Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak publikatzen duen Eusko Folklore Urtekaria aldizkariak 100 urte betetzen ditu, iragana soilik ez, oraina eta etorkizuna ere baditu jomugan.
Mende bateko bidea egin duen agerkari zientifikoari freskotasuna dario azken urteetako lanari esker. Hain zuzen ere, 51. zenbakiaz geroztik itxuraldatuta dabil, lehen begiratuan azalean nabari da hori, eta behin urtekaria zabalduta ohartzen gara edukiari, hizkuntza erabilerari eta parte hartzen duten egileei dagokienez ere eraldatu dela aldizkaria, bertako zuzendari Abel Ariznabarretaren eskutik, hein handi batean.
Mende bateko ibilbidean asko izan dira jorratutako gaiak: euskal etnografiaren inguruko ikerketek izan dute tokia batez ere bere orrietan, baina arkeologiaren ingurukoak ere irakurri ahal izan dira, batez ere hasieran, eta baita 2020an kaleratutako monografikoan ere, arkeologiari eskainia egon baitzen 54. zenbakia (mendeurrenaren aitzakiaz, irakurgai dago sarean).
Jose Miguel Barandiaranek ikerketarako zeukan grina handia zen eta hainbat bide jorratzera eraman zuen jakin-min hark; horietariko bat da Eusko Folklore Urtekaria. 1921. urtea zen eta egindako ikerketentzako erakusleiho izan gura zuen eta etapa ezberdinak bizi izan ditu: sorreratik gerra hasi bitartekoa; 1955-1978 urte artekoa (Aranzadi Zientzia Elkartearen argitalpen gisa); 1979-1988 Eusko Ikaskuntzaren baitan eta 1989tik gaur arte, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioaren argitalpen modura.
Eusko Folklore Urtekariaren 55. zenbakiak ikusiko du argia 2021eko bigarren seihilekoan. Eta urte honetan modu xumean bada ere, Jose Miguel de Barandiaran Fundazioak mendeurrena ospatuko du.