Jardunaldiak Nafarroan: nola landu konfiantza desberdinen artean?

Proiektuak

2021/05/18

Jardunaldiak Nafarroan: nola landu konfiantza desberdinen artean?

Gizarte demokratiko batek bere ezberdintasun eta gatazkak bideratzeko behar dituen tresnei buruzko hausnarketa-jardunaldia egingo da Iruñean ekainaren 16an.

Gure desadostasunak: desberdinen artean konfiantza lantzen Nafarroan” du izena Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza programaren baitako foroak, Eusko Ikaskuntzak eta Nafarroako Foru Gobernuak bultzatzen dute 2019tik. Prozesuan zehar lortutako emaitzetatik abiatuta, jardunaldi honetan gogoeta egitea proposatzen da, bai gizarteak bai Foru Komunitateko erakundeek bizikidetzako distortsioak demokratikoki nola bideratu litezkeen aztertzeko.

Ekainaren 16ko jardunaldia goizeko saio bakarrean eginen da, formatu hibridoan: presentziala, Iruñeko Civicanen, eta online, zoom plataformaren bidez. Inaugurazioa Ana Ollo Foru Gobernuko Hiritarrekiko Harremanetarako kontseilariak, Mikel Aranburu Zudaire Eusko Ikaskuntzako Nafarroako lehendakariordeak, eta Javier Miranda Caja Navarra Fundazioko lehendakariak egingo dute.

Amaia Nausiak eta Julen Zabalok, proiektuaren arduradun gisa, “Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa Nafarroan: bizikidetza” txostena aurkeztuko dute. Txosten horretan, egindako lanaren deskribapena eta ateratako ondorioak jaso dira. Maiatzaren 19an aurkeztu zen Nafarroako Foru Parlamentuko talde politikoen aurrean, Herritarrekiko Harremanetarako Batzordearen bilkuran.

Ondoren, nazioarteko esperientziei buruzko mahai-ingurua egingo da, Txoli Mateosek gidatua, bertan Bartzelonako Pompeu Fabra Unibertsitateko Jaume López eta Ipar Irlandako kasuari buruz Gilen García arituko dira. Herritarrek parte hartzeko eta galderak egiteko denbora ere egongo da.

Hirugarren multzo akademiko batek Nafarroako Unibertsitate Publikoko hiru irakasle bilduko ditu, Carmen Innerarity, Jorge Urdanoz eta Lohitzune Zuloaga, “Konfiantza lantzen Nafarroan: nola kudeatu gure desadostasunak?” gaiaren inguruan, Txoli Mateosen gidaritzapean.

“Konfiantza lantzen Nafarroan: Nola kudeatu gure desadostasunak?” jardunaldian parte hartu nahi duen pertsona orok izena eman dezake Eusko Ikaskuntzaren webgunearen bidez.

Azkenik, azpimarratzekoa da jardunaldi hau Eusko Ikaskuntzaren eta Nafarroako Gobernuaren arteko 2021erako konpromisoaren barruan kokatzen dela, joan den maiatzaren 12an lankidetza-hitzarmen bat sinatuz berretsia izan zena.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp