Univercity jardunaldietan, GizarteLab esperientzia eredu

Jardunaldiak, hitzaldiak eta ikastaroak

Univercity jardunaldietan, GizarteLab esperientzia eredu

Ordutegia eta data:
2021/12/09 - 2021/12/10 9:00 - 16:30
Tokia:
Bilbao AS Fabrik - Olagorta Kalea, 26. Bilbo

Egungo garapen ereduaren mugak areagotzen ari dira eta Covid 19ak lehendik dauden egitura-arazoak suspertu ditu. Gero eta argiago dago arazo horiei aurre egiteko ikuspegi globala eta tokiko ekintza-plan zehatzak behar direla. Gaiari buruzko elkarrizketa hasteko, aldaketa soziala ikuspegi sistemikotik jorratzen duten tokiko eta nazioarteko zazpi erakundek parte hartuko dute mintegi honetan. Ikasle eta adituen artean funtsezko ideiak trukatuko dira eszenatoki sozial hobeak sortzeko.

Erakunde horietako bat Eusko Ikaskuntza izango da, Auxkin Galarragaren bitartez, egungo GizarteLab proiektuaren zuzendari zientifikoa. Bertan, gizarte berrikuntzaren ildoan egiten duen lana azalduko du GizarteLab esperientziaren bitartez.

Bilbon antolatu den nazioarteko mintegi honen lehen helburua da, hain zuzen, gizartearen irakurketa sistemiko eta eraldatzailean diharduten antolakundeen esperientzia partekatzea: etorkizun berriak irudikatzen dihardute denek, eta bat datoz guztiak esaterakoan etorkizuneko sistemak izan beharko direla irekiagoak, askotarikoagoak, berdinkideagoak eta, horrez gain, holistikoki lan egiteko gai ere izan beharko dutela (Bojer et al., 2020; Scharmer, 2009). Euretako batzuek mundu zabalean dihardute, baina erantzun lokalak sustatzen dituzte aldi berean (ikus adibidez Reos Partners, 2014); beste batzuk Euskal Herrikoak dira, baina ez dute perspektiba globala galtzen (Espiau, Moreno eta Duong, 2020).
 
Mintegira gonbidatutako erakunde guztiek, beraz, irakurketa sistemiko globala egiteaz gain, tokian tokiko erantzun lokalak ere sustatzen dituzte. Hori da, izan ere, mintegiaren bigarren helburua: globalki pentsatuz lokalki jarduteko moduez gogoeta egitea, Ekintza-Ikerketaren irizpideei segiz (Greenwood eta Levin, 2006) unibertsitatean tankera horretan jardungo lukeen zentro baten balizko ezaugarriak irudikatzeko (Frandsen eta Andersen, 2019), beronen xede litzatekeelarik komunitate lokaletan oinarrituriko toki-garapenaren potentziala ikertzea (European Committee of the Regions, 2019).
 

Informazio gehiago hemen.