Javier Diaz-Noci. Pompeu Fabra Unibertsitateko irakaslea: Ez dugu utzi behar informazioa botere publikoen eskuetan

2014-03-05

VELEZ DE MENDIZABAL AZKARRAGA, Josemari



Lehenik eta behin, zoriondu behar zaitugu “Historia del periodismo vasco 1600-2010” zure liburu ederra dela-eta. Sarreran diozun moduan, gure kazetagintzaren historia ez da oso berandu arte gauzatu. Eta zurea agertu arte, berriz, ez da euskal kazetagintza osoaren ikerketa bateratua burutu... Baina inoiz ez da beranduegi, ezta?

Ikerlari askok hori esaten genuen, bai, idatzi behar zela historia. Baina matizatu behar dut. Alde batetik, Euskal Herriko kazetaritza nahiko berandu hasi zen, XVII. mendean, Donostian. Hau da, Gipuzkoako inpresore ofizialek erabaki zuten zenbait aldizkari argitaratzea baina Iruñera aldatzea erabaki zutenean hark ez zuen jarraipenik izan. Espainia eta Frantziarekin alderatuta, nahiko berandu ibili ginen Hego Euskal Herrian. Beste aldetik, esango nuke kazetaritzaren historia egiteari ekin orduko denbora asko eman zela. Partzialki arlo dezente ikertu da, baina falta zitzaigun lauki orokor bat burutzea, estatuko zenbait lurraldetan egin den bezalaxe. Eta, apal-apal, hori gauzatzen saiatu naiz ni, eta hauxe da emaitza.

Ipar Euskal Herrikoa ere ikertu duzu, euskarazko bertsioan. Egin al da ezer han frantsesez idatzitakoaz?

Baionan aurkeztu zen 2012an Eneko Bidegainen doktoregoko tesi bat “Eskualdunak” argitarapenari buruz, lehen gerra mundialaren inguruan astekari hark izan zuen komunikazio-planteamenduaren gain, hain zuzen. Tesi honen defentsa aurretik ez da gauza handirik burutu Ipar Euskal Herriko euskarazko kazetaritzaari dagokionez. Eta ikuspegi orokorra falta da, eta frantsesez egindako prentsari buruz batik bat. Adibidez, Napoleon Bonapartek, bai frantziar populazioari eta baita Espainiako biztanleriari begirako argitalpen batzuk sortu zituen Ipar Euskal Herrian. Baionan gaztelerazko kazetak inprimatzen ziren, Espainian banatzeko. Horrek ekarri zuen, Independentziako gerran Napoleonek berak gaztelaniazko kazetak inprimatu araztea Bilbo, Gasteiz eta Iruñean. Handik aterako zen, aldiz, hemengo liberalek, eredu hori hartuta, tokiko benetako kazetaritza garatzea. Kontraesana badirudi ere, Napoleon Bonapartek zer ikusi handia izan zuen Ipar eta Hego Euskal Herriko kazetaritzaren garapenean.

“Historia del periodismo vasco 1600-2010” Mediatika 13.

Oso iritzi garbia duzu, euskal kazetagintzari buruz ikerketa lanik egin duten zenbait ikerlarik euskarazko ekoizpena aintzakotzat ez hartzeak adierazten duen logika ezaz ...

Batez ere orain Katalunian bizi naizela horretaz konturatzen naiz askoz indar handiagoarekin. Euskara Euskal Herriko hizkuntza bat da, gaztelania eta frantsesa diren heinean. Hiztunen kopuruak desberdintzen gaitu eta euskarazko kazetaritza-ekoizpena txikiagoa da. Kalitatearen aldetik beste gauza bat da. Baina garbi dago ez dagoela Euskal Herriko historia ulertzerik euskara jakin gabe eta euskaldunen ekarpena ulertu barik. Euskara, ordea, ezezaguna da ikerlari askorentzat, eta horrek eraman ditu horietako batzuk euskarazko lana aintzakotzat ez hartzera. Nire liburu honetan, jakina, bi produkzioak hartu eta batera aurkezten ditut, nahiz eta kalitate mailak ezberdinak gerta daitezkeen. Euskal Herriko historiografian hutsune handi bat izan da, eta bete egin behar dugu.

Zure liburuan diozunez, bi komunikazio-sistemaz ari gintezke: gaztelaniazkoa eta euskarazkoa. Eta gehiengoak - espainierazkoa- ez daki euskaldunak zer egiten duen ... Gizartearen beraren ispilua, ezta?

