Iñigo Mujika:"Kreatina onuragarria izan daiteke kirolariarentzat, eta osasunerako ez da kaltegarri"

1999-09-24

AGIRRE, María

Elkarrizketa: Iñigo Mujika, Ariketa Muskularraren Biologian Doktorea Iñigo Mujika, Ariketa Muskularraren Biologian Doktorea "Kreatina onuragarria izan daiteke kirolariarentzat, eta osasunerako ez da kaltegarri" Maria Agirre Ekainaren 23an bere bigarren doktorego tesia aurkeztu zuen Iñigo Mujika iruindarrak EHUn. Kreatinaren gainekoa den tesia orain dela urte batzuk Frantzian hasi bazuen ere, jarraipena eta amaiera Iruñean eman dizkio. Zehazki, oso entrenatuta dauden kirolarien errendimenduan kreatina delako sustantziak laguntzen ote duen ikertu du Iñigo Mujikak. "Ez dut dopinari buruzko tesia egin" dio Soin Hezkuntzako fakultatean eskolak ematen dituen irakasle honek. Baina bide batez, argi eta garbi utzi nahi du, kreatinak ez duela dopinarekin zerikusirik. Lehenik eta behin, kreatina zer da? Kreatina oso modan dagoen sustantzia da, eta kirolariek hartzen dutena. Konposatu kimiko bat da, hiru aminoazidoz osatutakoa. Aminoazidoak proteinak osatzen dituzten osagaiak dira, eta hiru aminoazido zehatz elkartzen direnean, kreatina sortzen da. Kreatina alde batetik, gorputzak berak sintetiza dezake, edo bestela, elikagaien bitartez barnera dezakegu. Kirolariek azken urteetan kreatina kontzentratua hartzen dute, izan ere, kreatina bere forma fosforilatuan fosfokreatina intentsitate handiko ariketetan giharrek energia lortzeko ezinbestekoa da. Giharrei lan gehiago egiten laguntzen die kreatinak. Beraz, arrazonamendua simplea da: kreatina beharrezkoa bada, kreatina gehiago edukita ariketa gehiago egiteko gai izango da kirolaria. Hasieran ikerketa asko egin ziren, eta ikerlan horietan ikusi zen kreatina baliagarria zela gutxi entrenatuta zeuden kirolarientzako. Hau da, kreatina hartuz gero, ariketa gehiago egiteko gai zirela gutxiago nekatuz. Nik, berriz, oso entrenatuta zeuden kirolariengan ere eragin berdina ote zuen frogatu nahi izan dut. Gertatzen zen, punta puntako kirolariek kreatina hartzen zutela baina frogatu gabe zegoen kirolari horientzat baliagarria ote zen. Gukegin genuen munduan egin zen lehen ikerketa oso entrenatuta dauden kirolarien kasuan. Ikerketa egin ostean zer frogatu duzu? Kreatina baliagarria al da oso entrenatuta dauden kirolarien kasuan? Tesia egiteko bi kirol desberdin aukeratu ditugu. Izan ere, kirol batzutan kirolariek esprint bat egiten dute eta proba bukatu egiten da, adibidez, igeriketa edo lasterketetan. Beste kirol batzuetan berriz, esprint errepikatuak egin behar dituzte kirolariek, esate baterako, teniseko jokalariek edo futbolariek. Horregatik, alde batetik igeriketa hautatu genuen esprint bakarreko kirolaren eredu bezala, eta futbola esprint errepikatuen kasurako. Gure ikerketek frogatu dutenez, futbolaren kasuan errendimendua hobetu dezake kreatina hartzeak. Aldiz, esprint bakarreko kiroletan, ez du merezi lehiaketa baino astebete lehenago kreatina hartzeak. Hala ere, kasu horietan lagungarri izan daiteke urtean zehar kreatina hartzea, era horretan, entrenamenduaren kalitatea hobetu daitekeelako, eta epe luzera begira lehiaketan emaitza hobea lortu. Ikerlana hasi genuenean, kirolariek kreatina bost egun lehenago hartzeko ohitura zuten. Bost egunetan zehar giharrak kreatinarekin bete, eta egun gutxira lehiaketara aurkeztu. Guk frogatu dugunez, kasu horietan kreatina hartzeak ez du merezi. Beraz, zein kirolariri gomendatuko zenioke kreatina hartzea? Lehiaketa baino zazpi egun lehenago futbolean, saskibaloian edo antzeko kiroletan aritzen den kirolariari gomendatuko nioke kreatina hartzea, lagundu egin diezaioke eta. 400 metro korritzen duen korrikalari bati, berriz, lehiaketa baino zenbait hilabete lehenago kreatina hartzen hasteko esango nioke, baina kronikoki, hau da, kantitate txikiak baina jarraian. Kasu horretan, kreatinak entrenamenduaren kalitatea hobetzen lagun diezaioke, eta gero, emaitza hobeak lor ditzake. Magikoa da? Horrela pentsatuz gero, ura ere magikoa dela esan daiteke. Txirrindulari batek beharrezkoa duen ur kantitatea edaten badu eta beste batek ez, ziur egon behar bezain besteur edan duenak irabaziko duela. Urak, glukosak... eragin onuragarria dute. Kreatinarekin ere gauza bera gertatzen da, onuragarria da. Hala ere, kreatinak batzurengan eragina du eta beste batzurengan ez. Kreatina hartu duten hamar lagunetako talde batean gerta daiteke zazpik euren errendimendua hobetzea, eta hiruk ez. Ez da magikoa, ez baitu beti funtzionatzen. Kontua da giharrak mugak jartzen dizkiola kreatinari, kopuru batetik aurrera, gernuaren bitartez kanporatu egiten du kreatina. Egunero 3 gramo hartuz gero, 28 egunetan gutxi gorabehera, giharra saturatu egiten da. Bost egunetan zehar egunero 20 gr. hartuta, guztira 100 gr. inguru, giharra saturatu egiten da. Ez du zentzurik gehiago hartzeak. Bestalde, kirolari batzuk naturalki kreatina maila altuak dituztenez, gehiago hartzeak ez du eraginik izango, giharrak ez baitu onartzen. Beraz, kasu horietan ezin da pentsatu errendimenduari dagokionez onurak ekarriko dituenik. Beste batzuk, berriz, kreatina maila bajua dute, eta kreatina hartzeak ekarriko dizkien onurak askoz ere nabarmenagoak izango dira. Asko omen dira kreatina hartzen duten kirolariak. Asko eta mundu osoan zehar. Kreatina era desberdinetan hartzeko aukera dago: pilulak daude, txikleak, zumo batean disolbaturik har daiteke... Kirolari profesionalek zein gimnasioetara joaten direnek hartzen dute. Jende asko gimnasiora giharrak handitzera joaten da, eta kreatinak horretan laguntzen du. EEBBtako zenbait ikertzailek behin baino gehiagotan frogatu dutenez, kreatina hartzen duten futbolari amerikarrei gihar masa handitu egiten zaie denboraldian zehar. Batzuek aitortuko dute eta beste batzuek ez, baina mediku edo fisiologo on bat duten kirolari gehienek kreatina hartzen dute, batez ere, sprint errepikatuetako kiroletan aritzen direnek. Kreatina hartzea ez dago debekatuta. Zergatik? Kirolariaren osasuna kaltetu dezaketen sustantziak daude debekatuta, eta gaur gaurkoz, ez dago kreatinak ondorio kaltegarriak eragin ditzakeela dion ikerketarik. Beraz, ez dago kreatinadebekatzeko arrazoirik. Onuragarria delako debekatu nahi bada, arrazoi berdinarengatik ura debeka daiteke. Kirolariek ur asko edaten dute, eta glukosa asko hartzen dute errendimendua handitzen laguntzen baitie. Kreatina ere onuragarria da, eta osasunarentzat ez da kaltegarria. Orduan, zergatik debekatu? Gainera, kontutan izan behar da elikagai gehienek kreatina dutela, batez ere, haragiak eta arrainak. Edozein sustantziaren aurrean galdera izan beharko litzateke: segurua al da osasunerako eta zerbatitetarako balio al du? Horrela bada, aurrera. Hala ere bada dopintzat jotzen duenik Baina ez dakit zergatik. Jar dezagun adibidetzat karbohidratuen kasua, spaghettiena. Argi dago spaghettiek errendimendua handitzen laguntzen dutela, baina inori ez zaio harrigarri egiten kirolariek karbohidratu kantitate handiak jatea. Aldiz, kreatina ere baliagarria da baina batzuek diote dopina dela. Zergatik spaghettien kasuan ez dago dopinaren susmorik eta kreatinarekin, berriz, bai? Karbohidratu asko jatea ere kaltegarria izan daiteke osasunerako. Tesia aurkeztu eta handik bi egunera gauza bitxi bat gertatu zen. Egunkari batean argitaratu zuten nire tesiari buruzko artikulu bat eta titularrak zioen, Iñigo Mujika: "Kreatina ez da dopina". Aldamenean