2022ko Barandiaran Beka Iñaki Intxaurbe Alberdik zuzendutako "Ilunpeetako sekretuak argiztatzen" proiektuari esleitu zaio.
Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak ematen duen 2022ko Barandiaran Beka Iñaki Intxaurbe Alberdik (Bilbo, 1992) zuzendutako Ilunpeetako sekretuak argiztatzen proiektuari esleitu zion aho batez epaimahaiak 2021eko abenduaren 28an eginiko bileran.
Intxaurbek azaldu duenez, “14.000 urte inguru duten artelan hauek ezkutatzen duten zenbait misteriori erantzuna eman nahi diegu, puntako teknologia erabiliz (3D teknologia eta Geografia Informazio Sistemak, besteak beste)”. Hori horrela, ikerketa honen bidez, Etxeberriko karbiaren 3D modelo bat egitea proposatzen dute proiektuan, “eta jada eginda dauden Santimamiñe eta Altxerriko 3D-ak erabiliz, hauen labar-artearen parametro espazialak ikertzea (ikusgarritasuna, edukiera, eta batez ere irisgarritasuna)”.
Intxaurbe Euskal Herriko Unibertsitateko Geologiako Departamentuan (Zientzia eta Teknologia Fakultatean) ari da doktoretza aurreko ikerketak egiten. Intxaurbek Diego Garate, Martin Arriolabengoa, Olivia Rivero eta Mª Ángeles Medina doktoreak izango ditu laguntzaile ikerketan.