Jaime Otamendi: "Ez nago liluraturik EEBBtan ikusten ari naizenaz, baina gauza batzuk kontuan hartzekoak dira"

1999-03-19

AGIRRE, María

Elkarrizketa Jaime Otamendi, kazetaria "Ez nago liluraturik EEBBtan ikusten ari naizenaz, baina gauza batzuk kontuan hartzekoak dira" * Maria Agirre Euskadi Irratiko entzuleok ondo baino hobeto jakingo duzuenez, Jaime Otamendi New York en dago. Elduaingo kazetariak lasaitu bat hartu, ingelesa ikasi eta gauza berriak ikustea erabaki du, eta horiek guztiak egiteko etxeorratzen hiria aukeratu du. Gabonetan Euskal Herrira itzuli zela aprobetxatuz, Jaimeri ordura arte ikusitakoaz eta hemengo komunikabideez galdetu genion. Zer dela eta New Yorken? Lehenengo sei hilabeteetako helburua oxigenatzea, gauza berriak ikustea, eta txipa aldatzea izan zen. Hemen ondo nengoen, baina konturatzen nintzen beharrezkoa zela orain arteko lana ebaluatu eta aurrera begira zer egin dezakedan ikustea. Bestalde, ingelesa ikastea beste helburuetariko bat da, izan ere, ingelesa jakin gabe lanbide honetan oso gaizki sentitzen nintzen. Hirugarren helburua, berriz, EEBBetako komunikabideak zertan ari diren ikustea da. Lehenengo sei hilabeteetan ingelesari gogor heldu nion eta gauza berriak ikusi nituen. Gainera, hango enpresa batean lan egiteko aukera izan dut eta hori zorte handia izan da. Publizitatera zuzendutako enpresa bat izanik, esperientzia horrek balio izan dit publizitatearen arloa nola dagoen eta enpresa egiturak nolakoak diren ikusteko. Antzeman dudanez, EEBBtan produktuari eta marketing ari garrantzia handia ematen diote, eta nik uste dut hemen bi gabezia horiek baditugula. Batzuetan produktua ahaztu egiten zaigu eta merkatuaren marketing ari ere ez diogu behar hainako begirunea eskaintzen. Eta zer da orain arte ikusi duzuna. Adibidez, irratiari dagokionez, EEBBkoak oso desberdinak dira? Uste dut gauza guztiak direla apur bat desberdinak. Hala ere lehenengo sorpresa izan zen ikustea hemen edukiz eta egiteko moduari dagokionez ez gabiltzala hain gaizki. Uste dut hemengo edukiak EEBBkoak baino interesgarriagoak direla, baina era berean, estatubatuarrak oso onak dira produktuakegiten, hau da, edukiz produktua txarra izan arren oso ondo egiten dute. Bestalde, hango merkatu hain handia izanik era guztietako aukerak daude. Merkatua zabala da, eta jendetzak era desberdinetako komunikabideak aukera ditzake. EEBBtako zer ekarri daiteke Euskal Herrira? Iruditzen zait EEBBetatik hona ezin dela besterik gabe ezer ekarri. Guk gure ezaugarrietara egokitu behar ditugu. Ez nago liluraturik EEBBtan ikusten ari naizenaz, baina gauza batzuk kontuan hartzekoak dira. Hemendik hara, berriz, ezer eraman daiteke? Beharbada hizkuntzaren alorrean dugun esperientzia ez litzaieke gaizki etorriko, zeren han garbi ikusten da ingelesa eta gazteleraren arteko norgehiagoka. Albistegiei dagokienez iruditzen zait Euskal Herrian beste era batetara lantzen direla oraindik behintzat, baina nazioarteko ikuspegian han hankamotz dabiltza. Han bertako albisteek dute garrantzia, eta kanpoko berri ematen badute EEBBek zerbait egin dutelako da. Fenomeno hori, gainera, gizartean ere antzematen da, oso gutxi dakite munduan zehar gertatzen ari denaz. Teknikoki, berriz, gure aurretik dabiltza? Antzera gabiltzala esango nuke. Jakina, eurak esperimentazio alorretik aurreratuago dabiltza, baina ez dut somatu desberdintasun handiegirik. Hala ere ez zaizu iruditzen Euskal Herrian kosta egiten dela berrikuntza teknikoak sartzea. Adibidez, oraindik EITB kateko irratiek ez dute Internetez