Ana Rocandio. Dietetika eta Nutrizioan aditua: "Euskadin ondo elikatzen gara, baina gehiegi jaten dugu"

2004-07-02

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Ana Rocandio

Dietetika eta Nutrizioan aditua "Euskadin ondo elikatzen gara, baina gehiegi jaten dugu" Ismael Diaz de Mendibil

Itzulpena: Koro Garmendia

Versión originall Astean zenbatetan jan behar ditugu okela eta arraina? Zenbat otordu egin behar ditugu egunean zehar, eta zer jan beharko genuke bakoitzean? Ba al da minbizia ekiditen duen elikagairik? Txarrak al dira hanburgesak? Elkarrizketa honetan, galdera horien eta beste batzuren erantzunak emango dizkigu dietetika eta nutrizioan aditu den Ana Rocandiok. Kantitate eta kalitateari dagokienez, nola jaten dugu euskaldunok? Kalitatezko elikagaiak jaten ditugu, osasunaren aldetik kontrolatuta daudenak, baina gehiegi jaten dugu. Aurrean jartzen diguten guztia jaten dugu, behar baino askoz ere gehiago. Adituoi gehien interesatzen zaiguna, elikadura kalitatezkoa izatea da. Eta, euskaldunon kasuan, kalitate hori hobetu egin dezakegu. Gehiegitan hartzen ditugu produktu finduak eta aurrez prestaturiko janariak. Horrelakoek ematen diguten bakarra, kaloria gehiegi da. Besterik ez. Zeintzuk dira produktu finduak? Jaten dugun arroz zuria, adibidez. Arroz integrala, aldiz, produktu naturala da. Hartzen dugun irina, irin findua da. Arto-irina ere bai. Beraz, arroz integrala hartu beharko genuke. Ez da derrigorrezkoa beti hartzea, baina noizean behin bai, hartu beharko genuke. Ez genuke beti arroz zuria hartu behar. Ohitura txarrak berezkoak al ditugu? Jaio orduko hartzen ditugu? Ez. Haurrei amaren esnea eman behar diegu, hori delako haurrarentzat elikadurarik egokiena, eta onena. Kontua da berehala hasten garela elikadura artifiziala ematen, eta hori ez dela ez hain egokia, eta ezta hain ona ere. Amaren esnearen ordez beste elikagai batzuk ematen dizkiegunean hasten gara ohitura txarrak hartzen. Izan ere, gure seme-alabek, gutxi gorabehera, guk jaten ditugun gauza berberak jaten dituzte; gure ohiturak hartzen dituzte, eta, normalean, bizitza guztian zehar mantentzen dituzte. Gaur egun, lehen baino gehiago jaten dugu: pizza eta hanburgesa gehiago, tartak frutaren ondoren, eta, hori baino okerragoa dena, frutaren ordez tartak hartzea. Haurrik ederrenak, lodikotea iruditzen zaizkigu, hanka zein beso puskak dauzkatenak. Ba gaizki. Pentsatzen dugu haurrak zenbat eta lodiago egon, orduan eta osasuntsuagoak direla. Eta helduetan, aldiz, juxtu kontrakoa gertatzen da: eredu anorexikoa gustatzen zaigu, gehiegizko argaltasuna. Ba biak daude gaizki. Ongi egotea, norberaren gorpuzkera eta genetika kontuan hartuta pisu egokia izatea da. Helburu horrek, baina, ezinezkoa dirudi askorentzat. Ezagutuko dituzu, noski, bakoitzaren garaieraren arabera pisu ideala zein den adierazten duten taulak. Taula horiei ere ez diegu kasurik egin behar. Gaur egun, adituok "pisu osasungarri" terminoa erabiltzen dugu, oraindik oso zabalduta ez badago ere. Pisu osasungarriak ez digu esaten pertsona baten pisu zehatzak zein izan behar duen, baizik eta tarte bat ematen digu. Pertsona batek ez du zertan beti berdin pisatu. Ikusi behar da kirola egiten duen edo ez, nolakoa den bere gorputzaren egitura -handia, ertaina edo txikia-, eta abar. Ez zaio garaierari bakarrik begiratu behar. Zergatik gustatzen zaizkie haurrei hainbeste makarroiak, eta hain gutxi letxuga eta tomatea? Psikologiak eragin handia du elikaduran. Eta, adinarekin, zaletasunak aldatzen joaten dira. Adibide batekin, ondo ulertuko duzue. Txikiei, adibidez, pizza eta hanburgesak gustatzen zaizkie, helduagoei pintxoak, eta, gero, kazolatxoak. Funtsean, gauza bera dira, zaporeak dira aldatzen direnak: batzuk gozoak dira, eta besteak gaziak. Haurrei zapore gozoak gustatzen zaizkie, helduei gaziak, eta, adinekoei gozoak berriz ere. Hori heldutasuna lortzea bezalakoa da: hasieran, iruditzen zaigu gure gurasoek inoiz ez daukatela arrazoirik; gero, konturatzen gara noizean behin izaten dutela arrazoi pixka bat, eta, azkenerako, konturatzen gara beti zeukatela arrazoia. Ondo elikatuta daudenak gutxiagotan joaten al dira sendagilearengana? Ondo elikatua daudenak ia inoiz ez dira sendagilearengana joaten. Ondo elikatzea funtsezkoa da gaixotasunak ekiditeko, organismoak, berak bakarrik, sekulako konponketak egiten