Arabako landa-inguruneko ekimen sozioekonomikoak: lehen ondorioak

Proiektuak

2021/12/27

Arabako landa-inguruneko ekimen sozioekonomikoak: lehen ondorioak

Eusko Ikaskuntzak landa-garapenerako proiektu berritzaileen katalogoa aurkeztu du, 'Lurralde oreka' lan-programan lortutako ondorioekin batera.

Eusko Ikaskuntzaren Lurralde oreka programaren barruan, hainbat azterketa- eta dibulgazio-jarduera bultzatzen ari dira, landa-eremuetako errealitate sozioekonomikoaren eta etorkizuneko proiekzioaren inguruan. Testuinguru horretan, azaroaren 17an Añanan eta abenduaren 1ean Arraia-Maeztun bi foro egin ziren Arabako landa-ingurunea biziberritzeko ekimenak aurkezteko.

Proiektu berritzaileen berri emateaz gain, jardunaldiek ekintzaileen arteko topaketa eta hausnarketa partekatua ahalbidetu zuten. Parte hartzeko dinamika horretan, ekimenen izaera berritzailea eta soziala nabarmendu zen, bai eta haiek bultzatzen dituztenen irmotasuna eta ahalegina ere. Bestalde, sareak eratzeak eta laguntza-zerbitzu berriak sortzeak duen garrantzia azpimarratu zen; esaterako, agentzia edo leihatila bakarra izatea; landa-ingurunearen ikuspegi positibo eta proaktiborako komunikazioa indartzeko beharra; eta politika publikoek eta araudiek landa-ikuspegia hartzea eta zerbitzu publikoak ratio batzuen mende ez jartzea.

Eusko Ikaskuntzako talde tekniko batek Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Kutxa Fundazioaren babesarekin egindako landa-inguruneko ekimen sozioekonomikoen katalogoak gaur egun Araban martxan dauden 19 proiektu biltzen ditu. Sei tipologiatan sailkatu dira: lehen sektorea eta elikadura; aisialdia, turismoa eta gastronomia; herri txikietako merkataritza; kultura- sorkuntza eta -komunikazioa; energia berriztagarriak; landaingurunearen arazorako irtenbideak; eta zerbitzuak. Halaber, Europako esperientzia interesgarri batzuk jaso dira.

Ondorioak

Landa-garapenaren arloko proiektu berritzaileak aztertu ondoren, ondorio orokor batzuk atera daitezke:

  • Ekintzaile gehienak formazioa duten pertsonak dira eta beren ingurunearekin konprometitutakoak dira, hurbileko loturak eraikiz beren proiektuak garatzen dituztenak. Batez besteko adina 40 urte ingurukoa da.
  • Formazioa izan arren, normalean ez dute esperientziarik proiektu baten erabateko lidergoan. Horrek zailtasunak sortzen ditu, eta askotan haien bideragarritasun ekonomikoari eragiten dio.
  • Esperientzia dutenen artean, inguruko gabeziek mugatu egiten dute, askotan, proiektuen garapena. Zailtasun horiei aurre egiteko, autogestionatu egiten da edo sareak eraikitzen dira landa-eremuaren barruan edo kanpoan.
  • Proiektu gehienek jarduera erakargarri bat egitea proposatzen dute, suspertu nahi den landa-ingurune jakin batean.
  • Aztertutako ekimenen artean, Administrazioak eskaintzen dituen baliabide ekonomiko eta teknikoez baliatu dira batzuk; beste batzuk, berriz, aholkularitza edo laguntzarik gabe sortu eta garatu dira, bizi behar bati erantzunez.
  • Trantsizio ekologikoarekin lotutako proiektu asko daude. Oro har, zirkulartasun-maila handiko jarduerak dira, eta haien bideragarritasun eta iraunkortasun ekonomikoa dute helburu, konpromiso eta hobekuntza sozialeko helburuak arriskuan jarri gabe.
  • Landa-eremuaren ezaugarri esklusiboa ez izan arren, ekintzailetzaren atomizazioa oso egitura txikiko edo pertsona bakarreko proiektuetan oinarritzen da.
  • Ekimen gehienek IKTen erabilera intentsiboa egiten dute (batzuetan funtsezko osagaia da arrakastarako), eta horrek berariazko prestakuntza eskatzen du.
  • Zailtasunen artean, proiektuak abian jartzetik eratorritakoez gain, espazio eta alojamendu nahikoa ez izatea azpimarratu behar da, eta hori harrigarria da, lurralde eremua jendez husten ari delako.
  • COVIDak eta larrialdi-egoeratik eratorritako murrizketek eragin negatiboa izan dute oraindik martxan dauden ekimenetan.

Landa-inguruneko ekimen sozioekonomikoen katalogoa eta lan-dinamiken ondorioak Eusko Ikaskuntzaren web orrialdean daude eskuragarri.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp