Hiru urte Hezkuntzaren inguruan adostasunerako bideak lotzen

Proiektuak

2022/06/23

Hiru urte Hezkuntzaren inguruan adostasunerako bideak lotzen

Zer gizarte nahi dugu eta zer hezkuntza behar dugu horretarako? Hori da Eusko Ikaskuntzak 2019az geroztik lantzen duen gaia.

Hezkuntza-sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzen” programa Eusko Ikaskuntzaren bereizgarri diren oinarri historiko eta metodologikoetan kokatzen da, epe luzera begira, Euskal Herriko herrialdetako gizarte eta lurralde aniztasuna errespetatuz, ahalik eta adostasunik handienak sortzeko asmo ausarta eta ekintza praktikoa azpimarratuz. Alde batetik, Eusko Ikaskuntzaren sorrera-gutunean bertan (1918) jasota dagoen hezkuntza-aurrerapenarekin du konpromisoa eta, bestetik, gure garaiko errealitate eta erronkei erantzungo dieten gizarte-akordio zabalak eztabaidatzeko eta kudeatzeko topagune izan nahi du.

Lehenengo fasean, 2019 eta 2022 bitartean, programak aurrera egin du administrazio eta gizarte esparruetan konfiantza-sareak sortzen eta lehentasun nagusiak identifikatzen. Testuinguru horretan, “Ehun zubigile hezkuntza sistemaren etorkizuna elkarrekin lantzen” izeneko belaunaldien arteko lehen foroa deitu zen (Donostia, 2021eko irailean). Horren jarraipen gisa, ekainaren 18an, Euskal Hezkuntza Sistemaren foroa egin zen Donostian, “Euskal hezkuntza sistema: etorkizuna elkarrekin lantzen. Gazteen ahotsa eta azpimarra” Euskal Herriko lurralde guztietako taldeetako ordezkariak eta gazteak bildu zituena, Euskal Hezkuntza Sistemari buruz gogoeta egiteko eta elkarrenganako konfiantzazko gune bat sortzeko.

Udazkenerako beste bi saio daude aurreikusita, Ipar Euskal Herriko eta Nafarroako errealitate bereziei buruzkoak: Baionan urriaren 1ean eta Iruñean hil bereko 22an. Bigarren foro horretan, Eusko Ikaskuntzaren beste bi proiekturekin egingo da lan: “Kultura-eskubideak, partaidetza eta gobernantza politikak” eta “Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan”.

Bestalde, Eusko Ikaskuntzak hezkuntza-sistemaren eguneraketa agendan duten erakundeekin lagundu nahi du. Hala, joan den urtearen amaieran, Eusko Legebiltzarrean garatzen ari den programa aurkeztu zuen, eta, Eusko Jaurlaritzarekin lankidetzan, sinposio bat antolatu zuen Gasteizen, 2021eko urrian, eta foro parte-hartzaile bat, Donostian, 2022ko ekainaren 4an: “Askotariko segregazioari nola erantzun hezkuntza sistematik? adostasunerako bide partekatu baterako oinarriak”.

Lan horrekin guztiarekin, eragileen arteko konfiantza lortzea da helburua, eta, Euskal Herriko hiru administrazio-lurraldeen inplikazio instituzionalarekin, “Euskal Hezkuntza Sistemaren Liburu Zuria” idazteko konpromisorantz aurrera egitea.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp