Txomin Peillen. Idazlea: Bake zaletasuna Algeriako gerrak eman zidan

2010-05-21

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari

Euskal Herriaren giza dibertsitatsea ez da kontzeptu arin horietakoa. Gure nortasunaren mapak zehazkizun desberdinak azaltzen baititu. Parisen jaio, hazi eta hezitako zuberotarrak modu desberdin batez begiratzen dio euskal guneari, gogoz eta arimaz begiratzeko ahaleginak egin arren. Eta horren adibide garbia da Txomin Peillen. Euskal kulturaren langile porrokatua da, euskaltzaina eta Eusko Ikaskuntzako bazkidea, besteak beste. Manuel Lekuona Saria eman zitzaion 2009ko edizioan, eta horrela, bere opera omniarengatik sari bera jaso dute pertsonalitateen zerrenda aberatsean sartu zen, berezko merituz.

Pariseko zikoinak Parisen utzi zintuen 1932an... Pariseko euskalduna, beraz.

Hala da, Montmatreko mendi gainean utzi ninduen, 1932ko azaroaren 17an. Gurasoak ekonomia arazoengatik Parisera joanak ziren, bakoitza bere aldetik, eta han egin zuten topo, baina lehendik ere elkar ezagutzen zuten, ama Larrainekoa baitzen eta aita Ligikoa, hots Andoze ibarrekoak. Ni Parisen euskalduntzea beste gauza bat izan zen, bost urte bete arte euskaraz mintzatzen bainekien, baina gero galdu egin nuen. Hamahiru urterekin berriro gaitu nintzen euskaraz mintzatzeko. Bitxia da, aitak ez baitzuen gurekin euskaraz hitz egin nahi, baina amari eskapatzen zitzaion; euren artean ez zuten sekulan frantsesez hitz egiten,...

Zazpi urterekin heldu zinen lehen aldiz Euskal Herrira, Zuberoara... Nolako zirrara izan zen hura?

Gerra hasiera zen eta bi urte t’erdiz egon nintzen. Gai izan nintzen euskara ulertzeko baina ez mintzatzeko. Amak formula berezia erabiltzen zuen hizkuntzarekin: euskaraz zuzentzen zitzaidanean euskaraz erantzuten nion bera frantsesera pasatzen zen. Beraz, amaren euskara entzuteko derrigorrez frantsesa erabili behar nuen. Zuberoan natura deskubritu nuen, gero biologia ikastera eraman ninduena. Lan apur bat ere egiten nuen, urte aro guztietako beharretan, artajorran eta abar. Orduko Zuberoa ez zen gaurkoa. Garai hartan denak euskaldunak ziren... Ligin lau pertsona bakarrik ziren euskaraz ez zekitenak...

Gerra bizi izan zenuen hurbildik...

Ama izutua bizi zen, aita erresistentziako propaganda banatzen ibiltzen baitzen. Pariseko askapeneko uneetan aita desagertu egin zen, eta zenbait egunetan ez genuen deus ere jakin berataz... aharik eta etxera Mauser fusil batekin azaldu arte. Erresistentzia aktiboan zebilen! Handik egun batzuetara guk umeok ere parte hartu genuen barrikadak egiten... Gerra ondoren, berriz, gosea izan zen kolpatu gintuena.

Aita Joannes komunista, ama Maddalen euskaldun fededun... Semea, Txomin, ateo?

Aitak “L’Humanité” irakurtzen zuen, eta igandeetan saldu egiten zuen kaleetan; ni ere zaletu nintzen hura irakurtzera. Aita, dena den, komunismoaren dogmatismoarekin ez zegoen bat, eta politika utzi zuen. Ni ateo izateak ez dauka zer ikusirik aitaren militantziarekin. Bizitzak egin nau ateo... gero eta gehiago, gainera. Baina erlijioak aztertzen ditut eta amaitu berri dut liburu bat, gaztelaniaz, “El imaginario en las creencias populares y cultas”, baina ez erlijioez trufatzeko baizik eta kontraesanak agerian uzteko.

