Uztailaren 2an, Bilboko Sinposioaren beste edizio bat egin zen, kultur eragile eta elkarteen parte-hartzearekin.
Bilboko Sinposioa 1996tik urtero antolatzen du Eusko Ikaskuntzak, bertako udalarekin lankidetzan, eta aurten kultur arloko eragile eta elkarteak bildu ditu, 2022an abiatutako Eskubide kulturalak: parte-hartze eta gobernantzarako politikak lan-programaren ondorioak kontrastatu eta aberasteko.
Oskia Ugarte zuzendari zientifikoak ireki zuen saioa, eta Maider Zilbetik txostenaren ondorioak aurkeztu zituen "Parte-hartze kulturalerako politikak, kultur eskubideak". Alaia Cachenautek azaldu zuen Ipar Euskal Herriaren begiradatik eskubide kulturalen egoera, eta Iratxe Retolazak finkatu zituen Euskal Herri osoko erronkak eta eskubide kulturalen mapa.
Jardunaldiaren zatirik handiena dinamika parte-hartzaileari buruzkoa izan zen, talde txikitan egindako eztabaidekin. Ondorioen txostena kontrastatzeko saioan, kultur eskubideen hiru dimentsioei erreparatu zieten —parte hartzea, gobernantza eta kultur kudeaketa—, Euskal Herriko kultur eskubideen gainean zoru komun eta adostu bat eraikitzeko asmoz.
Artaziak Kooperatibakeko kideek eztabaidak animatu zituzten eta Karraskanek (Euskadiko berrikuntza eta berrikuntza kulturala sustatzeko elkartea), Alvaro Fierroren bitartez, bat egin zuen ondorioen lanketarekin eta horien zabalkundearekin.
Joanmari Larrarte Talde Eragileko kideak itxiera jarri zuen, eta urriaren 3an Gasteizen egingo den Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuaren baitan bere azken dokumentua aurkeztuko duen proiektuaren etorkizuneko ildoak marraztu zituen.
