Carlos Mugiro. “Punto de Vista” jaialdiaren zuzendaria eta zinemagilea: Zinemaren historia idatziko duten filmak gaur egun ez dira ikusleengana heltzen

2009-01-23

AGOTE, Gontzal

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Iruñako Punto de Vista jaialdiaren bosgarren edizioaren atarian gaude. Jaialdia apustu arriskutsua eta berritzailea da, eta kezkak eta jakin-mina duten ikusleei areto komertzialetara heltzen ez den ez-fikziozko zinema, ikusezina den zinema hori, helaraztea du helburu. Punto de Vistaren atzean, abian jarri zenetik, Carlos Mugiro dugu, zinemazale amorratua, zinema hainbat ikuspegitik bizi duena: programatzailearen, gionistaren edo ikuslearen ikuspegitik. Zinemaren arteari buruz, haren egungo egoera asaldatuari eta haren zalantzazko etorkizunari buruz hitz egin dugu harekin.

Aurten Punto de Vista jaialdiaren bosgarren edizioa izango da. Zinema-jaialdi ugari dauden garai honetan, zein dira jaialdi horren ezaugarri nagusiak?

Aurrena azpimarratu nahi dut Punto de Vistak erreferentzia bat duela, hain zuzen, Jean Vigo, eta guretzat zaindari santu laiko baten antzekoa da. Zinemagile horrek, besteak beste, begiradari eta ikuspuntuari garrantzia handia ematen zion, eta jaialdiak hortik hartu du bere izena. Jean Vigoren itzala jarraituz, jaialdiak fikziozkoa ez den zinema aurkezten du, inork zehatz-mehatz zer den definitu ezin dezakeen zinema. Izan ere, ziurrenik motz geratzen zaio dokumental-izena.

Normalean ikusten ez duen zinema aurkezten dio jaialdiak ikusleari, aretoetara eta telebista pantailetara heltzen ez dena, zinema ikusezina deiturikoa. Halere, biharko zinemak jasoko dituen gauzarik garrantzitsuenak sortzen ari da zinema hori, eta bertan zinemagile apurtzaileenek, berritzaileenek eta heterodoxoenek lan egiten dute.

Batzuetan jaialdiek endogamikoak izateko arriskua dute, baita horiek maite dituzten gutxiengo esklusibo baten txoko bihurtzekoa ere. Hain apustu arriskutsuak Iruñeko zinema-ikusleak erakartzen al ditu?

Jaialdiak gogoko dituzten ikusleak daude, hori horrela da. Jaialdiek antsietatearen antzeko zerbait sortzen dute eta ikusle desberdinak erakartzen dituzte. Jaialdietara joaten den baina sarritan aretoetara joateko ohiturarik ez duten ikusleak ere badaude. Egia da Punto de Vistak era horretako ikusle espezializatuak dituela, baina, horiekin batera bertako zinemazale askok ere hartzen dute parte. Gu saiatzen gara zinemara joatea ez dadila izan pelikula bat ikustea soilik: pelikulari buruzko informazioa eskaintzen dugu, zuzendaria bertan egotea nahi izaten dugu eta eztabaida sustatzen dugu. Ikusleak hori guztia oso eskertzen digu. Jaialdiak osagai pedagogiko bat izan behar du, begirada hezi behar du eta atzera begirakoak egin behar ditu. Hau da, normalean eskura ez dauden zinemaren historiako obrak erakutsi. Jakina, gurea ez da alfonbra gorridun jaialdia. Egunez egun bertako ikusleak gureganatzen saiatzen gara, funtsezkoa baita hirian errotzea. Izan ere, sortu den lekuan errotzen ez den jaialdiak ez du zentzurik.

Ezin da ukatu zinema-jaialdiek, bereziki espezializatuek, denbora labur batez oasi batera eramaten zaituztela. Gainerako urte osoan zehar, berriz, basamortu bat zeharkatzen zabiltzala dirudi. Horregatik, beharrezko ikusten duzu jaialdian zehar eginiko lanari jarraipena emateko egituraren bat?

Jaialdi bat oso gertaera kultural espezifikoa da; 8 egun irauten duen leherketa baten antza du, eskaintza oso handia baita. Gure ideia jaialdia labirinto antzeko zerbait izatea da, buruko gune baten antzekoa, egun batzuetan zehar pelikula batetik bestera eramaten zaituena; ondoren, karpa desmuntatu egiten da. Jakina, egokiena programazio erregularra egotea izango litzateke, baita Punto de Visatan emandako materialen artxibo bat osatzea eta horiek urtean zehar ikusteko aukera egotea ere. Jaialdi batzuek hori egiten dute, esaterako, Yamagatakoak. Yamagata Iruñea antzeko hiri bat da, eta guretzat erreferentzia bat. Beraiek bulego bat dute, urte osoan zehar irekita egoten dena. Nik pentsatzen dut filmoteka abian jartzen den egunean eta pelikulak ikusteko aretoa eta artxiboak ditugunean zinemazaleen eta Punto de Vistaren artean harreman iraunkorra izango dugula.

