Charles Carrère: "Plastikaren bilaketa da bultzatzen nauena, bai eta irudiztatzen dudan gaia Eskritura Santuetatik aterea izatea ere... Gero, iruzkinak egitea ez da nire kontua..."

2001-05-18

HONTAAS, Sophie

Elkarrizketa: Charles Carrère Charles Carrère, beiragilea "Plastikaren bilaketa da bultzatzen nauena, bai eta irudiztatzen dudan gaia Eskritura Santuetatik aterea izatea ere... Gero, iruzkinak egitea ez da nire kontua..." * Sophie Hontaas Charles Carrère, Angeluko beiragileak onartu du bere obraz mintzatzea. Bere lanak aurkezterakoan, apaltasun handiz agertzen digu bere burua: hastapenak Lesquibe ren itzalpean, lehen beirateak, bere kultura erlijiosoa, irudi trinkotasun harrigarriaren sorburu dena, teknika (beirazko lauza, Reunion uharteko 18 beirateak, egin duen obrarik handiena)... eta halaber, lan horiek, erlijiosoak edo ez, egitera zerk bultzatzen duen, maite duenaren gainean pausatzen duen begirada. Hona Charles Carrèreren mundua. Hastapenak Charles Carrère, nola abiatu ziren zure artearekiko harremanak? Louis Frédéric Dupuis ekin hasi nintzen marrazten 1941ean, Baionako udalaren marrazki eta pintura eskolan, gaueko eskolan 1948 urtea arte. 1943an hasi nintzen margotzen, 1944an oinarrizko hezkuntza maila amaitzean utzi nituen ikasketak eta 1945, 1946ko hasieran, beiragile ofizioa ikasten hasi nintzen. Beiragile maisua bere lantegian nagusi da, ez da inoren mende, horren aurretik aprendiza izan behar, gero compagnon delakoa eta, ororen buru, maisua. Lesquiberekin geratu nintzen 1976 urtea arte, hots, hogeita hamar urtez, nik "obratu" egin nuen Lesquibe. Nor zen Lesquibe? Parisen 1927an lanean hasia zen beiragile bat, bertako lantegi handietan ari izana, batez ere Gaudin etxean non mosaikoa eta lauzazko beiratea ikasi zituen. Bi teknika horiek ekarri zituen hona, Angelura. Berak egin zituen Angeluko Herriko Etxeko beirateak, eta benetan 1937ko Erakusketa Unibertsalean abiatu zen. Ni haren obratzailea nintzen eta 1976an ene lauza eta mosaiko beirateak egiteari ekin nion. Zaharberritze eta sorkuntza lana egiten nuen, egun sorkuntza lana besterik ez dut egiten. Erakutsi behar dizkizut Angeluko San Leon elizako beirateak, eliza hori Baionan eraitsi eta harrizharri ekarri zuten hona XVI. mendean. Beirateak hondaturik zeuden. Zenbat beirateko saila? Neurri desberdineko 18 beiratekoa. Bi arku zorrotz eta arkuarte bat dituen beirategiak Gurutzea irudikatzen du, biziaren zuhaitza, Kristoren bost estigmaz hornitua, Gurutzetik jaisteko eskailera, kolore gorria, isekazko mantuaren sinboloa eta lezka berdea, hemen Ostiraleko liturgian ageri den zur hilaren aurrez aurre. Ostiral Santuaren ilunpeak gorri bilakatzen dira. Arkuartean, Bazkoko eguzkira pasatzen da, pizkundera eta gero Gurutzera eta Elizara, basaziapeko aleakk zuhaitz handia ematen du. Kultura erlijiosoa Zure lanean agertzen duzun kultura erlijioso hori, nondik datorkizu? Haurra nintzelarik, Baionako Luc kaleko eskolara joaten nintzen, Kristau Eskoletako Anaietara. Hamar urtez, katixima, historia santua ikasi genuen. Eta gero, ondoren ikasi dudan guztia. Irakurketa ere? Bai, irakurketa, ofizioa. Naturaren behaketa? Bai, pinturari doakionez... Hona elikagaien kontua aipatzen duen beirate bat: halako zuhaitz bat, fruitu ugarirekin, lurreko paradisuan jan litezkeen fruituen arbola da. Bi zuhaitz ziren: jakinduriaren zuhaitza, onaren eta gaizkiaren zuhaitza, ukitu behar ez zena eta fruituz beteriko zuhaitza, mundu guztiari dohaineko elikadura ematen ziona. Goian, zelaietako lilia jarri dut zeren eta Salomon bera, bere loria guztiarekin ere, ez baita inoiz haietako bat bezala jantzi (Mateo 6 28). Behean, otarrea, gizonen lanaren emaitza. Egiazki hitzaren irudia da? Bai, begira: hau oturuntza da, gainezka egiten duen kopa ageri dela (23. salmoa (Jauna dut artzain), ogia eta ardoa, arraina, bere burua elikagaitzat ematen den Kristoren sinboloa, eta horrek bost ogi eta hiru arrainen parabola oroitarazten digu. Hemengoa errota mistikoa duzu: garia ehotzeko eta irina egiteko, dolare mistikoak ardoa egiteko balio duelarik. Historia hori Elizako Lehen Gurasoen predikutik dator, halako "hitzen irudi" horietatik "irudi irudiak" egiteko balio izan duten iruzkinak. Adibidez, ilargiaAma Birjinaren sinboloa da, eta eguzkia, haren laguna, Kristoren sinboloa. San Leon elizako lehen galerian, 128. salmoa irudikatu dut: «seme alabak olibondo gazteen pareko (izango dira) zeure mahai inguruan». Katekumenoen olioa dago. Abenduko lehen prefazioaren arabera: «Bera berriro etorriko da bere loriaz apaindurik». Fedearen argitan itxaroten da: ilargiarenaren antzeko argi hauskarak gizadiaren fedearen iluna argitzen du... Kristoren argi betearen zain. Hor zeruko Jerusalem duzu ikusgai, ate estu bat duela: «Zure izenak, Jerusalem, diamante baten gisa distiratuko du», Isaias 60. Hemen, 1. salmoa: «(Gizona)... Ur xirripen ondoan landaturiko zuhaitzaren antzeko da: bere sasoian fruitua dakar, eta ez zaio hostorik ihartzen». Hor, berriz, mahastia duzu, Itun Zahar eta Berrian ageri den molde eta manera guztietan. Beti ere, aldaketa txikiak izango dira kartoitik gauzatzera bitartean? Bai beti, zeren eta hemen kartoia pintorearen abiapuntua baita, gero «tamaina naturaleko» marrazkia dator, beiratearen aurretik. Hemen, Lazaroren piztueran, kusku bat esan liteke, zerrenda batzuk ageri dira, hilobiko iilunpeetatik ateratzen da eta landare bat atzetik pasatzen da, hilobitik erauzia bezala. Zure lana preziatzeko, halako kultura erlijioso baten jabe izan beharra dago; zure ustetan, San Leonen sartzen den edozein ez da harrimenak jorik geratzen, beirateen sinbolismoa dela eta? Alabaina, dena idatzia duzu, erreferentzia biblikoak beirateetan daude, testuak irakurri besterik ez duzu egin behar! Bigarren galerian, hegoaldean, Moiseren Bokazioa azaltzen da sutan zegoen sasiarekin, Jainkoaren izenaz horniturik, «Ni naiz», behean Bazko leheneko arkumea, belar mingotsekin. Leihoburuan, gurutzea odolez marrazturik dago. Ikusten duzu, badira hor Irteera 3 eta Irteera 12! Hor, Kristo ospe handitan Erdi Aroan irudikatzen zuten eran, Vézelayko Kristo, oinak lurrean dituena, beirazko lauza da. Beirazko lauzaren teknika Orain, azal iezaguzu zer den beirazko lauzaren teknika beiragintzan.Beira lauza moduan da, mailuz lantzen den harria bezalakoa... Hortik datoz printza txikiak? Bai, hala beraz, printza horiek nahita eginik daude harriaren perimetroa tailatu ondoren, materia alderik alde zeharkatzen duen zera bizi hori ematearren. Hala berean, akuarelista dohainak ere badituzu zuk... Bai, hona organoa argitzen duen leihoko beiratea: antifonario edo kantu sakratuen bilduma bat irudiztatzen du, beirate zaharretan berreskuraturiko armak ageri direla, beste testuinguru batean antolaturik, hemen Laetare (Bildu guregana) igandeko sarreraren hasierako partitura gregoriarra eta antzinako erlijio liburuetatik harturiko bi iruditxo. Hemen Angeluko basoa, lore mota guztiekin, eta hemen loraturiko gurutze bat. Proiektu benetan betea eliza hau... Bai... Sarreran Ama Birjina eta Haurra ageri dira, abuztuaren 15eko liturgiarekin, eguzkiak apaindurik, koroa gisa hamabi izar dituela. Hemen, Ama Birjinaren letaniak izanez omengarri, arrosa miragarri, haranetako lilia , Jeseren kimua, Kristoren zuhaitz genealogikoa. Markoak begirada kontzentratu beharra dakar Markoen barnean lan egitea, neurri batean, Giottok Paduako Arenako kaperan egindakoa bezalakoa da, horrek definitu baitzuen 1305ean koadroaren nozioa freskoetan. Bai, zeren eta beiratea neurriz gainekoa baita, leihoarekin uztartu beharra dago, eta irudia horren mende izango da: leiho estu eta luzea, zuhaitz baterako egokia izango da; leiho zabalak, friso bat har dezake. Markoak begiratzen ari denarentzat begirada kontzentratzea dakar... eta beiragintzak espazioa erabat betetzera behartzen du! Adibidez, Landetako Buglosse ondoan, San Bizente Paulekoaren sorterriko seminarioko kapera baten beirateko gurutze itxura duen Kristo hori. Haren atzean, Ostiral Santuko eguzki gorria aurkitzen da, heriotzaren aurrean eguzkia itzaltzen da eta hemen pizkundea ageri da, eguzki bat letra grekoetan. Larrañeko elizan, uraren gaia ageri da: Moisesek makilaz jotzen du urre koloreko haitza eta ura jariatzen da. Hebraitarrak egarriizaki, gaizki esaka ari ziren Jainkoaren aurka. Hemen Moises dugu, 41. salmoa, Horebeko haitzetik ura jariarazten duela. Erromes bat, gau eta egunez dabilena. Aiñharbeko eliza, Donapaleuren eta Mauleren artean, «Jakobe bidean»: gelditu den erromesa eta bidegurutzea. Artzaina, eta herriarekin zerikusia duen guztia: haritzak, iturriak, artoa... Eta Arbonan? Bai, Cestac aitaren arrebak Arbonan ematen zituen oporrak eta apaizak beirate hori egin nahi izan zuen Michel Garicoïts santuaren eta Louis Edouard Cestac aitaren erretratua, euskarazko hitz hauekin «Xutik eta ibil». Erori den norbait da. Obra handia Reunion uhartean Zure lanak nonahi aurkitzen dira gure eskualdean, Angeluko San Leonen eta non gehiago? Departamenduko alde guztietan baina nire lanik handiena Reunion uhartean egin nuen, Saint André n, sumendiaren hegaletik gertu, 1990 1991 bitartean. Garaiko apaiza, Baptiste apaiza, nire kapitaina izana zen armadan... Hona Reunioneko beirateak: 5 metro bider biko lau beirate handi, 2 metroko diametroa duten 3 arrosa leiho handi, 2,5 x 1,5 metroko 10 beirate. Kontuan hartu behar izan zenuen uharte hartako argi berezia? Ez, bakarrik hango beirateek are molde bereziago batez distiratzen dute. Ez da eguzkiak distirarazten duena, baizik eta egunak... Are eguneko argia ere desberdina da han, zeren eta eguraldi eroria denean ere, argi kontraste harrigarriak baitira... eta gero elizek irekiune aski dituzte... Aireztatuak gainera... Zein gai aukeratu zenituen? Lana agindu zuenarekin eginiko solasetatik sortu zen? Guztiz aske zinen? Apaizarekin ados jarririk, hor Ama Birjina bat, bat Ikonoena bezalakoa, hemen Gurutzea munduaren gainean landatua eta txoriez hornitua, Espiritu Santuaren zazpi dohainak. Hemen, ekaitza, arrantza San Andresen Gurutzearekin, eta bataiategian irakurketarekin zerikusia duen guztia: sua, bazko zuzia, Espiritu Santua. Arrosa leihoan, Kristoren judizioa eta heriotza, gizakien heriotza eta arimak pisatzea, Kristo ospe handitan, honako esaldi honekin«Zure izenak, Jerusalem, diamante baten gisa distiratuko du» Isaias 60. Batzuetan, baziren ezinbestean betebeharrekoak: koruko hiru beirateetan, eukaristian, adibidez, komunioko arrainak gorria izan behar zuen. Kristoren gurutzea, landuriko zurean, habe baten gisa, hondo gorriaren gainean Espiritu Santuaren zazpi dohainak irudikatzen dituzten zazpi adarrekin, XII. mendeko gaia da, katedral batzuetan aurkitzen dena. Zuk jakin min handia duzu, guztiz irekirik zaude orotara zure erreferentziak oso anitzak dira eta. Bai, bai... Teknika, obratze aldiak Zein dira obratze aldiak? Lehenik zirriborro bat, gero akuarela, eta maketa: kartoi aldia duzu hori... Gero, eskumenean ditudan koloreen artean aukeratzen dut, zatikatzea behar denean egingo dut, egiazki. Nik exijentzia txiki bat dut nirekiko, guztiz bidezkoa anitz urtez beste baten obrak gauzatu dituen batentzat, nik ez nuke inoiz beste baten esku nire marrazkiak gauzatzen utziko, neuk Lesquiberekin hogeita hamar urtez egin dudan bezala..., eta hala ere, bera ez da horretatik hil (barrea), ez dut orain nire burua exekutatzen utziko... Baduzu lehentasunik teknikak aukeratzeko orduan? Ez, aise moldatzen naiz teknika guztiekin, hori mandatuaren araberakoa izaten da. Zerk dakar lanen onarpena? Halako itzala uzteko gogoa, Ebanjelioa irudiztatzekoa, ebanjelizatzeko ahaleginetan parte hartzekoa...? Ez, plastikaren bilaketa da bultzatzen nauena, bai eta irudiztatzen dudan gaia Eskritura Santuetatik aterea izatea ere... Gero, iruzkinak egitea ez da nire kontua... Zuk aprendizak prestatu dituzu? Ez, hori ez da jadanik egiten, bakarrik emakume bat izan dut, bi aldiz sei hilabetez geratu zena... Non aurkitzen dira zure beirateak? Alde guztietan pixka bat, Angelun San Leon, San Migel eta Hirutasuneko elizetan, non beirate guztiak neuk egin ditudadn, eta Blancpignon en, Lesquiberekin batera egin nuena. San Leon bukatu berria dut. Eta gero, pixka bat, Euskal Herriko alde orotan: Elizaberri, Hazparne, Zuberoko zazpi edo zortzi elizatan... apaiza irudikatzen duen agindu bat burutzen ari da Angeluko Notre Dame du Refuge n. Charles Carrèreren estiloa: maite duenari leial Charles Carrèreren beirateen ezaugarriak azaldu behar izanez gero, zer esango genuke? Hogeita hamar berrogeiko urteak? Ez, nolanahi ere, ez dagokit niri hori esatea, beirateak dira, besterik ez. Abstraktu asko ikusten den garai batean, ez zara aldaezinaren papera egiten ari? Bai, abstraktua modan dago, baina nik ez diot beldurrik haizearen kontra joateari... Eta hori betidanik ezen, antza denez, zuk zure estiloari aski leial iraun duzu Bai, figuratiboari. Hala berean garrantzitsua da beirateak