Jose Mari Ormaetxea. Mondragon Kooperatiba taldearen sortzaileetarikoa: Enpresetan zuzentasunak izan behar du nagusi, hau da, nori berea eman behar zaio, eta halaber, bidezko gizartea sustatu behar dute, herriko eragile dinamizatzaile bihurtuz

2008-01-11

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Euskonews & Media astekariak bere 10. urtemuga betetzen du 2008an. Hori dela eta, beste ekintzaren artean, hilean behin elkarrizketa berezi bat argitaratuko dugu, astekariaren Erredakzio Batzordeak interesgarritzat jo dituen zenbait pertsonaiarekin. Sailari ekiten diogu aste honetan eta abendua bitartean, Euskal Herriko historiaren azken urteotako lekuko izan diren lagun batzuk puntualki azaltzen joango dira, euskal prentsa elektronikoan aitzindari izan zen Euskonews & Media-ren zutabeetan. Astero ditugun milaka irakurleei egin diezaiekegun oparirik onena delakoan gaude.

Ekonomia ziklikoa da. “Etxean” bertan ikusi izan dugu hori. Arrasateko Unión Cerrajera (UCEM), Fagor... desberdintasunak gorabehera, enpresa ereduen hasiera eta amaiera erakusle ditugu.

Egia da ekonomiak zikloak dituela. Baieztapen biribil hori argi asko egiaztatuko dugu enpresei lotutako eszenatokietako magnitude handiak aztertuz gero. Dena den, zikloek ez dute zertan eraginik izan negozio guztietan, edo behintzat ez dute zertan eragin bera izan.

Unión Cerrajeraren eta Fagor Electrodomésticosen adibideak ez dira berdinak, jakina, enpresen arrakastan zein porrotean eragina duten arrazoi guztiak ezberdinak baitira. Bideoa kanpoko programa batean ireki

Unión Cerrajerak, 1906an izen horrekin sortutako enpresak, garai oparoak bizi izan zituen mende erdiko ibilbide jori hartan. Eta kasualitate hutsa izan zen hori horrela izatea 1956an Fagor Electrodomésticos sortu zuten arte. Espainiako Estatuak mundu ekonomiarekiko harremanak hautsi ondoren ekonomian nagusitutako autarkiari esker, urte bikainagoak egokitu zitzaizkion Unión Cerrajerari. Potentzia handiko industria zen benetan (2.000 lanpostu fabrika guztien artean, batik bat Arrasate eta Bergarakoetan), eta atzerriko produktuei mugak ixteko erabakiak mesede handia egin zion, enpresak ezaugarri zituen bi alderdi ez baitziren agerian geratu: manufaktura zaharkituak eta lehiakortasunik eza, alegia. Izan ere, bestela, berrikuntzaren bidea urratu behar izango zukeen ezinbestean.

Horietako zuzendarien trebetasuna eta zintzotasuna eztabaidaezinak dira. Baina atsotitz bihurtutako errealitate bat ekarri behar dugun gogora: enpresa orok, “bikaina izan arren”, porrot egiten du etorkizunari erreparatzen ez badio.

Ezaugarri horren ondorioz, nire ustez, 1956tik 1976ra bitartean gainbeheran erori eta behea jo zuen Unión Cerrajerak. Eragileak ez ziren izan ziklo ekonomikoak, pertsonen ikuspegi falta baizik, ez baitziren zerbaitetaz garaiz ohartu: Europako enpresa saiatu eta eraginkorrekiko independentzia eta isolamendua ekarri zituen autarkia kaltegarri izan zitekeela Unión Cerrajerarentzat (eta Elmarentzat, 20ko hamarkadan sortutako Arrasateko enpresa ezagunarentzat).

Zuzendaritzako kideak erosotasunean erori eta egonean badaude, enpresek indarra galtzen dute beti industrien arteko lehian. Eta hizpide dugun kasuan, jarrera horri akats handi bat gehitu zitzaion: etorkizuna orainaren berdina izango dela pentsatzea.

Fagor Electrodomésticosen ibilbidea, berrogeita hamar urte baino gehiago ekinean daramatzala, alderdi bakar batean parekatu dezakegu: Euskadin enplegua sortzeko potentziala galdu egin du, eta etekinak lortzeko gaitasuna murriztu. Gainera, aitzindarien grina bizi hura bertan behera geratu da (1964 aldera hainbat kooperatibatan zebiltzan mila kooperatibistez ari naiz).

Izan ere, datu egiaztatu batean oinarritu dut nire baieztapena: Fagor Electrodomésticosek 10.000 lanpostu ditu gaur egun, Europako hainbat herrialdetan finkatu baita, baina langileen herenak bakarrik dira bazkideak. Aipatutako estatistikak zeharo zapuzten du hastapenetan ezarritako baldintza ospetsua: “Enpresa honetako langile guztiak bazkide izango dira, eta dena emango dute, eginahalak eginez, ekonomia komunitarioaren alde. Langile batek ere ezingo dio bazkide izateari eta bere eskubide eta betebeharrez baliatzeari utzi. Bere zerbitzuak eskaintzen dizkion enpresako administratzaile komuna izateagatik dagozkion eskubideak eta betebeharrak dira bigarren horiek”.

Ziklo ekonomikoak, gutxi gorabehera bost urtez iraun ohi dutenak, ez dira izaten arazo iturriak. Eszenatoki aldaketak bai, ordea. Unión Cerrajerak eta tamaina bereko beste zenbait enpresak (Gipuzkoan, CAF -duela 15 urte berriz irekia- da diktaduran eta industria autarkiaren urteetan desagertu edo oso langile gutxirekin geratu ez zen 1.000 lagunetik gorako enpresa bakarra) fenomeno berbera izan dute ezaugarri: sortzaileen eragina galdu egin da, haiek hil eta gero. Fundatzaileen ordezko postuan ziharduten enpresariak lasai asko zeuden, etorkizunean ezer aldatuko ez zelakoan, eta betiko moduan jarraitzen zuen denak, ezertxo ere berritu gabe: teknologia, merkatua, gizarte eskariak, lan indarraren erabilera ez-paternalista, produktuak... Ez zuten ezer eguneratu.

Oso ongi gogoratzen dudan zerbait azalduko dut oraingoan. Duela 30 edo 40 bat urte, General Motors, Sloan presidentea buru zuela, funtsezko erreferentzia zen Ameriketako Estatu Batuetan, eta pertsonalitaterik handienek ere hala aitortzen zuten. Horra zer adierazi zuen, adibidez, John Kennet Galbraithek: “General Motors-entzat ona den guztia ona da Ameriketako Estatu Batzuentzat; Ameriketako Estatu Batuentzat ona den guztia ona da General Motors-entzat”.

