Izaskun Astondoa. Pirotecnia Astondoako gerentea: Euskal Herrian jende asko ibili da lanbide honetan, baina denboraz desagertuz joan dira, eta ez dute jarraipenik eduki.

2004-07-23

BREA, Unai

Izaskun Astondoa

“Pirotecnia Astondoa”ko gerentea "Euskal Herrian jende asko ibili da lanbide honetan, baina denboraz desagertuz joan dira, eta ez dute jarraipenik eduki" Unai Brea

Traducción al español "Ez dugu datu zehatzik, baina uste dugu gure birraititea 1885 inguruan hasi zela enpresarekin”, diosku Izaskun Astondoak. XIX. mende amaiera hartan, Eustaquio Astondoak Pirotecnia Astondoa sortu zuen Areatza sorterrian. Herri berean jarraitzen du enpresak, orain laugarren belaunaldiaren esku. Izaskunek, Eustaquioren birlobak, zuzendu du enpresa azken hamabi urtean. Kontatu digunez, lehen lantegitxoa familiaren etxean bertan egon zen, harik eta istripu larri baten ondorioz Eustaquio Astondoaren errana -Izaskunen amama-, hil egin zen. Etxea ez zegoen herriaren erdi-erdian, baina hain urrun ere ez, eta azkenean bizilagunen presioek lantegia lekuz aldatzera behartu zuten. Urte askoan noraezean ibili ostean –tartetan, Izaskunen aititea, Luki, eta ondoren aita, Eustaquio, arduratu ziren enpresaz-, azkenik gaur egun dauden lekura iritsi ziren 1979an: Areatzatik Gorbeiara doan bidean, herritik irten eta pare bat kilometrora. Hantxe egin genion elkarrizketa hau urtetako tradizioa gorde duen Izaskun Astondoari. Zergatik ipini zuen zure birraititeak piroteknia-enpresa bat? Denek galdetzen dute gauza bera. Gure birraititea, beste lagun birekin batera, Valentziara joan zen, baina ez dakigu ordurako suziriak egiten hasia zegoen -eta beraz gehiago ikastera joan zen-, edo ideia han sortu ote zen. Bueltakoan, lagun bakoitzak lantegitxo bana eraiki zuen, eta lanean hasi. Garai hartan, jaietan suziriak besterik ez zen egoten, eta huraxe egiten zuen gure birraititeak. Gero, aititearekin, bestelako gauzak egiten hasi ziren. Zure familian txiki-txikitatik jakingo duzue piroteknia zer den… Bai. Gogoan dut udan hona etortzen ginela lanera edo tiro egitera, batez ere ahizpa eta biok, nebaz ez naiz hain ondo gogoratzen. Dena dela, ez dut uste gurasoen asmoa zenik guri pentsaraztea hazitakoan negozioarekin aurrera jarraitu behar genuela. Azkenean, hala ere, beti heltzen da erabakia hartzeko unea. Eta zu pozik al zaude hartutako erabakiaz? Bai. Hamar urte egin nituen kanpoan hona sartu aurretik, eta uste nuen berehala hartuko nuela martxa, erraza izango zela. Gero konturatu nintzen ez zela hain erraza. Baina pozik nago, neuk hartzen ditudalako erabakiak. Arazo eta kezka iturri handia izan arren, oso gogoko dut mundu hau. Badugu eragozpen bat: inguruko piroteknia-enpresa bakanetakoa izanda, dena da berria. Orain, esaterako, Ingurugiro ISO ziurtagiria eskuratzeko ahaleginean gabiltza, baina inork ez duenez ingurugiroa landu pirotekniaren alorrean, ezin gaitu inork lagundu. Gainera, gure egitekoa ez dago Eusko Jaurlaritzaren menpe, gobernu zentralaren menpe baizik, Leherkarien Araudia hari dagokio-eta. Beraz, hemengo agintariek hara bidaltzen gaituzte, Goardia Zibila ere tartean dabil… Guztiz kontrolpean gaude. Zu enpresarioa zara. Arlo teknikoa ere menperatzen al duzu? Ez. Inoiz montajeren batera joan naiz, nolakoa den ikusteko, baina bestela… Baditugu horretarako propio kontrataturiko langileak, profesionalak, eta ez denak familiakoak. Daukagun beste oztopo bat piroteknia-eskola baten falta da. Ekinez ikasten da lanbidea. Hemengo langileen batez besteko adina 45 urtekoa da, eta gehienak gure aitarekin hasi ziren 15 urte zeuzkatela. 