Nola sortu zen zugan euskal kulturarako grina?

Bi arrazoik bultzatu ninduten: alde batetik, anaia eta biok deskubritu genuen etxean “En France” liburua, Onesime Reclus geografo biarnesak idatzia, euskara XX mendean hil egingo zela zioena, eta gaineratzen zuen literaturarik gabe hizkuntza bat hiltzea birritan hiltzea zela. Bigarren arrazoia, Andima Ibinagabeitia izan zen. Biek “bortxatu” ninduten euskaraz idaztera. Andimarekin Pariseko Eusko Jaurlaritzaren ordezkaritzan egin nuen topo. Garai hartan bretoia ikasten ari nintzen eta haien egoitzan entzun nuen lehen aldiz “Gernika” abestaldea. Nik ez nekien ezer abertzaletasunaz, ezta existitzen zenik ere! Eta niri ere euskaraz abestea gustatzen zitzaidalako Avenue Marceau-ko ordezkaritzara jo nuen, eta Andimak ireki zidan atea. “Euskal nazionalismoaz nago interesatua” esan nionean... “Lehenik, euskara ikasi!” arrapostu zidan “Eta gero ikusiko duzu abertzale ala nazionalista zaren”. Ordudanik abertzalea naiz.

Euskarazko lehen idatzia 1948koa duzu...

Itzulpen bat izan zen, bretoierazko kantu batetik burutua. 1953an eleberri bat idatzi nuen baina lotan geratu zen ez bainekien non argitaratu. Txomin Agirre Sarira aurkeztu nuen 1964an eta irabazle suertatu nintzen, eta bi urte geroago publikatu zen, “Gauaz ibiltzen dena” tituluarekin. Hamahiru urte pasatu ziren!

Txomin Peillen, Paris... horrek guztiak Jean Mirande aipatzera garamatza...

Andimaren bidez ezagutu nuen Mirande. Baina Mirande niretzat porrota izan da, ez bainuen lortu bera faxismotik urruntzea eta bere burua bizirik edukitzea. Bere poemarik zaharrena 1948koa da, heriotzari buruzko soneto bat. Lagundu nahi nion... baina ez zidan kasurik egiten! Andimari gehiago egiten zion., baina zoritxarrez hura Ameriketara joan zen. Mirande etsimendura erortzen zen, sarri. Hori nire lehen porrota izan zen. Badut beste bat, Alfontso Irigoyenekin, ez bainuen laguna baketu ahal izan, haserrekorra zen-eta.

Bi porrot, baina baita arrakasta bat ere....

Bai, andrea... Parisen topatu nuen, irakaslea zen. Aspaldiko lagunak ginen, eta halako egun batean erabaki genuen ezkontzea. Marie Therese Olivier da, Normandiakoa, eta 1964an ezkondu ginen,...

Zure formazio profesionalerako Biologia hautatu zenuen... Zer dela-eta?

Interesatzen zitzaidan giza gorputzaren funtzionamendua eta, aldi berean, izadiaren funtzioa. Horrezaz gain, etnologia ere ikasi nuen, hain zuzen etnobiologia eta etnomedikuntza. Esparru horietan egin ditudan ikerketa guztiak euskaraz izan dira. Uztartzen saiatu naiz biologia eta etnologia.

Badirudi Algeriak sakon markatu zintuela...

Hango gerran gauza gogorrak ikusi nituen. Osasun zerbitzuan ibili nintzen soldadutzan. Gurutze Gorriko karta batekin ibiltzen nintzen, erizain nagusi bezala. Algeriar zibilak etortzen ziren gugana, eta arabiera ere ikasi nuen, modu xume batean. Eritasun anitz tratatu behar izan nituen: tuberkulosia, tifusa, begietako trakoma...

Baina horren guztiaren gainetik, Algeriak bake zaletasuna eman zizun...