Hain zuzen, Nafarroako filmotekaren inguruko proiektua bi edo hiru urteren buruan errealitate bihurtuko da. Zer funtzio izan beharko lituzke filmoteka horrek?

Filmoteka batek bi funtzio ditu. Lehena, ikus-entzunezkoen ondarea, normalean ondare zinematografikoa, berreskuratzea, zaharberritzea eta gordetzea. Ez dakit horretarako ez garen berandu helduko. Izan ere, pelikula, euskarri fotokimikoa, hondatuz doan material bat da, iraungitze-epea du, eta oso bizitza laburra. Zaletuek eginiko materialek edo pelikula familiarrek, nahiz eta ez izan balio artistiko handirik, oroimen-balioa dute eta funtsezko ondare zinematografikoak dira. Filmotekaren erantzukizuna da XX. mendeko oroimenaren parte diren material horiek zaintzea.

Bigarrena, zinema-programazio bat eskaintzea da. Horri esker, zinema bizirik mantentzen da, eta normalean eskura ez dagoen materiala ikusteko aukera eskaintzen. Programatzea muntatzeko era bat ere bada, pelikulen artean harremanak finkatzen baitira. Programatzeak funtzio sortzailea ere badu, pelikulen artean loturak aurkitu daitezkeelako eta horiek beraien artean hitz eginez amaitzen dutelako. Nik uste dut horiek biak direla zinemateka baten oinarrizko bi funtzioak, eta ikertzeaz gain funtzio horiek bete behar dituela Nafarroako Filmotekak. Hain zuzen, ikertzea izango zen hirugarren oin nagusia.

Arte zinematografikoak garai gogorrak bizi ditu. Apokaliptikoek milagarrenez zinemaren heriotza iragarri dute eta optimistek, berriz, uste dute erakusteko eta banatzeko baliabide berriei esker zinema-obrek inoiz baino hedapen handiagoa lortuko dutela. Nola ikusten duzu egungo egoera?

Horri buruz asko idatzi da eta zaila da gai hori hitz gutxitan laburtzea. Egia da lehen zuen nagusitasuna, mundua ezagutarazteko eta mundurako ateak irekitzeko ahalmena, galdu egin duela irudi zinematografikoak. Orain pantaila asko daude, eta dagoeneko laugarren pantaila bati buruz hitz egiten da: zineaz eta telebistaz gain, ordenagailuak ditugu, eta orain telefono mugikorrak. Irudi zinematografikoak utzi egin dio irudiaren erreferente izateari; mundu osoan astebururo milaka miloi ikusleren begirada erakartzeko zuen indarra galdu egin du.

Zinemak lehen zuen nagusitasuna galtzeaz gain, zinemara hurbiltzeko modu berriak azaldu dira. Horrek ikusle garaikideetan nahaste handia sortu du.

Iraultza teknologiko baten lekuko gara, ikus-entzunezkoa deitzen diogun eta zer den oso ondo inork ez dakien gauza hori denon eskura jarri duena. Zalantzarik gabe, hori ez da zinema. Beharbada, arte zinematografikoaren ikuspegitik deigarriena honako hau da: lehen ikuskizunen sailean zeuden pelikulak (Hitchcock, Ford, Bergman...), ikusleak ikusten zituen pelikulak, ziren zinemaren historia idazten zutenak. Orain, berriz, arte zinematografikoko pelikula garrantzitsuenak ez dira ikusle normalarengana iristen. Zine-aretoetan estreinatzen ez diren pelikula garrantzitsu eta oso polit ugari daude. Zerbait gertatzen ari da, zinemaren historia idatziko duten pelikulak gaur egun ez dira ikusleengana heltzen. Eta gai hori ez da batere erraza; pelikula horiek kritikoek osaturiko elite batek soilik ikusten dituztela esateak ez du balio, askoz gai konplexuagoa da.

Hortaz, arte zinematografikoa ulertzeko eraren aldaketa sakon baten aurrean gaude?

