Ainhoa González Sanchiz. Media Antena Euskal Herria: MEDIAk Europako aniztasun kulturala bultzatzen du zinearen bitartez

2013-02-06

SILLERO ALFARO, Maider

ALFAGEME, Ainhoa

Ainhoa González estreinatu berri du jarduneko zuzendari kargua Media Antena Euskal Herria bulegoan, baina hamarkada bat eman du zuzendari ondoko bertan. Bulegora ikus-entzunezkoaren profesionalak gerturatzen dira MEDIA programak sektore horretako eskaintzen dituen laguntzak nola lortzeko aholkua eskatuz.

MEDIA Europar Batasunak ikus-entzunezkoaren industriari babesa ematen dion programa da, baina nola burutzen da?

MEDIA programak europar ikus-entzunezkoen industria babesten du bere lanen ekoizpenerako, banaketarako eta promoziorako dirua emanez. Gainera, laguntza eskaintzen du profesional berrien prestakuntzan urtero antolatzen diren 50 mintegi espezializatuen bidez, hala nola, europar azoka nahiz jaialdi zinematografikoetan eta Europan film ezberdinen erakusketan. Aldi berean, ikus-entzunezko europarren banaketa errazten du haien herrialdetatik kanpo.

Azken finean, Europako aniztasun kulturala bultzatzen du europar zinea sustatuz eta honen zabalketa bultzatuz.

Zein neurritan izan du MEDIAk eragina Europako ikus-entzunezkoaren sektorearen garapenean?

1991. urtetik, bere sorreratik, MEDIA lau etapa multianual-ez osatu da. Etapa bakoitzak europar ikus-entzunezko industriari babesa emateko laguntzak eskaini ditu, lehiakortasuna hobetu eta europar lan audiobisualen produkzioa nahiz zabalkuntza sustatzeko helburuarekin. Azken 20 urteotan MEDIAk 1.78 bilioi euro eman dizkio ikus-entzunezko industriari, momentu honetan Europako 31 lurralde hartzen dituelarik.

2008. urtetik, MEDIA Internazionala deialdia medio, egun MEDIA MUNDUS, Europatik kanpo garatutako proiektuak bultzatu ditu. Gainera, filmen distribuzioari emandako babesak, Europako obra audiobisualak, jatorrizko lurraldetik kanpo zabaltzea lortzeko balio izan du. Lan hauetariko askok, MEDIAren laguntzarik gabe mugaz kanpo egitea ezinezkoa lukete.

“MEDIA programak europar ikus-entzunezkoen industria babesten du bere lanen ekoizpenerako, banaketarako eta promoziorako dirua emanez”.

Argazkia: CC BY - Lel4nd

Eta programa honekin zein izan daiteke onuradun,nori zuzendua dago?

Esan bezala, programa hau ikus-entzunezkoaren sektoreari zuzenduta dago eta laguntza hauetara, ekoizle, banatzaile, formakuntza ikastetxe, erakusle, Jaialdi, Azoka, Merkatu nahiz erakundeak aurkez daitezke. Luzemetraia, animazioa, dokumentala zein lan interaktiboak onartzen dira. Lanak elkarlanean burutu daitezke, beti ere gehiengoa duen lurralde ekoizlea europarra izanik. MEDIA MUNDUS berria munduko hirugarren beste lurralde batekin lanean ari diren Europako profesionalei eskainitakoa da, hain zuzen.

Donostian, hain zuzen, hauetako bulego bat dago; Media Antena Euskal Herria bulegoa.

Bruselan du programak egoitza nagusia, baina informazio bulegoak programa osatzen duten 31 europar lurraldeetan ageri dira. Kasu batzuetan, hiriburuan bulego nagusia egoten da (MEDIA Desk), eta Antenak, aldiz, ikus-entzunezko produkzioa garrantzitsua den eskualde ezberdinetan. Antenek, Desk-engandik independentzia osoa dute.

MEDIA Antena Euskal Herria bulegoa 1999an sortu zen eta 12 urte hauetan proiektu ezberdinetarako laguntza ugari lortu dugu garapen, promozio, erakusketa zein banaketarako guztira 11.000.000 euro izanik. Madrilen Desk bat dago eta 3 Antena; Andaluzian, Katalunian eta honako hau Euskal Herrian.

Zein litzateke MEDIA Antena Euskal Herriaren helburu nagusia?

Antenaren helburu nagusia MEDIA laguntzei buruzko informazioa ematea da, kandidaturak prestatzerako orduan aholkatzea eta sektoreko profesionalei europar ikus-entzunezkoen politikari buruzko informazioa erraztea. Gainera, Donostiako Zinemaldian parte hartzen dugu, duela 15 urtetik MEDIA-ren diru laguntza jasotzen duen jarduera izanik. Industry Club-ean informazio stand bat kokatzen da profesional guztiei informazioa luzatuz eta MEDIA-ri buruzko informazio saioak antolatuz.

Pasa den urte honetan, azaroan, ZINEUSKADI bulegoarekin bat Euskal Erkidego Autonomoan aurrekaririk ez duen ekintza antolatu genuen; Lux Sarietan hiru film garaileen proiekzioa 2009ko (Welcome, FR), 2010eko (Die Fremde, DE) eta 2011ko (Les Neiges du Kilimandjaro, FR.) Europa Cinemas eta ZINEUSKADI sarean elkartutako 4 aretoetan burutu zen honako herrietan: Tolosa, Andoain, Ordizia eta Barakaldo.

“Lanak elkarlanean burutu daitezke, beti ere gehiengoa duen lurralde ekoizlea europarra izanik. MEDIA MUNDUS berria munduko hirugarren beste lurralde batekin lanean ari diren Europako profesionalei eskainitakoa da, hain zuzen”.

ZINEUSKADI zer den aurrerago lantzeko aukera izango dugu, baina zein eragin du euskal ikus-entzunezkoaren sektorean?

Europako ikus-entzunezko industriaren arazoetariko bat beren enpresen neurria da. Banketxe edo finantza-erakundeengandik finantziazioa lortzeko arazo handiak dituzten enpresa txikiak dira. Europar Batasunaren eta zehazki MEDIA programaren parte-hartzea garrantzia handikoa izan da ikus-entzunezkoaren euskal industriarentzat, batez ere ekoizpen aurreko eta ondorengo faseetan.

Urtero zailagoa suertatzen da MEDIA programaren finantziazioa lortu ahal izatea. Egun, 31 estatu dira programa honen partaideak, eta geroz eta nabariagoa da lehia, hau urte bukaerako emaitzetan ere ageri delarik. Testuinguru honetan, gure profesionalak motibatzeko kapazak izan behar gara euren proiektuak aurkeztu ditzaten eta MEDIAk eskaintzen dizkien aukerez baliatu daitezen. Zeharkako moduan besterik ez bada, prestakuntza ekimenei, ikus-entzunezko ekitaldiei, azoka, jaialdi, on demand delako bideo atariei, etab.-ei babesa emanaz. Horretarako, sektoreko sail guztietako profesionalekin bakarkako bilerak bultzatzen ditugu.

Gainera, urte honetan dugun asmoa erakusleekin harremanak estutu ahal izatea da, udal zinema sarean ZINEUSKADIrekin elkarlanean eta ikus-entzunezko sektore honetarako zuzenduriko diru-laguntzak lortzen saiatuz. Pasa den urtean, MEDIA laguntzen kontzeptuetan 992.352 ¤ eskuratu genituen. Azken 12 urteotan 11.248.569 ¤ izan dira.

Nola planteatzen da 2013 urtea, zeintzuk dira aukerak?

2013. urte hau, 2007-2013 denboraldiaren azken urtea da, 755 milioi euro aurreikusi zirelarik, baina gainera, Europa Creativa programarantz trantsizio urtea izango da, Europar Batasunaren programa berri honek 2014-2020 denboraldirako alor kulturalaren eta sortze alorraren garapenerako laguntza izan nahi du. Jada existitzen diren hiru programa ordezkatuko ditu (Cultura, MEDIA eta MEDIA MUNDUS) oinarri aproposagoa eskaintzen duten adar ezberdinak dituen programa marko bakarra proposatuz. Bertan, ez da ikus-entzunezkoa bakarrik kontutan izango, musika, antzerkia, etab. bezalako diziplinak ere barne hartuko dira.

Sektore guztietan dagoen kezka handienetarikoa laguntzek jarraipena izango ote duten jakitea da. Kasu honetan badirudi baietz...

Oraindik ez dakigu nola planteatuko diren, baina jarraituko dute. Egia da geroz eta zailagoa dela laguntzetara ailegatzea diru gutxiago dagoelako, baina batez ere geroz eta lurralde gehiago hartzen dutelako parte. Ekialdeko lurraldeak nahiz koprodukzioak babes handia jasotzen ari dira.

Egunero profesional ezberdinen kontsultei erantzuna ematen diezue, hortaz, laguntzak dauden edo ez kontutan izan gabe, ideiak suertatzen direla, profesionalen ekimena agerian dela nabaria da.

Proiektu ugari dagoela ikusirik onerako harrituta nagoela esan behar dut, arazo bakarra dirua beharrezkoa dela da... Behar-beharrezkoa da proiektu onak aurkeztea, finantziazio eta garapen estrategia onak dituztenak.

“2008. urtetik, MEDIA Internazionala deialdia medio, egun MEDIA MUNDUS, Europatik kanpo garatutako proiektuak bultzatu ditu”.

Argazkia: CC BY - vancouverfilmschoolGurutze Peñalvari, arduradurari, ZINEUSKADI eta bereziki Zinema Euskaraz programa zer den azaltzea eskatzen diogu.

Zer da ZINEUSKADI?

Irabazi-asmorik gabeko elkartea da eta kide fundatzaileen artean daude Eusko Jaurlaritzako Kultura Saila eta Euskadiko produktoreen bi elkarteak:IBAIA eta EPE-APV. Xede nagusia europar zinemaren difusioa egitea da, jatorrizko bertsioan eta euskaraz.

Areto independenteen sarea koordinatzen du, aretoei eta euskal zinemaren promozioari zuzenduriko laguntzak, Zinema Euskaraz programa eta komentatu berri dugun Media programa ere.

Konta iezadazu zertan datza Zinema Euskaraz.

Zinema Euskaraz programaren helburua herritarren eskura euskal balio zinematografikoak sustatuko dituen, euskararen erabilera komunikazio kultural gisa erabiliko duen zein aisialdi arloan normalizazioa bultzatuko duen film sorta bat jartzea da.

Aurrera daramagun prozesua da, alde batetik detektatzea lehen lerroko estreinako zein film izan daitezke interesekoak gure aretoentzat eta banaketa-enpresekin kontaktatu egiten da gure helburua lortzeko asmotan. Bestetik, banaketa-enpresa guztiekin harremana egiten da programaren oinarriak zeintzuk diren kontatuz, modu honetan haiek izan daitezke proposamenak luzatu ditzaketenak gure web orrian argitaratzen ditugun deialdietan. Aurkeztutako proposamenak komisio batek baloratzen ditu eta aukeratutakoak azpititulatuak edo bikoiztuak izatera pasatzen dira gero aretoetan estreinatzeko.

Zein film izen dira aukeratuak eta non ematen dira?

2012ko programan daukagu: Freddy Igeldegi, Pura Vida, Sinister, Chef, Asterix eta Obelix maiestatearen zerbitzura, Agur esatea, Bazen behin uharte bat, Ikusi arte, Kerity, Kilimankaroko elurrak, Irusurtia, El Hipnotista (2013), Zarafa (2013).Behin zirkuitu komertzialetatik pasa eta gero batzuk hezkuntza ziurkuitura pasako dira.

Zer harrera izaten dituzte euskarazko filmak?

Adina eta ekoizpen motaren arabera (animazioa, komedia, dokumentala...). Haurren programazioa eskaera handia du, batez ere animaziozkoak. Dokumentalek ere nahiko harrera ona izaten ari dute. Ainhoa González Sanchiz EE.BB-etan, Kaliforniako Long Beach City College-ean ikasketak amaitu ostean, Deustu Unibertsitateko enpresa eta ekintza turistikoen teknikari diplomatura burutu zuen (Donostiako kanpusa, Euskal Herria). Euskara, gaztelera nahiz ingelesa hitz egiten ditu eta erdi-mailako frantsesa ere badu. 4 urtez alor ezberdinetan lan egin ondoren, MEDIA Antena Euskal Herrian hasi zen; 2012. urtera arte zuzendari ondoko egon da eta 2012tik, gaur egun arte, jarduneko zuzendari karguan.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Tilbert Stegmann. Katalanista: Elebakartasuna sendatu egiten da

 

Irakurri

Manuel Delgado. Hiri-Antropologoa: Gizarte eta politika ekintzen ikuspuntutik, kalea osasun onekoa da

 

Irakurri

Mertxe de Renobales Scheifler. Biokimikan Doktorea: Nire uste apalean inmorala da, munduko populazioaren %20k planetako errekurtsoen %80 kontsumitzea

 

Irakurri

June Yamaguchi. Vascu Bishoku Club: Euskal sukaldariekin lan egiten dudanetik inoiz ez dut hutsik edo 15 minutuko atzerapenik izan; Japonen antzera lan egiten da

 

Irakurri

Urteko irakurrienak. : Gabriel Mouesca / Jorge Campanillas / Margaret Bullen

 

Irakurri