berriz, Festinako masailari bati sustantzia dopanteak aurkitu zizkiotela zioen albiste bat ageri zen. Aurkitutako sustantzia debekatuen artean kreatina aipatzen zuen kazetariak. Bitxia, ezta? Sustantzia debekatuen zerrendan ez da kreatina agertzen, eta batzuek hori jakin arren esaten dute egon beharko lukeela. Zergatik? galdetzen diezu eta erantzuten dute kreatina hartzea ez dela normala. Baina karbohidratu kantitate handiak jatea normala al da? Eta zazpi orduz geratu gabe bizikletaz ibiltzea? Orduan zein da kreatinarekin dagoen arazoa. Izena beharbada? Kontua da gauza jakina dela kirolariek kreatina hartzen dutela. Ezagunak diren kirolari batzuek "aitortu" dute kreatina hartzen dutela. Hala ere, ez dakit zergatik erabiltzen duten "aitortu"hitza. Esan dute, eta kitto. Bestalde, kazetariek izugarrizko paranoia dute dopinarekin. Iaz futbolari guztiak dopatu egiten zirela zioen zurrumurrua zabaldu zen Italian, eta horren aurrean jokalari batek adierazi zuen kreatina hartzen zuela. Horrela, automatikoki, kreatina eta dopina lotu egin ziren. Baina kreatina hartzen zutela onartu zuten, debekatuta ez dagoela badakitelako, eta bitartean, beharbada, sustantzia dopanteren bat hartzen zuten. Nire ustez eztabaida desbideratzeko modu bat izan zen. Kreatina ahoz aho dabilen bitartean, ez da beste sustantzia batzuri buruz hitz egiten. Begira Miguel Indurainen kasua ere. Inork ez du Indurainek baino kontrol gehiago pasatu. Urtean 80 dopin kontrol baino gehiago egiten zizkioten Induraini, eta hala ere, dopatu egingo zela esaten zuten batzuek. Nik uste dut kirolariek izugarrizko meritua dutela, eta aurkakoa frogatu bitartean, garbi daude, ez dira dopatzen. Baina dopin kasuak gertatzen dira. Kasu horietan nork dauka errua: kirolariak, sendagileak... Inguruak. Kirolariei ezartzen zaizkien eskakizunak izugarriak dira, eta kirolak duen garrantzi sozial eta ekonomikoa larregikoa da. Kirolariaren osasunak arduratu beharko liguke gehien, eta sarritan, zenbait laguntza hartzea egokiagoa izan daiteke kirolariaren osasunerako, inongo laguntzarik gabe eskatzen zaizkien lanak burutzea baino. Frantziako Tourra korritzea izugarria da, eta txirrindulariei eskatzen zaiena ia ia ezinezkoa. Lasterketa hori inolako laguntzarik gabe burutzea, zenbait laguntza hartzea baino okerragoa izan daiteke kirolariaren osasunerako. Dopinaren ikuspuntu nagusia kontutan hartzen badugu, hau da, kirolariaren osasuna zaintzearena, ondo erabilita laguntza batzuk interesgarriak izan daitezke. Sustantzia debekatuen zerrenda, beraz, berrikusi egin beharko litzateke zure ustez? Bai, hala uste dut. Adibidez, katarro edo bronkitis bat sendatzeko haur batek har dezakeen jarabe bat txirrindulariak ezin du hartu, bakar bakarrik debekatuen zerrendan ageri delako.Hainbat sustantzia hartzearren zuzenean positibo ematen du kirolariak, baina badira zientzilariek egindako ikerlanak, sustantzia batzuk dosi terapeutikoan hartuta erredimenduan ez dutela onurarik ekartzen frogatzen dutenak. Orduan zergatik debekatu? Debekatu behar dira kantitate batetik aurrera, baina ez hartzeagatik bakarrik. Argazkiak: Maria Agirre Euskonews & Media 47.zbk (1999 / 9 24 / 10 1) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Eneko Olasagasti: "Gure merkatua ez da ikus-entzunezko ekoizpenak amortizatzeko gai"

 

Irakurri

Rafael Aguirre Franco: "Erabat aldatu da herri kirolen mundua"

 

Irakurri

Antonio Roa: "Donejakue Bidea erabat aldatu da, alderdi espirituala atzean utzi baita"

 

Irakurri

José Antonio Etxenike: "Kursaalarekin, Donostiak eta Gipuzkoak, espreski musikari eskainitako gune bat izango dute"

 

Irakurri

Antton Luku: "Iparraldean antzerkian aritzeko nahikeria handia dago"

 

Irakurri