Orain, egoera oso bestelakoa da. Horra zer berri irakurri dudan 2007ko azaroaren erdian: “General Motors-ek 39.000 milioi dolar galdu ditu aurten, eta Toyota-k (enpresa japoniarrak) 9.675,1 miloi dolarreko irabazi garbia izan du”.

Hizpide dugun gaiari buruzko lehen azalpen hauei bukaera emateko, azken xehetasuna gaineratuko dut: gizakiaren sorkuntza da enpresa, eta beraz, enpresaren indarra eta hedadura langileen, batik bat zuzendaritzako kideen, araberakoa izaten da, eta sendotasuna eta ekonomia eta gizarte magnitudeak barruko sustatzaileen giza dimentsioaren parekoak. Merkatu ekonomiaren berezko ziklo ekonomikoen protagonismoa gero eta txikiagoa da, Gobernuek eta moneta erakundeek (Ameriketako Estatu Batuetako Erreserba Federala, Europako Banku Zentrala, Munduko Bankua eta Nazioarteko Moneta Fondoa) gehiago kontrolatzen baitituzte. Baina orobat, enpresen zuzendaritzako kideen mende daude, alegia, haien ausardia eta etorkizuna aurreikusteko eta orainalditik konponbideak bilatzeko gaitasuna dira oinarri nagusiak.

Gizarte modernoaren oinarrizko ezaugarrietako bat honako hau da: indibidualizazioa ari da nagusitzen arian-arian, eta gizakiak jadanik ez dira sailkatzen klaseari, kokapenari eta sexuari lotutako mailak oinarri hartuta. Bakoitzak bere curriculuma prestatu behar du, bere estatusa gizartean. Horrek guztiak, noski, mugatu egiten du talde gaitasuna. Gizartean balio tradizionalak zapuzten ari direla, elkartasuna ere ez al da gainbeheran amildu? Eta hala bada, elkartasunik gabe ba al dago aurrera egiterik?

Zure galderaren bidez azaltzen duzun kezka konplexu samarra da, baina erreala, halaber, eta adin jakin batekoen artean oso errotuta dago, gainera. Neure ibilbide luzean ere, gaztetan tinko sustraitutako oinarri moraletan kontraesanak sorrarazi dizkidaten hamaika irudi asaldatzaile ikusi ditut. Eta oinarri horiek bestelako hedadura kualitatiboa eta kuantitatiboa hartu dute. Horiek guztiak zehazteko eta uztartzeko, kezka “soziomoral” terminoa erabili dezakegu.

Indibidualizazioaren hastapenak, nire iritziz behinik behin, Ilustrazioaren garaian kokatzen zaizkigu, han, Frantzian. Jainko errebelatua Arrazoiaren jainkoaz ordezteko oinarriak finkatu zituzten Diderot, D’Alembert eta Voltairek. Eta Estatu Batuetan, Benjamín Franklinek ekin zion bide hori urratzeari.

Ordutik (200 urte baino gehiago igaro dira dagoeneko), aipatutako kultura hedatu egin da etengabe. Gure fundatzaile Jose Maria Arizmendiarrieta apaizak honako aldarrikapen hau egin zuen: gizartearen -eta azken finean gizakien- inbertsiorik errentagarriena hezkuntza da. Norbere kasa pentsatzen hasi ziren gizakiak, eta norbere arrazonamenduak egiten, baieztapen ugariri bidea emanez. Ez zuten federik Jainko Ahalguztidunarengan, eta bizitza agindu jakin batzuen mende jartzea okerrekotzat jotzen zuten. Hamar aginduen funtsa, ordea, honako hau dugu: “Maite ezazu Jainkoa gauza guztien gainetik, eta lagun hurkoa zeure burua bezala”. Baina men egin arren, komeni zaidanean errespetatu eta beteko ditut aginduak, neure interesei kalterik egin gabe, horiek ororen gainetik jartzen baititut. Lege positiboen aginduak. Horiexek betetzen ditut. Neure familiarengandik eta neuk aukeratutako hurbileko lagunengandik urrun dauden hurkoei ez diet deus ere zor. Besteak ez dira ezer niretzat, trukean zerbait lortzerik ez badut: merkatu ekonomiaren lege ahaltsu hori eguneroko bizitzako zereginetan mamitzen zaigu. Horra hor indibidualismoaren funtsezko ardatza. Fededunek, aginduak betetzen zituzten fededun leialek, arau morala hartzen zuten beti kontuan, eta ez arau egozentrista.

Hezkuntzaren joera ezagutzak berdintzea da, eta ezagutza berdinduz erosotasun ekonomiko handiagoa lortzen da. Bi alderdi horien, ezagutza intelektualaren eta aberastasun materialaren, emaitzak konpromiso moral eta sozialak uxatzen dituzten gizakiak izan ohi dira. Horrela, klase berdintasunari ematen zaio bidea, gutxiengo baldintza jakin batzuk -hemen, gure lurraldean, noski- eskura izateari dagokionez behinik behin: etxebizitza duina eta oporrak, eguneroko nahitaezko lan metodiko zurruna orekatzeko hartzen direnak.

Esanak esan, zure galdera egiterakoan, beste zerbait ere adierazi nahi izan didazula uste dut. Gaur egun, sinesmenik eza nagusi dela, ongizate gizartean bizi gara (Lurreko biztanleen % 10 baino ez da bizi Giza Garapen Indizerik handieneko lurraldeetan, eta gu horien artean gaude), eta gure herrian eta eskualdean aberastasuna zuzentasunez dago banatuta. Beraz, ba al dago 1955eko kooperatibismo idealista ezartzerik?

Ez horixe. Bistakoa da ezinezkoa dela.

Aztergai dugun kultura eta zuk orokorrean balio tradizionalen galeratzat hartzen duzuna gizaki berrien “habitatak” dira. Gizaki berriak arrazionalagoak eta jantziagoak dira, eta ondasun material eta intelektual ugariagoen jabeak. Bestalde, diktadura bukatu eta demokrazia gailendu ondoren, sindikatuak langileen eskubideen zaintzaile bihurtu ziren, eskubide osoz bihurtu ere, langileek ordura arte ez baitzuten inolako babesik, Gremioetako Sindikatu Bertikalak egon arren. Sindikatu haiek jokabide paternalista zuten, eta inolako arriskurik gabeko defendatzaile otzanak ziren. Ez ziren langileekin elkarlanean aritzen, eta jarraitzaile sutsurik ere ez zuten haien artean.

1955an, gizartean nagusitutako axolagabekeria eta desberdintasunei ihes eta izuri egiteko modu bakarra enpresari bihurtzea zen. Enpresariek benetako boterea zuten, eta erosahalmen handiagoa. Halaber, seme-alabak Unibertsitatera bidali zitzaketen bakarrak ziren, artean biztanleriaren % 1en esku baitzegoen aukera hori. Gaur egun, nahi duten guztiak joaten dira Unibertsitatera, eta EAEko biztanleen % 50ek baino gehiagok ditu unibertsitate ikasketak.

Beraz, gaur egun, enpresa pertsonalistez hitz egiteak, “akzio bakoitzak boto bat” ikuspegia baztertu eta “pertsona/bazkide/langile bakoitzak boto bat” aldarrikatzeak, ez du duela mende erdi zeukan balio sentimental, berritzaile eta haustailea. Horrek ez du esan nahi ezin dugunik aurrerapausorik eman, baina izpirituari lotutako balioen bidetik jo behar dugu gehienbat. Balio material eta intelektualak gainezka egiteko zorian daudelakoan nago, eta gutxien betetako ontzia izpirituarena dela iruditzen zait. Horretarako, fedea berreskuratu behar dugu, zerbaitetan sinestu behar dugu, batez ere “besteei” begira. Bizitzako gorabeherak direla eta, osasun, bazterketa nahiz bakardade arazoen ondorioz, sofritzen ari direnei begiratu behar diegu.

Enpresa ekonomikoek ere liderrak behar dituzte, egungo mundu globalizatuari, duela berrogeita hamar urteko mundu autarkikoa ez bezalakoari, buruzko kosmobisioa izateko gai diren liderrak bereziki. Enpresari izateari datxezkion betebeharrak eskuzabaltasunez onartu behar dira, jokabide horrek merezi duen saria gogoan izanik: betebeharrak horrela onartzeak agerian uzten bertutearen aitormena.

Etorkizunerako ezin ditugu aukeratu jadanik zaharkituta dauden ereduak. Berrasmatu egin behar dugu, horrek gizakien berezko tasuna behar duelako izan. Aurrerapausorik ematen ez duenak atzeraka egiten duela pentsatu izan dugu beti... Baina, XXI. mendearen hastapenetan, zer da aurrerapausoak ematea? Eta zer da atzeraka egitea?

66 urte eman ditut enpresaren muinean eta bihotzean murgildurik, eta beraz, egiten didazun gogoetak ia balio metafisikoa du niretzat. Gauzei buruzko ikuspegi materialaren mugetatik harantzago dago, enpresariek ez baitie horrenbeste erreparatzen alderdi horiei, hurbilagoko beste batzuei baizik: zenbakiei, materialei, merkatuari, lehiakideekiko kokapenari eta etorkizunari.

Lehenago aipatutakoari berriro helduz, egungo gizartean ikusten ditudan arazoak ezin dira konpondu enpresan, guztiak ez behintzat. Gizartean, familiako hezkuntzan, ikastetxeetan eta eguneroko elkarbizitzan eman behar dira, hain zuzen, belaunaldi aldaketaren ezaugarrietara egokitzeko urratsak.

Norberaren nahiak konpromiso moral edo etikoen gainetik jartzen ditugunean, konpromiso horiek lausotu egiten dira, eta geure erantzukizunak saihesteko moduak bilatzen ditugu. Guk, kooperatibistok, Mundukide izeneko GKEa babesten dugu. Mundukide gogotik saiatzen da, eta ahalik eta ongien bideratzen ditu jubilatuek fede onez eta musu truk emandako baliabideak. Finantzaketa iturri nagusiak, ordea, kooperatibak, Gizarte Ekintzetarako nahitaezko Fondoak, eta Eusko Jaurlaritza (hiritar guztiok ordaindu beharrezko zergen bidez) dira: guztien artean 1,5 bat milioi euro ematen dizkiote guztira. Bazkide kooperatibisten ekarpen indibidualak, berriz, ez dira iristen GKEaren sarreren % 5era.

Denok aldarrikatzen dugu berdintasuna munduan, nazioartean, Giza Garapeneko Indizeen arteko aldeak bertan behera geratu daitezen: Sierra Leonan eta inguruko herrialdeetan 300 dolarreko per capita errenta dute, eta 35 urteko bizi itxaropena, baina inork ez du ezer egiten desberdintasun horiek konpontzeko. Bitartean, Euskal Herrian 30.000 dolarreko per capita errenta dugu, eta 80 urteko bizi itxaropena.

Bukatzeko, zure galderaren azken atalari dagokionez, zentzu horretan atzera egin dugula uste dut. 1961ean, lehen kooperatiba enpresa abiarazi eta bost urtera, Lanbide Eskola Berria sortzea erabaki zuten, gero Eskola Politeknikoa, eta azkenik Mondragon Unibertsitatea dena. Garai hartan, 50 milioi pezetako kostua izan zuten lanek (2007an 2.800 miloi izango lirateke). Ulgorreko bazkide guztiok etekin pertsonalen, hasieratik ordura arte irabazitakoen, % 20 Eskola Berria eraikitzeko ematea erabaki genuen. Horrela, 4 milioi pezeta (gaur egun, 220 milioi inguru) eman genituen denon artean. Gaur egun, ikuspegi indibidualista erabat nagusitu dela, ziur aski ez litzateke eraikiko ez Eskola Politeknikorik, ez Unibertsitaterik.

Nire iritziz, atzera pausorik ez emateko nahitaezkoa da gizarte erantzukizunez gehiago hitz egitea eta bakoitzaren eskubideak gutxiago aldarrikatzea. Besteei emanda bizitzeko hezten gaituztenen ahalmenak indartu egin behar ditugu. Bestalde, politikari egokiak aukeratu behar ditugu, eta berdintasunaren eta sen onaren arauekin bat jokatu behar dute beti, harrokeriaren eta karguak ustez ematen dien ospe eta itzalaren mende erori gabe. Gurasoek, nahikoa baliabide ekonomiko edukita ere, ezin dute seme-alaben gain utzi bestearenganako, lagunarenganako, sentsibilitaterik ezaren zama, beharbada lagun horrek berak baino muga gehiago izango baititu bizitzan aurrera egiteko.

