Ana Fernández Sáinz. UNIQUALeko zuzendaria: Funtsezkoa zen Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea kanpotik ebaluatzeko erakundea sortzea

2007-12-07

BREÑAS, Estitxu

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Goizeko 07:30ean, Bilbotik ateratzen da Ana Fernández, eta 08:30ean iristen da Gasteizera. Bere bulegoa hiriaren erdi-erdian dago, San Prudentzio kalean. Elkarrizketaren egunean, “korrika” etorri da, eta arnasa hartu du hasi baino lehen. Talde-plangintzak, bilerak, Bilbon askotan, eta hamaika telefono-dei, behin eta berriz, ebaluatzaileekin eta areako arduradunekin hitz egiteko, karpetak atzera eta aurrera... Handia eta atsegina da bulegoa, baina hori bai, karpetaz beteta dago, pilatutako lan guztiaren ondorioz. UNIQUAL lehen urratsak ari da ematen, eta mugimendua etengabea da. Biziki baloratzen du bere taldea: “langile trebeak dira benetan, prestakuntza bikaina dute, eta lan egiteko gogoa. Gainera, bat eginik daude”. Plangintzak egin arren, sortu ahala bideratzen dituzte gaiak, unean uneko beharren arabera. Denetarik egiten dute. Ahalik eta ongien antolatzen dira, dena aurrera eramateko, baina nekea gero eta handiagoa da. Anak zehatz-mehatz hitz egin digu bere lanaz eta UNIQUALez. Taldekideak atseginez aurkeztu dizkigu. Horra zer esan digun...

UNIQUAL ez da erakunde ezaguna, oraingoz behintzat. Zer da eta zer funtzio dagokio?

Euskal Unibertsitate Sistemaren Legeak aurreikusi zuen, hain zuzen, unibertsitate-sistema kanpotik ebaluatzeko erakundea sortzea. Zuzenbide pribatuko erakunde publikoa da. Euskadin hiru unibertsitate daude: Deustuko Unibertsitatea, Mondragon Unibertsitatea eta UPV-EHU. Bi pribatuak dira, eta hirugarrena publikoa. EHU beste biak baino askoz handiagoa da tamainaz, baina bakoitzari helburu eta gizarte-funtzio jakin bat dagokio. Edozein modutan, gizartearen zerbitzura daude hirurak, gazteak prestatzen baitituzte. Beraz, kalitatea neurtzeko, edo hobeto esan, funtzionamendua ebaluatzeko moduren bat aurkitu behar zen nahitaez, nolako masterrak eta nolako irakasleak dituzten ebaluatzeko modu bat. Ildo horretan, autonomia-erkidego askotan hasita zeuden horrelako agentziak sortzen (Kataluniakoak, adibidez, 10 urte daramatza ekinean), unibertsitateetatik eta gobernuetatik kanpokoak, unibertsitateen zerbitzuak neurtzeko eta irakasleen balorazioa egiteko.

UNIQUAL 2004an urtean sortu zen berez, Euskal Unibertsitate Sistemaren Legearen bidez, baina 2006ko maiatzean hasi zen funtzionatzen. Hasi gara jardunean, eta dagoeneko master ofizialak (2006-07 deialdia) ebaluatu ditugu, aurten ematen hasi diren master berriak, alegia. Deustuko unibertsitatearentzat eta EHUrentzat egin ditugu ebaluazio-lanak, Mondragon Unibertsiteak ez baitu master berririk abiarazi. Izan ere, UPV-EHUren titulu propioak ebaluatu ditugu, alegia, unibertsitateek ematen dituzten kalifikazio ofizialik gabeko tituluak. Horiek ebaluatzeko eskatu ziguten, eta hala egin dugu. Eta orain 2008-09 ikasturteko master ofizialak berriz ebaluatzen ari gara. Lehen fasean gaude, izan ere. Kasuan kasuko alorreko izen handiko adituek egiten dituzte ebaluazio guztiak.

Bestalde, une hauetan esku artean dugun gairik garrantzitsuenetakoa (kopuruagatik) hauxe da: unibertsitate publikoko irakasleen soldaten osagarri bereziak ebaluatzea.

Zein da UNIQUALen helburu nagusia?

Euskal unibertsitate-sistema bere osotasunean ebaluatzea, kanpoko ikuspegitik. Gure zereginak unibertsitateak eta Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Saila hartzen ditu barne. Kanpoko ekile independenteak gara.