30 urteko eskarmentua daukate, eta aitarekin eta osabarekin formulak eginez hezi dira. Gero, denboraz, enpresa gehiago ezagutzen dira, liburuak irakurtzen dira… Hiru neba-arrebetatik batek ere ez bazuen hemen jarraitu nahi, zer gertatuko zatekeen Astondoarekin? Seguruenik, beste piroteknia-enpresa bati saltzen ahaleginduko ginatekeen. Uste dut, baikor izanda, Valentziako enpresaren batek interesa ager zezakeela, Euskadin, eta batez ere Bizkaian, oso sendo gabiltzalako. Bezero asko daukagu Bizkaian, eta Gipuzkoan ere nahikotxo. Araban ez hainbeste. Merkatu interesgarria da. Eta Astondoa izena? Garrantzia ematen diozu? Bai. Urte asko dira, eta jendeak dagoeneko suziriekin lotzen du abizen hori. Datozen belaunaldiekin zer gertatuko da? Nik ume bi dauzkat, oso txikiak oraindik, eta ez daukat asmorik lanbide jakin baterantz bideratzeko. Familia-enpresek arazo asko dituzte bakoitzaren ardura zehazteko orduan. Nik zortea daukat, oso trantsizio ona bizi izan dudalako aitarekin. Berak askatasun osoa eman dit, egunero etortzen den arren eta galderak egiten dituen arren. Eta ez dago familia gehiagorik. Bakarrik nago. Aitaz gain, neba eta ahizpa daude administrazio-kontseiluan (izen bat ematearren), baina askatasun osoa daukat haiekiko ere. Bestetik, ez daukagu enpresa modura gehiegi hazteko asmorik. Ezagutzen dudan piroteknia-enpresa handi guztietan –60 langile inguru- familiako gehiegi dago enpresaren egituran, eta ez da erraza familiarekin lan egitea eta bizitzea aldi berean. Arazoak dauzkate ardura banaketarekin, eta hori igarri egiten da. 1992an sartu zinen. Zer aldaketa ezarri zenuen? Hara, jendeak esaten du igarri egiten dela. Nik ez dakit horrela den ala ez, baina egia da gure aitak ez zituen ezagupideak ekarri ditudala, hark ez zuelako unibertsitatera joateko aukerarik eduki. Egia esan, unibertsitateak ez du hainbeste irakasten, gehiago ikasten da ekinez, baina… Nik uste dut enpresa ordenatu dudala. Orain, inor ez da ezinbestekoa. Pirotekniak ere aurrerakuntza izugarria izango zuen urte hauetan… Azken hamar urteotan, hain justu. Enpresa horregatik ere aldatu da, noski. Ez litzateke bidezkoa meritu osoa neureganatzea, hamar urtetan piroteknian iraultza izan dela eta hori enpresa guztietan nabaritu dela jakinda. Zer egiten duzue hemen, zehazki? Piroteknia-materiala mailatan sailkatuta dago, lehenengotik zortzigarrenera. Lehen hirurak dira erosle arruntari sal dakizkiokeenak. Astondoak egiten dituen produktuen %75 lehen hiru maila horiei dagokie: suziriak, bengalak, “urjauziak”, trakak, petardoak, suzko zezenak… Ikuskizunetan erabiltzen den piroteknia profesionaletik, berriz, zati bat hemen egiten dugu, eta bestea erosi. Italian, Valentzian… Eta jakina, su artifizial ikuskizunak egiten ditugu. Jende asko etortzen al da erostera? Orain hemen baino ezin daiteke erosi… Bai, piroteknia saltzeko baimen berezia behar da, armak eta leherkariak saltzeko bezala, eta Bizkaian guk baino ez dugu baimen hori orain. Igarri egiten da, batez ere Gabonzaharra hurbil denean, eta baita San Juan gaua bezalako ospakizunak hurbildu ahala ere. Dena dela, jendeak gero eta gauza gehiago ospatzen du pirotekniarekin: ezkontzak, jaiak… Segurtasun neurri handiak izango dituzue, noski… Araudi bat dago, eta horrez gain inspekzioa egiten digute aldiro. Araudia berdina da pirotekniarako eta leherkarietarako, zentzu hertsian zerikusirik ez daukaten arren. Alarma berezia daukagu, eta sartu eta irteten diren guztien datuak hartzen ditugu, ez hala nahi dugulako, araudiak hala eskatzen duelako baizik. Zure amama hil zeneko hartaz gain, aipatzeko moduko istripurik izan al da Astondoan? Ez. Sustoren bat, baina ez ezer larririk ez. Euskal Herrian bada piroteknia tradiziorik? Hau ez da Valentzia, hori argi dago. Bada “Pirotecnia en Euskal Herria” izeneko liburu bat, Felix Goñik idatzia; oso ona da, eta Euskal Herrian izandako piroteknia-enpresa guztiez hitz egiten du. Gaur egun, gu eta Arabako Lezeatarrak baino ez gara geratzen. Haiek, enbor bakarretik, hiru adar sortu dituzte. Batak itsasontzietarako bengalak egiten ditu, eta beste biek ikuskizun-piroteknia, guk bezala.

Liburua irakurri nuenean, nahiko harrituta geratu nintzen, nik uste baino jende gehiago ibili delako lanbide honetan. Baina denboraz desagertuz joan dira, eta ez dute jarraipenik eduki. Langileak kontratatzeko orduan, esaterako –nik ez dakit belaunaldi berrien arazoa den edo zer-, zapatuetan, domeketan eta gauez lan egin behar dela esan bezain laster, akabo. Gure ikuskizunak, begi-bistakoa denez, gauez egiten dira, eta gero batu egin behar da. Teknikariak goizaldeko hirurak aldera heltzen dira etxera. Noiztik botatzen dituzue su artifizialak? Uste dut 80ko hamarkadan hasi zela gure aita. Eta zergatik? Ez dakit ba. Egia esan, ez diot inoiz galdetu. Gure aititeak ere egiten zuen zeozer, baina gauza xinpleagoak ziren. Baduzue halako ospea… Bai? Tira, ezagutzen gaituzte… Bilbon urtero egoten gara, eta Donostian bizpahiru bider egon gara. Azkenekoan, ikusleen bigarren saria irabazi genuen; ni neu behintzat, gehien asetzen nauen saria da, epaimahaiek emandakoak beti izaten direlako zalantzazkoagoak. Bilbon, urtero egon arren, ez dugu lehiaketan parte hartzen, nik aholkulari lanak egiten ditudalako udaletxerako, eta ezin da epaile eta lehiakide izan aldi berean. Donostian, gauza bera: epaimahaiko kidea naiz. Badira jaietan su artifizialak ipintzen dituzten herriak. Baina, merkatu nahikoa al dago? Bai. Egia esan, su artifiziala da piroteknian irabazi gutxien ematen duen produktua, baina nahitaezkoa da ezagut gaitzaten. Gure aurkezpen-txartela da. Askoren ustez, su artifizialetan diru eta lan mordoa botatzen da alperrik, minutu gutxiren buruan erreta daude eta… Beti esaten dut gauza bera. Kontuan hartu behar da zenbat jende doan suak ikustera, eta gainera adin guztietakoak, txikienetatik zaharrenetara. Ikusle mota gehien erakartzen duen ikuskizuna da. Nire ustez, askoz garestiagoa da Rolling Stonesen kontzertu bat, jende mota bat baino ez doalako. Gainera, hemen ez dago su artifizialak ikusteagatik kobratzeko ohiturarik, Frantzian, Alemanian eta Europako iparraldeko herrialde gehienetan bezala. Zuentzat lan handia da su artifizial emanaldi bat prestatzea, hori bai… Lan ordu asko dira. Bilbora, esaterako, goizeko zazpietan joaten gara eta goizaldeko hiruretan edo lauetan itzuli. Horri hemen aurrez egindako lana gehitu behar zaio: diseinua, prestakuntza… Emanaldi apalagoa egiten den lekuetan, arratsaldeko hiruretarako-edo joanda, nahikoa izaten da. Eta gero, gauza askok eragiten digute. Haize gehiegi ibiltzea, batere ez haizerik ez ibiltzea… ia dena da eragozpena guretzat. Euria izango da txarrena… Ez pentsa. Jaurtitzeko momentuan ez behintzat; euriak ez dio jaurtiketari eragiten. Bai, ordea prestakuntzan, ez digulako lanik egiten uzten. Guretzat, okerrena batere haizerik ez egotea da. Su artifizialak seguruak dira ikusleentzat? Bai. Hara, 1997an, geu ari ginela jaurtitzen, hamar hilabeteko ume bat hil zen Gasteizen. Nire bizitzako urterik txarrena izan zen hura. Umea 200 metrora zegoen, gerora Eusko Jaurlaritzak ezarritako arauen arabera ere segurtasun distantzia baino urrunago beraz. Izan ere, istripu haren ondorioz ezarri zuen araua Jaurlaritzak. Kasualitatea izan zen 200 metroko erradio batean ume haren burura jausi izana. Nik neuk behintzat ez dakit haren aurretik istripu gehiago egon zen ala ez, baina argi dago distantzia horiek ezarri