Jaime Gabarain Schmitt. Espainiako Osteopatia Esku-medikuntza Erakundeko lehendakaria: Osasun sare publikoa osteopatiagatik interesatu beharko litzateke

2012-02-10

SILLERO ALFARO, Maider

VELEZ DE MENDIZABAL ETXABE, Zuriñe

Jaime Gabarain Schmitt osteopatia medikuntzako kontsulta Hendaian daukan paristarra da. Frantzian trebatu da, lehenengo mediku moduan, eta osteopata gisa ondoren. Gaur egun Espainiako Osteopatia Esku-medikuntza Erakundeko lehendakaria da eta kezkatuta dago lanbideko intrusismoa dela eta, izan ere gure herrian oraindik gutxi sustraitutako teknika da, eta beraz, ezezaguna.

Nola definituko zenuke osteopatia? Badago hezurrengan soilik jarduten duenaren iritzia...

Osteopatia baino, niri Osteopatia Esku-medikuntza deitzea gustatzen zait, eta lokomozio-aparatuko arazoak tratatzen ditu, baina jatorri mekanikoa duten arazoak. Gure eremua erreumatologia, traumatologia eta errehabilitazio artean dago. Lokomozio-aparatuaren arazo mekanikoak lantzen dituen eremu zehatz bat da, direla artikulazio, lotailu, tendoi edota muskuluak.

Ze nolako profesionalek praktika dezakete Osteopatia Esku-medikuntza?

Nire ustez, medikuek bakarrik. Osteopatia modan dago eta nik Bidasoan lan egiten dudala, 100 metrotik 100 metrora ustezko osteopaten kartelak ikusten ditut... baina nire iritziz, pertsona bat artatzeko funtsezkoa da diagnosia egitea eta horretarako medikua izan behar da; horregatik ez dut osteopatiaz hitz egiten, baizik eta Osteopatia Esku-medikuntzaz. Baina egia da izugarrizko nahasmena dagoela, izan ere, orain Frantzian osteopata lanbidea onartzen da.

“Esku-medikuntzak lokomozio-aparatuko arazoak tratatzen ditu, baina jatorri mekanikoa duten arazoak”.

Aurrez medikuntza karrera ikasi gabe?

Hala da. Nik aldiz, nire ikasketak Frantzian egin nituen, aurrena Medikuntza Orokorra sei urtez Saran, Lapurdin, urte eta erdiz Marokon jardun nuen medikuntzan eta ondoren beste hiru urtez trebatu nintzen Pariseko Medikuntza Fakultatean. Frantzian Osteopatia Esku-medikuntza irakasten duten 12 fakultate daude.

Baina zu Espainiako Osteopatia Esku-medikuntza Erakundeko lehendakaria zara. Espainian, non ikasi daiteke?

Nik dakidala momentuz ez dago espezialitate honetan erabateko heziketarik. Hain zuzen ere, Pariseko Medikuntza Fakultatean Irakasle Elkartua nintzela, klaseak eman zitzaten lau lankide bidali nituen, hauek ere mediku osteopatak ziren. Zarautzen bi urtez egon ginen eta 13 Bilbon, eta bakarrik medikuak trebatzen genituen. Hiru urtetan zehar prestatzen ziren pertsona horiek eta gainera, Pariseko Unibertsitatean Unibertsitate-arteko Diploma atera zezaketen.

Baina Espainian Osteopatia ikasketak medikuek soilik ez, fisioterapeutek ere egin ditzakete...

Hala da, Espainian ez dago arautua baina ezta Frantzian ere. Azpimarratu nahi dut, profesional kualifikatu baten eskutik ongi eginiko manipulazio batek ez dakarrela arriskurik. Jende ez kualifikatuak tratatu gaitzan uzten dugunean etor liteke arazoa.

Orokorrean, mediku-taldeak onesten duen teknika al da?

Nik uste baietz, geroz eta gehiago. Nik esate baterako, Bidasoan egiten dut lan, Lapurdi eta Gipuzkoa artean eta mediko orokorrek, baina baita espezialistek bideratutako gaixo ugari ditut. Medikuntzako beste espezialitate bat izateko aldarrikapena egiten dut, izan ere, gure lanerako modua beste edozein sendagilerena modukoa da. Gaixo bat etortzen da, sartu eta anemnesisean gertatzen zaiona kontatzen dit, zeren mina duen eta noiztik, analisi klinikoak begiratzen ditut, erresonantziak, ekartzen dizkidan datu guztiak... eta gero beste edozein medikuk moduan esploratzen dut. Baina niretzako alde klinikoa garrantzitsuagoa da eta esploratzen, mugikortasun testak egiten, arazoa zehazki non dagoen zehatz jakiteko zein artikulazio mugitzen den okerren begiratzen denbora gehiago igarotzen dut.

Orduan, alternatiboa barik, medikuntza osagarria dela esango genuke.

Izan ere, niri medikuntza altenatiboarena ez zait bate ere gustatzen. Ni sendagile bat gehiago naiz, eta nire informeak egiten dizkiet gaixoak bidaltzen dizkidaten medikuntza orokorreko medikuei, neurologoei, traumatologoei edota neurozirujauei.