Bai, hala da, Algerian tortura zer den ikusi bainuen. Zakurrak balira bezala tratatzen ziren presoak. Debekatzen ziguten haiekin medikuntza egitea. Hortik heldu zitzaidan bake zaletasuna.

Algeriako lau urtetako eskarmentuaren ondoren 1968ko Maiatzak harrapatu zintuen Parisen, irakasle bezala. Egun batzuez utzi zenuen irakaskintza... baina ez zinen kale borrokan aritu....

Bai... Algeriako sentimendu hark pisu handia zuen nigan. Bestalde, hura niretzat ez zen iraultza, frantziarrek, sabela beteegia baitzeukaten iraultza egiteko... Hala ere, iruditu zitzaidan Lizeoan funtsezko hausnarketa bat egin behar genuela gazteekin, eta eztabaidatu zer gertatzen ari zen. Nik Hirugarren Munduaren egoera azaldu nuen egun haietan, batez ere, Europan haien bizkar bizi ginela salatuz.

Euskal Herrira, bizitzera 1982an etorri zinen...

Doktoradutzako tesia nuen pasatzeko eta banekien lanpostu bat bazela Paueko Unibertsitatean. Uste nuen ikerketa lanak euskaraz egiten jarraitzeko, Euskal Herrian egon behar nuela. Euskal katedra sortu zuten Baionako Fakultatean, eta Euskara eta Euskal Zibilizazioa delako katedraren arduraduna izan naiz 1998ra arte. Orain katedradun emeritoa naiz. Orain lan egiten dut kongresu, ihardunaldi eta abarretan.

Hortik irradiatu duzu zure lana, ozeanoz bestaldera ere eraman zaituena...

Hego Ameriketako euskal diaspora ikertu dut Argentinan eta Uruguayen. Bi estatu horietan ditut oraindik ere senitartekoak. Montevideoko Unibertsitatean egin dut lan, eta han emandako hitzaldiekin liburu bat egin dut, “Bosquejos vasco uruguayos”, kronika bat izan dena euskaldunon emigrazio sozio ekonomikoaren gain.

Euskal Herriko eta kanpoko euskalduna ikertu duzu, jabetu egin zara euskal gogoaz... Horrek ekarri dizu herriarekiko konpromezu sendo bat eta horrek guztiak eraman zintuen politikara... Abertzalea zara, eta militantea...

Ba al dakizu zergatik sartu nintzen politikan? Pesimista naizelako! Optimistek kalte egiten dute politikan, eta ni beti ibili naiz kritiko. Orain, ordea, ez naiz militante. Nahikoa izan dut. Agian apur bat anarkista naizelako, subiranotasuna eta independentzia hitzek min apur bat egiten didate. Amets gehiegi egin dugulakoan nago. Segitzen dut kolaboratzen —kritikatzen— Zubiak aldizkarian.

Eusko Ikaskuntzak Manuel Lekuona Saria eman zizun 2009an, zure opera omnia dela-eta. Harro sentitzeko motiborik baduzu, ezta?