Nire ustez, ezinbestekoa da gogoeta egitea, lasai pentsatzea, ez Eliza baten habeez ordea, belaunaldi berriei -belaunaldi zaharrekin edo helduekin ez baitago zereginik- honako hau helarazteko: zoriontsu izan gaitezkeela, edo gogobetetasun handiagoa lortu dezakegula, besteekin lankidetzan arituz, eta besteei lagunduz, bizitza xarmangarriagoa izan dezaten. Hori egiterik dagoela.

Gizartean aurrera egiteko ezintasuna hezkuntza kontua al da? Arruntak egin al gara?

Indibidualismoa jaun eta jabe den arren, izpirituari atxikitako balioen galeraren ondorio geldiezinak arrunkeria eta despertsonalizazioa ditugu. IV. mendean, Eliza Inperio Erromatarreko eliza ofizial bihurtu zuen Konstantino enperadoreak. Hezkuntzak eta arrazoiak, Aro Garaikidean Ilustrazioaren bidez ziztu bizian hedatu zirenak, dekretuz finkatu zuten ezarpen hori, eta entziklopedismotik abiaturik sortutako pentsamendu askatasunak arruntasunerantz lerratu zituen gogoak, erosotasunari eta hedonismoari bide emanez.

Ez dugu erreferentzia erlijiosorik, ez dugu sinesten geure gainetik dagoen Jainkozko Izaki batengan, baina ez dugu aurkitu horren ordezkorik, gizakientzat behar-beharrezkoa den arren.

Jomugak norberak finkatzen ditu, bakoitzak bereak. Eta erosotasunetik abiatuta egiten dugu hori. Gaur egun, denok gara berdinak: ahalik eta ekonomia eta gizarte etekinik handienak lortzea dugu helburu, gogobetetasun indibidualak asetzeko.

Ahalik eta ahaleginik txikiena egiten dugu bai biziraupenari bai elkarbizitzari dagokienez, eta nortasun konprometituagoak bilatzeko saio orok porrot egiten du. Gehiengoaren alde egindako guztiak ordainsaria behar du izan. Bestela, ez ditugu egiten, edo narriatzen uzten ditugu.

Gure enpresa pertsonalistetan, kooperatibista izateko betebeharretako bat, alegia, langile bazkide gisa onartua izateko aurretiazko baldintzetako bat, ekarpena egitea da: gaur egun 12.000 euro ingurukoa, eta 1956an, duela berrogeita hamar urte, 50.000 pezetakoa. Garai hartan, hileko soldata 1.500 eta 2.000 pezeta artekoa zen gutxi gorabehera; gaur egun, berriz, 120 aldiz gehiago irabazten da. Dena den, aipatutako ekarpena atzera pausoa dela uste dute hainbatek, eta lana gizakien oinarrizko eskubidea denez, lanpostuaren truke “dirusaria” ordaindu behar izatea ez zaie zuzena iruditzen. Iritzi hori ezjakintasunean oinarritzen da, ordea, ez baitakite enpresan “arriskatzen” duen diru horren bidez, lan egiteaz gain, ekoizpen ondasunen jabe ere bihurtuko dela langilea. Halaber, hautatzeko eta hautatua izateko eta gainerako bazkide langileekin elkar hartuta moldez egindako lanaren etekinak jasotzeko eskubideak ere izango ditu.

Bestalde, hainbat gastronomia elkarte eratzerakoan, bazkide bakoitzak ia pareko kopuruak ematen ditu orduantxe bertan abian jarri nahi dituzten instalazioak ordaintzeko, eta elkarte edo txokoaren fundatzaile guztiei ezinbestekoa iruditzen zaie ekarpen hori egitea. Gure lanbide, ekonomia eta gizarte premiak asetzeko moduko lanpostua lortzeko nahia, batetik, eta astean behin edo birritan gastronomia elkarte batera joateko ohitura, bestetik, alderatzen baditugu, argi dago lana aurkitzeko helburuak garrantzi handiagoa duela. Baina arrunkeriaren logikak eta gogoetarik ezak eraginda, biderik errazena aukeratzen dugu, bigarrena alegia, gizartean itxura ona ematen duelako, eta bizimodu ludikorako dugun joera, eta eskubidea, asetu nahi dugulako. Erosotasun kontua da, nonbait, edo eskubide besteren ezina.

Zer egin behar dugu? Zer zuzendu behar dugu gure gizartean -barkatu, geure buruan- aurrerapenari buruzko bestelako ikuspegi bat hartzeko?

Enpresatik gizartera pasatu zara. Eta mikroekonomiaren -enpresaren- antolamendu tekniketatik beste eremu batera: ekonomiaren aurrerakada eta izpirituaren balioen atzerakada, aldi berean egokitzen ari den paradoxa, geldiarazteko modua bilatzeko aldarrikapenera. Hori ez da erlijiosoen (ez dituzu aipatzen) jardunbidea soilik, garai bateko “guztien ongia” ezaguna eta konpromisodun adiskidetasuna sustatzen duten guztiena baizik, eta halaber, betebeharrari heltzen dion ororena, izpirituari atxikita eta “gauzak” lortzeko materialtasun eta berekoikeriatik erabat aldenduta dauden printzipioak oinarri hartuta.

Nik ez dut horrelako gaiak behar bezain sakon jorratzeko gaitasunik. Lehenik eta behin, hezkuntza teknikoa jaso dudalako funtsean: enpresa alorretik nator, nire enpresako antolamenduaren ardatzak gizakiak izan diren arren.

Eta honako galdera, eta iragarpena, egin didazu: “Zer egin behar dugu? Zer zuzendu behar dugu gure gizartean -barkatu, geure buruan- aurrerapenari buruzko bestelako ikuspegi bat hartzeko?”

Ez dut esperientziarik hain gai zabal horretan. Baina nire ikuspegi apaletik abiatuta, eta egin ohi ditudan irakurketetan oinarrituta, buruan darabiltzadan gogoeta guztien artean batzuk hautatu eta azalduko dizkizut.

Gaur egun, gauza gehiago edukitzeak jadanik ez gaitu zoriontsu egiten, eta ez digu gogobetetasun handiagorik ere eskaintzen. Bitartean, munduan barrena 1.500 milioi biztanle baino gehiago daude goseak. Are gehiago esango dizut. Jeffrey Sachs ekonomialari amerikarrak dioenez, 2004an, adibidez, Ameriketako Estatu Batuek 450.000 milioi dolar gastatu zituzten armetan, eta kanpo laguntzetan, berriz, 15.000 milioi dolar bideratu zituzten herrialde pobreetara. Aipatutako ekonomialariaren kalkuluek agerian uzten dutenez, aski izango litzateke herrialde aberatsek urtero guztira 250.000 milioi dolar bideratzea, herrialde pobreei tokian tokiko premien araberako laguntza emateko. Kopuru horrekin, herrialde pobreen eta aberatsen arteko desberdintasun ikaragarriak bertan behera geratuko lirateke, eta gizateriaren herena ez litzateke hilko gosearen ondorioz.

Izen handiko hizlari bati, Le Monde Diplomatique aldizkariko zuzendari Ramoneti, honako hau aditu nion behin: txinatar guztiek komuneko papera erabiltzea erabakiko balute, Lurreko baso guztiak suntsitu beharko lirateke zelulosa lortzeko.

Beraz, dagokidan tokian kokatzeko –horraxe eraman nahi nauzula uste baitut–, ondokoa adierazi behar dizut: gizartearen aurrera egiteko modu bakarra aberastasuna hobeto banatzea dela uste dut, aukera bakarra iruditzen baitzait. Baina horrek “okerrago bizitzera” behartuko lituzke garapen ertain eta handiko herrialdeak. Okerrago bizitze hori, dena den, maila batetik gora beharrezkoak ez diren gauzen kopurua zentzuz murriztera mugatuko litzateke, azken batean.

Esanak esan, gizakiak hortik ez duela jotzen iruditzen zait. Bizi ereduak, indartsuarenaren legea eta publizitatearen eragina barneratu egiten ditugu, konturatu gabe. Horrela, azkenean, uste ustelak ernaltzen dira gugan, eta zoriontasuna, behin behineko egoera izan beharrean, iraunkorra eta eskuragarria dela pentsatzen dugu, eta ondorioz, besteenganako gizatasuna eta onarpen gaitasuna gogotik murrizten zaizkigu.

Aurrerapena eta hazkundea ez dira sinonimoak, XX. mendean definizio tradizionalez egindako berrikuspenaren arabera behinik behin. Zer egin behar dugu gizartean tinko errotzeko moduko definizio berri bat finkatzeko?

Enpresatik urrun dagoen pentsamendu alor horretara naramazu berriz, eta nik, zerbait ezagutzekotan, enpresaren mundua ezagutzen dut.

Guk hezkuntza kristaua hartu genuen, pobrezia gorrian bizi ziren familia kristauetan. Eta Elizan bizi izan gara betidanik, Eliza osatzen duten fededun elkarteen baitan.

Hori horrela zen, hogeita hamar urte genituenean ere. Eta orduantxe hasi ginen, kristau izpirituari jarraiki, gure enpresak sortzen, gizakiaren bortxa ezintasunaren errespetuan oinarrituak. Horretarako, elizaren irakaspenei erreparatu genien, eta bereziki, Leon XIII.a Aita Santuaren “Rerum Novarum” eta Pio XI.aren “Quadragessimo Anno” entziklikei. Azken horiek sakon aztertu eta landu zituzten Gipuzkoako eta Euskal Herriko hainbat apaizek: besteak beste, Ricardo Alberdi irundarrak, Jose Maria Setien hernaniarrak eta Carlos Abaitua berriztarrak. Hiruren artean Exigencias cristianas en el desarrollo económico y social liburua, 1960 aldera argitaratua, idatzi zuten, Joan XXIII.aren “Mater et Magistra” entziklikari buruzko iruzkinak jasotzeko.

Bitartean, Jose Maria Arizmendiarrieta, betebehar berari loturik, Erromatik heldutako ideiak mamitzen saiatu zen, lehenbizi gazteen artean eta gero enpresetan: 50 urtetan ia 100.000 enplegu sortu dituzten Arrasateko kooperatibetan, alegia. Baina kontuz! Kooperatibistak 27.000 inguru baino ez dira.

Garai hartan bete-betean eta zinez sinesten genuen aurrerapenak, aipatutako ikuspegian oinarrituak, elkartasunari eta eskuzabaltasunari emango ziela bidea, aberastasun indibiduala lortzeko grinarik gabeko “gizaki berriaren” eredua sortu izanaren ondorioz.

Horrela, olio isuria hedatzen den bezala, Eskola Politeknikoaren, Giza Zientzien Fakultatearen, HUHEZIren eta Enpresa Zientzien Fakultatearen laguntzaz, gure garaiko gizartean banakako eta taldeko eragina izango zuen pentsaera eskuzabala tinko indartzea lortuko genuelakoan geunden.

Nire iritziz, eta ez du uste oker nabilenik, azken mende erdian Elizaren potentzialtasun galera ikaragarria izan da. Inolako eufemismorik erabili gabe, elkarrizketa ireki eskuzabal honetan ez baitute ezertarako ere balio, datu batzuk aipatuko ditut: 1950ean, gazteen % 95ek hartzen zuen parte Eukaristian eta Sakramentuetan, Ebangelioari jarraitzen baitzioten; gaur egun, % 2 edo 3 baino ez dira hala jokatzen dutenak. Baina bada are ezaugarri kezkagarriago bat ere: zuk aipatzen duzun “definizio tradizionalen berrikuspenak” eragindako erreferentzia falta ez du ezerk ordeztu -ez du zertan kristaua izan-, ez da bestelako ohiko jardunbide erakargarri edo portaerarik nagusitu.

Izan ere, kontsumismoa eta bizitza atsegingarria, indibidualismo sutsua eta ahalik eta ahaleginik txikienarekin lortutako irabaziak ez dira eszenatoki moralak. Eta beste horrenbeste gertatzen da kristau agindu nagusiarekin ere: besteez kezkatzea, inguruan dugun eta gure beharra duen lagun hurkoaz arduratzea.

Hori guztia gorabehera, ezin dut baieztatu gizartearen egungo oinarria, batik bat 30 eta 60 urte arteko biztanleria, objektiboki kontsumistagoa edo sinesgabeagoa denik. Nire ustez hori gertatu da, ondoko arrazoia dela eta: egungo errentak/diru sarrerak duela mende erdikoak baino hamar aldiz handiagoak dira, eta bitartean, barra-barra eta etengabe gastatzeko mezu xalo bezain erakargarriak, indartsu dirau oraindik. Eta ez da finkatu jokabideetan eragina izan dezakeen hierarkia etikorik.

Ez dut uste gure egungo gizartea, bizimodu kontsumista porrokatura ohitua, joera hori geldiarazten hasiko denik... Bestalde, maiz ahaztu egiten zaigu egungo egoera geuk sortu dugula... Ez digu inork inposatu... Hala ere, egia da gure ahultasuna agerian geratu dela, eszenatoki jasanezinetara eraman gaituzten ezkutuko joko arauak pozarren onartu ditugulako.

Erantzuteko, Elizak, “Ama eta Maistra” Joan XXIII.a Aita Santu gogoangarriaren hitzetan, egungo gizartean izan dezakeen zereginaz mintzatuko natzaizu.

Zeregin gutxi duela uste dut, benetan. Seminarioak hutsik daude, eliza asko itxita, eta gazteek jaunartze egunaren ondoren elizara joateari uzten diote (batzuek gurasoen borondatez), handik aurrera gizarte ospakizunetan -ezkontzetan, hiletetan edo beste norbaiten lehen jaunartze egunean- baino ez baitute parte hartzen elizkizunetan.

Gero eta fededun gutxiago daude, eta gero eta apaiz gutxiago. Erlijio praktikak galtzeko zorian daude. Halako batean, Erlijioak jadanik ez du izango inolako eraginik hiritarren bizitzan, eta hori noiz gertatuko ote den galdetzen diot batzuetan neure buruari, aipatutako errealitate zeharo nabarmenak ikusita. Gazteei dagokienez, irakaskuntza, familia eta Eliza dira eragin moralaren ardatzak, eta ikastetxe erlijiosoak ixten ari direla (Arrasaten bi zeuden, bata duela ehun urte sortua, eta itxi egingo dituzte ezbairik gabe, dagoeneko hala egin ez badute) ikusten dugu.

Apaiz gutxi daudenez, sekularrek hartu dute haien tokia, eta errentagarri eta erlijioso izateari utzi diote. Eliza jakin batzuetan, adibidez Gasteizkoan, bertako apaizik ez dagoenez eta premia larria dutenez, Afrikako edo Ameriketako apaizak ekarri behar izan dituzte. Ildo horretan, Gasteiz elizaz betetako hiria dela eta bertako Elizbarrutitik hamaika apaiz eta misiolari atera direla ekarri behar dugu gogora, eta era berean, milaka apaiz euskaldun joan zirela Afrikara eta Ameriketara, hain zuzen, ebangelioa ezagutzera ematera.

Gure gizartearen joera kontsumistaz galdetu didazu, eta agian konponbidea izan dezakeela uste dut -“agian” diot, ez bainago ziur-. Konponbide bakarra dago, ordea, aukeran: sentsibilitate etiko guztiak uztartzeko moduko kontzientzia etiko unibertsala sortzea. Agnostikoek, federik gabekoek alegia, eta ateoek ere pentsatu egiten dute, noski, eta guztiok aldarrikatutako eta onartutako arau moral unibertsal horiek onartu egin beharko lituzkete.

Hans Küng teologo kristauak (zenbaiten ustez, ez baita teologo katolikoa) ildo horretatik jotzen du, Lurreko biztanle guztiengan zeharkako eragina izango duen dekalogo moral edo etikoa sortzeko beharra aldarrikatzen baitu. Jainko jakin batean oinarritzen ez den Erlijio antzeko bat izango litzateke, eta bakoitzak nahi duen erreferentzia jainkotiarra -edo ez jainkotiarra- hautatuko luke gero.

Erritoak murriztu egingo lirateke, horrela. Baina gizateria gero eta intelektualagoa, hausnartzaileagoa eta kontzeptualizatzaileagoaren baitan, etika partekatuan oinarritutako ikuspegiaren ondorioz, barne bizipenak txalogarriagoak eta laudagarriagoak izango lirateke, eta erreferentzia saihestezinak ere bai, estatuen muga geografikoek -geografikoek soilik- artifizialki banatutako giza harremanentzat. Muga horiek, monetak eta hizkuntzak bezalaxe (bat aukeratuko litzateke “lingua franca” gisa, baina tokian tokiko herri hizkuntzak ez lirateke galduko, biztanleek hala nahi badute), bertan behera geratu beharko lukete, iraganeko kontu bihurtuz.

Inolako prestakuntza filosofikorik izan gabe, intuizioari jarraiki, irudikatu dudan testuinguru horri ezin diot, ordea, datarik ezarri. Ez dakit helduko den ere -baietz iruditu arren-, eta are gutxiago noizko bukatu den prozesua. Datadun iragarpenik ez dela egin behar uste dut. Orain dela berrogei bat urte, Herman Kahn eta Anthony J. Wiener jakintsuek, Hudson Institutuaren laguntzaz, nazioarteko sistema handik urte askotara nolakoa izango zen adierazi zuten idatziz, eta politikari eta gizarte aldaketei buruzko ikerketak burutu zituzten. Beraien iragarpenei data jartzera ere ausartu ziren: 2000 urtea. Testuari jarraipena egiten hasi nintzaion, neure ezagutzak indartzeko eta ardurapean nituen kooperatibetan erabiltzeko. Baina handik gutxira baztertu egin nuen, Hahn eta Wienerrek ez baitzuten igartzen. Halako gai “handietan”, datak finkatzea izaten da zailena.

Dena den, Hans Küngen proposamenak mamituko balira, “eszenatokiak iraunkorragoak” izango lirateke.

Arazoak konpontzeko, beharrezkoagoa da denok pobreagoak izatea?

Ondorio ezkor eta etsikor horretara heldu aurretik, galdera bat egin behar diogu geure buruari: “Zer da pobreagoa izatea?”. Gerra zibila (1936-1939) bizi izandako belaunaldikoa naiz ni, eta gorriak ikusi genituen, oinarrizko betebeharrak asetzeko modurik ez genuela: gosea, gizarte mailarik baxuenetan (biztanleriaren erdiak baino gehiagok) izugarri handia; higiene falta eta egoera horren ondorioz hedatutako infekzio gaixotasunak, artean ez baitzegoen antibiotikorik; txukuntasunez jantzi ahal izateko (bai gazteen bai helduen nahia) baliabiderik eza; unibertsitate prestakuntza nahitaez baztertu behar izatea, ezinezkoa baitzen familiek eginahalak egin arren... Horiek guztiak ziren nagusi haur eta gazte nintzela. Horrelaxe bizi izan ginen haurtzaroan eta nerabezaroan, bederatzi urtetik hasi eta hogei edo hogeita bi urtera arte.

Handik hirurogeita hamar urtera, bizi baldintzak oso bestelakoak dira eta Euskal Herriko gizartean dagoeneko ez dago horrelako gaitzik, salbuespen batzuk, oso urriak eta bakanak, izan ezik. Eta salbuespen horietan ere, gaitz guztiak ez dira behintzat batera egokitzen. Estalki politiko demokratikoaren babesari eta gastu maila handi bateratuari esker, gizarte pribilegiatua da gurea, lehen adierazi dudan bezala, eta ezaugarri horiei guztiei beste bat gehitzen zaie: sortutako errenten banaketa bidezkoa. Ondorioz, estamentuen arteko bereizketak, lehen gaindiezinak gizarte mailen artean, bertan behera geratu dira.

Gauzak horrela, “eszenatoki sostengaezinak ekarri dizkiguten” ondasun eta bizimodu horiei neurri batean uko egiteko beharraz galdetu eta konponbidea proposatu didazu: “guztiok pobreagoak izatea”. Beraz, erantzun aurretik ezinbestekoa deritzot gogoeta egiteari.

Bizitzeko baliabide materialak gainezka edukitzea ez zait iruditzen zoriontasuna eta ongizatea bermatzeko konponbidea, ezta gogobetetasuna -asko jota, lortu daitekeen bakarra- eskuratzeko modua ere.

Jardunbide intelektuala, beste potentzialtasun batzuk lantzen dituena, hedatzen hasi da, eta gaur egun gure gaztediak arbuiatu egiten ditu oturuntza oparo dotoreak eta jauntxoen antzeko janzkera irtirinak. Nire herrian, Arrasaten, “Maritxu Kajoin eguna” ospatzen da urtero, urriko lehen ostiralean. Jai horretan, ozartasun eta trufa giroan, janzkera ilun eta zurrun irrigarriak soinean eramanez, iraganeko nabarmenkeria, jadanik erabat gainditua, oroituko da beharbada.

Gazteek izpiritua lantzeko modua aurkitu nahi dute, “arima arrazionala” edo antzeko deitura izango lukeen zerbaiten bila dabiltza. Gure seme-alaben eta biloben helburua ez da per capita errentari lotutako kontsumoaren arrandia edo harropuzkeria. Aitzitik, izpiritua asetzea da haien asmoa. Hezkuntzak kolokan utzi ditu konbentzionalismoak. Belaunaldi berriek askatasuna aldarrikatzen dute, eta izpirituen kezkei erantzuteko bideak eskatzen dituzte.

Aberastasun ekonomikoa ez zaie horrenbeste axola, eredu horrek ongizatea emateko gaitasuna agortzen hasi baita jadanik. Beraien ahotsa entzutea nahi dute: bakoitzak bere nortasuna eta bere irizpideak ditu, eta bere lehentasunak eta iritziak azaltzeko guneak aldarrikatzen ditu.

Indibidualistak dira, baina ez diruzaleak.

Etorkizunari begira, beraz, ezagutzen ditudan pertsonek, nire ingurukoek, eros ahalmena mugatzeko arazorik izango ez dutelakoan nago, gizarteak izpiritua landuz aberasteko aukera ematen badie behintzat. Izan ere, gizaki arrazionalen ondarea aberastasun horiek dira, gero eta gehiago.

Horrek ez du esan nahi nerabeek eta helduek, ez dutenik gorputza zaintzen, estetika eta osasuna hobetzeko, eta ezta autolaguntzako entseguak irakurtzeari utzi diotenik ere. Baina bizitza hobetzeko bidean aurrera egiteko, nahitaezkoa da dirua irabazteko helburua neurri batean baztertzea.

Atzera begiratuz, gaur egun ba al dago 1956an sortutako enpresa eredua ezartzerik?

Ez. Ezinezkoa da. Eta ziurrenik ez da beharrezkoa ere. Enpresen testuingurua duela berrogeita hamar urtekoa baino askoz ere zabalagoa da, mundu ekonomia nagusitu baita, globalizazio deritzona dela eta.

Gure enpresen eta merkatuan lehiakide dituzten gainerakoen arteko harreman bakarra hauxe da: diru fluxua. Diruak ez du mugarik, eta ordainbide nagusia da. Diruak neurtzen du teknologien, antolamenduen eta lortutako ekoizpenen eraginkortasunak izandako gorakada edo beherakada.

Xahugarria, malgua, trukagarria eta amortizagarria da dirua. Gizakiak ez, ordea, ez baitira ez trukagarriak, ez mugigarriak, ezta amortizagarriak ere. Beraz, ekonomiaren egungo egoeran, XXI. mendeko lehen hamarkada bukatzear dagoela, kooperatibismoaren garaiari -gizakiengan oinarritutako sozietate eredu paradigmatikoa den aldetik- beste horrenbeste ari zaio gertatzen, alegia, bukatzen hasia da, eredu kapitalistaren alderdi asko onartzen ari baita, arian-arian. Elkarte anonimo erako enpresak sortzen dira beste herrialde batzuetan, eta Espainiako estatuan bertan, batzuetan % 100aren jabe izaki eta beste batzuetan zati handi batena. Ondorioz, langileen % 30 baino gutxiago dira kooperatibistak, eta badirudi joera horri eutsiz gero, epe luzera, hemendik berrogeita hamar urtera, gizakiengan oinarritutako sozietateak iraganeko oroimen nostalgikoak izango direla. Kooperatibismoari beti aitortuko zaio dagokion meritua: aukeratzeko askatasuna eta eskubide ekonomiko eta politiko subiranoak ezaugarri dituzten lan elkarteetan antolatutako gizakien eredu gisa sortu izana ekonomia eta gizarte bizitzan. Dena den, merkatu eta finantzaketa globaltasunarekin bat datozen bestelako bidezko formula batzuk bilatu beharko dira ezinbestean.

Hizpide dudan ereduaren sona eta izaera bereizgarria, mundu osoan aitortua, bertan behera geratuko dira garatu beharreko eredu gisa. Hala ere, ereduaren sustraiak eta guztiontzako ongizatea sortzeko gaitasun izugarria beti aintzatetsiko dira, honako hau ulertzeko gai izan zirelako: gizakiak ekonomia enpresen funtsezko ardatza direla, eta kapitala, berriz, derrigorrezko tresna. Eta, nire iritziz, gizakiak ez du tresna hori helburu nagusitzat hartu behar, bere zerbitzura daukan bitartekotzat baizik, horixe baita, hain zuzen, tresna hutsa.

Kooperatibismoa berrikusi egin behar da...

Enpresari onen ohitura ona da hori. Iraganeko ibilbidea aztertu eta etorkizunerako moldatu behar da, inertziarik gabe, unean uneko ezaugarrien arabera “birsortzeko eta egoera berrietara moldatzeko”. Arizmendiarretak zioenez, sortze garaian egon behar dugu beti. Iraganak ez du oztopo izan behar garapen eta berrikuntza bide berriak urratzen hasteko, bai gure enpresen barne eta kanpo antolamenduari, bai gizarte bizitza birplanteatzeko asmoari dagokienez. Arau zurrunek ez dute berritzeko aukerarik ematen.

