Marian Elorza. Eusko Jaurlaritzako Nazioartekotze Zuzendaria: Euskal enpresak atzerrian errotzeko oztopo nagusiak tamainaren aldetik datoz, baita atzerrian bizi eta lan egiteko prest dauden giza baliabideen eskasiatik ere

2006-05-19

BREA, Unai

Zazpi urte dira Marian Elorza Nazioratekotze Zuzendaria dela, Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailean. Denbora tarte horretan, zuzentzen duen taldeak hainbat ekimen abiarazi ditu euskal enpresek atzerrian dituzten egitasmoak sendotze aldera. Dioenez, ez gabiltza makal arlo horretan, eta euskal enpresak lehiakor ageri dira, oztopoak oztopo. Orain, enpresek nazioarteazteak daukan garrantziaz behar bezala jabetzea dauka Elorzak xede nagusietakoa.

Has gaitezen oinarrizko kontzeptuetatik: zer da nazioartekotzea eta zergatik da hain garrantzitsua gaur egun?

Nazioartekotzeak, enpresaren estrategiaren barnean, atzerriko merkatuak kontuan hartzea dakar, bai produktuak saltzerakoan, bai osagaiak edo lehengaiak erosterakoan, ekoizteko orduan, ikerketak eta proiektuak aurrera eramaterakoan… Zentzu zabalean, gure mugetatik kanpo begiratu eta aritzea. Nazioartekotzearen eskutik enpresen hazkunderako aukerak datoz eta baita lehiakortasuna bizkortzeko dinamikak ere.

Zure saileko helburuetako bat kanpo merkataritza eta euskal enpresen nazioartekotzea bultzatzea da, hain zuzen. Zelako egoera aurkitu zenuen kargua hartu zenuenean?

1999an, aurreko Ekonomia Sustapenerako Erakunde arteko Plana martxan jarri genuenean, euskal enpresek bazuten eskarmentua atzerriko merkatuetan, salerosketetan arituak ziren hainbat herrialdetan. Hala ere, beharrezkotzat jo genuen momentu hartan aurrerapausu bat egitea: esportatzaileen kopurua zabalduz, Europako ekialdeko merkatuetan genuen jarduera bizkortuz eta gure enpresen atzerriko ezarpen komertzialak zein produktiboak bultzatuz, hor zeuden aukerak aprobetxatu ahal izateko.

Arlo honetan, zelan lagundu ahal diete erakunde publikoek enpresei?

Asko dira martxan jarritako ekimenak. Batzuk aipatzearren: nazioarteratze bekak (azkeneko zazpi urteotan 400dik gora izan dira beken bidez nazioarteratze arloan prestatu direnak), nazioarteko proiektuetan euskal enpresen arteko elkarlana bultzatzeko tresnak, euskal produktuen promozioa merkatu berrietan bultzatzeko ekimenak, atzerrian ezartzeko laguntzak eta SPRIk atzerrian duen sarearen indartzea (Polonian, Txekiar Errepublikan, Estatu Batuetan eta Txinan irekitako bulegoekin).

Ekimen hauez gain, ahalegin handia egin dugu, eta horretan ari gara gaur egun ere, merkataritza ganberak, esportatzaileen elkarteak eta nazioarteratzea sustatu nahian ari diren eragileekin lankidetzan, estrategia bateratuak lortze aldera, oso garrantzitsutzat jotzen dugu-eta, existitzen diren indarrak batzea.

Emaitzak nahi bezain onak izan dira?

Oro har ikusita, balantzea positiboa dela esango nuke nik: esportatzaileen kopurua handiagoa da gaur egun (2.500etik gora enpresa, CIVEX-en %40); baina ez hori bakarrik, enpresa esportatzaileak ohiko esportatzaileak dira. Ezarpenei dagokienez, atzerriko merkatuetan euskal enpresen inplantazioak gorako joera hartu du azken bost urteotan, eta Europako ekialdera zuzendutako esportazioak % 126 hasi dira 1999-2005 bitartean.

Datozen erronkak?

Nazioarteratzea enpresen estrategiaren zati garrantzitsutzat onartua izan dadila da gure erronka nagusia. Gogoeta estrategiko sendo batetik hasita, enpresa bakoitzari dagokio bere estrategia propioa definitzea, norberaren esperientzia, sektorea, tamaina eta abar kontutan harturik. Bestalde, globalizazioaren aukerak aprobetxatu eta mehatxuei aurre egiteko beharrezkoak diren aldaketak eta berrikuntza prozesuak bultzatzen jarraitu beharko dugu datozen urteetan ere.

Hitz egidazu Basque Centres direlakoez. Oker ez banago, Txekian eta Polonian egongo dira lehenengoak…

Basque Centres direlakoak espazio fisiko bezala ulertzen ditugu, kokatzen diren tokietan lan egin nahi duten euskal enpresen eskura eta zerbitzura egongo diren plataformak. Alde batetik, merkatu horietan egitura txikiarekin eta epe laburrean lan egiteko aukera eskaini nahi diegu enpresei; eta bestetik, merkatu horietan beren proiektuak aurrera ateratzeko beharrezkoak diren kudeaketa prozesuetan enpresei laguntza eman nahi diegu.

Orain dela gutxi Nazioartekotzeari Buruzko Jardunaldiak egin dira Bilbon, SPRIren eskutik. Zeu ere bertan egon zinen. Zer balorazio egiten duzu jardunaldiez? Zeintzuk izan ziren ekarpenik aipagarrienak?

Nazioarteratze estrategiaz aritu ginen egun hartan eta egindako ekarpenen artean zera azpimarratuko nuke: egungo testuinguruan nazioarteratzea ezinbestekoa dela. Hori bai, estrategia eta modu desberdinak daude nazioarteratze nahi hori gauzatzeko. Beste modu baten esanda, guztientzat baliogarri izango den errezeta magikorik ez dago, eta enpresa bakoitzari dagokio bere bidea definitzea.

Erraza da euskal enpresa batentzat atzerrian errotzea? Lehiatzeko moduan gaude gaur egun? Zeintzuk dira oztopo nagusiak?

Gure enpresak lehiakorrak direla ez daukat zalantzarik, bestela nola uler dezakegu Alemania, Frantzia eta Estatu Batuak bezalako merkatu lehiakorrak gure atzerriko bezero nagusien artean egotea? Atzerrian errotzeko oztopo nagusiak tamainaren aldetik datoz, baita atzerrian bizi eta lan egiteko prest dauden giza baliabideen eskasiatik ere.

Modako gaia da, eta zeuk ere aipatu izan duzu, Txina eta Ekialde Urruneko beste herrialde batzuekiko lehia. Hain zuzen ere, herrialde horien gorakada, industriari dagokionez, aldi berean mehatxua eta aukera dela esan zenuen behin. Beldurra diogu txinatar erraldoiari?

Euskal enpresentzat Txinaren hazkundeak eta garapenak erronka handia dakarte, baina Txinari aurrez aurre begiratu behar diogu; enpresaren indarrari eutsi eta berrikuntzari buru-belarri ekiten badiogu, seguru nago erronka berri honi aurre egingo diogula datozen urtetan.

Askotan aipatu da Euskal Herriko egoera politikoak atzerritar inbertsore asko uzkurtu dituela. ETAren su-eten iraunkorrak irekitako aroan, zer aurreikuspen egin daiteke horri buruz? Dagoeneko hasiak gara zeozer igartzen?

Inongo dudarik gabe ETAren su-etena albiste ona da eta, seguru nago, ondorio positiboak ekarriko dituela, baita atzerriko inbertsoreen jarreran ere. Gure sektore produktiboaren dinamismoari eta giza-baliabideen gaitasunari indarkeriaren mehatxurik gabeko testuingurua gehituz gero, erakargarriagoak izango gara atzerriko inbertsoreen aurrean, zalantzarik gabe.

Derrigorrez galdetu beharrekoa: zer iruditu zaizkizu Bolivian Evo Moralesek hartutako neurriak? Ezer baino lehen azpimarratu nahi nuke Evo Morales Boliviako herritarren gehiengoak aukeratu duela presidente kargurako, eta horrenbestez zilegitasun osoz hartu dituela hartu beharreko erabakiak. Boliviako gobernuak hartutako erabakia aztertzerakoan kontutan hartu behar da Bolivia Hegoamerikako herri txiroenetarikoa dela. Konfiantza osoa daukagu euskal enpresek normaltasunez lanean jarraituko dutela Bolivian, gure enpresek atzerrian abiarazitako proiektuak herrialde horietako ongizatearen motore bihurtu dira eta. Maria Angeles Elorza

(Zumarraga, 1967) Marian Elorzak 1990ean amaitu zituen Ekonomia eta Enpresa-Zientzia ikasketak, EHUn. Hurrengo bi urteetan ikasketa osagarriak egon ostean, 1993an Interbask S.A. elkarte publikoan hasi zen lanean, bekadun gisa. Horretarako nora eta Bruselara joan zen. Pare bat urtez jardun zuen Interbasken, baina lan hura amaitu eta gero ere Bruselan geratu zen, Eusko Jaurlaritzak bertan daukan ordezkaritzan hain zuzen. Hain zuzen ere, Europar Batasunari buruzko gaietan aditu legez aritu zen, 1999ra arte. Urte hartako martxoan hartu zuen gaur egun daukan kargua, eta beraz, orduan itzuli zen Euskal Herrira, baina ez sorterrira, Gasteizera baizik. Orain, Arabako hiriburuan ditu bai lantokia bai bizilekua. Euskaraz, gazteleraz, frantsesez, ingelesez eta italieraz daki.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Antxon Aguirre Sorondo. Etnologoa, historialaria eta Eusko Ikaskuntzako bazkidea: Lehen artisautza erabilgarria egiten zen, eta gaur egun, aldiz, artisautza dekoratiboa lantzen da

 

Irakurri

Sonia Samaniego. Etxebizitza, Berrikuntza eta Kontrolerako zuzendaria: Euskal Autonomia Erkidegoan ahalegin serio eta irmoa egiten ari gara gure egoera inguruan dauzkagun herrialdeenarekin parekatzeko

 

Irakurri

Joan Martinez Alier. Ekologismoan eta ekonomian aditua: Jende askok egiten du protesta ondasun naturalen alde, ez ekologista petoak direlako, ondasunok bizirauteko behar dituztelako baizik. Hori da pobreen ekologismoa

 

Irakurri

Valeriano Bozal Fernández. Filosofian lizentziaduna, Estetikan doktorea eta Arte Garaikidearen Historian katedraduna Madrilgo Complutense Unibertsitatean: Indarkeria estetizatzen ari zaigu

 

Irakurri

Salvador Marzana, Eduardo Aparicio eta Ramón Agesta. 75 urte II Errepublika aldarrikatu zenetik: II Errepublika, zuzenean

 

Irakurri