Judas Arrieta. Artista: Helburua aberastea izango balitz, ez nintzateke artista izango

2010-12-24

SALABERRIA, Urkiri

Judas Arrieta ikusi nuen lehenengo aldian EHUko Arte Ederretako Fakultatean izan zen. “A-Team”aren Mr. T antzeko ile-mozketa egiten ari zen, performance batean, ehunaka ikasleen aurrean. Hamabost urte pasata berarekin elkartzen naiz San Jeronimo sotoan dagoen erakustaretoan. Bertan panpinez eta kartelez inguratuak solasean aritzen gara...

Ikusi zintudan lehenengo aldia abiapuntua hartuta, nolakoa izan da zure garapen artistikoa, zure bizitza?

Aipatzen duzuna 1995an izan zen, karrerako bosgarren ikasturtean, hau da, nire azkeneko urtearen hasiera. Urte horretan grebak izan genituen eta oso urte mugitua izan zen... Egia esanda, garai horiek oso ondo gogoratzen ditut, lana asko egiten nuen. Niretzat Unibertsitatea bidaiaren hasiera izan zen.

Zer esan nahi duzu bidaiaren hasierarekin?

Ba ordura arte gauza asko egin izan nituela, baina ez nekien zein bide jarraitu. Unibertsitatetik gaurko egun arte hamabost urte pasa dira eta argi da Asiarekiko maitemintze prozesua sendotu egin dela. Jada fakultate garaietan gai horiekin aritzen nintzen, Japoniara joateko ametsa neukan.

Eta karrera bukatua?

Bilbon finkatu nintzen baina berehala konturatu nintzen txikia geratzen zitzaidala. Nik ikasi nahi nuen eta horretarako atera egin behar nuen. Bilboko Bilboarten, Hondarribiko Udalaren espazio batzuetan eta baita ere Donostiako Artelekun lanean aritu nintzen. Garai haietan hainbat sari irabazi nituen, diru-laguntzak... eta neoprofesional bezala ibili nintzen, baina beti ere gurasoen laguntza eta beste lan batzuekin tartekatuz.

Argazkia: Judas Arrieta.

Beste lanak?

(Irribarrez) Ba badakizu, tabernari, obrak, kolaborazioak, kukubiltxon alegia... denetarik. Hamazazpi urte ditudanetik beti ibili naiz lanean, eta hainbeste lana egin ondoren zer den nahi ez duzuna ikasten duzu. Edo beste erara esanda, zure lana, zuk benetan maitatzen duzun lana, egiten duzunean indar eta gogo handiago jartzen duzu, ez dakizulako noiz izango duzun beste aukera berriz horretan jarduteko. Nik nire burua pribilegiatua bezala ikusten dut.

Zergatik?

Ba hasieratik banekien zer nahi nuen, eta horrek traba asko kentzen dizu. Askotan ametsei buruz mintzatzea entzuten da, hamabost urte hauetan konturatu naiz ametsak lortezinak direla, baina aurrera jarraitzeko balio dute eta baita proiektuak garatzeko ere. Ametsak ez dira gauzatzen baina hori ez da traumatikoa, ez da zerbait txarra. Helburuak lortzen zoazen neurrian, zure barnean zenituen helburuak ez direla konturatzen zara, hau da, amestutako helburua eta lortutako helburua ez da gauza bera, orduan jarraitzen dut amesten... dena den argi daukat urruneko intxaurrak hamalau, gerturatu eta lau.

Aipatzen dituzun ametsetako bat, zein duzu?

Ba adibidez, aipatu dizudana Japoniara joatea.

Eta lortu zenuen...

Bai, Japoniara joan nintzen, 2002an, aste batzuk nire kabuz. Hara ailegatu eta bai, asko ikasi nuen, baina ordutik beste hiru aldiz izan naiz Japonian eta oraindik ez dut nire ametsa bete.

Zergatik Japoniara?

Beti miretsi izan dut hango kultura eta gogoz nengoen nire lana bertan erakusteko eta haien erreakzioa konprobatzeko.

Eta zer gertatu zen lehenengo bidai horretan?

Ba kamikaze moduan joan nintzela, maletak hartu eta han agertu... eta aipatu duguna, ez zen bete buruan neramana. Dena den, asko ikasi nuen bidai horretan hurrengo bidaietarako eta gaur egun egiten ditudan bidai guztiak benetan prestatuak daude aldez aurretik, saiatzen naiz harremanak lotzen eta joaterako erakusketaren bat edo prest izatea.

Hala ere, “benetazko” kulturan sartzeko bat-batekotasun puntu hori beharrezkoa da, ezta?

Bai, noski... azkenean dena esperientziak dira eta positiboa izan zen heldutasun gehiago lortzeko. Gauzak apurka-apurka joaten dira...

Piano, piano...

Hamabost urte hauetan ikasi dudan funtsezko gauza da, pertsonen abiadurak ez dira berdinak eta normalki gaztea zarenean dena motela iruditzen zaizu. Urterekin motelago joaten ikasten duzu. Eta baita ere egokitzen ikasten duzu, hau da, bizitza, artea... dena tipula bat bezala ikusten dut, hainbat kapa edo geruza dituzu eta zure gogokoak batzuk dira, baina batzuetan tokatzen zaizu egokitzen ez den kapa batean bizitzea. Hala ere, nire ustez dagozkidan lekuak oraindik aurkitzear daude eta lasaitu egin behar dut.

Baina ez duzu urduri ematen.

Pozik naiz nire lanarekin eta funtsezkoa ikusten dut gustura sentitzea estudioan.

Argazkia: Maider Sillero.

Eta nolakoa da zure lana estudioan?

Ba proiektuak garatzen ditut eta proiektu bati behin forma ematen diodala mugitu egin behar dut, eta mugimendu horiek konfiantza osoz izan behar dira. Gaur egun lana egiten ditudan galeriek eskatzen didate gauza jakin batzuk eta oso eroso sentitzen naiz “enkarguzko” lan horiekin baina baita ere nire barneko gauzei erantzuna eman behar diet.

Zure proiektuak mugitzeko zer egin behar duzu?

Ba tokiak bilatu, finantziazioak lortu... hala ere, proiektu horiek “saltzeko” lan horietan ez naiz biziki eroso sentitzen.

Non duzu estudioa?

Pekinen. 2005an nire lehenengo bidaia egin nuen Txinara, eta bertan egonda Madrilen jaso nuen sari baten diruarekin bertan geratzea erabaki nuen.

Baina zuk beti Japoniakin amesten zenuen...

Bai eta egia esanda ez dakit... Txinak aukera batzuk eman zizkidan, heldu nituen eta han geratu nintzen.

Alegia?

Txinan 200m2 estudioa lortu nuen eta beste kulturak aztertzeko aukera. Nire asmoa zen lana egin ahal izatea egoera hobe batzuetan. Hemengo aukerak aztertuak nituen eta hangoekin konparatuak hobeak ziren Txinakoak. Txinan egonda beste proiektu batzuei heltzerik izan dut, prezioengatik, aukerarengatik... Adibidez, orain ikusten dituzun panpinak hemen ekoiztea oso garestia izango litzateke, eta han, aldiz, askoz merkeagoak. Bost urteetan hango merkatuaren mugimenduak ikasteko denbora izan dut.

Denbora eta zorte ona.

Beno, zorte ona lana dagoelako atzetik. Ez dut inspirazioaren aitzakia jarri inoiz. Nik beti, bai hemen, bai Txinan, bai Bilbon, bai Artelekun... argi izan dut norbait etortzen bazait estudiora, estudioa lanez gainezka egotea nahi dudala. Horregatik ari naiz beti lanean estudioan. Zortea bilatzen da eta Zorteak aurkitu egin behar zaitu. Eta bost urte hauetan nire lana aurkezteko aukera pila bat izan ditut Txinan. Baldintza hobetan eta ez hain hobetan...

Saldu ere, salduko duzu.