Nolakoak dira erakundearen egitura eta funtzionamendua?

Kudeaketari dagokionez, agentzian bost lagun ari gara lanean gaur egun: ebaluazio-arduraduna, ebaluazio-teknikaria, administrari laguntzailea eta idazkaria. Oso egitura txikia da, baina haztea espero dugu, eta hemendik gutxira beste bi ebaluazio-teknikari izatea gurekin. Bai ebaluazio-arduraduna bai teknikariak doktoreak dira, eta ingelesa ezin hobeto menperatzen dute, garrantzitsua baita nazioarteko gainerako agentziekin, batez ere europarrekin, ditugun harremanetan egoki moldatzeko.

Ebaluazio-lana, bestalde, geuk kudeatzen dugu, baina adituek egiten dute, estatuko, nazioarteko eta euskal unibertsitate-sistemako alor anitzetako adituek. Orokorrean, ebaluazio-batzordeek zazpi kide dituzte: gutxienez hiru euskal unibertsitate-sistemakoak dira, eta lau kanpokoak. Batzuk nazioartekoak dira, baina gehienak estatukoak. Akademikoak dira guztiak, unibertsitateko irakasleak.

Nolako aldaketak ari dira gertatzen unibertsitate-egituran?

Irakaskuntza aldatzeko Errege Dekretua onartu dute duela gutxi. Dekretuaren ondorioz, ikasketa sistema guztiak berrantolatu dira. Graduko ikasketak lau urtekoak izango dira jeneralean, eta masterrak egin daitezke, profesionalak edo ikerkuntzakoak. Master profesionalak lanbidean aritzeko prestatzen dituzte ikasleak, eta ebaluazio-lana ere alor jakin horretako adituek gauzatzen dute, masterra eta ikasketak lanbiderako benetan baliagarriak diren neurtzeko. Ikerkuntza-masterrek, izenak berak adierazten duenez, ikertzen aritzeko prestatzen dituzte ikasleak, eta oro har akademikoek ebaluatzen dituzte.

Azkenaldian, unibertsitatea errotik ari da eraldatzen, eta batzuetan ez da erraza aldaketen nondik norakoak azaltzea. Izan ere, gizarteak master hitza entzuten duenean, orain dela hogei urtekoak etortzen zaizkio burura, hau da, lizentziatura bukatu eta gero egiten zirenak. Gehienak ez zeuden “homologatuta” estatuan edo nazioartean, baizik eta kalitatea merkatuak ematen zion. Gaur egun, ordea, graduko ikasketak bukatutakoan masterra egiten da, ezagutza-adarrei (ikasketa teknikoak, ingeniaritzak edo arkitekturak)lotutako lanbideetan jarduteko, edo bestela, ikerkuntzan aritzeko. Azken horiek doktorego-tesia egiteko asmoa dutenek hautatzen dituzte. Beraz, master mota bakoitzak orientabide jakin bat dauka. Graduko ikasketak oraindik ez dira martxan jarri.

Nolako ebaluazio-sistema edo mota erabiltzen duzue?

Oraindik ez dugu ebaluatu euskal unibertsitate-sistema bere osotasunean, programak ari baikara neurtzen. Gure agentzia estatuan sortu den azkena dela uste dut, edo hobeto esan azken aurrena, Gaztela-Mantxakoa geroago eratu dute eta. Estatuan hamaika agentzia daude guztira, eta besteek askoz ere bide luzeagoa jorratu dute dagoeneko. Guk, oraingoz, bi alderdi ebaluatu ditugu nagusiki: batetik, lehen esan dizudan bezala, masterrak eta honi lotuta titulu propioak, Ebaluazio Instituzionala dena; bestetik, unibertsitate publikoko irakasleak, soldatetan osagarri bereziak finkatzeko.

Programa gehiago ere abiarazi ditugu, eta hurrengo urratsa irakasleen kreditazioa izango da. Ebaluazio-protokoloak eginda dauzkagu, eta administrazio-kontseiluak onespena eman die. Deialdia urtarrilean edo otsailean egingo dugu ziurrenik, euskal unibertsitate-sisteman lanean hasi nahi duten irakasleek UNIQUALen egiaztagiria lortzeko aukera izan dezaten. Nahi izanez gero, agentzia nazionalean, ANECAn, egin ahal izango dute hori.

