Eusko Ikaskuntza-Donibane Lohizuneko musika sariak: Mixel Etxecopar eta Marina Beheretche

Sariak

Eusko Ikaskuntza-Donibane Lohizuneko musika sariak: Mixel Etxecopar eta Marina Beheretche

Ordutegia eta data:
2023/01/28 11:30
Tokia:
Donibane Lohizuneko Herriko Etxeko Kontseilu gelan

2019an, Eusko Ikaskuntzak eta Donibane Lohizuneko hiriak beren engaiamenduak berritu zituzten baita hitzarmen berria izenpetu ere Eusko Ikaskuntzaren parte hartzea sustatuz Donibane Lohizuneko hiriarekin lankidetzan antolaturiko ekitaldi zientifiko eta kulturaletan.

Hitzarmen honen karietara, Donibane Lohizuneko hiriak eta Eusko Ikaskuntzak sariketa berriak sortu dituzte, bi instituzioek musikarekiko duten atxikimenduari balioa emendatuz.

Bi sari hauek sortu dira, eskualdeko musikariekin hausnarketa eramanez gero :

  • Ohorezko sariak pertsona ezagun baten ibilbide eredugarria edo bere ibilbidean musikaren ezagutza eta musikaren defentsan parte hartu duen pertsona talde bat sariztatzen du.
  • Gazte sariaren helburua da pertsona edo talde gazte baten ibilbidea baloratzea eta musikaren inguruan lanean jarrai dezaten.

Aurten Eusko Ikaskuntza eta Donibane Lohizuneko herriko etxeak proposatutako epaimahaiak Mixel Etxecoparri eskainiko dio Ohorezko musika saria eta Marina Beheretchek gazte saria jasoko du.
 

Mixel Etxecopar Ohorezko musika saria

Michel Etchecopar 1963an sortu da, Gotaine-Irabarneko Agerregarai etxaldean. Familiako bost haurretarik gazteena da. Eskola publikoan, Mauleko espartin lantegietan lan egitera jin etorkin portugesen haurrak ezagutu zituen. Nortasun desberdintasunen esperientzia horrek barneko izaera aldatu zion.

Aldi berean, gazte-gazterik, ingurumeneko naturarekin, Xiberoko eüskararekin bai eta dantzarekin eta musikarekin (txülüla) izan zuen harreman sakonak ere eragin handia du.

Haren errientak, berantago haren aitaginarreba izanen zenak, Xiberoko dantza eta kantua irakatsi zizkion. Kolegioko denboraren hastapenean, Urdiñarbeko Erramun Tartachu haren dantza-maisu izan zen, eta denbora berean (1975-1976) txülüla edo xirula ikasten hasi zen, Mauleko Jean Copenek irakatsirik. 1977an, Michel Etchecopar Urdiñarbeko maskaradan ari izan zen, Pette bere anaiarekin, eta geroztik, musikari gisa, maskarada gehienetan parte hartu zuen. Lehen aldikotz, Gotaine-Irabarneko pastoralean parte hartu zuen, 1973an, jokalari gisa (Aingeruaren rola, 10 urte baitzituen), eta ondokoetan, xirulari eta gero koru zuzendari gisa (1993tik goiti). 1990ean, Michel Etchecopar Gotaine-Irabarneko Xiru festibalaren abiarazleetarik izan zen, 1994an, Abotia kultur elkartearen sortzaileetarik, eta 2004an, Hebentik artista kolektiboaren sustatzaileetarik.

Gaur, xiberotar dantza eta kantu ohitura berrien eta aspaldikoen bilaketan aritzen da. Abiarazi dituen sorkuntza guziek hori erakusten dute. Irakaskuntzaren bidez (bereziki kantua eta xirula), ondare immaterial horren transmisioari ere leku handia ematen dio.
 

Marina Beheretche gazte musika saria

Hemeretzi urte dituen geroztik, Marina Beheretchek, bata bestaren ondotik, kosolista karguak bete ditu, Toulouseko Orchestre de Chambre-ean, lehen biolinekoa Arranoa Laukotearen baitan, eta 2015az geroztik, Euskal Herriko Orkestra Sinfonikoko biolin bakarlaria da.

Frantzian, Suitzan, Belgikan, Marokon, Sardinian, Eslovakian, Espainian… Pierre Bleuse orkestra zuzendaria, Gauthier Capuçon biolontxelo jotzailea, Debussy laukotea, Anne Queffelec piano jotzailea, bezalako musikari handiekin agertokia partekatu du.

Bere diskografiak dozenaka grabazio ditu, askotan kritikak goraipatuak. (Diapason, Resmusica, Classica). Ganbera musikaz maitemindua, Ezekiel kolektiboaren sortzaileetako bat da. Duela urte asko ari dela proiektu ugari aurkezten: "Soinuaren dohaintza", "Zure etxera joango naiz jolastera", "Lau". Sasuak (2016an kaleratutako diskoa), "Aztarnak" (2022an kaleratutako diskoa).

Partekatze eta eklektizismo zaletasunak artista ezberdinekin kolaboratzera eramaten du hala nola Rüdiger rockeroa, Mixel Etxekopar flauten birtuosista, Arantxa Lannes dantzari eta margolaria.

Belaunaldi gaztearekin buru-belarri aritua, Marinak Euskal Herriko Maurice Ravel kontserbatorioan irakasten du. Duela gutxi, "Biolin atomikoak" taldea sortu du bere lankidearekin Delphine Labandibar, maila guzietako biolinista ikasleak biltzen gaur egungoa errepertorio oso baten inguruan. "Bazen behin" lehen ikusgarriak arrakasta handia izan zuen ikusleen artean 2022ko abenduan.