izanak lasaitasun handia eman digula guri, montajerako batez ere. Hemendik kanpora goazenean igartzen da batez ere. Zenbait lekutara joan garenean, biharamunean deitu diegu berriro ez garela itzuliko esateko, montajea egiten ari ginela jendea handik zebilelako. Gu lanean gaude eta ezin gara zaintzen egon inor zigarro batekin ez igarotzeko edo ume batek zerbait ez hartzeko. Euskadirako araua egin zenetik, ni askoz lasaiago nabil. Nola hartzen zaituztete Euskal Herritik kanpo? Begira, aurten Tarragonara joango gara. Gustatu egiten zaie, penintsulako iparraldeko tradizioa desberdina delako. Hemen suziria erabiltzen da gehiago, eta Mediterraneoan, berriz, karkasa. Han aspaldi utzi zioten suziria erabiltzeari, sute arriskua zela eta. Tarragonan egon ginen aurreko aldian bigarren saria irabazi genuen eta askok zorionak eman zizkiguten. Gainera, ez gara hangoak bezain zaratatsuak. Eurek ni emakumea izateari egozten zioten hori, sentiberatasun handiagoa dugulakoan eta abar, baina tira. Kontua da nik nahiago dudala kolorea zarata baino, ikusleek burrunba atsegin dutela onartzen badut ere. Horregatik, bien arteko nahasketa egiten dugu. Eta horregatik deitu digute berriro aurten joateko, ez dugulako valentziar batek eskaintzen duen gauza bera eskaintzen. Hala ere, badugu haien eraginik. Mediterraneoko suak erreferentea dira ikuskizun guztietan. Erraza da berrikuntzak ezartzea? Posible da. Formak, konbinazioak… Artifizioei eurei dagokienez, dena ikusi dugula uste dut, eta orain kalitatea da gakoa, beste ezer baino. Diseinuan, nork bere ukitutxoa ematen dio, eta hortik datoz aldeak. Diseinatzen dena bat etortzen da gero gertatzen denarekin? Normalean bai. Jakina, guk hutsari begiratzen diogu gehiago, eta beti egoten da ondo ateratzen ez den zerbait, baina uste dut ikusleak ez direla ohartzen, hutsa oso agerikoa ez bada. Euskal Herrian, su artifizialen ikusleak adituak al dira? Nire ustez bai. Bilbo eta Donostia eskola onak dira, eta baita Gasteiz ere orain, nazioarteko erakustaldia antolatzen dutenetik. Niri su artifizial mota asko gustatzen zait, baina su italiarrak ikusten baditut, italiarrak izan behar dira, eta japoniarrak ikusten baditut japoniarrak izan behar dira. Ikusleak oso urduri jartzen dira ekialde urruneko suak ikustean, astirotsuagoak direlako. Baina japoniar batek jaurtitzen duen ale bakoitza zoragarria da teknikaren ikuspuntutik. Uste dut ikusleak ulertzen eta bereizten hasi direla. Ni, gainera, nahiko tematia naiz; leku askotatik deitzen didate honetaz hitz egiteko eta beti esaten dut ulertu egin behar dela valentziar bat eta japoniar bat ez direla gauza bera. Eta zein eskola nagusitu da Euskal Herrian? Mediterraneokoa. Jendea zuhurra da piroteknia erabiltzen duenean? Ez. Gabonetako debeku handietarako erabiltzen duten argudioetako bat istripu kopuru handia da. Istripu txikiak, jakina. Horien %99,99 txarto erabiltzean daukate jatorria. Alkohola edaten da, ez dira erabiltzeko arauak irakurtzen… Produktuak akatsen bat eduki dezake, noski, gu ez gara perfektuak. Baina niri kontatu dizkidaten istripu guztien zergatia erabilera desegokia izan da. Gauzak atzamarrez hartu direlako, jaurti duena mozkortuta zegoelako eta auskalo zeren kontra jaurti duelako… Begirune handixeagoa eduki beharko genuke bolborarenganako. Izaskun Astondoa Sarria

