TransisLab, mugaz gaindiko erronkei aurre egiteko laborategia

Proiektuak

2025/06/16

TransisLab, mugaz gaindiko erronkei aurre egiteko laborategia

TransisLab proiektuak aurrera egiten jarraitzen du Euskal Herriko mugazgaindiko Living Lab gisa sendotzeko bidean.

Lehen fasean proiektu pilotuak martxan jarri ondoren, laborategia une erabakigarri batean sartu da orain: ikasitakoa transferitzeko eta kapitalizatzeko garaia da. Aurrerapauso hau mugarri bat da gizarte-berrikuntzako ekosistema gisa sendotzeko bidean. Esperimentazio sendo batean oinarrituta, TransisLab tokiko beharrak, ezagutza partekatua eta politika publiko eraldatzaileak konektatzen dituen plataforma egituratzaile gisa ari da sendotzen.

Mugaz gaindiko erronken aurrean, berrikuntza lankidetzan

Gizarte eta lurralde berrikuntzan gero eta eredu kolaboratiboagoak ari dira garatzen. Gainera, tokian tokiko errealitateari lotuago daude eredu hauek. Testuinguru horretan, Living Lab-ak funtsezko espazio bihurtu dira erronka konplexuei aurre egiteko, herritarrak, administrazioak, unibertsitateak eta sektore pribatua inplikatzen dituzten prozesu parte-hartzaileen bidez. Europa mailako Interreg programaren baitatik, TransisLab-ek muga eremuko lurraldeen etorkizuna birpentsatzeko egien du lan, berrikuntza, lurralde-kohesioa eta parte-hartze aktiboa elkargurutzatuz.

Living Lab-ak pertsonak erdigunean jartzen dituzten berrikuntza irekiko ekosistemak dira, eta irtenbideak testuinguru errealetan diseinatu, probatu eta balioztatzen dituzte. Beraien sorkuntza-metodologiak ikerketa eta eguneroko bizitza uztartzen ditu, lurraldeko eragile guztiak zuzenean inplikatuz. ENoLL sare europarrak bultzatuta, espazio hauek berrikuntza inklusiboagoa, malguagoa eta tokiko komunitateentzako emaitza zehatzei zuzendutakoa sustatzen dute.

Euskal Herrian, ikuspegi honek zentzu berezia hartzen du: administratiboki zatitua den lurralde bat da, baina lotura sozial, ekonomiko eta kulturalek batzen dute. Mugaz gaindiko lankidetza etorkizuna elkarrekin pentsatzeko aukera ematen du, estatu-mugak gaindituz. Horrela, Living Lab-ak bat datoz Interreg programaren helburuekin, berrikuntza eta eskualde-kohesioa bultzatzeko proiektu lankidetzazkoen bidez. Erronka demografikoa jorratzeko, trantsizio ekologiko eta digitala sustatzeko edo komunitateen arteko loturak sendotzeko duten potentzialagatik, funtsezko tresna bilakatu dira Europako agendan.

Esperimentatzeko, ikasteko eta eraldatzeko ekosistema bat

Lehen deialdian, TransisLab-en ardatza landa-eremuetan bizi diren pertsonen zaurgarritasuna ari da izaten, eta errealitate hori dimentsio anitzetatik aztertu da: sozialetik, ekonomikotik eta lurralde mailatik. Urte eta erdiko lanaren ondoren, proiektuak egin ditu lan erdiak, eta pilotaje guztiak martxan daude jada, ikaskuntza baliotsuak sortuz eta eredua finkatzeko bidean aurrera eginez. Azken topaketaren ostean, laborategiari ikuspegi integral batetik forma emateko lanean hasi da lantaldea: gobernantza-egitura, eskainiko dituen zerbitzuak, bideragarritasun ekonomikoa eta ezarpen-faseak barne.

Gobernantza aldetik, eredu parte-hartzaile bat diseinatzen ari da, lurraldeko eragile ezberdinak erabakietan parte hartzera bideratua: tokiko eta eskualdeko administrazioak, unibertsitateak, elkarteak, eragile ekonomikoak eta herritarren ordezkariak. Helburua kudeaketa partekaturako sistema bat sortzea da, lidergo instituzionala eta proiektuaren jabetza soziala orekatuko dituena.

Zerbitzuei dagokienez, Living Lab-ak tresna espezifikoak garatuko ditu landa-eremuko biztanleriaren ahultasuna diagnostikatzeko arlo hauetan: despopulazioa, zerbitzuetarako sarbide desorekatua eta zahartzea. Diagnostiko horietatik abiatuta, ekimen eraldatzaileak bideratzeko laguntza-prozesuak jarriko dira martxan, metodologia errepikagarrien bidez beste eremu batzuetara zabaldu ahal izateko.

Ekonomiari dagokionez, hainbat autofinantzaketa bide aztertzen ari da lantaldea, besteak beste, zerbitzuak eskaintzea entitate publiko eta pribatuei, programa europarretan parte hartzea eta tokiko eragileekin aliantzak sortzea. Helburua da Living Lab-a egitura jasangarri bihurtzea, bere erabilgarritasunaren, legitimitate sozialaren eta baliabide anitz mobilizatzeko gaitasunaren bidez bere burua mantendu ahal izango duena.

Datozen hilabeteetan antolaketarako lehen proposamenak garatuko dira, eta hori funtsezko etapa izango da eraginkortasun operatibo sendoa bermatzeko eta, bigarren fase batean, eredua hedatzeko eta bere inpaktua ebaluatzeko. Azaroaren 20an, Ficoban, lan-saio bat egingo da konsortzioko bazkideekin, Living Lab-aren diseinuan izan diren aurrerapenak partekatzeko eta lehen proposamen metodologikoak kontrastatzeko. Une erabakigarria izango da eredua lankidetza-esparruan fintzen jarraitzeko.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp