Landa eremuko ekimen sozioekonomikoak ezagutzen

Proiektuak

2021/11/18

Landa eremuko ekimen sozioekonomikoak ezagutzen

Landa eremuari buruzko gogoeta, ikaskuntza eta trukea sustatzeko urratsak eman ditu Lurralde Oreka programak.

XXI. mendeko Landatartasun berria. Praktikak eta kontakizunak” izeneko jardunaldia izan zen urriaren 28an, Gasteizen, Arabako Foru Aldundiak eta Eusko Ikaskuntzak antolatuta, Lurralde Oreka lan-programaren barruan. Foroa bi zatitan egituratu zen. Lehenengoan, Arabako errealitate demografikoari eta etorkizunari buruzko bi azterlan aurkeztu ziren. Jardunaldiaren bigarren zatian, mahai-inguru baten bueltan bost gizarte-eragilek gogoeta egin zuten Arabako landa eremuaren eta etorkizuneko joerei buruz: Aritz Ibañez (Mendialdea Radio), Irantzu Lekue (artista garaikidea), Marta Martín (Noticias de Álava), Unai Ugarte (Radio Vitoria) eta Ion Muñoa (Eusko Ikaskuntza), azken hau moderatzaile lanetan.

Proiektu horretan aurrera eginez, azaroaren 17an Gesaltza-Añanan izan den eta abenduaren 1ean Arraia-Maeztun izango den beste bi topaketa antolatu dira, Arabako landa-ingurunea biziberritzeko ekimen sozio-ekonomikoen katalogoa ezagutarazteko. Arrate Arinek, Imanol Esnaolak, Aritz Ibañezek eta Ekain de Olanok osatutako lan-taldeak, Arabako Foru Aldundiaren eta Vital Fundazioaren laguntzarekin, 18 proiektu bildu dituzte katalogoan, sei tipologiatan banatuta: lehen sektorea eta elikadura; turismoa, gastronomia, aisialdia eta merkataritza txikia; kultur sorkuntza eta komunikazioa; energia berriztagarriak; etxebizitzaren arazorako irtenbideak; eta zerbitzuak landa eremuan. Halaber, Europako esperientzia interesgarri batzuk jaso dira.

Azaroaren 17ko jardunaldian, Añanan, bost ekimen zehatz aurkeztu ziren: basoen kudeaketa jasangarria (Iñaki Etxebeste, Errez kooperatiba), zizare-humusaren ekoizpena (Andrea Cortés, Añanako Humusa), Audikanako ihes-gela (Conchi Jiménez, Lautada Puzle Room), transmedia komunikazio proiektua (Aritz Ibañez, Mendialdea irratia), Energia komunitateak (Rafa Larreina, EMASP kooperatiba) eta adineko zaintzarako Teknoadineko Landalab (Mila López Aldama, Agintzari kooperatiba).

Abenduaren 1ean Maeztun aurkeztuko diren ekimenei dagokienez, honako hauek izango dira: proposamen gastronomiko berritzailea (Edorta Lamo, Arrea! jatetxea), ogi lantegia eta agrodenda (Anna Montserrat eta Nacho Beltrán de Heredia, Mendialdeko Ogia), Azala sorkuntza gunea (Idoia Zabaleta, Azala gunea), baserri hutsak birgaitzea (Gorka Egia, Egia Aholkularitza), landako etxebizitzen berregokitzea (Leyre Carlos, ADD Home Staging) eta landa-ingurunerako mugikortasun positiboa (Patxi Miranda, Kudea Go!).

Elkartrukerako eta talde-sorkuntzarako dinamikekin osatuko dira aurkezpenak.

Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp