Akordioak aukera emanen du 2019an abiatutako "Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza" izeneko lan programan sakontzeko.
Eusko Ikaskuntzak eta Nafarroako Gobernuak hitzarmen bat sinatu dute, bi erakundeek 2021erako hartutako konpromisoen markoa zehazten duena. 55.000 euroko laguntza izango du, eta Gobernuak hasieratik lagundutako proiektuaren hirugarren fasea onartu da.
Nafarroako Gobernuko Herritarrekiko Harremanetarako kontseilari Ana Ollok eta Eusko Ikaskuntzako lehendakari Ana Urkizak sinatu dute dokumentua, eta Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza proiektuan sakontzeko aukera emango du. 2019an hasi zen lan programa hau, parte hartzeko, eztabaidatzeko eta herritarrei, gizarte eragileei eta espezialistei irekia. Bi ardatzetan oinarritzen da: Nafarroan ezaugarri den aniztasunean elkarrekin bizitzea eta horren kudeaketa demokratikoa, gutxieneko premisa adostuak bilatuz.
Aurreko faseetan lortutako emaitzetatik abiatuta, 2021ean aztertuko dira euskararen kudeaketak eta nortasunek Nafarroako bizikidetzan distortsioak zergatik sortzen dituzten, eta nola ebatz daitezkeen demokratikoki bai gizartetik bai erakundeetatik. Horretarako, besteak beste, adinean, generoan, eremu akademiko eta profesionaletan eta ideologian adituak diren pertsonen iritzia bilduko da. Horiekin, jarraitutako lan-prozesua, giltzarri nagusiak eta funtsezko beste edozein alderdi aztertuko dira. Era berean, gizarte demokratiko batek bere ezberdintasun eta gatazkak bideratzeko behar dituen tresnei buruzko gogoeta-jardunaldiak antolatuko dira. Azkenik, ondorioak txosten batean jasoko dira.
Hitzarmenaren Jarraipen Batzordea, bi entitateen ordezkariek osatzen dutena, urtean bitan bilduko da gutxienez.
Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko harremana
Hitzarmen horren bidez, Gobernuak eta Eusko Ikaskuntzak duela hiru urte hasitako lankidetzarekin jarraitzen dute. Lankidetza horri esker, Nafarroako kulturarekin eta gizartearekin zerikusia duten gaiak aztertzen eta zabaltzen jarrai dezake erakunde horrek, gizarte eredu hobea lortzeko bidean aurrera egin ahal izateko.
Nafarroako Foru Aldundia Eusko Ikaskuntzaren sortzaileetariko bat izan zen 1918an, Araba, Gipuzkoa eta Bizkaiko aldundiekin batera, erkidego horietan kulturaren agerpen guztiak aztertu eta zabaltzeko.
Orduz geroztik, Nafarroako Gobernuaren eta Eusko Ikaskuntzaren arteko harremanak etenik gabe iraun du 2011 arte. 2016. urtean bi erakundeen arteko lankidetza hitzarmenari ekin zitzaion berriro.