beren testuinguruan ikustea, tokiarekin harmonian... Bai, bestalde, bisitarazten ditudanean, ez ditut beirateak erakusten, kapera ikustarazten dut... beirateekiko kontrastea sortzen duen harria. Eremu txikiak, oso horma lodiak, eliza erromanikoak atsegin ditut beren estilo soilagatik... Beirateak partikularrentzat Pasa gaitezen arlo «zibilera» orain. Partikularrentzako lana marjinalagoa da, agintzen dizkizuten gaiak bestelakoak dira? Erromes bat, antzezle bat, gaua eta ilargia saretxo batean biltzen dituen «esnalea», loreen iratzartzea, farol piztailearen antza, Graal Santua, Espiritu Santua eta jariaten den ura... urrezko oilarra, gaua eta eguna begi gainean benda bat duela, lore multzoak, bere errautsetatik berpizten den fenix hegaztia, lore gotikoz hornituriko zuhaitza, liliak... Aski gai klasikoetan geratzen gara, horrenbestez. Beirate guztiz originalak edo oso gaurkoak, abangoardikoak egin behar izan dituzu, erakutsi didazun pierrot ameslariaren ildokoak? Bai, hori beirateetan egin dugu. Agian, gutxien ezagutzen dugun Charles Carrèreren alderdia: marrazkiak, pintura, betidanik... Goazen orain marrazkietara, gouache lanetara. Horiek nire «kapritxoak» dira, Goyak egindakoaren antzekoak, «kapritxoso» hutsa naizenez... (barrea). Dena egin daiteke, bizitza, heriotza, natura hilak, egiazkoen arabera egiten ditudan txoriak, irudiak burezurretan...ezin dut zuhaitz enbor bat, burezur bat ikusi, beraietan formak ikusi gabe, pixkana pixkana etorri zaidan fantasiazko era da hori... antropomorfismoaren bidetik espresioa jartzen diet marrazten ditudan animaliei edo objektuei. Izenburuak ere horrela etorri ohi dira, «Simon Estilita Egiptoko basamortuan, zutabe batean bizi zen santua, behean haren gortea moldatzen duten txori mahukadunak..., txorieme burukodunak eta ama nagusia»... 1967tik 1980ra bitarteko obrak dira horiek... Badira nik jasotzen ditudan esaldi bikainak, irratian, France Culturen entzuten ditudan esaldiak, liburuetatik atereak, Jacques Préverten esaldiak. Noiz ezagutu zenuen Goya? Baionan, eta Louvren. Eguneko zein alditan egiten duzu lan? Hori gauez egiten nuen, behiala lan asko egiten nuen gauez, baina orain ezin dut. Igandetan margotu egiten nuen, gorde dudan langile ohitura da hori... Non eta noiz erakutsi dituzu zure marrazkiak? Azken erakusketa Page etxean, 1984an, eta ez ditut gogoko talde erakusketak, besteren artean itorik zaudenean, horrek ez du zentzurik niretzat... Orain, beste erakustoki bat proposa diezadaten zain nago... * Pierre Molères monsinoreak 2001eko martxoaren 24an, 15h30etan, N D du Refuge n inauguraturiko beiratea. Argazkiak: Sophie Hontaas Euskonews & Media 123.zbk (2001 / 5 / 18 25) Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Miren Sánchez Erauskin: "Gazteak kokoteraino daude hitzaldiekin"

 

Irakurri

Gloria Totorikaguena: "EEBBetako euskaldunak euskararen aldeko mugimenduan interesatuta daude"

 

Irakurri

Xabier Iriondo: "Nafarroak, Euskal Herriari jarriko balizkio bezala, euskarari jartzen dizkio barrerak "

 

Irakurri

Koldo Amestoi: "Mintzatzen denak ereiten badu, ixilik dagoenak biltzen du"

 

Irakurri

Miren Terese Urrestarazu: "Araba ez da inoiz orain baino euskaltzalegoa izan"

 

Irakurri