Pentsatu behar dugu gauzak hobera doazela. Ulertu behar da euskara, eta ironiarik gabe diot, hizkuntza indigena bat dela. Ez da katalana, galego edo portugesa bezalakoa. Penintsulako gainerako hizkuntzak latinaren ondorengoak dira. Eta kulturaren zein administrazioaren erreferentziak izan dira. Administrazioak, eta kulturak, latinez eta latinaren ondorengoez hitz egin izan du beti. Euskararen kasuan ez da kultura hizkuntzatzat orain dela gutxi arte hartu eta ez da administrazio-hizkuntza bezala inoiz ageri. Eta horrek zailtasunak sortzen dizkio euskararen bilakaerari. Eta latinetik ez datorrenez gero ... gainerakoek ez diote ulertzen, nahiko opakoa da. Euskal Herriko erdaldunek ez dute euskararen premiarik izan. Hobetzen doaz gauzak ... baina poliki. Sistema biek nahiko opakoak izaten jarraitzen dute. Diglosikoak ditugu. Erdaraz ari direnek ez dute jakiten euskal sistemakoek zertan diharduten. Hori gainditu ahal izatea ez dago euskaldunon esku, sistema erdaldunean eta ez beste inon dabiltzanenetan baizik.

Euskal Herrian egindako kazetagintzaren nondik norakoak ba al du berezitasunik, beste inongoarekin alderatuta, batez ere lurralde elebidunetan?

Nirea ez da historia alderagarria. Konparazioak egin nahi izatea oso arriskutsua da. Tentagarria gerta daiteke Euskal Herria eta Kataluniako informazio-sistemak alderatzea. Baina ez dugu ahaztu behar katalana eta gaztelaniaren arteko gatazka ezberdina dela euskara eta gaztelaniaren artekoa baino. Politikoki errebindikazioak antzerakoak izan daitezke hizkuntzari dagokionez, baina abiapuntuak zeharo desberdinak ditugu. Katalana hiritar guztiek erabiltzen dute eta ez da historian inon galdu. Eta Euskal Herrian galdu den kasu askotan geure erruarengatik gertatu da. Barneko historia alderagarriak egin beharko genituzke, kanpokoekin ekin aurretik.

Katalunia aipatzen ari zara, bai, eta ados gaude egoera desberdinak direlakoan. Baina, adibidez, orain horrenbeste hauts harrotzen ari den Eskoziako kasuaz zer esan dezakezu?

Bada konparatzerik baina kasu desberdinak ere dira. Iaz, 2013an, doktoregoko tesi bat irakurri zuen EHUn, euskaraz eta ingelesez egina, Irati Agirreazkuenagak. Eta alderatzen zuen Euskadi Irratia eta BBC Alba (Scotland, gaelikoz emititzen dutena) lan errutinak. Baina Eskozia eta Galeseko egoerak diferenteak dira gurearekin konparatuz. Alde batetik, Eskoziako gaelikoa oso gutxi hitz egiten da —60.000 pertsona inguru, batez ere irletan kokatuak— eta eskozieraren gaia ez da estuki lotua egon Eskoziako nazionalismoarekin. Esaterako, Alex Saldmonek ez daki gaelikoa. Eskoziako independentziaren argumentariorako argitaratu zuten liburu zuria ingelesez bakarrik egin zuten, nik dakidanez. Eskozian bada beste dialekto bat —“scots”— ingelesarekin zer ikusirik duena. Beraz, hizkuntzen aldetik, Euskal Herrian hobeto gaude euskararekin Eskozian gaelikoarekin baino, nahiz eta gure artean ere lurralde desberdinetako egoerak konparagarriak ez izan. Ideia bat egin dezagun, diodan gaelikoaren panorama informatiboa BBCren eskuetan dagoela, hau da medioetan gaelikoak duen presentzia Erresuma Batuko komunikabide ofizialak zuzentzen du.

Kazetaritza digitalak —edo hobe esanda, Internet bidezkoa— hurbiltasuna ahalbidetu digunez gero euskararen gizarteko presentzia indartu al du?

Alde batetik, bai. Gertatzen dena da, Internetek aldatu egin dituela gizarte harremanen arauak, arlo guztietan. Euskararentzat aukera bat da Internet baina lehia ere askoz handiagoa dugu. Dena den, kazetaritzaren eredua ez da oraindik funtsean aldatu eta hori oso ongi dakite egunkariak publikatzen dituztenek.

Orain dela gutxi Le Monde Diplomatiqueko zuzendariari irakurri ahal izan diogu elkarrizketa batean, fakultateetan etorkizuneko profesionalak formateatu egiten direla gehiago formatu baino... Ados al zaude?

