Piarres Xarritton: "Handia da oraindik Iparraldea eta Hegoaldea bereizten dituen tartea"

1999-04-14

GURUZIAGA, Marta

Elkarrizketa Piarres Xarritton, Manuel Lekuona Saria 1999 "Handia da oraindik Iparraldea eta Hegoaldea bereizten dituen tartea" * Marta Guruziaga Hazparneko herriak hartuko du, maiatzaren 15ean, .omenduaren izaerarekin bat eginez samurra izan nahi duen bilkura, Manuel Lekuona Sariaren aurtengo emate ekitaldia. Kultura arloko bere ezinbesteko lana da bereziki goretsi nahi den aldea, bihotz harbera eta zabaleko idazle honen beste hainbat giza ekarpen goraipatzeko modukoak badira ere. Piarres Xarrittonena da 1983tik saria jaso dutenen zerrendan sartuko den izen berria. Lehen mailako gizon emakume talde hori aberastera datorrena. Zeremonia handiak gogokoak ez badituzu ere, laster jasoko duzu Eusko Ikaskuntzak urtero ematen duen Manuel Lekuona Saria. Zernolako esanahia du zuretzat? Manuel Lekuona sariak gogoratu dit lehenik Lekuona bera eta haren anaia Martin 1936an fusilatua, bai eta sari horren karietara aipatuak izan diren adiskide zendu batzuek, hala nola Aita Riezu, Eugene Goyhenetche edo Karlos Santamaria. Ohore handia da niretzat horien sailean aipatua izaitea. Iazko maiatzean ere izan zinen omendua. Beste zazpi idazlerekin batera ohorezko bazkide izendatu zintuen EIZIE k, itzulpengintza profesionala euskarara iritsi aurretik egindako ekarpen eskerga gogoratu nahian, garai itzaltsuetan ekin baitzenioten lanari. Ilunaldi hura gaindituta, oskarbi ala hodeitsu dugu zeruertzea? Itzultzaileen sailean sartu nauela EIZIE k egia da. Ez dut ukatuko besteen lanak biltzen eta argitaratzen edo batzuetan horiek euskararatzen gehiago bermatu naizela berriak asmatzen baino, baina sormena ez zaie orori emana eta bestalde lehentasunak badira eta ene iduriko sortu edo birsortu berri den gurea bezalako kultura batek behar ditu lehenik beste kulturen ekaiekin bere zimenduak finkatu. Duela egun batzuk burutu zen Saran Euskal Idazleen Biltzarra. Ba al dakite Frantzian euskal literatura badagoenik? Ni nago frantses batzuek ba ote dakiten euskal herririk badenetz ere. EuroparrenEuskal Herria Atxagaren "Obabakoak" en bidez aurkitu dutela esan du batenbatek. Hala uste al duzu? Baliteke. Nihonek ezagutzen dut euskaldun bat bere sorterria "aurkitu" duena "Mourir à Madrid" F. Rossifen filmea ikusi duelarik. Zein da zure ustez kulturaren garapenean Iparraldean garrantzi gehien izan duen pertsonaia? Menturaz "Gure Irratia" ren sortzailea. Mugazgaindiko harremanak etengabe jorratzen dituzten bi erakundetako kide zara, Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindiakoa hain zuzen. Ez dira ugari horrelako iharduera egunero eragiten duten taldeak. Hain handia al da oraindik Iparraldea eta Hegoaldea urruntzen duen tartea? Bai handia da oraindik iparraldea eta hegoaldea bereizten dituen tartea. 1659.eko tratatu deitoragarriaz geroz, zenbat aldiz eta zenbat gisaz ez gaituzte elkarretarik urrundu Paris eta Madrileko agintariek edo haien hemengo eskumakilak. Eusko Ikaskuntza eta Euskaltzaindia sortu zirenetik mugaz gaindiko bi erakunde horien buruorde Piarres Broussain, Hazparneko auzapez eta kontseilari orokorrak erran zuen Donostian 1920 "Bidasoako ura ugari izan arren ez dauka gure odolak bezinbat indar". Orduz geroztik egin dute lan ederrik bi erakundeek, askatasuna eta laguntza doia eman izan zaien urteetan. Baina bada oraindik zer egin bai kultura sailean bai ekonomian, ez erraiteko orobat herrigintzan. Esanik duzu ez duzula zure burua poeta ikusten. Bai, aldiz, "ehiztari edo arrantzari". Zeren atzetik zabiltza? Erran omen dut ez naizela poeta, arrantzari edo ehiztari bat besterik ez. Badaiteke. Gogoratzen zait ordea, Zulaika antropologaren arabera, badutela zer ikusirik bi ofizio horiek "erotikarekin". Eta poesiak beraz! Zure ingurua aski ongi ezagutzen duzula dakigun arren, XVIII. edo XIX. mendeko idazle zaharretara joz gaurko mundutik ihes egiten duzula aitortu izan duzu. Zerk eramaten zaitu ihesaldi horretara? Zerk eramaten nauen XX. gizalditik aintzineko mendeetara? Menturaz XX. mende honetan ere herriarentzat asmatu eta amestu xedeak nihonek ezin beteizanak. Ene ametsari uko egin aitzin ikertu nahi izan dut zer aldaketak gertatu diren gurearen iduriko XVI. mendetik XVII.era; hortik asmatu nahiz zer berri ekar diezaioken ikusiko ez dudan XXI. mendeak gure herriari. Berrogeita hamar urte pasatxo igaro dira zure lehen bi liburuak plazaratu zenituenetik. Iraganari begirada bat emanez, zure iritziz, nork finkatu zuen Uztaritzeko Seminariora abiatu zen laborari seme harren idazteko zaletasuna? Ene idazteko zaletasuna ene irakurtzeko zaletasunean finkatzen dela iduritzen zait. Eta ene irakurtzaletasuna ene etxekoei zor diet: gure ama Gaxuxari eta izeba Marianari bereziki. Pariseko Euskal Etxearen sortzaile izan zinen. Gaur asmatzekotan, zer sortu zitekeen? Zer aldatu da bertan urte guzti hauen ondoren? Pariseko etxea sortu zelarik, Parisera zoazen euskaldun mutil eta neska gaztek zuten eraiki etxe hori duela 50 urte. Anitz gauza aldatu dira geroztik. Ez da gaur gazte anitzik Parisera bizi beharrez joaten. Han direnak ere bospasei ordu barne etxera daitezke; baina iduritzen zait Pariseko euskaletxeak baduela oraino zeregin. Izan zen aspaldi lehen ere Parisen Nafarroako kolegio aipatua; Geroztik euskal etxea sortu zelarik euskal artista batzuk etorri zaizkidan, Oteiza buru zutela, Nafarroako diputazio autonomoa interesatua izan zitekela Nafartar ikasleentzat aterpe bat aurkitzeko. Zergatik ez asma gaurregun horrelako zerbait Euskal Herri osoko eta gure diasporako ikasleentzat. Maiatzaren 15ean, nor aurkitu nahiko zenuke zure jaioterrian? Lehenik jakina hor izanen ez diren, ene etxeko buraso, haurride, adiskide eta lagun zenduak, horien eskertzeko eta barkamendu eskatzeko ere, bereziki Manuel Lekuonari berari, Baionako erakustokian elkarrekin izan genuen eztabaida gogor batengatik, euskara batua zela etabar elizak gai horretan bere bide berezia herritik aparte hartu behar zuen ala ez jakiteko. PIARRES XARRITTON (Hazparne, 1934) *Bibliografia* Eskualdunak.(Eskual Herria, 1943; Xabier Gasteiz ezizenaz). Petite HistoireReligieuse du Pays Basque. (1946) Le droit des peuples à leur identité. (ed. Fides, Montréal, 1979) Pierre Broussain (Editions du CNSR, 1985) Resurrección María de Azkue eta Pierre Broussain en elkarridazketa. (Euskaltzaindia, 1986) Les idées philosophiques et religieuses de Pierre Lafitte. (Bulletin du Musée Basque, nº 113 114) Fonds Lacombe: Les lettres du docteur Jean Etchepare. ( J. Casenaverekin batera), (Bulletin du Musée Basque, nº 98 108 109 110 111 140 141 142 143 144 J.M. Moulier "Oxobi". (Eusko Jaurlaritza 1990) Piarres Broussain, eusko ikaskuntza'ren lehendakari ordea. (RIEV, 1990, 35 1) Xabier Diharce "Iratzeder". (Eusko Ikaskuntza, 1994) Jean Etchepare Mirikuaren Idazlanak. (1877 1935, Elkar, 4 tomo) Piarres Larzabalen Idazlanak. (Elkar, 7 tomo) Hiztegia. (Xabier Kintanarekin batera, 1997)
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Iñaki Irazabalbeitia: "Azken 20 urteetan izugarri garatu da euskal zientzia eta teknologia"

 

Irakurri

Mikel Laboa: "Gizakiak oso problematikoak gara"

 

Irakurri

Jaime Otamendi: "Ez nago liluraturik EEBBtan ikusten ari naizenaz, baina gauza batzuk kontuan hartzekoak dira"

 

Irakurri

Pantxoa Etchegoin: "Euskal Herriko kulturaren panorama baikorra da 2000. urteko atarian"

 

Irakurri

Xabier Mendiguren Bereziartu: "Euskal Herrian pauso asko eman behar dira, euskaraz edozein alorretan eragozpen gabe hitz egiteko"

 

Irakurri