emititzen, nahiz eta horretan hasteko asmoa agertu. Hala ere, ez da berandu? Bai, oso berandu. Badira hiru edo lau urte irratian hori defendatzen eta eskatzen ari garela, baina bai, Euskal Herrian gauza berriei heltzea kosta egiten zaigu. Jende gaztea, berriz, Interneten mundu horretan sartuta dago. Burubelarri sartu beharrean, beti atzetik ibili izan gara eta nik neuk aitortzen dut nire burua analfabetoa dela arlo horretan. Horregatik esaten nuen gutxi esperimentatzen dugula, uste dut gehiago arriskatu beharko genukeela, esperimentatu gehiago, nahiz eta batzuetan hankasartzeko arriskua izan. Bestalde,kazetari gazteekin apur bat dezepzionaturik nago. Esperimentatzeko eta gauza berriak egiteko gogo gutxirekin ikusten ditut. Aurrera begira eta orohar, zein da komunikabideen joera? Zaila da esatea zein izango den joera baina badago baliabide tekniko guztiak erabiltzeko joera. EEBBetan, adibidez, irrati programak egin ondoren Internet bidez eskaintzen dituzte norberak nahi duen unean aukera ditzan. Bestalde, programa horiek telebistarako ere grabatzen dituzte gero zatiak eskaintzeko, eta gainera, irrati programen liburuak ere ateratzen dituzte. Beraz, garbi ikusten da multimedia sartuta dagoela irratian ere. Gaur egun saio bat ez da irratikoa bakarrik, esparru desberdinetara zabaltzen dute. Beldurra ematen didana, berriz, edukirik gabeko irratia da, eta hori hemen ere sartzen ari da. Hau da, ezer esaten ez duen irratia, helburu bakarra ondo pasatzea duena. Horrelakoak EEBBetan ugari daude. Nola ikusten dituzu euskarazko komunikabideak? Iruditzen zait bide onetik goazela, baina lehen esan bezala produktu berriekin gehiago esperimentatu beharko genuke. Bestetik, dagoeneko euskara komunikazio tresna denez, ezin dugu ibili euskara maitatu egin behar dela esanez. Produktu onak egin behar ditugu euskaraz. Hirugarrenik, seguruen elkartu egin behar dugu, zeren merkatu txikia dugu eta merkatu horri produktu konpetitiboak eskaintzeko komenigarria litzateke elkartzea. Merkatuari dagokionez, gazte jendearengana heldu beharra daukagu. Gazteek irratia eta telebista txikitatik ezagutu dute, eta interesatzen edo gustatzen zaien produktua aukeratzen dute nahiz gazteleraz edo ingelesez izan. Beraz, horiekin ezin dugu ibili euskara maitatu egin behar dela esanez. Konpetitiboak izan behar dugu eta gazte jendearentzat produktu erakargarriak egin bai komunikabideetan, liburugintzan, diskogintzan.... Askotan esan izan da militantismoagatik aukeratzen ditugula euskarazko komunikabideak. Gaur egun irauten du militantismo horrek edo dagoeneko informazioa euskaraz jaso nahi delako aukeratzendira euskarazko komunikabideak? Oraindik ere badago militantismorik, baina militantismo hori bukatu egingo da edo ez du izango orain dela urte batzuk zuen garrantzia. Beraz, jendeari produktu onak eskaini behar dizkiogu, euskaraz ez dakitenek inbidia sentitzeko hainakoak. Orain dela gutxi politikari batek zioen komunikabideak euskal gizartearen atzetik doazela. Zentzu batzuetan horrela da. Politikaren ikuspegitik komunikabide batzuk oso galduta ibili direla uste dut. Ez dut nire burua hor sartuko, zeren euskal politikagintzari arreta berezia eskaini diogu eta hor beti nahiko fin jokatu dugula iruditzen zait. Baina berriro diot, komunikabide batzuk noraezean ibili dira euskal politikagintzan. Alde batetik, ez dute hemengo prozesua ondo jarraitu, eta gainera, kontalari eta ikusle beharrean partaide izan nahi dute botore handia dutela erakutsiz. Su etenaren kontuarekin garbi ikusi da oso galduta ibili