Gabriel Mouesca. Idazlea: Abertzaletasuna, funtsean, ontasun unibertsala da

2012-02-03

PIERRE, Thomas

Gabriel Mouesca, Gabi deitua, Baionan sortu zen 1961ean. Iparretarrak erakunde abertzaleko buruzagi historikoetarik bat da, eta ezaguna ere presondegien kontrako guduken militante gisa. Gabi Mouescak 17 urte pasatu zituen presondegian Iparretarraken baitan eraman ekintzengatik. 16 urteren buruan baizik ez baitzuen epaitu, Frantzia bietan kondenatua izan zen Giza Eskubideen Gorte Europearrarenganik, ez baitzuen Europako itunaren 6. artikulua errespetatu. Observatoire International des Prisons-eko buruzagi izan zen 2004tik 2009rat. Egun Emmaüs France-eko « presondegiak » sailaz arduratzen da Gabriel Mouesca eta preso libratu berrien gizartean bersartzeaz axolatzen. Bertzalde Iparraldearen onarpen instituzionalari buruzko Autonomia Eraiki mugimenduan barne da. Gabi Mouescak ihardesten die hemen Thomas Pierre-n galdereri, hau delarik antropologo eta Eusko Ikaskuntzako bazkidea. Iparraldearen egoerari buruzko bere ikuspegia agertzen du hemen.

Gabi Mouesca, Iparraldeko mundu politikoaren partaide ezin hutsegina zara. Gisa hortan, eta hasteko, nola ikusten duzu euskal mintzaira eta kulturen arteko loturaren aitzinapena Iparraldean, militante engaiatu gisa zure lehen urteen eta gaurko egoeraren artean ? Zer azterketa egiten duzu euskal gizartearen aitzinamenaz ?

Dudarik ez da euskara sailean aldapen haundi bat badela. Euskara normaltasunean sartu da. Ez du gehiago mintzaira zaharkitu eta debruzko baten itxura. Seaskaren lorpenak, eta gure hizkuntzaren onarpenak sail pribatu eta hezkuntza nazionalarenganik, erakusten dute ateratu garela Parisek berrehun urtez sartu nahi izan gaituen, han galdu beharrez, leize ilun horretarik. Baina euskararen onarpen ofiziala — honi doazkion ahalmenekin — hizkuntza ofizial baten araudien ezagupena lagun, ez da gaurkotasunean. Hori da lehentasunez lortzekoa den helburua.

Bertzalde, ikusten da gure kulturaren agerpen herrikoienak — kantu, dantza... — suharki onartuak direla gehiengoarenganik. Ez da besta herrikoirik, ez besta giroko elgarretaratzerik, gure kultura kutsurik gabe. Eta haundituz doa fenomeno hori, eta lurralde historikotik askoz urrunago. Baina gure kulturak ez du onarpen « ofizialik » eta bere garapena, bizitasuna zor dizkio militante eta bolondreseri. Zor zaigu zuzentasuna eta gure kulturak behar ditu ahalmenak bere garapenerako, ez dadin eror itxura folkloristen tranpan, non gure kultura erabilia den errespetu eskasean, ez errateko errespeturik batere gabe.

Gabriel Mouesca, Gabi, Baionan sortu zen 1961ean.

Argazkia: Le Journal du Pays Basque-Euskal Herriko Kazeta

Iparraldeko gizarteari doakionez, gure gaurko munduaren idurikoa da, erran nahi baita mila aurpegi dauzkala eta mila eragin jasaiten dituela. Ohargarri da bereziki haustura kultural bat gero eta haundiagoa badela barnekaldea eta kostaldea deitua denaren artean. Gure eremuetarat kanpotik eten gabeko etorrerak, integrazio kultural proposamenik ez ukanez, bipolarisazio fenomeno bat sustatzen du euskaldunen eta ez euskaldunen artean. Eta bixtan dena, sortzen ere minorizatze sentimendua, euskaldunek bizi duten zuzengabetasun sentimendu bati gehitua. Orainokoan, eraikitzen ari den euskal gizarte batean kanpotiarren integratzeak porrot egiten du, erabakitzaileek ukatzen dutelako euskal gizartearen izana ere, ukatzen gure kulturak ekar lezakeen eta ekarri behar duen aberastasun eta garapen ahalmena Iparraldean bizi diren eta lan egiten dutenen elkarrekilako egitasmo beraren baitan. Horra aurkitzen dugun arazo nagusia. Gure izaitea ukatzen duen orai hori. Haizatzen gaituen, Historiatik baztertzen gaituen orai hori. Baina nere ikuspegiak iduri badu ezkortasunez betea, halere itxaropen haundiz betea naiz funtsez. Segur naiz alabaina gero hurbilean gure kultur zama eta nazional eta sozial nahikaria izanen direla berrikuntza emankor baten oinarriak Iparraldean.