Irakaskuntza ondasun publikoa denaren ikuspuntutik, gizarteari eskaintzen zaion ebaluazio zerbitzua garrantzitsua da. Ebaluazio bakoitza bukatutakoan txosten publikoa egitea da gure asmoa, gizarteari unibertsitatea aukeratzeko erabakia hartzen laguntzeko.

Nolako balorazioa egin dezake UNIQUALek une honetan euskal unibertsitateari buruz?

Nire iritziz, euskal unibertsitate-sisteman desberdintasun handi bat dago. EHU, unibertsitate publikoa, oso handia da, irakasle eta titulazio asko ditu bere hiru campusetan. Deustu eta Mondragon Unibertsitatea, berriz, batik bat bigarrena, txikiak dira, eta oso titulazio gutxi eskaintzen dituzte, eta gainera, alderdi jakin batzuen ingurukoak. Hiru unibertsitateak onak direla uste dut, profesional onak ari dira prestatzen. Ez dut lan-munduratzeari buruzko datu zehatzik, baina badakit maila onargarriak dituztela. UPV-EHUk ikerkuntza-lan handiagoa egiten du, eta nazioarteko eragin duten ikerkuntza artikulu gehiago argitaratzen ditu.

Euskal unibertsitate-sistema orokorrean ona dela iruditzen zait. Titulazio kopurua izugarri handia denez, ikasleen nahi guztiei erantzun dakieke. Eta ikasleen prestakuntza ere ona da.

Nolakoa izan da ebaluazio-prozesua orain arte?

Esan dizudanez, bi programa burutu ditugu: joan den deialdiko masterrak eta titulu propioak. Emaitzak onak izan dira oro har. 30 master baloratu ditugu (UPV-EHUkoak eta Deustuko Unibertsitatekoak, eta bik bakarrik izan dute emaitza txarra. Aldi berean, gure prozesuaren kudeaketari dagokionez, alderdi batzuk ez genituela kontuan hartzen ikusi genuen: besteak beste, ebaluazioa egindakoek prozesuaz zuten iritzia. Aurten, alderdi hori sarbidea ematea erabaki dugu, gure prozesua eta kudeaketa hobetzeko.

Ebaluazioaren urratsak honako hauek dira: Batzorde ebaluatzaileak aurretiazko txostena egin eta unibertsitateei bidaltzen zaie, alegazioak edo zalantzak helarazi ditzaten. Erantzuna jasotakoan, batzordea berriz elkartzen da, alegazio edo zalantzak aztertu eta azken txostena egiteko. Txosten hau Unibertsitatetara eta Eusko Jaurlaritzako Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailera bidaltzen da. Hainbat aukera daude: ontzat hartzea, ontzat hartzea baina aldaketa txikiekin, ontzat hartzea baina aldaketa handiekin, eta txartzat hartzea. Mailakako ebaluazio kualitatiboa da, puntuaziorik gabekoa. Gero, jarraipena egiten zaie. Tituluak ere ebaluatzen zaizkie, eta ondoren egiaztatu, egin nahi zutena benetan egin duten ikusteko. Izan ere, lehen ebaluazioan asmoak aztertzen dira funtsean.

Euskara zenbateraino dago hedatuta gaur egun unibertsitatean?

Master ofizial gehienak gaztelaniaz ematen dira, eta asko, gero eta gehiago, ingelesez. Euskaraz bakarren bat besterik ez da ematen. Izan ere, euskara graduko irakaskuntzara bideratu dute batik bat, kontuan hartu behar baita gero eta ikasle atzerritar gehiago daudela, eta ondorioz, gero eta master gehiago eskaintzen direla ingelesa hizkuntza bakartzat edo irakasgai askotan erabiliz. Master bat edo beste ematen da euskaraz, baina gutxiengoa dira. Titulu propioetan antzeko zerbait gertatzen da: gaztelania da nagusi, baina ingelesa erabiltzeko joera hedatzen ari da. Euskarazko masterrak, berriz, oso gutxi dira. Graduko ikasketetan, ordea, kontrako joera nagusitu da, gero eta lizentziatura eta irakasgai gehiago ematen baitira euskaraz. Dena den, ingeleseko irakasgai kopurua ere ugaritzen ari da.

Nolako balorazioa egiten du UNIQUALek euskarazko unibertsitate-irakaskuntzaz eta -ikerketez?

