Manuel Lekuona Saria
2024. Juan Mari Beltran Argiñena
Juan Mari Beltran Argiñena (Donostia, 1947)
Haurra zelarik, Juan Mari Beltranek Etxarri Aranatzen hasi zuen bere musika ibilbidea klarinete eta txistulari gisa, eta 16 urterekin Argia — Donostiako Euskal Dantzari Taldean sartu zen. Irakasle gisa, Hernaniko Musika Eskolan eman zituen lehen urratsak alboka, dultzaina, txalaparta, txanbela eta txistua irakasten.
1960ko hamarkadan, musika herrikoiari buruzko materialak biltzen hasi zen, formatu eta modalitate guztietan. Bilduma partikular hori Soinuenea-Herri Musika Txokoaren ernamuina izan zen, 2002. urtean Oiartzunen ateak ireki zituen folklore tradizionalaren inguruko dokumentazio, sustapen eta topaketarako zentroarena. Euskal Herrian bakarra da museoa eta jarduera gune garrantzitsu ere bada, bertan instrumentuak, partiturak, diskoak, ikus-entzunezkoak eta grabazioak biltzen dira, etnomusikologian espezializatutako liburutegi batekin batera. Soinuenea kultur transmisioaren esparruan egindako lan sendo eta iraunkorrenetako bat da.
Duela mende erdi baino gehiagotik, Juan Mari Beltranek musika-ondarea berreskuratzen, zaintzen eta transmititzen lan egiten du, bai alderdi materialean, bai ez-materialean. Batetik, desagertzeko bidean zeuden musika tresna tradizionalak berreskuratu, eguneratu eta belaunaldi berriei ezagutzera ematea ahalbidetu du. Bestetik, euskal herri errepertorioko konposizioak berreskuratu eta zabaldu ditu, bertako testuinguruen eta kultur erabileren azterketarekin batera.
Ikerketari dagokionez, 2024ko Manuel Lekuona Sariak herri-musikari eta folkloreari buruzko azterlan ugari garatu ditu Euskal Herrian eta nazioartean, eta, horrela, musika-tresnen familiak Europako kultura-ingurunean integratzen eta globalki ulertzen lagundu du. Horrekin batera, musika tradizionalaren eta garaikidearen arteko zubiak eraikitzen inplikatu da. Zeregin hori guztia dozenaka argitalpen bibliografiko zein diskografikotan gauzatu da, baita Euskal Herri osoan bakarka edo taldeekin egindako musika emanaldietan ere.