(Bilbo, 1962)

Bilbon jaioa izanagatik, Izaskun Astondoa, hiru neba-arrebatan zaharrena, arratiar petoa da: elkarrengandik oso hurbil dauden Areatza eta Artea herrien artean banatu du bere bizitza. Enpresa-ikasketak egin zituen Deustuko Unibertsitatean, eta amaitu ostean aitari esan zion familia-enpresatik kanpo egin nahi zuela lan. “Antza, aitak pentsatu egin zuen nire nebak kimika ikasi eta beraren oinordekoa izango zela enpresan, baina nire nebak informatika ikasi zuen”. Beste ahizpak medikuntza ikasi zuenez, aitak Izaskuni proposatu zion pirotekniarekin aurrera jarraitzea, baina hark uko egin zion lehen aldian. Oposaketak gainditu eta Eusko Jaurlaritzan hasi zen lanean. Azkenik, 1992an sartu zen familiaren enpresan. “Aitak zaharregi iritzi zion bere buruari lanean jarraitzeko, eta hordagoa bota zidan. Garai hartan, ni ez nenbilen oso gustura neure lantokian, eta azkenean onartu egin nuen”. Bere burua gerente izendatu zuen Izaskunek, eta horretan dirau. Gainera, Espainiako Piroteknia-Egileen Elkarteko presidentea da, Bilboko Udaletxerako aholkulari lanak egiten ditu pirotekniaren alorrean eta Donostiako Aste Nagusiko su artifizial lehiaketaren epaimahaiko kidea da. Menua ELKARRIZKETA Aurreko Aleetan Inicio > EM 264 > Elkarrizketa -->

2004/07/23-30
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

José Ignacio Beitia. Portugaleteko Nazioarteko Folklore Jaialdiko zuzendaria: Euskadin dantza talde asko dago, baina amateur moduan aritzen dira. Eta hemen dantza eta folkloreko profesionalen beharra daukagu

 

Irakurri

Almudena Cid. Gimnasta: Final olinpiko batean hirugarren aldiz jarraian egotearekin amesten dut

 

Irakurri

Ana Rocandio. Dietetika eta Nutrizioan aditua: "Euskadin ondo elikatzen gara, baina gehiegi jaten dugu"

 

Irakurri

José Javier López Antón. Historialaria: "Nafarroak errespetua zor dio Campiónen figurari"

 

Irakurri

Maider Egues. Kazetaria: "Txikitan gerra korrespontsala izan nahi nuen"

 

Irakurri