Hastapenetan, kooperatibismoa Erregimenaren “begikoa” zenez, eta zuzenbide positiboaren mugak oso estuak zirenez, ekonomialari handi baten ideia bat hartu eta buru-belarri lantzeari ekin genion. Ekonomialari hura, denboraren poderioz, Bizkaiko Kutxako Zuzendari Nagusia izan zen: José Luis Serrano Lizarralde.

Bere enpresa ikuspegiari “Gizarte osoa” deitu zion. Eta sarreran, honako hau zioen: “Primun vivere et deinde philosophare”. Alegia, gutxi gorabehera, lehenengo elikatu eta ongi bizi behar dugula, eta gero filosofatzen hasi. Aipatutako dokumentua Jose Maria Arizmendiarrieta jaunaren Gela-Museoan dago. Testuan, pragmatismo horretatik abiatuta, hiru atal bereizten ditu enpresaren boterearen eta zuzenbidearen baitan. Batetik, langileak, gizakiak, daude. Bestetik, ekoizpen bideen sorburua: kapitala, alegia. Eta azkenik enpresariak, enpresa bideratzeko aukeratutako zuzendariak

Baina eredu horrek ez zuen sarbiderik, ezta moldaketak eginda ere, artean (1955ean) indarrean zegoen Sozietate Anonimoen Legearen xedapenetan. Eta beraz, ez zuen aurrerabiderik izan. Iradokitzen duzun berrirakurketa edo berriskupena eginez gero, enpresa eredu berri baten oinarritzat hartu liteke agian. Euskadiko Kooperatiben Legeak eskaintzen dituen aukera guztiez baliatu dira: kooperatiba mistoak sortzea (langile ez bazkideen eskubide sozialak % 49raino iritsi daitezke, eta gainerako % 51 bazkideei dagozkie), finantza ekarpen subordinatuak egitea, langileen % 20 bazkideak ez izatea, iraupen mugatuko bazkideak izendatzea, etab. Baina horiek guztiak ez dira benetako konponbideak, kooperatibismoak, edonolako itxura ematen zaiola ere, azken finean inoiz ezingo baitu jardun kapitalen merkatuan. Aurreztaileei araututako gardentasunaz inbertitzeko aukerak begi bistan ezartzen dizkien titulu merkatua oso urruti dago, ez baitu inolako zerikusirik, kooperatibismoaren malgutasun kanonetatik.

Ez dakit zein alternatiba aukeratu daitekeen gure kooperatibismo zorrotzarentzat. Dena den, Arizmendierratek horrenbeste erabilitako aforismoari jarraitzen zaio: “Esperientzia berriak garatzeko prozesu dinamikoa da kooperatibismoa”.

Bete-betean uste dut enpresetan zuzentasunak izan behar duela nagusi, hau da, nori berea eman behar zaiola, eta halaber, bidezko gizartea sustatu behar dutela, herriko eragile dinamizatzaile bihurtuz. Baina horretarako enpresek, kooperatibek nahiz bestelakoek, errentagarriak behar dute izan: dirua irabazi behar dute, argi esanda. Errentagarritasuna lortzeko oinarriak kudeaketa egokia, lehiakortasuna eta balio erantsia sortzeko gaitasuna dira, baina ohiko kudeaketa antolatuaren mugak baino harantzago jo behar dute: inguruko testuinguru konplexu zoliaz baliatuz aurrera egiteko eta gizarte ondasun partekatuak sortzeko gai diren zuzendari irudimentsuak aukeratu behar dituzte. Gizarte eredua ikertu egin behar da, baina ahalegin sortzaile eskuzabalaren unea dugu oraingo hau. Jose Mari Ormaetxea

(Arrasate, 1926) Arrasaten (Gipuzkoa) jaio zen 1926ko abenduaren 23an. Gazte-gaztetatik enpresaren mundutik bideratzen jakin zuen ikasketa eta lanerako dohain bikainak, aita Arizmendiarrietaren egitasmo sozialetik begiak inoiz aldendu gabe. Industria-mekanikako Maisu ikasketak eginik (1945), Kimika Peritu titulua lortu zuen (1952) Zaragozazko Industria Perituen Eskolan. Arrasateko kooperatiba mugimenduari osoki emana bizi izan da, eta horretan ohiz kanpoko jardunbidea erakusten duten karguak bete ditu: ULGOR, Mondragon Kooperatiba Taldeko lehen kooperatibaren Sortzailekide eta Gerentea (1956-1962); ULARCO Kooperatiba Taldeko Zuzendaritza Batzordeko Lehendakaria (1962-1970); Caja Laboral - EuskadikoKutxa Kreditu Kooperatibako Zuzendari Nagusia (1960-1987), eta Aholkularia 1990 urtea arte; Mondragon Kooperatiba Taldearen (gaur egun, Mondragón Corporación Cooperativa-MCC) Sortzaile eta Lehendakaria (1985-1990); OTALORA, Kooperatiba eta Zuzendaritzarako Prestakuntza Zentroko Zuzendaria (1990-1991); Eusko Jaurlaritzako Industria Saileko Industriaren Sustapen eta Eraldaketarako Baltzuko (SPRI) Lehendakariorde Exekutiboa, eta SPRIko Arrisku-Domu Baltzuko Lehendakaria (1991-1992). Arrasateko kooperatiben esperientziari buruzko hainbat liburu eta txostenen egilea da. Bere jarduera profesional luzean zehar goraipamen ugari jaso ditu. Itzulpena: Luis Manterola
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Eva Aguilera. Amnistia Internazionala: Pobreziaren kartzeletan preso dauden pertsonen askatasuna aldarrikatzen dugu

 

Irakurri

Felix Mugurutza. Etnografoa eta Aunia Kultur Elkarteko kidea: Gabonetako ohiturak Elizak eraldatu nahi izan dituen erritu paganoak izan dira

 

Irakurri

Itziar Plazaola Giger. Filosofian lizentziatua eta Hezkuntza zientzietan doktoratua: Hizkuntza, batez ere, gertaera sozial bat da

 

Irakurri

Ana Fernández Sáinz. UNIQUALeko zuzendaria: Funtsezkoa zen Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea kanpotik ebaluatzeko erakundea sortzea

 

Irakurri

Felícitas Lorenzo. Euskal Herria Museoko zuzendaria: Museoaren errentagarritasun soziala bilatzea da gure lehentasuna

 

Irakurri