Mariví Bilbao-Goyoaga: "Nire asmoa, helburuak finkatzea baino gehiago, egiten dudanarekin gozatzea da"

2004-02-05

EZKERRA, Estibalitz

Menu ELKARRIZKETA Inicio > EM 245 > Elkarrizketa -->

2004/03/05-12 Mariv? Bilbao-Goyoaga

Aktorea "Nire asmoa, helburuak finkatzea baino gehiago, egiten dudanarekin gozatzea da" Estibalitz Ezkerra

Itzulpena: Koro Garmendia

Argazkiak: Canal Bizkaia www.canalbizkaia.com eta Miramon Mendi produkzio etxeak www.miramonmendi.com utzitakoak

Traducción al español Ikusleen aurrean lehen aldiz antzeztera doanaren artegatasun eta irrika berbera dauzka, inguratzen duenak eragiten dion ondoeza ezkutatzea gero eta zailagoa egiten zaiola aitortzen digun arren. Bidaiatzea ez du lehen bezain gustuko, baina, halere, Getxo eta Madrilen artean harat-honat ibiltzen da. Heriotzak, etorri behar badu, antzezten ari dela harrapatzea nahiko luke. Nola erabaki zenuen aktore izatea? Ez dakit zer esan. Iruditzen zait inoiz ez dudala galdera horri erantzuten jakingo. Gauza batzuk zergatia oso ondo jakin gabe egiten dira. Bizitza osoa daramat antzezten, txikia nintzenetik. Aterabiderik ez duen zulo batean sartzea bezala da. Dena den, aitortu behar dut behin baino gehiagotan galdetu diodala neure buruari nork demontre aginduko ote zidan niri hemen sartzea, batez ere estreinaldietan, oihala igo baino minutu gutxi batzuk lehenago. Une horietan oso gaizki pasatzen dut. Baina gauza hauek horrela gertatzen dira. Ez daukate azalpen logikorik. Beharbada, besterik egiten ez nekielako jo nuen bide honetatik. Noiz erabaki zenuen antzezpenaren bidetik jotzea? Erabaki hori ez nuen egun batetik bestera hartu, pixkanaka baizik. Konturatu orduko harrapatuta nengoen, erabaki ona edo txarra hartu ote nuen pentsatzeko astirik ere izan gabe. Gauza bat behintzat argi neukan: antzezten jarraituko nuela, eta, gainera, gustatu egiten zitzaidala. www.canalbizkaia.com Hasieran eragozpen asko topatuko zenituen ziurrenik. Bai, asko. Antzezle izatea erabakitzen baduzu, oso garbi izan behar duzu ia ez duzula inolako erraztasunik izango. Aldi hartan asko borrokatu behar zen; orain ere bai. Oraindik ez dut ezagutu arte edo zientziarekiko interesa azaldu duen Gobernurik. Ezegonkortasunetik atera ezinik ibiltzeak ez al du azkenerako nekatzen? Bai, baina aurrera jarraitzen duzu. Bizitza oso ezegonkorra da, deus ere ez da ziurra. Gizaki guztiok, jaiotzen garenetik hil arte, borroka egitera behartuta gaude. Aitor iezaguzu: urteetan aurrera joan ahala, baretu egiten al da agertokiko ikara? Ez, ez da desagertzen. Gaztetan, Madrilen nengoenean, dendatxo batera joaten nintzen jantziak erostera, eta, behin batean, Ismael Merlo handiarekin egin nuen topo -bide batez, esan dezadan orain bere biloba batekin ari naizela lanean-, eta estreinaldiei buruz hitz egiten hasi ginen. Nik esan nion estreinaldi bat geneukan bakoitzean gaixotu egiten nintzela. Pikortak ateratzen zitzaizkidan sorbaldan, eta egun batzuk igaro arte ez zitzaizkidan sendatzen. Berak esan zidan beldur hori ez zela desagertzen, hil arte irauten zuela. “Ez esan zeu ere ikaratuta egoten zarenik!”, esan nion. Eta berak baietz, beste guztiak bezain izututa egoten zela. Baina ahalik eta ondoen ezkutatzen saiatzen zen, beldur hori lankideei ez kutsatzeko. Aktoreek errespetu handia izaten diete estreinaldiei, ez dakitelako jendeari obra gustatuko ote zaion, baina oihala igo eta antzezten hastean, beldur guztiak uxatu egiten dira. Mariví Bilbao "Aqu? no hay quien viva" telesailean. www.miramonmendi.com Horrela esanda, nahiko erraza dirudi. Ezta gutxiagorik ere. Gogorra da oso. Seme edo alabaren bat ohean sukarrak jota eduki arren, edota ahaide bat hil bazaizu ere, hortxe egon beharra daukazu. Oihala igotzen denean, antzeztu egin behar duzu. Orain egiten ari naizen telesaila grabatzen ari ginela, senarra