Ez nintzateke idazle, ikerlari, euskaldun, abertzalea izatera lagundu nautenen laguntzarik gabe. Ez banitu ezagutu zenbait pertsona —besteak beste, Ibinagabeitia, Mitxelena, Aresti, Haritschelhar, Apalategi— auskalo non egongo nintzen. Etsitzen nuenean adorezko hitzak zuzentzen zizkidaten. Txomin Peillen Karrikaburu (Paris, 1932) Txomin Peillen 1932. urteko azaroaren 17an jaio zen Parisen. Gurasoak euskaldunak zituen, Joanes Peillen Ligi eta Maddalen Carricaburu, baina bizitzaren gora beherak direla eta Frantzian ezagutu ziren. Gazte garaiko aldizkarien irakurketek eragin handia izan zuten Txomingan. Aita alderdi komunistean zegoenez l’Humanitéko kultura orrialdeak gogoko zituen, baina politika gaietan nahiago zuen klandestinoki hasi, Albert Camus-ek garai batean zuzendutako Combat egunkaria irakurriz. Txomin Peillen berak esaten du euskaldun mundua deskubritzeaz gain ez zaiola ezer garrantzitsurik gertatu, Marie-Thérèse Olivierekin 1964.urtean ezkontzea baizik. Algerian, Infirmier Major bezala eta Gurutze Gorriaren izenean, Dohanikako Sendakuntza Laguntza ematen ibili zen. Bertan ikasi zuen medikuntzaz zerbait, arabear dialektoaz beste zerbait eta bakezaletasuna. Gandhizale eta indarkeriaren etsai aitortzen da. 1982. urtean Euskal Herrira etortzen da eta Santa Grazin zeukan etxetik egiten ditu bere etnografia lan handienak, batik bat, Santa Graziko eta Ligiko berriemailekin. Ikasketei dagokienez Parisen biologia lizentziatura egin zuen, geologia apur batekin eta horrela gai horietan 22 urte joan zitzaizkion kolegio eta lizeotan eskolak ematen. CNRS (Centre National de la Recherche Scientifique) delakoak antolatutako Laboratoire des Langues et des civilisations orales taldean kidetu zen 1961. eta 1962. urteetan. Parisen Iberiar eta Iberoamerikar gaztelaniazko lizentziatura egin zuen, baita hezkuntza jakintzen lizentziatura ere. Horiekin guztiekin, alde batetik literaturan eta hizkuntza irakaskuntzan sartu zen eta Parisen 12 urteez Lavoisier lizeoan euskara irakaslea izan zen. Euskal Ikasketen doktoratua Haritschelharrekin Bordelen egin eta Paueko Unibertsitatean 15 urteez euskal irakasle izan zen. Orain irakasle emeritua da. Bitartean euskaraz eta frantsesez idatzi ditu fitologiazko eta linguistikazko lanak, gehienak zubereari buruz. Euskal literaturan sartu zuena eta aurrera egitera bultzatu zuena Andima Ibinagabeitia izan zen. Andimak eta Jon Miranderekin batera Gernika, Egan eta Euzko Gogoa, aldizkarietan artikulu eta olerkiak argitaratzeko zituzten. Domingo Aguirre saria behin baino gehiagotan eskuratu du. Aipatzekoak dira: Gauaz ibiltzen dena, Itzal gorria, Gatu beltza, Altxorra eta alkimia, Buffalo Billen abentura, Errotaria errege, Mirko printzea, Allande Elizagarai ligiarraren ixtoriak. Haurrentzat ipuin bildumak eta helduentzat sasi-erotikazko ipuinak, fantsasiazkoak, humorezkoak, detektibe girokoak idatzi zituen. Ikerketa sailean 24 liburu argitaratu ditu eta 192 ikerketa artikuluak eman ditu aldizkari ugarietan. Ikerketa gehienak euskaraz idazti arren, badaki beste hizkuntzetan idazteak eta mintzatzeak merezi duela. Frantsesez hiru liburu argitaratu ditu. “Bosquejos Vasco Uruguayos” erdaraz eman zuen eta ingelesez artikulu bat eta kantu bat idatzi zituen. Hots, saiatzen da egin dituen ikasketa gehienez baliatzera. Iturria: Txomin Peillen Karrikaburuk berak idatzitako biografia
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

Précédents

Santi Eraso. Kultur sustatzailea: Pasioagatik eta desioagatik jardun naiz beti

 

Irakurri

Karmele Jaio. Idazlea: Zoriontasuna azkenean uneak dira, ez gauza absolutua

 

Irakurri

Javier Echeverría. Filosofoa: Multikulturalismoa da gaur egungo gizarteen oinarri sendoa

 

Irakurri

María Elósegui Itxaso. Zuzenbidearen Filosofian katedraduna: Ateak ireki behar dizkiogu kulturartekotasunari

 

Irakurri

Zuriñe Fernandez de Gerenabarrena. Musikagilea: Bernaolak musikagile sentiarazi ninduen, ez nintzela ikasle hutsa

 

Irakurri