“Kasuen %90a edo %95a eskuekin bakarrik tratatzen dira”.

Osteopatia Esku-medikuntza gure herrialdean poliki-poliki barneratzen ari den teknika da, eta horregatik ez dago oraindik arautua. Haatik, beste estatu batzuetan oso sustraituta dagoen zerbait da.

Hala da. Osteopatiarekin, XIX. mendean Amerikako Estatu Batuetan Still mediku eta zirujaua hasi zen. Bere dizipulu bat Ingalaterrara joan zen eta bertan British School of Osteopathy sortu zuen, Europako aurreneko osteopatia eskola. AEBn Osteopatia Esku-medikuntza Unibertsitate moduan onartutakoak daude momentu honetan. Europa iparraldean, orokorrean askoz hobeto araututa dago, Ingalaterran noski, askoz ere tradizio luzeagoa dute, baina baita Alemanian, Belgikan, Suitzan... Betidanik existitu den zerbait da, baina bere garaian erabiltzeari utzi zitzaion herrialde latinoetan. Baina bazegoen nahiz eta mediku ez izan, osteopata moduan jarduten zuen jendea, eta ohiturari eutsi zioten.

Euskadin egonda ezin dugu aipatzeke utzi Petriquillo, José Francisco Telleria, Zerainen XVIII. mendean jaio zen, Independentzia Gerran Gaspar de Jauregui jeneralarekin Gipuzkoako batailoietan petrikilo moduan aritu eta gero famatua egin zen. Zerainen hezur iliakoa, erradioa eta kubituarekin monumentu ikusgarria egin diote, asko gustatzen zait. Ikasten ari nintzela Iparraldera, Donibane Garazin kontsulta zeukan jaungoikotxipirengana joaten nintzen. Petrikilo moduan lan egiten zuen pertsona bat da eta bere lana oso interesgarria zen.

Ikus dezakegunez, teknika horiek betidanik erabili izan dira, baina medikuek egiten ez zutenez, petrikiloen esku geratu zen. Duela 20 mende baino gehiagoko testu bat daukat, Galeno mediku erromatar famatuarena, eta bertan gurdi batekin gertatutako istripu bat deskribatzen da. Gidaria erori egiten da, besoan mina du, mina zerbikaletan, eta Galenok orain bezala aztertu egiten du, baina noski, erradiografiarik gabe eta manipulatu egiten du eta guk bezala, sendatu egiten du. Zirraragarria da.

Bakarrik eskuak erabiltzen dira edo botiken bidez ere tratatzen da?

Esan dezagun, kasuen %90a edo %95a eskuekin dela. Ikusten ditugun arazo handienak lunbagoak edo tortikolisak dira, eta minak oso handiak badira, analgesikoen edota hantura-kontrakoen bidez lagun gaitezke. Baina modu puntual baten, egun batzuetarako izaten da, baina noski, erabiltzen ditugula. Edo kasu konkretuetan infiltrazioak egin behar izaten dira, baina puntualak dira. Errepikatzen dut, sendabide bat da, medikuak gara eta gaixoa sendatzea da nahi duguna. Egin daitekeen guztia gaixoaren onuragatik egingo da.

Esan liteke osteopatia prebentzio-sendagaia dela?

Baita ere. Jarrera gaiekin eta lanean keinu errepikakorra egitearekin zerikusia duten arazo asko ikusten ditugu, esaterako. Oso garrantzitsua da pertsona artatzea, baina baita ohitura osasungarrien gaineko aholkuak ematea ere, nik hirugarren saiotik aurrera ematen ditut, ariketak-eta irakatsiz, niretzako oso garrantzitsua da. Guk ez dugu pazientea 10 edo 12 aldiz ikusiko, 2 edo 3tan ikusiko dugu eta hor dago beste lan moduekin alderatuta desberdintasuna: suposatzen da 2 edo 3 aldi horietan gaixoa hobetu behar dugula, eta lortu ezean, zerbait gertatzen den seinale. Beti pentsatzen dut gure egitekoa diagnosia egitea, artatzea eta gero pertsona horri bere lesioen zergatia azaltzea dela. Askotan gertatu da, ongi lan egiten ez duelako edota bere bizitzako zenbait elementu garrantzitsu zaintzen ez dituelako arazoak egotea, eta beti birdoitu behar dira gauzak berriz ez errepikatzeko.

“Bizkarrezurraren hiru aldeetatik (zerbikal, dortsal eta lunbarra), kronikoa edo akutua izan daitekeen lunbalgia da kontsultaren arrazoirik ohikoena.”

Zeintzuk dira aurkitzen dituzun patologia ohikoenak?

