Bizitza luzatu izanak adinen birdefinizioa suposatu du, jakin badakigulako urte luzeak biziko ditugula eta ziurtasun hau pertsonala izateaz gain, soziala ere badelako. Gainera, adinekoa izatea zer den, zenbat urterekin zahartzen garenaren pertzepzioa aldatu da. Eta aldaketa hauek garrantzitsuak dira maila pertsonal zein kolektiboan.
Era berean, familia guneen tamaina horizontalki gutxitu bada ere, bertikalki gero eta belaunaldi gehiago daude presente. Hots, egun jaiotako pertsona batek aiton amonak eta hauen gurasoak ezagutzeko aukera handiak ditu, eta ziurrenez bere bizitzaren urte gehiago pasako ditu gurasoekin guraso gabe baino. Honek, orokorrean, ziurtasun emozional zein materiala biderkatzen duela baiezta dezakegu. Bestalde, gu baino nagusiagoak diren ahaideak izateak gazteagotu egiten gaituela azpimarratzen du zenbait autorek.
Feminizazioa ere badugu prozesu honen ondorio. Emakumeek bizi-itxaropen luzeago izateak emakume eta gizonen arteko desoreka numerikoa areagotzen baitu adin nagusietan.
Baina horren baikorrak ez diren ondorioak ere mahai gainean jar ditzagun. Osasuna eta adina estuki lotuta daude eta honen ondorioz erikortasun eta menpekotasun egoerak areagotu egin dira. Nahiz eta gaur egungo 64 urte baino gehiagoko biztanleak iraganekoak baino osasuntsuagoak izan, zahartze prozesuak besteen zaintzak behar dituen pertsonen kopurua handitu egin duela uka ezina da. Eta zaintza behar honek kolokan jar dezake gaur egungo sistema soziala, merkatuaren beharrei pertsonen beharrei baino garrantzi gehiago ematen dien sistema, alegia.
Autore batzuk “zaintzaren krisialdi” moduan definitu duten gertaera honek agerian uzten du merkatuaren eskakizunak eta, batez ere, emakumeek betetako zaintza lanen uztartzearen ezintasuna. Azkenik, zahartze prozesuaren ondoriorik aipatuena pentsioen balizko krisialdia dugu. Baina, pentsioen inguruko eztabaida lan merkatuaren desorekekin lotu beharko genuke, ordea, eta desoreka hauek zuzentzeko enpleguaren egiturari begiratu beharko genioke, eta ez populazioaren piramideari.
Lehen aipatu bezala, eztabaidan erabiltzen diren argudio demografikoak nahasiak izateaz gain, askotan ez dira zuzenak eta gehienetan bestelako interes ekonomikoak ezkutatzen dituzte.
ERRONKAK ETA AUKERAK
Agerikoa denez, ekonomia zaharretik berrirako trantsizio-aldia egongo da lanmerkatuan. Aurrea hartzeko gai izan behar dugu, norbera bere esparruan, belaunaldi anitzeko talentu inklusiboa izan dadin ekosistema berriko zutaberik eta aldakuntzarik handiena.
Izan ere, munduko biztanleria aktiboa, edo potentzialki aktiboa izan daitekeena, ziztu bizian zahartzen bada (hala diote nazioarteko erakundeen hainbat azterlanek), eta berrikuntza- eta aldakuntza-prozesuaren baitan, aipagai ditugun lanpostuak sortu eta suntsitzen badira, ez ote da 50 urtetik gorakoak lan- eta merkataritza-eredu berriko funtsezko piezatzat jotzeko garaia?
Eta, jakina, unibertsitate-prestakuntzan inbertitzen jarraitu behar dugu, enpresen benetako erabakietan diziplina anitzeko talentu berria egoki txertatzeko eta lanmerkatuaren eta hezkuntzaren arteko etena murrizten jarraitzeko. Era berean, jarraitu egin behar dugu jaiotza-tasa handitzeko planak bultzatzen; diskurtso politez harago, lan-bizitza eta familia benetan bateragarri egiten; eta erretirorako erreserba-fondoan kalitateko ekarpenak egiten. Eta hori guztia, ahantzi gabe hemendik lasterrera, atzora arte azken lan-zikloan sartzear zeudela uste genuen pertsona horiexen aldean geldituko dela balantza. Eta langilearen profila eta eginkizuna betetzeaz gain, biztanleria-masa nagusi hori erakarri beharreko merkatu-bezero nagusia ere izango dela.
Karta irabazlea izan behar du horrek; mahai gainean ditugun zenbateko beldurgarrien baitan, albiste on bihurtu beharra dugu. Lan-bizitzaren hurrengo 15 urteetan, kolektibo handi horrek bere eskarmentua ez ezik, bere esperientzia eta ikuspegia ere ekarriko dizkigu, eta aldi berean ikasteko eta bere burua berriz asmatzeko aukera ere izango du. Ziurgabetasuna eta negozio-eredu zaharrekiko etena beldurrik gabe barneratzeko gai izango diren profesional berriak izango ditugu.
Belaunaldi anitzeko lankidetzako eraldaketa horrek arrakastatsua izan behar du halabeharrez, baina paradigmak eta aurreiritziak hausteko gai izan behar dugu, eta guztion artean etorkizuneko ikuspegia izaten saiatu.
Fenomeno horrek alderdi ugari ditu, baina arrakastaz jorratu da gizarte aurreratuetan; erronka da eta arazotzat hartzea saihestu behar dugu.
Azterketa honen xede diren adinekoen egoera ekonomikoa baloratzeko, ulertu egin behar dugu pertsona horiek merkatu-ekonomiatik kanpo burutzen dutela beren jarduera ekonomikoa, batik bat etxeetako ekonomia monetarizatu gabean. Izan ere, ekonomia hori oso gutxi aztertu eta baloratu da. Biztanleria-talde horrek bere buruarentzako eta beste pertsona batzuentzako zerbitzuak ekoizten ditu. Zehazki Euskadiko zaintza-karga osoaren heren bat inguru hartzen dituela zenbatesten da; lan ikusezina da, oso gutxi edo ezer baloratzen ez dena.
Azpimarratzen dute 65 urteko muga finkoa mantentzeak edota adin prospektiboaren araberako muga mugikorra ezartzeak ondorio ekonomiko eta juridiko garrantzitsuak izan ditzakeela (zergei, lanari eta ondorengotzari lotutako lege eta arau askok hartzen baitute erreferentziatzat 65 urteen muga). Izan ere, alde batetik ekonomiaren eta biztanleriaren azterketa konparatibo batzuk zaildu egingo lituzkeen arren, aldi berean zahartzeari karga negatiboa kenduko lioke eta pertsona-talde zabal baten irudi errealistagoa ekarriko luke.