Gauza batzuk bai, beste batzuk ez. Dena den, argi daukat ez naizela inoiz aberastuko nire lanarekin. Helburua aberastea izango balitz, ez nintzateke artista izango.

Argazkia: Maider Sillero.

Eta bizitzerik dago artista izatetik?

Bizi bai, noski. Baina ezinezkoa da etxe bat edo kotxe bat erosi. Nire buruaren nagusia naiz, nik jartzen ditut ordutegiak... Zorte daukat zentzu horretan, baina bestalde ezinezkoa daukat hilabetero gizarte segurantza ordaintzea. Hau da, ez naiz inoiz jubilatuko.

Familia sortu duzu?

(Irribarrez) Oraindik ez. Horretan gabiltza. Nire bikotea txinatarra da eta han gabiltza elkarrekin, berak hartzen du bere gainean galeriak kontaktatzeko lanak etab., Txinan oso aukera gutxi daude kanpoko artistentzat, baina egon badago. Hango merkatuan “loteria” tokatzea badaukazu, hemengoan ez. Hemengo beka eta sari sistema hangoa baino hobea da, baina han, merkatuan arrakasta izateko aukera existitzen da.

Erakusketa bat antolatzen duzunean zein da zure motibazioa, zure mundua besteekin konpartitzea, saltzea...?

Artistek berez behar bat dute, komunikatzea. Askotan, galeria zirkuituan sartzen zarenean sorginaren gurpilaren sartzeko arriskua duzu, ba bi urtero, adibidez nahi ta ez zer edo zer erakutsi egin behar duzulako eta ia ekoizteko makina bat bihurtzen zara.

Bada zure lanak josten duen ildoa?

Ez naiz inoiz teoriko bat izan, baina beti lotu izan dut artea jokoarekin, terapiarekin eta ondo pasatzearekin. Bestalde, zure formazioa han dago, hau da, zeinek eragiten zaituen eta hor ditut nolabait hainbat “aita”. Askotan esaten dut “soy un hijo bastardo de varios padres” (barrez). Alegia, nire lana DJ baten lanaren antzekoa da, besteen lanekin nahasketak egiten ditut jendea ondo pasatzeko. Nire lana belaunaldi baten islada da, ni jaio nintzenean telebista eta bideo-jokoak garatzen ari ziren.

Eta baita ere Arte Ederretan lizentziatura sendotzen ari zen.

Hori da, ni izan naiz unibertsitarioa bihurtzen den artista. Baina Unibertsitatera iritsi baino lehen nire ibilbide artistikoa hasia neukan, saiakera batzuk zinemarekin, berez zinema egin nahi nuen.

Argazkia: Maider Sillero.

Ez dugu aipatu, baina nola hartu zuten zure familian artista izan nahi izatea?

Txikitatik marrazten dut, nire aita bezala. Nire aitak, txikitatik ere, asko marrazten zuen, batez ere komikien portadak eta nik aitaren marrazkiak ikustean ba hasten nintzen ere marrazketan. Gero, nire aita lanean hasi zen hamazazpi urterekin eta utzi zuen. Baina ikusi zutenean nik ondo marrazten nuela, toki pila batera eta artista ugariekin ikastera bidali ninduten, Bidasoa eskolako hainbat artistekin izan nintzen. Garai horretan Irun eta Hondarribia inguruan dauden akademia ugarietan ibili nintzen margotu eta marrazten ikasten. Dena den, marraztea marrazteagatik, hori hotzegia zen niretzat... nik komikiak egin nahi nituen.

Gidoiekin oso lotua.

Bai, hori esaten ari ginen. Nire asmoa Unibertsitatean zinema egitea zen, eta fakultatean ikusi nuen talde-dinamikak ez nituela oso gogokoak. Orduan heldu nion margoari. Garai haietan esaten nuen 30 urterekin ez banu inongo saririk lortzen utziko nuela... baina hau ludopatia modukoa da, joko bat da.

Eta orain, zer esaten duzu?

