Jose Antonio Sainz Alfaro. Donostiako Orfeoiaren zuzendaria: Orfeoian diziplina azpimarratuko nuke, partaideak oso gazteak badira ere

2012-09-28

SILLERO ALFARO, Maider

ALFAGEME, Ainhoa

Donostiako Orfeoiak erdietsi duen ospea agerikoa da, bai Donostian bertan zein hiritik kanpo. Jada ehun urte bete dituen erakunde honek, 1897an sortu baitzen, abesbatzen artean bere leku propioa izatea lortu du. Berez, mundu osoan talde amateur garrantzitsuenetakoa da. Bete duen 115 urteko ibilbidean zehar 4 musika zuzendari besterik ez ditu izan: Secundino Esnaola, Juan Gorostidi, Antxon Aiestaran eta egungo Jose Antonio Sainz Alfaro. Azken horrek 25 urte bete ditu zuzendari moduan.

2012an Orfeoiaren zuzendari gisa zilarrezko ezteiak bete dituzu. Atzera begiratu eta azterketaren bat egin al duzu?

Ez, ez. Hemen ez dago atzera begiratzeko astirik. Orfeoiak duen gauza ona bat etengabeko jarduera anitza da. Proiektu bat bukatu gabe badago ere hurrengoa hortxe daukagu eta ia inoiz ez daukazu atzera begiratzeko astirik. Eta gainera, Orfeoiak zorte handia dauka, joaten den edozein lekutan oso ondo hartzen baitute. Egunero gogo eta zorte handiz bizi garela esan daiteke.

Begira dezagun aurrera. Hain urte borobila izanik, nola dator azken hiruhilekoa?

Donostiako Musika Hamabostaldia joan den hilean bukatu dugu, oso ekimen frenetikoa eta lan korapilatsuak burutuz, horietako hainbat Orfeoiarentzako berriak baitziren. Orain, urriaren 5 eta 6an Madrilera goaz, eta gero Kursaalean bazkideen urteko kontzertua dugu. Egun horretan etxeko jende guztia kantari aritzen da; txikienak, gazte jendea eta helduak lan berbera kantatzen biltzen dira. Azaroaren 29an San Bizente elizan ongintzazko kontzertua eskainiko dugu eta abenduaren 20an Kursaalean eta 30ean Bilboko Euskalduna Jauregian, saio historikoa bilakatu dena.

Une honetan prestakuntza handiena eskatzen duen ekitaldia datorren urteko martxoan Parisera egin behar dugun bidaia da, baina ez du inolako zerikusirik 25. urteurrenarekin. Berez, 25. urteurrenaren kontu hori Presidente jaunari bururatu zitzaion (Jose Maria Etxarri). Berak ezertxo ere ez baldin bazuen komentatu, nik ez nintzateke ezta gogoratu ere egingo.

“Orfeoiaren ezaugarri bezala bereziki azpimarratuko nuke diziplina bere horretan mantentzen dela, oso jende gaztea biltzen bada ere.”

Argazkia: Carmen Ruiz de Garibay

Beraz, urteurren hau ez da mugarri berezia izango zure ibilbide profesionalean...

Ez, ezta pentsatu ere.

Nolakoa izan zen zure lehen harremana Orfeoiarekin?

Gu, Jesuiten abesbatzan ari ginen, eta garai hartan Gipuzkoako Foru Aldundiak antolatzen zuen lehiaketa batean Antxon Aiestaran epaimahaiko kidea zen, Donostiako Orfeoiaren zuzendaria alegia. Gure abesbatza arretaz entzun zuen. Garai hartan mutiko eta gazteez osatuta zegoen, ez baitzegoen neskatilarik. Abesbatzaren zuzendaria zen Pablo Garaioa jesuitarekin hitz egin zuen, berau Orfeoiaren eskumendekoa izan zedin. Guzti horren ondorioz, abeslari helduak Orfeoian sartzen ziren, eta nik 1974. urtean hala egin nuen. Eskumendekotasun horrek abeslariak Orfeoira pasatzea suposatzen zuen eta pixkanaka egindako prozesua izan zen. 1974-1985 urte bitartean abesten jardun nuen eta 1986. urteaz geroztik zuzendari lanetan aritu naiz.

Eta nola iristen da Fisika Lizentziatu bat abesbatzaren zuzendari izatera?

Egia esan, ez nuen musika ikasi. Beste hainbat kasutan bezala, zera gertatu zen: zure zaletasuna azkenean ogibide bilakatzen duzula. Bizitzan zehar topo egin nuen guzti honekin: ikasketak amaitu aurretik Garaioa aitak ikastetxean bertan irakasle izatea nahi zuen, abesbatzaren saioetan lagun nezan. Nik, nire kabuz ikasi nuen musika eta orduz geroztik bata bestearen atzetik etorri zen. Garaioaren laguntzaile izan nintzen eta gero San Ignazio abesbatzaren zuzendari. Orfeoira joan eta zuzendariaren laguntzaile izan nintzen, eta jarraian, zorionez eta hainbat ustekabeen ondorioz, Orfeoiaren zuzendari.

4 urtez ere Jesuiten Ikastetxean fisika eta matematika irakaslea izan nintzen, baina ezin nuen musika irakatsi titulurik ez nuelako. Tira, gaur egun titulua izan nezakeela uste dut, baina kontua da nire kabuz ikasten hasi nintzela, hainbat azterketak egin nuen eta komentuetan sarturik bi ikasturte batean burutuz... Neurri batez, Orfeoiaren aurreko zuzendariak behartuta egin nuen, ikastetxean klaseak ematen ari nintzela berak esan baitzidan hori utzi eta Kontserbatoriora joan behar nuela. Orduan, bera bizi zela, Kontserbatorioan ikasten hasi nintzen eta laguntzaile moduan hartu ninduen. Ikastetxean baino soldata txikiagoa nuen, baina hori gutxienekoa zen, musikak gehiago asetzen baininduen.

Abesbatzen zuzendari gisa hasi ostean, eszenatoki berrietara ailegatu zinatela eta errepertorio handiagoa eta anitzagoa erdietsi zenuela diote. Hala al da?

Hori esaten al dute? Tira, gauza berriak asmatzea oso zaila da. 1897an sortu zenez geroztik Orfeoiak etengabeko bilakaera izan du eta bilakaera horren baitan hainbat gauza ditugu. Esaterako, oraindik gogoan daukat El Diario Vasco egunkarian kulturaren inguruan orrialde bakarra genuenean, edota bat bera ere ez, eta gaur egun 3, 4 edo 7 ere izaten dira. Duela hainbat urte, jendeak kalean norbait biolin zorroa zeramala ikustean metrailetaren bat zuela uste zuen, Elliot Ness-en pelikuletan metrailetan halako zorroetan sartzen zituztelako banketxeren baten lapurreta egiterakoan. Horrekin guztiarekin zera esan nahi dut, informazioa eta hedabideak izugarri ugaritu direla eta horren ondorioz, Donostiako Orfeoiak mundu osoan barrena gero eta ezagunagoa da. Orfeoia, bere errepertorioaren atal bati so eginez gero, maila gorenean ari da eta hainbat ekimenetan argi eta garbi ikus daiteke. Batek baino gehiagok hori guztia bide berriak irekitzea esaten dio, baina nire ustez etengabeko bilakaera besterik ez da.

José Antonio Sainz Alfarok 25 urte bete ditu Orfeoiaren zuzendari gisa.

Zuk zuzenduriko egungo Orfeoiaren zein ezaugarri izango litzateke esanguratsuena?

Diziplina; betidanik izan du. Bereziki azpimarratuko nuke diziplina bere horretan mantentzen dela, oso jende gaztea biltzen bada ere. Berez, oso abesbatza gaztea dela esan genezake. Ni neu zaharrenetakoa izango naiz, adinez zein iraunkortasunaz ere. Emakumezkoen ahotsak oso berriak direla esango nuke. Adinari so eginez, batez beste 24 edo 25 urte dituzte. Gizonezkoen bataz bestekoa altuagoa da, baina oso interesgarria den berritze prozesuan murgilduta daude. Gau egun, bakarlari moduan ari diren 16 urtetako mutikoak ere baditugu. 16 eta 24 urte bitarteko oso gazte talde ona dugu, osasuntsua eta etorkizun handikoa. Bueno, aurrera jarraitzen badute behintzat, gero kanpora joaten baitira ikasketak burutu edota lan egitera. Beti antzeko gauzak ematen dira.

Zaila izaten al da Orfeoian aritzeko ahots egokiak topatzea?

