Ituntzen proiektuaren helburu nagusia zainketen inguruko gizarte akordioei bultzada bat ematea da, horrela, euskal gizartearen ongizaterako erronkarik kritikoenetako bati helduz.
Hainbat eragileren arteko lankidetzaren bidez, zaintza-eredu bidezkoagoa eta iraunkorragoa definitu nahi da, eraldatzen ari den gizartearen premiei erantzungo diena. Prozesu horrek, zehazki, laguntza-sareak (publikoak zein komunitarioak) sendotuko dituzten estrategiak diseinatzea eskatzen du, mendekotasuna duten pertsonen eta pertsona horiei arreta emateaz arduratzen direnen bizi-kalitatea hobetzeko.
Joan den urriaren 16an bi foro egin ziren Donostian, Ituntzen prozesuaren baitan. Topaketa hauek Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografirako Sailaren babesa izan dute.
Proiektu hau testuinguru zabalago baten barruan kokatzen da, Euskal Herrian gizarte- eta lurralde-kohesioa erraztuko duten adostasunak lortzeko premiazko beharrak markatuta. Aurretik egindako Eusko Ikaskuntzaren XIX. Kongresuan, euskal jendarte eta lurraldearen aurrerapen bateratua bultzatuko duten akordioak lortzearen garrantzia azpimarratu zen, eta Ituntzen prozesua norabide horretan aurrera egiteko ahalegin zehatza da. Zehazki, foro horiek zainketen alorra landuko duten itunak sendotzeko lehen urratsa izan dira, gai hori funtsezkoa baita datozen urteetan gizarte-kohesiorako.
Foroetan akademiako eta gizarte zibileko ordezkari ugarik hartu zuten parte. Bereziki, hirugarren sektoreko hainbat erakundetako ordezkaritza zabala izan zen: desgaitasuna, inklusioa, adinekoak, emakumeak eta migratzaileei erantzuna eman nahi dioten erakundeak. Hauek izan dira benetako protagonistak, eta erakunde horiei ahotsa eman nahi izan zaie, zainketa-eredu inklusibo eta kolaboratibo bat eraikitzeko funtsezko zeregina dutela aitortuz.
Enplegua eta ordaindu gabeko lana
Bigarren foroa –Donostiako lehena– Uzuri Castelo Moñux UPV/EHUko irakasle eta ikertzailearen hitzaldiarekin hasi zen. Bertan, zaintzaileen lan-egoerari eta familiak euskal lurraldeetan zainketa-sisteman duen pisuari buruzko ikuspegi zehatza eman zuen.
Castelok zainketak kontzeptualizatuz hasi zuen bere hitzaldia. Jarduera erabakigarria izan arren, zainketak, oraindik ere ikusezinak dira maila sozial, ekonomiko eta politikoan, eta oso feminizatuta daude. Izan ere, emakumeek 3,2 aldiz denbora gehiago ematen dute ordaindu gabeko zaintza-lanetan gizonekin alderatuta, eta sektore horretan lan egiten dutenen % 80 emakumeak dira.
Azterketan, nabarmendu zuen Euskal Herriko zainketa-sistemak egitura familiarista baten eragin handia izaten jarraitzen duela, eta egitura horretan familiak eta, bereziki, emakumeek beren gain hartzen dituztela arreta-erantzukizun gehienak. Zaintza merkantilizatzeko joera gero eta handiagoa dagoen arren, kontratazio pribatua eta administrazio publikoen azpikontratazioa handituz, familia da oraindik ere sistemaren zutabe nagusia.
Irakaslearen arabera, zainketen sektoreak hazkunde nabarmena izan du 90eko hamarkadaz geroztik, bizi-itxaropenaren gorakadak eta mendekotasun-egoeran dauden pertsonei arreta emateko eskaera handiagoak bultzatuta. Krisi ekonomikoak gorabehera, enplegu gutxien galdu duen sektoreetako bat da. Hala ere, hainbat egitura-arazo daude oraindik: informaltasuna, lan-prekarietatea eta aintzatespen profesionalik eza. Sektorearen feminizazioa, pobrezia eta langile askoren ahultasuna, bereziki migratzaileak, dira erronka nagusietako batzuk.
Gainera, zaintza hainbat esparruren elkargunean dago: ordaindutakoa eta ordaindu gabea, soziala eta sanitarioa, publikoa eta pribatua. Telelaguntzako eta etxez etxeko arretako zerbitzuetan enpresa pribatuak eta "startup"-ak ugaritu izanak gero eta merkantilizazio handiagoa erakusten du, baina erregulazio eta lan-baldintza eskasekin.
Azterketa horretatik abiatuta, foroan parte hartu zutenek funtsezko hiru esparrutan jarri zuten arreta: sektoreko langileen balorazio profesionalean, lan-baldintzen hobekuntzan eta familiek egiten duten ordaindu gabeko lanaren aintzatespenean. Hiru alderdi horien hobekuntzan aurrera egiteko neurri zehatzak proposatzea izan zen egindako lana, sektoreko enplegua duintzeko, lan-baldintza justuak ziurtatzeko eta familiek zaintza-sisteman egiten duten ekarpen erabakigarria aitortzeko. Proposamen nabarmenen artean, sektorea profesionalizatzeko beharra aipatu zen, prestakuntza handiagoa emanez, oinarrizko lan-eskubideak bermatuz eta zaintza-lan formalaren eta familia-erantzukizunen arteko oreka sustatuz. Parte-hartzaileek adierazi zuten aurrerapen horiek funtsezkoak liratekeela zaintza-sistema bidezkoagoa eta iraunkorragoa eraikitzeko.
Belaunaldien arteko elkarrekikotasuna zainketetan
Hirugarren saioa –Donostiako hirugarrena– Begoña Elizalde-San Miguel NUPeko irakaslearen hitzaldiarekin hasi zen. Foroaren gai nagusia testuinguratzeko balio izan zuen hitzaldiak: belaunaldien arteko elkarrekikotasunean zainketen alorrean. Bere hitzaldian zehar, Elizalde-San Miguelek "zainketen desorekak" kontzeptua azaldu zuen, baita horiek dinamika sozialetan nola eragiten duten ere, funtsezko hiru alderdi nabarmenduz.
Lehenik eta behin, egungo erronka demografikoen eta zainketen antolaketaren arteko desorekari heldu zitzaion. Biztanleriaren zahartzeak eta jaiotza-tasaren jaitsierak gero eta presio handiagoa eragin dute emakumeen eta familiaren artean neurriz kanpo oinarritzen den zainketa-eredu baten gainean. Elizalde-San Miguelen arabera, eredu hori jasanezina da epe luzera, datu demografikoek erakusten baitute ez duela bermatzen zainketen jarraitutasuna eta kalitatea. Batez ere emakumeek jasaten dute zama, ikuspegi tradizional horri eustea zailtzen duten populazio-aldaketen testuinguruan.
Bigarren desoreka familiak bere osaerari eta betetzen dituen funtzioei dagokienez jasan duen eraldaketa esanguratsuari dagokio. Gaur egun, familia-eredu berriek, hala nola guraso bakarreko etxeek edo seme-alaba gutxiago dituztenek, erronka garrantzitsuak dituzte zaintza-hornitzaile nagusi gisa familiak duen rolari eusteko. Bilakaera horrek koherentziarik eza sortu du familia-konfigurazio berri horien errealitatearen eta zaintza-lanak nagusiki bere gain hartzen jarraitzeko beharraren artean. Familiaren gaineko presioa, zentzu horretan, neurriz kanpokoa eta eusteko zaila da, eta horrek egiturazko tentsioak sortzen ditu.
Azkenik, Elizalde-San Miguelek hainbat eragilek — familiak, estatua, merkatua eta komunitatea — egoera ezegonkor horri aurre egiteko garatutako estrategiak aztertu zituen. Familiek, zainketen horniduran zutabe nagusi izaten jarraitzen duten arren, gero eta zailtasun gehiagorekin egiten dute, aipatutako aldaketa sozial eta demografikoen ondorioz. Merkatua, bestalde, rol nabarmenagoa hartzen hasi da zainketa-zerbitzuen horniduran, batez ere telelaguntzaren edo etxeko arretaren moduko zerbitzuen merkantilizazioaren bidez, baina horrek ez du beti lan-baldintza egokiekin edo erregulazio nahikoarekin batera ekartzen. Estatuak, zainketen finantzaketan duen partaidetza handitu badu ere, ez du erantzukizuna bere gain hartzen oraindik ere, eta familien gain uzten du zamaren zati handi bat. Komunitateari dagokionez, auzo-sareak eta elkarte zibilak krisi honi irtenbideak ematen saiatzen dira, baina haien gaitasuna mugatua da eta ez dute lortzen sistemaren egiturazko gabeziak betetzea.
Azterketa horretatik abiatuta, foroko partaideek arreta jarri zuten belaunaldien arteko formulak identifikatzean, zainketen erantzukizuna modu bidezkoagoan banatu ahal izateko, zama belaunaldi edo talde sozial bati soilik egotzi gabe. Belaunaldien arteko lankidetza sustatzearen garrantziaz eztabaidatu zen, baita zaintza-lanen banaketa bidezkoagoa bermatuko duten politika publikoak garatzearen garrantziaz ere. Halaber, azpimarratu zen administrazioaren, merkatuaren, familien eta komunitatearen arteko erantzunkidetasuna funtsezko zutabea dela zaintza-sistema iraunkorrago eta orekatuago baterantz aurrera egiteko.
Hiru foroetan jasotako ekarpen guztiak hiru txostenetan bilduko dira, eta datozen asteetan hainbat eragilerekin kontrastatuko dira. Urte amaieran ondorio nagusiak argitaratzea aurreikusten da.