Ba proiektu asko ditudala oraindik, momentuz amesten jarraitzen dut, erakusketak, “Goazen Txinara!”proiektua... Oraingo puzgarriekin arrakasta handia lortzen ari naiz, baina ez dakit artista edo “barrakero” naizen, eta egia esanda bost axola, nik nahi dudana betetzen delako, nire lanekin jendea ondo pasatzea.

Erakusketan ginela, bueltatxo bat eman dugu artistaren eskutik...

2010ko azaroan, XXI. Beldurrezko zinema astean kokatzen da Judasen erakusketa, Donostiako Antzoki Zaharraren aurrean: “KAIJU”. Janzgarriak diren Fantasiako pertsonaiak, ipuinak, irudiak, altxorrak...

Inguratzen gaituzten bere kartelekin ondo pasatzeko aukera paregabekoa zabaltzen da, zinemaz jantzia egonda edo ez. Bere esanetan “opari bat bururako”.

Bestalde txinatik ekarriak ehundaka panpin manga hainbat artista lagun “kustomizatuak” ikusgai daude. Judasen nahia eta lana bi kulturak, euskalduna eta txinatarra, elkar ezagutzea da, horretarako “Goazen Txinara!” Eusko Jaurlaritzak babestua den programa kudeatzen du, non artista euskaldunak Txinara joateko aukera duten. Agian euskaldun batentzat Txinako abiadura zorabiatzeko modukoa da, baina Judasek ondo moldatzen jakin izan du.

Erakusketa bukatzeko, nire ustez, postrerik goxoena, non ikusleak artistaren altxorrak, hau da, artistak txikitatik bilduta eta gordetako panpin eta tramankulu anitzak, dastatzeko aukera goxoa dauka. Judas Arrieta (Hondarribia, 1971) Judas Arrieta diziplinarteko artista da eta proiektu sortzaileak gauzatzerakoan bitarteko desberdinak erabiltzea atsegin du. Egiazkoak eta irudipenezkoak bat egiten dute haren lanean. Judas Arrietak, ezinbestean, bere bizitza eta bere obra elkarrekin lotzen ditu. Testu batzuetan “arte ludiko dibertigarria” izenez definitu duenaren defendatzailea da, alegia, artea gozamen gisa. Adimen ironikoaren igorle dugu Judas. Eroso harrapatuta sentiarazten zaituen sarea sortzeko gai da. Errealitatetik eta fikziotik elikatzen du bere lana. Zentzua duenez geroztik, etengabe ari da jaten, hausnarkari handiak bezala. Hausnartu eta hausnartu egiten du, ondoren, erabiltzen dituen diziplina anitzen bidez (pintura, marrazkia, inprimatze digitalak, eskulturak, objektuak, bideoak, performanceak, instalazioak...) lan dardarazleak jaurtitzeko. Kasu guztietan, samurtasuna, sentimendua, basakeria, malenkonia, zehaztasuna, erromantizismoa, kezka... nahi adina ditu. Judas Arrieta grinatsua da. Bizitza eraikitzen du eta eskuzabaltasun izugarriarekin barreiatzen du. Mendebaldeko gorputz batean harrapatutako arima asiarra da. Irismen handiko frankotiratzailea. Hiru buruko munstroa.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Itziar Ruiz de Erentxun. Bibat Museoko teknikari arduraduna: Heraclio Fournierrek mapan kokatu du Araba

 

Irakurri

Arantzazu Amezaga. Idazlea: Etengabeko eztabaidan bizi da euskal gizartea

 

Irakurri

Jose Ignazio Ansorena. Musikaria: Ez naiz inoiz txistulari izateaz damutu

 

Irakurri

Lucía Lacarra. Ballet-dantzaria: Lanbide honetan, ez da kontuan hartzen nor zaren, nola egiten duzun baizik

 

Irakurri

Susana Serrano Abad. Ikertzailea: Nire ustez, Bilbo ez da aisia- eta turismo-hiria soilik. Berrindustrializazioari ekitea ezinbestekoa da

 

Irakurri