Esango nuke baietz, eta mea culpa bat adierazi beharko nuke nik ere, etorkizuneko profesionalak hezten ahalegintzen bainaiz. Alde askotatik datozkigu kritikak, oso konpetentzia instrumentalak irakasten ditugula adieraziz. Informazioa zer den eta zertarako den —pentsamendu kritikoa sorraraziz— gaiari ez zaiola behar bezalako arreta eskaintzen leporatzen zaigu. Internetek sakondu egin du modu horretan, berrikuntzak oso azkarrak baitoaz. Pentsatzeko denbora asko ez dago, eta ikasleek eta merkatuak, neurri batean, abilezia teknikoak eskatzen dizkigu eta ez horrenbeste humanitateekin lotuak dauden eta tradizionalki irakatsiak izan diren konpetentzia kritikoak. Hori mundu guztian gertatzen ari da. Krisialdi ekonomikoak ez du batere laguntzen. Pentsamendu liberalak produkzioa nahi du, efikazia —hitzaren esan nahi diskutigarrian— eta horrek guztiak islatu egiten du komunikazio sisteman bere itzala. Diagnostikoari irtenbidea segitu beharko litzaioke, ataka horretatik atera gaitezen.

Badirudi munduko kazetaritza agertzen ari dela eszenategi berrietara, teknologiek behartuta. Egitasmo disruptiboek modu desberdinez heltzen diote etorkizunari eta medio independenteek ez ohiko finantzazioren bila jotzen dute, edozein pertsonak gustukoa duen medioan inbertitu ahal izateko ...

Panorama hankaz gora jarri duen teknologia, berez ona ala txarra den esaterik ez daukagu. Teknologia baliabide huts bat da. Momentu interesgarria bezain kezkagarria da oraingoa. Botere handiek teknologiak nola erabil ditzaketen ikusi dugu berriki eta hori teknologiaren oso ekarpen txarra dugu. Gure komunikazio pribatuak bortxatuta izan dira, inbadituta. Eta pribatasuna izan beharko litzateke demokraziaren printzipio sendo bat. Baina teknologien erabilera modu batek hori kolokan jartzen du. Lehengo galderara itzuli beharko genuke. Formateatu? Formatu? Informatu, komunikatu eta erabaki: horixe da sistemak eskaini beharko lukeena. Eta hori Internetekin, paperezko kazetekin, irratiekin eta denekin lortu behar da. Eta geuri dagokigu esatea zer eta nola nahi ditugun gauzak. Eta ez dezagun utzi hautaketa, inondik ere, botere publikotzat hartzen ditugun horien eskuetan. Geu baikara botere publikorik garrantzitsuena.

Eta historia finkatzen aritu ondoren, ba al duzu euskal kazetagintzaren etorkizuna dezifratzeko talaiarik?

Historia iraganari begira egon eta, hori eginez, gaurko egunak adierazi nahi ditu, askoz zailagoa da, eta konprometituagoa, etorkizuna nolakoa izango dena adierazi nahi izatea. Dena den, gure kazetaritza inguruko kazetaritzari lotua da, eta berez, batez ere Europako —batik bat Hego Europako— kezkak gure kezkak ere badira: zein da botere publikoen zeregina, zein da komunikabide berrien eta zaharren zeregina ideologiak, instituzioak, demokrazioa indartzeko orduan, nola eratzen ari da iritzi publikoa, zein da prentsaren zeregina, zein komunikabide publikoak, nola arauta behar dugun Internet...? Galdera horiei guztiei erantzuna nolakoa izango den irrikitan gaude, baina hori... beste historia bat da, eta gure historia honen segida behintzat. Belaunaldi berriek egin eta adierazi beharko lukete —eta interpretatu— etortzear dagoen historia hori.
Partekatu
Facebook Twitter Google Whatsapp

AURREKOAK

Antxon Aguirre Sorondo. In Memoriam: 30 urte baino gehiago erroten ikerketari eskainiak

 

Irakurri

Laura Gómez Urizar. Telebistako ekoizle eta idazlea Kaliforniako Los Angelesen: Zure ametsak jarraitu, besteengandik bereizten zaituena zer den bilatu eta ez etsi

 

Irakurri

Jexux Aizpurua. Jose Migel Barandiaran Fundazioko Patronato kidea: Barandiaranen ustez irakaskuntza zen bide bakarra euskara suspertuko bazen

 

Irakurri

Izaskun Artetxe García. Bizkaiko Foru Aldundiko Berrikuntza eta Sustapen Ekonomia Sailburua: Gure jarduera ekintzailearen tasak gora egin du krisia bada ere

 

Irakurri

Nerea Mujika. Gerediaga Elkarteko Lehendakaria: Eskaintza zabala daukagula aurten ere. Etorri Durangora!

 

Irakurri