Azken hogoi urte hauetan, erraten zen E.T.A.-ren ekintzek zutela Iparraldearen onarpen instituzionala trabatzen. Zer diozu argumentu horretaz? Nola ikusten duzu borroka armatuaren bukaeran aldarrikapen instituzionalaren geroa Iparraldean ?

Izan dira politika arduradun frango borroka armatuaren aitzakiaz baliatu direnak gure eskaeren ukapena zilegitzeko. Baina arazoa ez zen hor, bistan dena. Erainkuntza nazionalak eta honen ezker abertzalegoak zeraman sozial ildoak zuten alabaina lehen lehenik gure aldarrikapenen ukaera sustatzen. Jakobinismo kaltegarri hori hobendun izanez, bistan da, frantses Estatuko erabakile gune guziak kutsatzen dituela. Lehen gaitza, minbizi ideologikoa, da zinez frantses Estatuko araudietan den pentsamendu premiatsua : bere baitan bizi diren eta berebertasuna eskatzen duten populuen izaitea ukatzea. Gure aitzinean dugu frantses nazionalismoa, zurkaitz dituela « elito politikoa » eta podere ekonomiko eta soziala, amor ematen eta emanen ez dutena. Guri da zuzen eta zilegi zaukunaren bila joaitea. Hor ere, baditugu baikor izateko arrazoinak. Alabainan, munduari buruzko frantses ikuspegia ari da eztabatzen. Historia bidean da eta mundu berri bat marraztu du. Guk, Euskaldunok, gure lekua aurkituko dugu haren baitan, hortaz dudarik ez da.

Zure ustez, zer baldintzatan lortuko da euskararen onarpen instituzionala Iparraldean ?

Lehen lehenik, oroit euskararen geroa gure eskuetan dela. Euskalduneri da, abertzale eta « euskal izatearen » zaintzaleeri bermatzea, eskatzea, aldarrikatzea, zuzenbidea eta gure hizkuntzarendako gero iraunkor baten ahalmen fidagarrien aplikazioa ukaiteko. Baina bada ere ekitaldi hiritar baten beharra. Demokratikoa izan nahi duen eremu batean gaude. Europaz mintzo naiz. Testuak badira (lurralde edo mintzaira gutxituen europear Xarta, eta bertzeak ere ONU eta UNESCO-tik datozenak) eta ez dira aplikatuak. Behar ditugu Frantzia, Europa, ONU-ko arduradunak ezarri eten gabe beren kontradikzioen aitzinean, demokrazia ukatzen dutelarik Iparraldeko zuzenbide linguistikoeri buruz. Azkenik, iduritzen zait autonomia gisako instituzio baterat hel dadin Iparraldea, beharko zaiola eman Hego eta Iparrean ontasun bera dugun euskarari mintzaira ofizial baten araudia.

Nola aztertzen duzu abertzaleen zatiketa Iparraldean ? Nola saiatu indar abertzaleen elkartzen ? Nola, zure ustez, aurkitu konsensus bat ? Zer bide segituz, zeren lortzeko ?

Iparraldeko indar abertzaleen zatiketak bere iturriak ditu Iparretarrak-en sortzean izan ziren desadostasun historikoetan, baita ere frente bakar baten eta frente elkartu baten artekoen oposizio estrategikoan. Bertzalde, zatiketaren erroak dira, bistan da, ezker eta eskuineko indarren arteko haustura ideologikoan.

Zatiketaren lehen arrazoina gainditua izaten ahal da eta hala behar du. Kontestu politiko berriak lagun dezake. Alderdieri doakienez, uste dut hor gauza zailagoa dela. Alabaina, ezker abertzalegoak aintzinean ematen duen egitasmoa bere burua abertzaletzat daukan eskuinak adierazten duenetik biziki urrun da. Hor ditugu gizartearen bi ikuspegi oso desberdinak. Gai horretan neke da konsensus baten aurkitzea. Baina lehenago ere, eta leku desberdinetan, ikusi ditugu sortzen « bateratze nazionalak » egoera larri zenean edo baitezpadako interesak jokoan zirenean. Zergatik ez Iparraldean ?

Gabi Mouescak 17 urte pasatu zituen presondegian Iparretarraken baitan eraman ekintzengatik.

Argazkia: Observatoire International des prisons

Euskararen instituzionalisatze eta defentsaren alorrak behar beharrezkoak dira eta susta lezakete edo behar lukete « bateratze nazional » baten uhina Iparraldean. Haundia delako lanjera. Parisek gure izaitea ukatzen segitzen du eta bere eraikitze politiko-instituzional berriaren moldatzen ari da. Gure aldarrikapen instituzionalak ukatzen dituen bermoldaketa. Datozen hilabetetan hartuko diren erabakiek bideratuko dute gure geroa ondoko 20-30 urtetako. Erran dezagun gure desagertzearentzat behar den denbora. Mugitu behar dugu eta lanjeraren heinean ihardoki !

