Manuel Lekuona Saria

2025. Gloria Totoricagüena Egurrola

2025. Gloria Totoricagüena Egurrola

Gloria Totoricagüena Egurrola (Boise, Idaho, AEB, 1961)

Euskal diasporaren ikerlaria eta euskal errealitatearen mundu mailako zabalkundearen bultzatzailea.

Gernikatik 1937ko apirilaren 26ko bonbardaketaren ondoren Ameriketara joandako familia baten alaba, Totoricagüenak Zientzia Politikoak ikasi zituen Boise-ko Unibertsitatean, eta Hezkuntzako masterra ere egin zuen han, Montevideoko Unibertsitatean (Uruguai) Latinoamerikako Politikaren arloan lortutako beste master bati gehituz. 2000. urtean doktoretza eskuratu zuen London School of Economics and Political Science-en, Amerikako, Europako eta Ozeaniako sei herrialdetako euskal diasporen identitatearen mantentzeaz egindako ikerketa konparatibo baten bidez.

Nevadako Unibertsitateko (Reno) Euskal Ikasketak Zentroko zuzendaria izan zen. Bertan, eskolak eta hitzaldiak eman zituen, baita Stanford eta Boiseko unibertsitateetan ere.

2025eko Lekuona Sariaren  Epaimahaiak nabarmendu du Totoricagüena dela “euskal diasporaren ikerketaren alor anitzetan —kulturala, diplomatikoa, komertziala, historikoa, politikoa eta instituzionala— aitzindaria” izan dena, eta haren lana funtsezkoa izan dela gure kultura nazioarte mailan ezagutzeko eta, ondorioz, Euskal Herria mundu mailan kokatzeko.

Nazioarteko bere ikerketetan Australian, Argentinan, Belgikan, Brasilen, Txilen, Filipinetan, Irlandan, Perun, Erresuma Batuan eta Uruguain ez ezik, Euskal Herrian bertan ere historia, soziologia, antropologia eta politikari buruzko ahozko eta dokumentuzko informazioen emari paregabea bildu du. Ahalegin horren emaitza da euskal diasporari buruzko datu-base zientifikorik osatuena, kalitatezko eta kantitatezko ikuspegitik.

Bere lanek, izan argitalpenak izan erakusketak eta kultura- edo enpresa-proiektuak, euskal komunitate globalaren aniztasuna eta kohesioa agerian utzi dituzte, eta, aldi berean, herrialde desberdinetako migratzaileen identitateak errespetatzearen eta ulertzearen balio unibertsala nabarmentzen dute. Gainera, giza garapenarekin eta bakearen kultura bezalako balioekin duen lotura nabarmena da.

Bibliografia zabala idatzi du. Izan ere, euskal eta estatubatuar gaiei buruzko bere argitalpenek 800 orrialde inguru hartzen dute eta Estatu Batuetan bizi diren pertsona, familia eta komunitateen bizitzei eta bizipenei buruzko ehunka argazki bildu ditu.

Totoricagüenaren ibilbide oparoak bere jarduera akademikoa ez ezik, Euskal Herriaren eta Ameriketako erakunde eta enpresen arteko zubi-lana ere aitortzen du. Horren adibide da Lehendakari Ibarretxeren agintaldian Pentsamendua. Basque Global Initiatives Think Tank-aren diseinuan eta zuzendaritzan izan zuen parte-hartzea.

Gaur egun Boise eta Bilbo artean bizi da, eta bi kontsultore enpresen buru da: bata ikerketa kultural eta sozial anitzetan espezializatua, eta bestea, Euskal Herriaren eta munduaren arteko harreman kultural, komertzial eta diplomatikoetan.

Manuel Lekuona Saria