Urte hasieran, Eusko Ikaskuntzak eta Euskadiko eta Nafarroako Gazteriaren Kontseiluek beste bultzada bat emango diote mugaz gaindiko gazteen lankidetza-programari.
Mugaz Gaindiko Lankidetza Sareak programa diziplina anitzeko gizarte-berrikuntzako ariketa da, elkar ezagutzeko eta ikuspegi, jatorri, diziplina eta genero desberdinak dituzten gazteen artean balio partekatuak sortzeko. Gazteen eta pertsona, erakunde eta elkarteen arteko elkarlanaren bidez, etorkizunari begira interes komuneko lau esparru landu dira: hezkuntza (formala eta ez-formala), gobernantza (parte-hartzea eta ahalduntzea), sozioekonomia (ongizate materiala), eta euskara eta hizkuntza-politikak.
Diagnostikoaren eta kontzeptualizazioaren lehen fasearen ondoren, parte hartzeko foroak egin ziren Donostian (2019ko abenduaren 14an) eta Iruñean (2020ko otsailaren 8an). Ondoren, krisi pandemikoan (maiatzaren 9an), ondorioak aurkezteko foro bat egin zen on line.
Lan horren guztiaren emaitza “Gazteen aniztasuna eta gobernantza-eredu berriak: mugaz gaindiko gazteen lankidetzarako oinarriak” txostena da. Bertan jasotzen dira bai azterketa (kezkak, instituzionalizazio-erronkak eta -proposamenak), bai akordioak (erronka eta helburu komunak, baita lankidetzarako proposamenak ere) laneko lau esparruetan, eta lurralde bakoitzak horri buruz dituen berezitasunak zehazten dira.
Txosten hori urte berriaren hasieran aurkeztuko dela aurreikusten da, eta udaberrira arte luzatuko den lan fase berri baterako abiapuntu gisa balioko du.