Iparraldeko abertzaleek — zernahi izan dadin haien ikusmoldea — E.T.A.-k erabakiari esker ideki den leihotil politikoa behar dute kuraiaren eta arduraren garaitzat ikusi. Kuraia geroa eraikitzeko berrikuntza asmatu eta gauzatzea atrebituz, gure printzipio eta baloreeri loturik geldituz. Eta arduradun zintzo izanez gaurko egoerari begira, hau baita garai berezi eta baliosa aitzinat doan Historia mailan. Bai, euskararen eta gure gero instituzionalaren gaia izan daiteke indar abertzaleen — ezker eta eskuinekoak bateraturik — elkartasun azkar baten oinarria. Baina ez hori bakarrik. Bertze indar politiko batzuek ere susta ditzaketelako euskara eta Iparraldeari egokitu egitasmo politiko bat, euskal populuaren oinarrizko zuzenbideen errespetu dinamika batean sartuz.

Duela zonbait urte, 1999 eta 2005 artean, euskal mugimenduak hein batean adostu ziren Euskal Departamendu baten eskaera egiteko lekuko politikoeri, herritar ainitzek galdatu instituzioa. Aldarrikapen hori behin betikotz itzalia ote da, zure ustez ?

Erran behar dizut lehenik ez dudala, pertsonalki, sekula parte hartu Euskal Departamendu baten aldarrikapenean. Eskaera hau betidanik ikusi dut ezker abertzaleen berebertasun nahikundearen aurkakoa bezala. Euskal Departamendu batek Iparraldea lagun dezan lurralde gisa onarpenaren lortzen, bai. Baina hori ez da ezker abertzale gisa nere helburua. Nere helburua da eskuetan ukaitea gure denen geroaz erabakitzeko ahalpideak. Hori da instituzio politiko bati loturik dauden konpetentzi eremu bat. Instituzio bat podere legislatibo, exekutibo eta beregaintasun fiskal baten jabe dena. Departamendu — edo ber iduriko instituzio bat — ez da holako konpetentzien jabe, ez dezake holako helburuetarat jo. Ez dezake ere bere ekimena eraikuntza nazional baten helburuan sar. Hor ere, oroitaraz dezagun, ez garelako frantses errepublikar betunean finkatuak izaitea behartuak... helburutzat daukagu zinez, abertzale gisa, elgarrekilako etxearen — Euskal Herriaren — giltzak ukaitea, eta herrialde guziekin bakean bizitzea populuen Europaren baitan. Orduan, bai, garbiki diot Euskal Departamendu baten aldarrikapena baliogabetu eta debaldetua da. Geldi gaiten geroari begiratzen begiak ispiluari itzaturik. Geroak galdatzen digu iragan pentsamoldetaz kanpo gogoeta dezagun. Errotikako pentsamolde berrigarri baten ausartzia behar dugu, bertzenaz frantses errepublikak lortuko du Iparraldearen itotzeko bere xede iluna. Ez gara hartarik urrun...

Autonomia Eraiki mugimenduaren partaide zara. Uste duzu horren baitan abia laitekeela mobilisazio dinamika bat euskal zuzenbide politiko-kulturalen onarpenarendako Iparraldean?

Gure ikuspundua, gure helburu politikoa, azkartzen ari da bizi dugun egoerarengatik. Krisia ekonomikoa, mundializazioa, errealitate horieri buruzko erantzunak autonomian, honen filosofia eta mekanismoetan dira. Bada hurbileko podere baten galdea, baina ere arduraduntasunarena. Igurikatze eta behar horieri ihardesten du autonomia gisako instituzio batek. Ez da zigilu politiko berezi baten terminologia edo kontzeptu bat bortxaz onarrarazi behar. Politikaz axola dutenentzat, autonomia da konpetentzien eskuratzeko tresna bat, denborarekin, hori dena aitzinakor dinamika batean. Nola bakotxak bere autonomia ardiesten duen haundituz, egunez egun, halaber erkidegoek beharrezkoa dute eskuratzea, berebertasunerat heltzeko, berengaintasunari mailka bideak idekiko dizkioten konpetentziak. Autonomia osorat ereman dezake — in fine — urratsaldi horrek.

Uste dut gaurko egoera politikoak lagunduko dituela mobilisazio dinamika batzu. Iparraldeko harreman publikoen arduradunak, adibidez, ohartuko dira azkenean gure haur eta arra-haurren geroa ez dela jokatzen Pauen, Bordalen ez eta ere Parisen, baina bai Donostia, Iruñea eta Bilbon. Bizkarra erakutsi diogu orain arte gure geroari. Etorri da itzultzeko ordua, errealitate sozio-ekonomiko, baita ere kultural eta politiko bati ihardokitzeko, honek Iparraldea Historiaren sentsu onean emaiten baitu.

Zer moldez uste duzu abertzale sentimendua heda daitekeela haundituz doan euskara erabilpenaren baztertze egoera batean ?

Lotura egiten duzu « abertzale sentimendua hedatzea » eta « euskara erabilpenaren haundituz doan baztertzea »-ren artean. Kasu, nere ustez, ez da sobera lotu behar abertzalegoa zabaltze helburu hori eta euskara erabiltzearen baztertze kontestua. Alabaina, euskara gure hizkuntza nazionala, gure nortasunaren bihotza baldinbada eta hala irauten badu — hura gabe Euskal Herri izenak berak ez bailuke erranahirik eta haren desagertzeak euskal populuari kenduko bailioke bere izaite guzia — halere abertzaletasunak bere baitan sartzen du euskararentzat duen lotura, baina ere Euskal Herrian bizi diren gizon eta emazteen nortasunari lotuak diren bertze errealitateak. Betidanik iduri zait abertzalegoa dela Orekaren « lekuko » kontzeptu baten babeskuntza, Oreka hori bilatua delarik (edo hala behar litekeena) toki bateko elementu guziek bizia osatzen dutenen artean. Euskal Herri eremuan Oreka hitz horri gorputz ematen dio jomuga abertzaleak. Gizon eta emazteen arteko lotura, ber eremu bat, mintzaira(k), kultura(k), bizidunak (abere, landare, etab...), giza ekintzak, Historio bat, elgarrekilako zortea, etab..., horiek guziak dira Orekaren egile — edo ez. Eta gure gain da — gu, abertzaleak — lan egitea eta arduratzea, helburu horrekin. Uste dut garaia etorria dela pixka bat gelditzeko eta geroa asmatzeko. Finkatzeko zer den abertzale egitasmoa 3. milakada honen hastapenean. Hitza adierazi, eraman, banatu gehiengoarenganat, onarrazteko bati eta bertzeari Euskal Herriaren geroa abertzalismoaren tintaz idazten dela.

“Presondegia aldatu behar da, presondegia aldatuko da, erran zuen” liburuaren azala.

Nere harat-honat anitzeri esker, Euskal Herritik kanpo topatzen dut jende asko. Eta diozuet beraz, adierazteko astia hartuz, hitzari bere bidea utziz, ikusi presuna gehienek gure egitasmoa beretzen dutela, interes haundia aurkituz eta geroa itxaropentsu ikusiz, nonahiko izanik, abertzalegoa delako, funtsean, ontasun... unibertsala.

Hilabete honetan publikatuko duzu liburu bat : “Presondegia aldatu behar da, presondegia aldatuko da, erran zuen” Flammarion argitaletxean. Zertaz ari da ? Gehiago erraten ahal diguzu ?

Liburutegietan abiatu da presidente hauteskunde kanpainia. Hautagaieri buruzko liburuak agertzen dira, baita ere horiek dituzten gizaldiari lotuak diren gaieri buruzko liburuak. Flammarion frantses argitaletxeak galdatu digu Véronique Vasseur (La Santé presondegiko mediku nagusi izana) eta nihauri idatz dezagun liburu bat Frantziako presondegietan nola iragan diren hamar urte hauek. Bilduma liburu bat, azken hamar urte hauetako egitate eta gertakariak agertzen dituena, okerki eta gehikeriak salatuz, baita ere batzuen ukapenak eta bertzen arrekatzeak. Hein horretako hauteskundeen bezperan, beharrezkoa da gauzak argiki erranak izan diten, hiritarrek jakin dezaten zer izan den egina eta zer ez, heien izenean. Eta kandidatuek beren iritzia eman dezaten presondegien erabilpenaz gure gizartean. Liburu hau da, lehen lehenik, hiritar dokumentu bat hiritarreri zuzendua.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Arturo Goicoechea. Neurologoa: Gure espeziean biologiaz hitz egitea, kulturaz mintzatu gabe, oinarrizko kontzeptu bat ahaztea da

 

Irakurri

Urkiri Salaberria. Ikertzailea: Janarien alde emozionala, koipe eta kalorien kopurua bezain garrantzitsua da

 

Irakurri

Aingeru Zabala. Historialaria: Bilbo da behatokirik egokiena biharko Euskal Herriaz hausnartzeko

 

Irakurri

Iñaki Perurena. Harrijasotzailea: Harriak jarri nau Euskal Herriaz jabetzearen bidean

 

Irakurri

Jesus Altuna. Arkeologoa: On Jose Migelek gauza ugari lapurtu zion heriotzari

 

Irakurri