Erreferentziazko irudi gisa; ezagutzarako, mundurako, ate nagusi gisa; imajinagintza kulturalaren eta ikonografikoaren sortzaile gisa; eta balio sentimental gisa hilda dago zinema. Nire ustez, dagoeneko hori guztia ez da existitzen. Zinema hori hil zen, ez da existitzen eta orain beste aldarte batean gaude. Egungoa zer den jakitea zaila da, baina esan dezakegu ez dela gauza bera. Nik ez dut argi norantz doan. Dakidana da momentu erabakigarria dela arte zinematografikoarentzat, era guztietako mugimenduak ematen ari baitira. Ingelesez honako hiru hitz hauek oso ondo azaltzen dute aldaketa hori: “film”, “movies” eta “cinema”. Lehena euskarri fisikoa aipatzeko erabiltzen da, eta euskarri hori dagoeneko ez da ia erabiltzen. Bigarrena, “movies” hitza da; “Go to the movies”, pelikulak ikustera joan, zinema-aretoetara joan. Kontzeptu hori ere desagertu egin da. Eta azkena, zinema da, arte zinematografiko gisa oraindik bizirik jarraitzen duen bakarra. Momenturen batean hirurak batera bizi izan ziren, baina dagoeneko ez da horrelakorik gertatzen. Orain pelikula gehienak etxean ikusten dira, fisikoa ez den euskarri batean, euskarri digitalean, eta kasu askotan pelikula horiek ez dute zerikusi handirik arte zinematografikoarekin. Hiru gauza desberdin dira, eta ikusi egin behar da zer norabide hartzen duen horietako bakoitzak, oso gai nahaspilatsua baita. Carlos Mugiro (Elizondo, 1966) Informazio Zientziak ikasi zituen Iruñean, baina beste zaletasun bat zuen: zinema ikasi nahi zuen. 95ean Pilar Mirók zinema-eskola ofiziala, ECAM, sortu zuenean, lehen promozioaren parte izan zen. Zuzendaritza ikasi zuen eta luxuzko tutoreak izan zituen: Victor Erice, Montxo Armendáriz eta Mario Camus, “esperientzia ahaztezina”. Zuzendaritzako ikasketak amaitu ostean, San Antonio de los Bañoseko (Kuba) eskolan eskolak emateko aukera izan zuen, Mariano Barroso zuzendariaren eskutik. “Oso esperientzia interesgarria izan zen, erreferentziazko eskola baita”. Gabriel García Márquezek sorturiko eskola horretan, bi urtez lan egin zuen, 1998 eta 1999 urteetan. Ondoren, Montxo Armendárizen produkzio-etxean egin zuen lan, “Silencio Roto” pelikulan. Elías Querejetarekin ere egin zuen lan, “Goodbye, America” dokumentalean, Monster familiako aitonaren historiari buruzkoa. 2004 urtean Punto de Vista jaialdi berria diseinatzen hasi zen, hurrengo urtean abian jarriko zena. Hori izan da azken urteetako bere jarduera nagusia, baina ez bakarra. Gaur egun ECAMen dokumentalei buruzko eskolak ematen ditu, “eskolara itzultzea da, baina beste era batean”. Gainera, gidoigile gisa hainbat dokumentaletan hartu du parte: “La guerrilla de la memoria”, “Los ojos de Ariana”... Duela gutxi, Hemingwayri eta Sanferminei buruzko laburmetrai bat idazten amaitu zuen. Programatzaile-lana da bere jarduera gogokoenetarikoa. “Oso atsegin dut Sobietar Batasuneko eta Europa Ekialdeko herrietako zinema”. “Kuban egon nintzenean Europa Ekialdeko artxiboak ikusteko aukera izan nuen, eta bertan Sokuroven obra deskubritu nuen, baita gainerako zuzendarienak ere”. Urte eta erdiz Madrileko Casa Encendidako programazioaz arduratu zen, “Ver sin Vertov” proiektu barruan. Proiektu horrek 1954tik, Dziga Vertoven heriotzatik, 2005era bitarteko herri horietako zinema dokumentalaren historia aztertzen zuen. “Ezagutzen ez genuen azken 50 urteetako zinema dokumentalaren historia osoa; lan aparta izan zen eta asko disfrutatu nuen hura egiten”. Etorkizunean, Mugirok ez du baztertzen gai horri buruzko tesia egiteko ideia. Erreferentzia nagusiak aipatzeko orduan, noski, Ekialdeko Europara begiratu du, eta Andrei Tarkovskiren “89an Iruñean hari buruzko ziklo bat egin zen eta haren alarguna eta semeak ezagutu nituen” eta Otar Iosselianiren izenak eman dizkigu. Baina, ez du ahaztu Jean Epsteinen eta Jean Vigoren frantziar zinema, ezta Víctor Ericerena ere. Egungo zinemagileei dagokionez, Mercedes Álvarez “El cielo gira”, Albert Serra eta Raymond Depardon aipatu dizkigu.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Itziar Mena. Euskadiko Ikus-entzunezko Klusterraren (Eiken) zuzendaria: Sektore ekonomikoa garela errebindikatzetik ildo horretan lan egitera igaro gara lau urtetan

 

Irakurri

Emilio Silva Barrera. Oroimen historikoa berreskuratzearen aldeko elkartearen lehendakaria: Bizi izateko era bihurtu zen ezerezkeria

 

Irakurri

Juan Luis Goenaga. Pintorea: Pintura mentala da, eta fisikoa ere bai. Sentimenduekin, ordea, beste modu bateko harremana sortzen da

 

Irakurri

Xabier Retegi.Eusko Ikaskuntzako Lehendakaria: Gizarte antolakuntzako egitura guztiz berdinekin bizi gara, aldaketa teknologikoarekin ezer gertatu ez balitz bezala

 

Irakurri

Paulo Iztueta Armendariz. Irakasle-ikerle eta idazlea: Niretzako ikaragarria da dakidan txiki-txiki hori transmititu ahal izatea

 

Irakurri