin ditu. . 1992-1995: Association Europeenne Inedits erakundeko lehendakariordea. . 1999az geroztik Euskadiko Filmategiko Presidentea.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Ana Aguirre Zurutuza. Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo sailburua: Euskal Herriak ezin du soldata baxuetan oinarritzen diren egitasmoekin lehiatu, eta, gainera, ez du nahi

 

Irakurri

Pilar Belzunce. Chillida-Leku: Eduardok zakarrontzira botatzen zituen marrazkiak ere erreskatatu nituen

 

Irakurri

Javier Caamaño. Lizarrako Bidearen Lagunen Elkarteko eta Done Jakueri buruzko Ikaskuntzen Etxeko zuzendaria: Santiago Bidean gehiago eragiten da izatea, edukitzea baino

 

Irakurri

Izaskun Astondoa. Pirotecnia Astondoako gerentea: Euskal Herrian jende asko ibili da lanbide honetan, baina denboraz desagertuz joan dira, eta ez dute jarraipenik eduki.

 

Irakurri

José Ignacio Beitia. Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiko zuzendaria: Euskadin dantza talde asko dago, baina amateur moduan aritzen dira. Eta hemen dantza eta folkloreko profesionalen beharra daukagu

 

Irakurri