hil zitzaidan. Etxera itzuli nintzen, dena antolatzera, eta handik egun gutxitara Madrilera itzuli behar izan nuen, grabaketekin jarraitzeko. Eta telesailean jokatzen dudan papera komikoa da gainera, pentsa! Gauza batzuk oso gogorrak dira, baina aurrera egin beste aukerarik ez daukazu. Nolanahi ere, lanean emandako urteek asko laguntzen dute. Agertokietan hainbeste urte eman ondoren, zein oroitzapen datozkizu burura atzera begiratzean? Oso oroitzapen politak, antzezlan paregabeetan parte hartzeko zoria izan dudalako. Luis Iturrik eta biok sortutako Akelarre taldeak gauza zoragarriak egiteko aukera eman zidan. Gainera, azkenerako une ederrak bakarrik gordetzen eta hain onak izan ez direnak ahazten saiatzen naiz. Ez dut beti lortzen, baina helburua aurrera egitea da. Akelarre Euskal Herriko lehen konpainietako bat izan zen. Sortu zenetik igaro diren berrogei urteotan dezente aldatu da antzerkiaren egoera. Okerrera ordea. Gero eta antzoki gutxiago daude, eta oso diru laguntza kaskarrak ematen dira. Hainbaten iritzian, konpainia gutxi daude. Orain, ekoiztetxeak sortzeko joera nagusitu da. Espiritua bera ez da galdu. Kontua da konpainia bat aurrera ateratzeko modurik ez baldin badaukazu, beste zerbaitekin hasi beharko duzula. Ahora zerbait eraman nahi baduzu behintzat, lanen bat egin beharko. Mariví Bilbao eta Gemma Cuervo aktorea. www.miramonmendi.com Non aritzen zara gusturago: antzerkian, zineman ala telebistan? Parekorik ez daukana antzerkia da, jendea gertutik gertura izatea. Baina, adinarekin, gero eta gogorragoa egiten da eguneko bi emanaldi eman behar izatea, birak egiteko orduan leku batetik bestera ibili behar izatea, eta abar. Orain bertan, erosoagoak iruditzen zaizkit zinema eta telebista. Erretiroa noiz hartuko duzun erabakita al daukazu? Ez. Nahiago dut antzezten ari naizela hil. Ez nago etxean deus ere egin gabe egoten ohituta, besteak beste, oso etxeko andre kaskarra naizelako -etxeko lanek nerbioetatik jota uzten naute-. Nahiago dut lanean jarraitu, ondoen egiten dakidana da-eta. Antzerkiak asko eman bai, baina kendu ere egin dizula esango zenuke? Zalantzarik gabe. Etxean denbora gehiago emateari uko egin behar izan diot. Nire alaba jaio zenean, sei urte eman nituen lanik egin gabe, berarekin egoteko, baina gero ezin duzu dinamika horrekin jarraitu. Bizitzak aurrera jarraitzen du eta lana egin behar duzu. Ezeren damu al zara? Ez. Zertarako? Egina, egina dago. Egin behar dena akatsetatik ikastea da, berriz ez egiteko. Gainera, zertarako balio du jada egina dagoenaz damutzeak? Jakina, betiere norbaiti kalte egin diogunean izan ezik, zeren eta kasu horietan bai damutu beharko genukeela. Dena den, garaipenek zein porrotek asko erakusten dute. Bizitza honetan gauza guztiek erakusten digute zerbait. Mariví Bilbao "Aqu? no hay quien viva" telesailean. www.miramonmendi.com Zer gelditzen zaio egiteke Mariví Bilbaori? Nire asmoa, helburuak finkatzea baino gehiago, egiten dudanarekin gozatzea da. Oso pozik nago grabatzen ari garen telesailarekin. Zortealdi bat iritsi zait, eta profitatzen ari naiz. Eta antzerkiak bizi duen egoerak egunen batean hobera egingo duenaren itxaropena galdu gabe, ziur aski. Noizbait hobetu beharko du, baina, egia esateko, ez daukat itxaropen handiegirik. Gobernuak ez dira gauza hauetaz arduratzen. Ikusi zenbat jende hiltzen den errepideko istripuetan, edo genero indarkeriaren ondorioz... Ezbehar asko daude konpontzeke. Eta, gainera, ez ditzagun Hirugarren Munduan bizi dituzten arazoak ahaztu. Ez dakit zer nolako itxaropena eduki behar dugun. Beraz, zoriontsu ote naizen galdetzen didatenean, lerdotzat hartzen ote nauten erantzuteko gogoa ematen dit. Nola izango gara ba zoriontsu horrelako mundu batean? Dena den, mundu hau beti izan da horrelakoa. Ez da gauza berria. Mariví Bilbao-Goyoaga ?lvarez

1930eko urtarrilaren 22an jaio zen. Bere ibilbide profesionala omentzeko, Euskal Aktoreen Elkarteak "Besarkada/El abrazo" saria eman zion 1996an, eta, urte horretan bertan, El Mundo egunkariak "Séller" saria, bere V. edizioan.

Bere filmografia zabalean, honakoak azpimarratu behar ditugu: Alex de la Iglesiaren "La comunidad", Juan Vicente Córdobaren "Aunque tú no lo sepas", Joseba Saleguiren "Ione sube al cielo", Enrique Gabrielen "Las huellas borradas", Ramón Barearen "Pecata minuta ", Juan Ortuosteren "Entre todas las mujeres", Daniel Calparsororen "A ciegas", Gerardo Herreroren "Malena es nombre de tango", Javier Rebolloren "Calor", Daniel Calparsororen "Paisajes", Daniel Calparsororen "Salto al vacío", Javier Aguirreren "La playa insólita" (Veneziako Zinemaldian saritua), F. Bardají-ren "La interrogación", Javier Rebolloren "Agur Txomin", Javier Rebollo eta Juan Ortuosteren "Siete calles" (Aktore Onenaren Fotograma sarirako izendatua), Pedro Olearen "Akelarre", Javier Aguirreren "La monja alférez", Ernesto Telleríaren "Escorpión", Ernesto del Ríoren "El mar es azul", Sendeja Films-en "La tribu moderna", Mirían Ballesterosen "Historia de un hombre malo", Joaquín Trincadoren "Sálvate si puedes", Ramón Barearen "Adiós Toby, adiós", Koldo Serraren "La noche de autos" eta Javier Rebolloren "Marujas asesinas".

Telebistan, berriz, hauetan ikusi ahal izan dugu: Pepe Navarroren "Papá"-n, Jaime Botella eta Mapi Lagunaren "Nos pierde la boca" eta "Raquel busca su sitio"-n, Scott Ross-en "Aventuras vascas"-en, Domingo Solanoren "Ada madrina"-n, Josetxo San Mateoren "Entre dos fuegos"-en, Antonio Cuadriren "Al salir de clase"-n, Vicentre Escriváren "Manos a la obra"-n, Ignacio Merceroren "La vida alegre"-n, Victoria Sendrónen "Esto no es Hollywood" eta "La España herática"-n, Antxón Urrusoloren "Vivir cada día" eta "Detrás del sirimiri"-n, Ramón Barearen "Historia de la radio"-n, "Festival fin de año"-n, "Gala de actores"-en, "Kargo bantas"-en eta "Una casa de primavera”-n.

Uneotan, Antena 3 etxearen “Aquí no hay quien viva” telesailean dihardu.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Juan Colmenero: "Mende honetan, kulturadunak izateko, zientziaz eta teknologiaz jakin beharko dugu"

 

Irakurri

Mikel Etxebarria: "Hizkuntza gutxituak zein erregionalak babestu behar dira Europako ondare direlako"

 

Irakurri

Eva Forest: "Gizarte demokratiko eta aurreratuen gaitz nagusiak pasibotasuna eta erreakzionatzeko ezgaitasuna dira"

 

Irakurri

Juanito Oiarzabal: "Oso neurekoia naiz zortzimilakoak igotzeko orduan"

 

Irakurri

Martín Arregi San Miguel: "Euskal Herriko herri batzuek jada ez daukate hazteko lurrik ere"

 

Irakurri