Bizkarrezurraren hiru aldeetatik (zerbikal, dortsal eta lunbarra), kronikoa edo akutua izan daitekeen lunbalgia da kontsultaren arrazoirik ohikoena. Baina etortzen dira baita tortikolis edota erorketen ondorioz edozein artikulazio periferikoengatik, eskumuturrak, sorbaldak... Medikuntza oso interesgarria da denetarik ikusten delako. Nire paziente gazteenak 6 urte ditu eta helduenak 90 urteko aitonak dira. Jende nagusia askoz hobeto sentitzen da beraien gorputza mugitze hutsagatik. Dagoeneko ezin dute beraien kabuz lehen bezala mugitu eta mugimendu pasiboak direnez gero, aspaldi galdutako mugikortasuna itzultzen ari gara, eta horrekin analgesiko edota hantura-kontrako sendagai gutxiago hartzea lortzen da...

Gorputzarekin lan egiten duten eta lanbide ezberdinak dituzten pertsonak ikusten ditugu: igeltseroak, zurginak... baina baita egun osoa ordenagailu aurrean igarotzen duen jende sedentarioa ere. Izan ere, askok uste dutenaren kontra, pantailaren eta teklatuaren aurrean estatiko egoteak asko exijitzen dio gorputzari, eta hori ere landu behar da, lanaren estresaz gainera, zerbikaletako izugarrizko mina eragiten baitu lan jarrerak.

Emakumeetan, gehien ikusten ditugun profesionalak ile-apaintzaileak dira. Burgos, Santander, Bizkaia zein Gipuzkoako ile-apaintzaileak ezagutzen ditut. Besteen artean lehorgailuak, guraizeak edota besoen jarrerak asko kargatzen dute. Orkestra sinfonikoetako musikariak-eta asko ikusten ditugu baita ere, eta hori bai ez nukeela sekula pentsatuko hasi nintzenean. Horrez gainera, noski, lan fisikoa duten pertsonak, osasungintzan dihardutenak edota, eraikuntzan...

Zergatik ez dago osteopatia osasun sistema publikoaren barruan?

Ez dakit, baina tamalgarria da. Horregatik ari gara, jendeak ezagutu gaitzan, SEMMO gaiarekin, Espainiako Osteopatia Esku-medikuntza Erakundearekin.

Aseguru batzuetatik ere bidaltzen didate jendea, autoarekin emandako atzeko talkak direla eta. Oso ohikoak dira kasu horiek, astero 2 edo 3 izango ditut. Lurrikara bat da, izan ere, jendea larrialdietara joaten da, bihurdura zerbikala diagnostikatzen diete, lepokoa ipini, bi edo hiru astetan zehar atseden hartu eta hobeto daudela sentitzen dute... baina bi hilabetetara berriro hasten dira minekin. Minekin urte bat, bi eta baita hiru urte ere egon den jendea ikusi dut. Eta horrelako gauzak guk konpon ditzakegu. Baina esan behar dut ez garela jainkoak, medikuak gara eta denok bezala, gure arrakastak eta porrotak ditugu. Hau ez da panazea, baina beste profesional batzuek tratatu ezin ditzaketen medikuntzako espazioak aztertzen ditu eta horregatik interesatu beharko litzaioke sare publikoari. Zenbaitetan bi urtez bajan dagoen norbait etortzen da. Ez dakit arazoa konpontzerik edukiko dudan, baina noski, beste modu batetan bideratzeko aukera dago. Medikuntza oso konplexua da eta beti apal jokatu behar da, baina informazioak gure artean zirkulatu behar du denon artean gaixoa sendatzen ahalegintzeko.

Zenbat bazkidek osatzen duzue SEMMO? Denak zarete medikuak edo badago fisioterapia arlotik etorritako inor?

Guztira 50 bat lagun izango gara, denok medikuak. Elkartea 1998an sortu zen, eta batzordea Gaztelan egon da eta aurretik Aragoin. Orain batzordean gipuzkoarrak, nafar bat eta ni gaude. Edozein kasutan Euskal Herrikoak gara bazkide gehienak. Jaime Gabarain Schmitt (Paris, 1957) Paris VII Unibertsitatean Medikuntzan lizentziatu zen eta Bobignyko Paris XIII unibertsitatean, osteopatia esku-medikuntzan.Bobignyko Paris XIII Unibertsitateko medikuntza fakultateko irakasle elkartua.Gaur egun Espainiako Osteopatia Esku-medikuntza Erakundeko lehendakaria eta Hendaian mediku-osteopata lana egiten du.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Gabriel Mouesca. Idazlea: Abertzaletasuna, funtsean, ontasun unibertsala da

 

Irakurri

Arturo Goicoechea. Neurologoa: Gure espeziean biologiaz hitz egitea, kulturaz mintzatu gabe, oinarrizko kontzeptu bat ahaztea da

 

Irakurri

Urkiri Salaberria. Ikertzailea: Janarien alde emozionala, koipe eta kalorien kopurua bezain garrantzitsua da

 

Irakurri

Aingeru Zabala. Historialaria: Bilbo da behatokirik egokiena biharko Euskal Herriaz hausnartzeko

 

Irakurri

Iñaki Perurena. Harrijasotzailea: Harriak jarri nau Euskal Herriaz jabetzearen bidean

 

Irakurri