direla. Argi dago informazio politikoak herri honetan joko handia, eta jende askori ondo bizi izateko aukera eman diola. Hemen badago hainbat kazetari euskal arazoan aditu bihurtu eta hortik bizi dena beste ezer jakin gabe. Etorkizunari begira arazo bat dago, zeren komunikabideek hausnartu egin beharko dute. Albistegiak oso erraz bete izan ditugu gatazkaren kontuarekin, eta gainera, gauza oso txikiei izugarrizko garrantzia emanez eta edozein adierazpen politikori kontra adierazpenak bilatuz. Uste dut gizartea oso aspertuta dagoela jokabide horrekin. Gizartea iritsita zegoen une batera non ez zituen albistegiak entzuten edo arreta gabe entzuten zituen, hain zuzen ere, tontokeria asko esan izan delako. Egoera politiko berri honek aurrera jarraitzen baldin badu, hori guztia bertan behera geldituko da eta komunikabideetan hausnarketa serioa egin beharko da albistegiak eta orrialdeak betetzeko eskaini behar den informazioaren inguruan. Garbi dago komunikabideentzako errazagoa dela euskal arazoaz hitz egitea eta tankera horretako kazetaritza egitea, ikerketa kazetaritza edo informazioekonomikoa lantzea baino. Errazagoa da bati adierazpenak eta besteari kontra adierazpenak eskatzea, euroak zein aldaketa ekarriko dizkigun aztertzea baino. Hor dugu erronka kazetariok: gure burua beste gai batzuetarako prestatu behar dugu. Aurreko galderari buelta emanez. Politikariak ez ote doaz euskal gizartearen atzetik? Esan nahi dut, kosta egiten zaiela adierazpenak euskaraz egitea eta egiten dutenean batzuetan kalitate eskasarekin. Bai. Hala ere, azken urteetan aldaketa nabarmena gertatu da eta lehen euskarazko komunikabideei jaramonik egiten ez zien politikari askok jarrera aldatu du. Baina oraindik eginbehar handi bat dago, eta politikariek zuzendu behar dute prozesu hori. Ez da nahikoa euskarari bai esatea; hori egunero erakutsi behar da, adibidez, batzuetan adierazpenak soilik euskaraz eginez. Bestalde, kalitatearen kontuan zuzen zaude. Zenbait politikarik euskaraz egiten duten bezala gazteleraz egingo balute, lotsagarri geratuko lirateke. Baina komunikabideetan ere bada beste erronka bat, zeren hemengo hainbat komunikabidetako kazetariek ez dakite euskaraz eta hori ezin da onartu. Herri honetako komunikabideek garbi eduki behar dute kazetariak elebiduna behar duela izan. Hemendik aurrera kulturak garrantzia handiagoa izan dezake informazioan? Nik uste gauza guztiek izango dutela pisua eta kulturak ere bai. Guk kultur igurtzi berezi bat daukagu, hori garbi dago. Identitate berezia dugu, kultur produkzio jakin bat, eta horri zintzo begiratu behar diogu. Nik uste gizartearekin bat egin beharra daukagula, eta azken urteetan ez gara oso bateginda egon. Gizarteari zer interesatzen zaion aztertu eta kulturari arreta berezia eskaini beharko zaio, baina kultura era erakargarrian eskainiz. Batzuetan, kultura era astunean jorratu dugu, eta kultura ere eguneroko dinamika erakargarri horretan sartu beharra daukagu. Asko hitz egin izan da euskarazko komunikabideen hizkuntz kalitateari buruz. Gaur egun nola ikusten duzu alor hori? Asko egin da baina oraindik askodaukagu egiteko. Euskararen kalitatearen gaian zintzo jarraitu beharra daukagu, kontuan izanda frantsesaren eta gazteleraren kalitatearekin ere oso kezkatuta dabiltzala. Hizkuntza lanabesik garrantzitsuena da eta zaindu beharra daukagu. Euskararen kalitatearen kontu honetan uste dut erronka asko ditugula. Batetik, euskara batuarena Euskal Herri osorako ari diren komunikabideetan; bestetik, herri komunikabideek euskalkiei arreta berezia eskaini behar dietela uste dut, hau da, euskalkiak bultzatu eta indarra eman. Ni ez naiz filologoa baina euskara batuaren alde egon arren, garbi daukat euskara batua euskalkien bidez aberastu beharra daukagula. Herri edo eskualdeko komunikabideak egiten ditugunean, erabaki egin beharko da idatziak batuaz behar duen izan eta ondoren aberastu euskalkien bidez, edo zuzenean euskalkietara jo behar dugun, azken hau ere ez zait gaizki iruditzen. Ahozko kasuetan, behintzat, oso garbi daukat euskalkian izan behar dela. Euskaraz ari diren kazetariei asko kostatzen zaie Euskaltzaindiaren arauak onartzea? Seguruen bai, kosta egiten zaigu, baina arlo horretan kazetariok zintzo jokatu behar dugu nahiz eta batzuetan ez egon oso ados. Nire inpresioa da uste dugula asko dakigula hizkuntzari buruz eta denok iritzia ematen dugu, baina autoritate bat behar dugu eta hori Euskaltzaindia da. Beraz, bere erabakiak onartu behar ditugu. Beste kontu bat da, une batzuetan, gauza batzuk erabaki egin behar direnean, kazetariak aurrea hartu eta Euskaltzaindia gure atzetik ibili beharko dela gauzak erabaki eta zehazterakoan. Hau guztia kazetari euskaldunei dagokienez, zeren batzuetan antzeman izan dut, horren aitzakian euskaraz gaizki egiten duten kazetari askok Euskaltzaindiak erabaki gabe duenaren kontua erabiltzen duela. Euskarazko komunikabideak ez dira euskaltegiak eta batzuetan badirudi euskaltegian gaudela. Horrek biziki haserretzen nau. Noiz izango dira errentagarri euskarazko komunikabideak? Zaila da esatea. Hala ere, ikusten da euskara hasi dela errentagarriizaten. Erdal komunikabide batzuk euskarazko produktuak ateratzea pentsatzen hasi dira. Eskualde batzuetan, gainera, euskaraz egindako komunikabide batzuk errentagarri izaten ari dira. Adibidez, herri aldizkariak. Oraindik denbora behar dugu eta joerak horretara eraman beharko gaitu, baina dirulaguntza publikoa ere beharrezkoa izango da. Etorkizuna nola ikusten duzu? Kalitatearen aldeko apustua egin behar da eta merkatu aldetik gazte jendearengan arreta jarri. Horrez gain, kazetariok gure burua prestatzen ahalegina egin behar dugu, zeren uste dut une honetan nahiko galduta gabiltzala formazio eta prestakuntzaren aldetik. Hemen kazetarioak nahiko gabezi ditugu formazio aldetik, kultura aldetik. Oso errazera ohituta gaude eta erronka berrietarako prestatu beharra daukagu, batetik, lanabes berriak izango ditugulako, eta bestetik, eduki aldetik asko daukagu ikasteko. Iruditzen zait kazetariok gutxi irakurtzen dugula. Hala ere, etorkizun polita izan dezakegu. Ekainean bueltatuko zara. Berriro irratira? Ez dakit. EEBBtatik natorrenean zein aukera dauden ikusi nahi dut. Niri ogibide hau izugarri gustatzen zait eta hori zorte handia da! Seguruen irratian aritu nahi izango dut baina telebista ez dut baztertzen. Bestalde, EITBn zein zuzendaritza dagoen ikusi beharko da, eta ea nirekin kontatzen ote duten. Argazkiak: Maria Agirre eta Euskaldunon Egunkaria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Pantxoa Etchegoin: "Euskal Herriko kulturaren panorama baikorra da 2000. urteko atarian"

 

Irakurri

Xabier Mendiguren Bereziartu: "Euskal Herrian pauso asko eman behar dira, euskaraz edozein alorretan eragozpen gabe hitz egiteko"

 

Irakurri

Leire Ortueta: "Publikoaren aurrean dantzatzea guztiz pozgarria da niretzat"

 

Irakurri

Juan Garmendia Larrañaga: "Nire ustez, Olentzero enborra Olentzero pertsonaia baino zaharragoa da"

 

Irakurri

Bernardo Atxaga: "Idazleon lanbidea basati eta arriskutsua da."

 

Irakurri