Arazoa zera da: ezinezkoa dela halako ahotsak aurkitzea, sortu egin behar dira. Orokorrean, inor ez dator gure atera deika bikain abesten duela esanez. Guk geuk eskola propioa daukagu, hainbat haur kantarirekin, eta zenbait ikastetxeekin elkarlanean aritzen gara, bertako abesbatzak zuzenduz. Etorkizuneko euskarri izan behar dugu, bidean partaide asko galdu egiten baitira eta horrela izanik hau guztia 10 urteren buruan desagertu egin daiteke. Geroz eta zailagoa da lortu dugun mantentzea. Jendeak ezeren truke bere denbora ematea...

Orfeoiko kideentzat hau hobby bat al da?

Bai, noski. Bueno, ez da ezeren truke ere... bisitatzen dituzten lekuak eta prestatzen dituzten musika lanak ere interesgarriak dira.

Azken aldian, ez dago Orfeoia kontutan hartzen ez duen estreinaldi garrantzitsurik.

Egia da hainbat saiotan parte hartzeko deia jasotzen dugula. Baina Orfeoia koru sinfonikoa da eta berez egiten duena zera da: orkestrarekin ordu betez, bi orduz, edota hogei minutuz kantari dihardu. Bestalde, euskal kantuaren inguruko saila dugu, baina errepertorioa oso txikia da eta aurrekontu txikiko ekitaldietan edota probintzian barrena eginiko saioetan erabiltzen dugu. Orfeoia auditorium eta antzokietan aritzen da. Oso kontzertu konplexu eta garestiak dira. Orkestra leku berekoa da, bakarlaria nahiz zuzendaria beste batekoa, sarrerek 90 ? balio dute, eta abar. Konpositore ospetsuak dira, esaterako, Beethoven, Verdi, Bach, Brahms eta beste hainbeste. Horixe da Orfeoiaren berezitasuna, orkestraz lagundurik aritzea, baina egia da noizbehinka ere obra luzeagoen zenbait zati organoz lagundurik eskaintzen dela. Normalean, kontzertu batean egile bakar baten obra hartzen dugu, edota hainbat egilerena, obrak laburragoak diren kasuetan.

Urtetan zehar hainbat eszenatokitan aritu ostean, zeinek utzi dizu oroitzapen onena?

Asko dira, baina historikoa, berezia, Lucerna-ko Jaialdikoa izan zen, edo Berlin-eko Philharmonie aretoa, edo Urteberri eguneko kontzertua ospatzen den Viena-ko Musikverein antzokia, Caracas-eko Teresa Carreño zentroa... leku asko daude.

Eta oraindik lortu ez duzuen beste tokiren bat...?

Beste bat esatera nindoan, baina baliteke jada egon izana... London-eko Royal Albert Hall, ni neu ere bertan besten aritu naizela uste dut... Baina leku mitikoa Mosku-ko Tchaikovsky Kontserbatorioa da, zoragarria. San Petersburgon ere beste areto liluragarri bat dago.

“Hainbat urteetan zehar norberak bere soinu propioa eratzen doa eta nire ustetan, horixe da zuzendari baten ekarpenik handiena.”

Argazkia: Juantxo Egaña

Nola lor daiteke lotura hori talde osoarekin, ahotsekin? Nola sortzen da zuzendari eta koruaren arteko lotura?

Esan ohi bezala, maisu bakoitzak bere liburutxoa omen dauka, ezta? Guk soinua sortzen dugu. Hori bai, ez dugu soinu hori sortzen duen botoi edo sakagailurik, eguneroko etengabeko lanaren bitartez erdiesten da. Belarrira iristen zaizun heinean zera esaten diezu. “ez hain ozen, jaitsi, igo, hor gutxiago, hemen gehiago ...”, aldakorrak diren ahotsak moldatzen zoaz, “zuk gutxiago, zuk pixka bat gehiago”, eta horrela gustuko emaitza lortzen duzun arte. Une horretan bertan abeslariak informazioa jasotzen du. Hainbat urteetan zehar norberak bere soinu propioa eratzen doa eta nire ustetan, horixe da zuzendari baten ekarpenik handiena. Obren inguruko ikuspegia aldatzen zoaz. Eskua modu batera edo bestera mugitzearena oso pertsonala da baina azkenean eraginkortasuna da garrantzitsuena. Nik lau urtean behin sinatzen ditut kontratuak eta oraindik kontratuak egiten dizkidate. Beraz, kantariek bide horri eustea nahi dute...

Urte askoren buruan zuzendari bezala aritu izan arren, ahots aldaketa etengabea da, zer nolako eragina du honek?

Nik, adibide berbera jarri ohi dut, hau da, koñak onena hartzen duen upelaren kasua. Hasieran upela berria da, baina likidoa pixkanaka sartzen den neurrian, zura ere busti egiten da. Edaten duzun heinean, koñak berria sartzen dute. Bukaeran tradizioa, kontaktua, nahasketa barruan lantzen da. Gazte jendeak egiten den guztia ikusten du, esperientzia duenari entzun, imitatzen saiatu... batek 50 urte eman ditu, beste batek 30, besteak 10 eta beste bat atzo bertan etorri zen. Guzti hori, hondarrak dituen nahasketa da. Inoiz ez da ez guztiz zahar edota guztiz gazte izatera iristen.Jose Antonio Sainz Alfaro (Donostia, 1956) Zientzia Fisikoetan lizentziatura erdietsi zuen, baina Garaioa Aitak, San Inazio abesbatzaren sortzaileak alegia, honen musika zaletasuna eta berezkoa zuen sena bideratu zituen. Berez, Jose Antoniok berak haren lekua hartu zuen talde horren zuzendari gisa. Jaio zen hirian bertan musika ikasi zuen Kontserbatorioan eta bere heziketa landu zuen atzerrian abesbatzen zuzendaritzaren inguruko bestelako ikastaroak burutuz. 1980etik 1988ra bitartean San Inazio abesbatzaren zuzendaria izan zen. Garai horretan ere Gipuzkoako Abesbatzen Elkartean oso lan pedagogiko esanguratsua garatu zuen. Bere lehen harremana Donostiako Orfeoiarekin 1974an gertatu zen, urte hartan baritono bezala sartu baitzen. Laurogeiko hamarkadan zehar elkar lanean aritu zen taldearen zuzendaria zen Antxon Aiestaranekin. Handik gutxira, haren laguntzaile bilakatu zen. Zuzendariorde izendatu ostean, hainbat obra berriren prestakuntza eta muntaian esku hartu zuen. Gainera, hasi berria zen hedapen politika ere sustatzen lagundu zuen. 1986an Aiestaran ustekabean hil eta gero, Orfeoiaren zuzendari bilakatu zen. Sainz Alfaroren eskutik, Orfeoiak hainbat jaialditan parte hartu du, besteak beste, Salzburgo, Montreux, Pariseko Saint-Denis-en egindakoak. Grabaketa ugari ere burutu ditu eta esanguratsuenak hauexek ditugu: Orfeon 1987-1997 Entre lo sagrado y lo profano, Platinozko Diskoa eskuratuz; 2003an EMI ekoiztetxeak kaleratutako Verdiren Requiem meza, Grammy saria jasotzeko izendatua; Mahler-ren 2. sinfonia, Luzernako jaialdian grabatua eta Urrezko Diapasoia saria jaso zuena. Zuzendari kargua izanik, hainbat musika talderen buru izateko aukera izan du, besteak beste, Letoniako Orkestra Filarmoniko Nazionala, Espainiako Irrati Telebistako Orkestra Sinfonikoa, Euskadiko Orkestra Sinfonikoa, Errusiako Orkestra Nazionala, Istanbuleko Orkestra Sinfonikoa eta Philharmonia Pomorska Orkestra.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Maialen Beloki. Donostiako Zinemaldia: Industriak euskal zinemaren inguruan geroz eta interes handiagoa du

 

Irakurri

Luis Mari Goikoetxea. Gasteizko Kontziliar-Apaizgaitegiko Errektorea: Zerbait ez da ongi egiten ari Elizan, ezta urrik ere!

 

Irakurri

Jokin Mitxelena. Ilustratzailea: Nire marrazkien liburuak, mesedez, supermerkatura!

 

Irakurri

Esther Rebato. Biologia Zientzietan doktorea: Egungo gizakia, mestizaia biologiko eta kulturalaren ondorioa da

 

Irakurri

Koldo Lizarralde Elberdin. Etnografoa: Ondarearen elementuak gorde behar dira, edo gutxienez ikertu, nondik gatozen eta norantz goazen jakiteko

 

Irakurri