dituelako, bikainak. Dena den, ea: intsulina gutxiegi baldin badaukagu, ez diogu diabetikoak izateari utziko. Halere, ondo jaten badugu, askoz ere gutxiagotan joango gara sendagilearengana. Minbiziaren eta elikaduraren artean loturarik badagoela esaten da. Han-hemenka, minbizia sortzen duten gehigarrien zerrenda bat ikusi dut. Zerrenda hori guztiz faltsua da. Bai, bada loturarik elikaduraren eta minbiziaren artean, baina tartean beste faktore asko sartuta. Beraz, ezin da esan produktu jakin batek minbizia sortu edo sendatzen duenik. Horrelako gauzekin lortzen den bakarra jendea beldurtzea da. Oraindik ez dizut galdetu ondo jatea zer den. Ondo jatea, denetarik jatea da. Batez ere, karbohidratoetan aberats diren elikagaiak (pasta, arroza, ogia, eltzekariak...), fruta eta barazkiak, eta esnekiak. Eta, askoz ere neurri txikiagoan, haragia, arraina eta arrautzak. Hauek egunean behin bakarrik hartu behar ditugu, zeren proteinak dira, eta ez dugu hori baino gehiagorik behar. Eta, oso noizean behin, janari azkarra edo kaloriak besterik ematen ez dizkiguten janariak (freskagarriak, ardoa, gozokiak...). Ah! Eta oso onak dira patatak eta fruitu lehorrak ere, baina kantitate txikian. Beraz, labur esateko, denetarik jan behar dugu, baina ohi baino kantitate txikiagotan. Gorputz osasuntsua izateko irrikaz, etxean dena "bio" erosten dugu. Ba ez da beharrezkoa. Hori industriaren marketing-a besterik ez da. Interesatzen zaien gauza bakarra, beren produktuak saltzea da. Baina "bio" produktuek ez al daukate ba propietate berezirik? Ez. Digestioa egiteko, xurgatzeko edota nutrizio aldetik arazoak dauzkaten pertsonentzat bakarrik dira lagungarri. Ondo daudenentzat, ez dute ezertarako balio, tontakeria hutsa dira. Bada produktu bat, neure onetik ateratzen nauena: Omega 3rekin aberastutako esnea. Nire iritzian, ez dugu inolaz ere Omega 3rekin aberastutako esnea erosi behar; egin beharrekoa, arrain urdina jatea da, Omega 3an aberatsa izateaz gain, askoz ere propietate gehiago dauzkalako: odoleko kolesterol eta gantzak murrizten ditu, bihotzeko gaixotasunak izateko arriskua txikitzen du, etab. Esan nahi dudana da arrain urdina Omega 3rekin aberastutako esnea baino mila bider hobea dela. Baina, jakina, industriari, axola zaiona, saltzea da. Eta, hori guztia gutxi bailitzan, horrelako produktuetan "osasuna" hitza ipintzen dute, noiz eta produkturik osasungarrienak produktu naturalak direnean. Egunean zenbat otordu egin beharko genituzke? Ondo janez gero, hiru. Gosari sendoak egin beharko genituzke, eta afari eta bazkariak elkarren oso antzekoak. Gauzatxo bat: ahal izanez gero, lehentxeago afaldu, eta gero, tarteka, zerbait hartu: frutaren bat, kafesne bat, jogurt bat... Besterik ez. Ados, baina batzuetan ia ez dut bazkaltzeko astirik izaten, eta pintxo bat edo ogitarteko bat hartu behar izaten dut. Ez da ezer gertatzen. Baina, edonola ere, hobe ogitartekoa pintxoa baino, ogiak karbohidratoak dauzkalako, eta hestebeteak edo ogiaren tartean dagoenak proteinak. Dena den, gantz saturatu asko hartuko dituzunez, egun horretan, afaltzeko, entsalada edo barazkiak, haragia edo arrain zuria -hobe arraina haragia baino-, eta fruta hartzea gomendatuko nizuke. Egun bakoitzeko elikadura orekatua izateko ahaleginak egin behar ditugu. Eta zer gertatzen da pizza, hanburgesa eta gaztaz betetako orrimamiekin? Ba, astean behin hartuz gero, ez da ezer gertatzen. Nola banatu beharko genituzke haragia, arraina, fruta eta barazkiak astean zehar? Fruta eta barazkiak egunero hartu behar ditugu. Ogia, pasta eta arroza ere egunero har ditzakegu. Haragia, arraina eta arrautzak ere egunero har litezke, baina kontuz!, egunean hauetako bat bakarrik; ezin dugu bazkaltzeko haragia hartu, eta afaltzeko arraina edo arrautzak. Alegia, eguerdian arraina hartzen badugu, gauean ez dugu ez arrautzarik, ez haragirik, ez arrainik jango. Hiruren artean bat aukeratu beharko dugu, eta egunean behin bakarrik hartu. Ondo legoke astean lautan haragia jatea -baina ez xerrak bakarrik, baizik eta baita oilaskoa edo untxia, adibidez-, eta gainerako hiru egunetan arraina. Eta astean arrautza bat hartzea. Horrelako dieta bat paregabea izango litzateke. Proteinak ere, behar adina hartuko genituzke, pasatu gabe. Eltzekari edo legunbreak, zenbatero? Astean bitan. Eta udan ere bai, hainbesteko gogoa ematen ez badigu ere. Entsaladetan sar ditzakegu, katalanek egiten duten bezala. Zerbait ahaztuko zitzaigun... Bai, fruitu lehorrak. Propietate asko dauzkate, eta primerakoak dira otorduen artean jateko, baina kantitate txikietan: lau hur, bizpahiru intxaur... ez gehiago. Edo almendrak naturalak, gatzatuak ez, egarria ematen dute-eta. Fruitu lehorrek bitaminak, mineralak eta gantz-azidoak dauzkate. Oso interesgarriak dira. Edateari dagokionez, egunean bi litro ur edan behar al ditugu? Hori da jende gehienak pentsatzen duena, baina ez, zeren eta elikagaiek ere ura daukate, batez ere fruta eta barazkiek. Eguneko 1.500 eta 2.500 kilokaloria inguru kontsumitzen ditugunez, gure gorputzak 1,5-2 litro ur behar ditu, baina ur gehiena elikagaien bidez jasotzen dugu, eta, beraz, ez dugu denbora guztia ura edaten aritu beharrik. Egunean bi litro ur edan behar izatearena ez da zuzena. Soilik giltzurrunak babestu beharra baldin badaukagu edango ditugu. Garestia al da ondo jatea? Ez du zertan izan behar. Merke ere, oso ondo jan dezakegu. Menu ederra presta dezakegu lirioekin, patatekin -oso onak dira!-, garaiko frutarekin, arrainarekin, oilasko edo untxiarekin, etab. Esneari dagokionez, merkeena edo eskaintzan dagoena har dezakegu; ez du zertan aberastuta dauden horietakoa izan. Galletak ere, merkeenak har ditzakegu, azukre gutxiago daukate-eta. Gosaritarako zerealek kaloria asko dauzkate; hobe ogia jatea. Ondo jateak ez du garesti izan beharrik. Ingalaterran edo Ameriketako Estatu Batuetan guk baino okerrago jaten dute? Bai, askoz ere okerrago. Ingalaterran, margarina asko erabiltzen dute sukaldaritzan. Edozer jaten dute, nutrizioaren aldetik batere egokiak ez diren elikagaiak. Beren sukaldaritzako elikagairik onenak patata erreak dira, baina saltsekin pikutara bidaltzen dituzte. Ah! eta roastbeef (haragia) ere bai. Baina gaizki jaten dutenak ez dira Ingalaterrakoak bakarrik: Ameriketako Estatu Batuetan, Alemanian eta Holandan ere gantz saturatu gehiegi kontsumitzen dituzte (hestebeteak, gaztak, etab.). Oso gaizki jaten dute. Ondoen elikatzen direnak, Mediterraneoko dieta jarraitzen dutenak dira. Eta zein da euskaldunon dieta? Dieta atlantikoa deiturikoa, Mediterraneoko dietaren antzekoa. Gure dietak bi ezaugarri nagusi dauzka: arrain asko jaten dugula, eta kantitateak, gehiegi jaten dugula. Euskal Herrian Mediterraneoan baino hotz handiagoa egiten duenez, gehiago jaten dugu, baina gehiegi halere. Euskal Herrian oso ondo elikatzen gara, baina gehiegi jaten dugu. Aholkuak bistakoa dirudi: gutxiago jan behar dugu. Bai, jaten ditugun gauza berberak kontsumitzen jarraitu behar dugu, baina kopuru txikiagoetan. Aholku bat: plater txikiagoak erabili. Psikologikoki asko laguntzen du, postreetan adibidez. Beste alde batetik, egunero-egunero entsalada eta fruta jan beharko genituzke. Eta esnea ere bai, helduok gutxi hartzen dugu-eta. Esnezalea ez denak, berriz, esnearen ordez esnekiak har ditzake: jogurtak, gutxi ondutako gaztak, etab. Eta ez ditugu patatak, pasta eta arroza ahaztu behar. Zalantzarik izanez gero, profesional batengana jo beharko dugu. Gehiegi gizentzen ari garela ikusten badugu, edota analisien emaitzak ez direla onak, dietista batengana jo beharko dugu, ondo jaten ikastera. Oraingoz oso espezialista gutxi daude eta gehiagoren beharra daukagu, zeren ondo jaten erakutsiko digutenak ez dira izango ez irratietan ematen dituzten aholkuak, ezta aldizkarietakoak ere. Katalunian, dagoeneko, gu baino aurreratuago dabiltza: orain ospitaleetan dauzkate dietistak. Ondo jaten ikasi egin behar izaten da, inork ez digulako horrelakorik erakutsi. Bakoitzak nahi duena jan dezala, gustatzen zaiona, baina zer eta nola jan behar duen jakinik. Lehen hobeto jaten zela iruditzen zaizu? Inoiz ez dugu ondo jaten jakin, baina bai, lehen hobeto jaten zen. Batetik, askoz ere aukera txikiagoa zegoelako elikagaien aldetik, eta, bestetik, ariketa fisiko gehiago egin behar zelako. Kontraesana dirudi, baina hori gertatzen zen. Sagarrondoak zeuzkanak, sagarrak jaten zituen, edo baratzak ematen ziona, Inauterietan torradak, txerria urte guztian zehar... Askoz ere aukera txikiagoa zegoen, eta kantitateak ere txikiagoak ziren. Orain, urte guztian zehar denetarik jaten dugu, eta, gainera, askoz ere ariketa fisiko gutxiago egiten dugu, eta etxeetan berogailuak dauzkagu. Lehen oreka handiagoa zegoen. Ana Rocandio

Ana Rocandio, geldi egoten ez dakiten horietakoa da. Elkarrizketari hasiera eman baino lehen adierazi digunez, mila saltsetan sartuta ibiltzen da beti. Nutrizioko irakaslea da Euskal Herriko Unibertsitateko Farmazia Fakultatean, 1990. urtean Nutrizio irakasgaia sartu zutenetik. Ordura arte, sendagile lanetan aritu zen Osakidetzan, eta oso oroitzapen onak dauzka garai horren inguruan: "ikerketa interesgarriak egin genituen Crucesen", dio. Azken urteotan ez dio azterlanak egiteari utzi, hainbat egitasmo unibertsitariotan hartu baitu parte, gai oso ezberdinak landuz: gorputzaren irudia eta unibertsitarioak, adinekoen dieta, edota gosariak eta gizentasunak daukaten lotura. Pozez zoratzen dago bere lanarekin. Gutxien gustatzen zaiona, Bilbo eta Vitoria/Gasteizen artean egin behar izaten duen joan-etorria da: "Bilbon bizi naiz eta Vitoria/Gasteizen aritzen naiz lanean. Beraz, seme-alabak independizatu bezain laster, Gasteizen jarriko naiz bizitzen". Pozik hartuko dute euren artean Euskadiko hiriburuan. Menua ELKARRIZKETA Aurreko Aleetan Inicio > EM 261 > Elkarrizketa -->

2004/07/02-09
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

José Javier López Antón. Historialaria: "Nafarroak errespetua zor dio Campiónen figurari"

 

Irakurri

Maider Egues. Kazetaria: "Txikitan gerra korrespontsala izan nahi nuen"

 

Irakurri

Juan Carlos Zuloaga: "Funtsezkoa da landa eremuan jende gaztea sartzea"

 

Irakurri

Juan Urzainki: "Almadian ezin zinen ibaiarekin minutu batez ere fidatu"

 

Irakurri

Juan Lucas: "Azken 50 urteotan nazioarteko legedia ez da gaur egun bezain mehatxatuta egon"

 

Irakurri