Ibilbide laburra egin dugunez, orain dela urtebeteko edo bi urteko datuak baino ez ditugu. Oraingoz ezin dugu bilakaera aztertu, ezinezkoa baita. Orain unibertsitate publikoko irakasleak ari gara ebaluatzen, soldaten osagarriak finkatzeko. Irakasle asko elebidunak diren arren, denek ez dituzte eskolen % 100 euskaraz ematen. Batzuek eskola erdiak euskaraz ematen dituzte, eta beste erdiak gaztelaniaz, eta beraz, ezinbestekoa da doikuntzak egitea departamentuetan. Euskarazko irakaskuntza erruz hedatu dela uste dut. Ikerkuntzan ere euskararen erabilera hazten ari dela iruditzen zait, baina are gehiago hazi behar duela. Dena den, bereizketa egingo nuke oinarrizko ikerketen eta ezagutzaren transferentziaren artean. Bigarren alor horretan euskara izugarri ari da hedatzen. Nire iritziz, euskarazko unibertsitate-ikasketen eskaria gero eta handiagoa da. Zentzu honetan, Unibertsitate publikoko osagarriei buruzko balorazioan, euskarazko eskolak berariaz kontuan hartzen dituen epigrafe bat dago. Irakasleen kreditazioari ekiten diogunean, euskarazko eskolak eman izana kontuan hartuko dugu. Boloniako prozesua Boloniako Prozesuaren bidez, unibertsitate-sistemak sustraiko aldaketa izan zuen. 2010. urtean, gaur egungo diplomaturaz eta lizentziaturaz osatutako sistema desagertu eta graduak izaten hasiko gara. Ebaluazioak “Gai hori mugitzen ari da, bai unibertsitateen aldetik, berme-sistemen ebaluazioaren eta horrelakoen aldekoak baitira oso, baita hori bultzatzen ari garen agentzien aldetik ere”. . Gaur egun: -Erakunde-ebaluazioa, berezko master eta tituluekin. -Irakasleen ebaluazioa, orain publikokoentzat, eta ondoren irakasleak kreditatzeko. . Epe ertainera: -Zerbitzuen ebaluazioa: liburutegiena eta laborategiena, baina epe ertainera izango da. . Ekipoa handituta: -Departamentu eta ikerkuntza-institutuen ebaluazioa... Ordainsari osagarrien ebaluazioa

Unibertsitate publikoko irakasleen arduraldia ebaluatzen da. Haien ekoizkortasuna sustatzea da helburua. Irakasleak bere soldata irabazten du egindako lanagatik, baina nabarmentzen direnek eta ekoizkortasun eta errendimendu handiagoak dituztenek osagarria jasotzen dute. Tarte bakoitzari diru-kopuru bat dagokio. Ia 4.000 irakasle ebaluatzen ari dira. Ezagutza adarrak Ebaluazio, titulazio, master, gradu eta graduondo guztiak eta irakasleen kreditazioa ezagutza-adarren arabera egiten dira (ohiko bostak: medikuntza- eta osasun-zientziak, zientzia esperimentalak, irakaskuntza teknikoak, gizarte- eta lege-zientziak eta humanitateak). Ebaluatzaileak ezagutza-alorrei lotuta daude eta beharrezkoa izango balitz adituengatik aholkatuak egon daitezke. Programa orokorrak Agentzia autonomiko guztiak REACUn daude (Red Española de Agencias de Calidad Universitaria - Unibertsitate Kalitaterako Agentzien Espainiar Sarea). Sarritan elkartzen dira eta lankidetzan jarduteko eta irizpideak bateratzeko ahaleginak egiten dituzte. Gerora begira, elkarrekiko aitortzara iritsi nahi dute, egoera berdinak ebaluatzeko protokolo berdinak erabiltzeko. Docentia programa Agentzia guztiek ebaluatzen dituzte irakaskuntza eta irakasleak, baina agentzia nazionalak unibertsitate guztietako irakaskuntza ebaluatzeko asmo handiko programa bultzatu du: Docentia programa. Programa horretan agentzia autonomiko guztiek parte hartzen dute eta, euskal unibertsitate-sistemaren barruan, hiru unibertsitateek parte hartzen dute. Gaur egun, unibertsitate bakoitzak bere esku-liburua lantzen dihardu, eta gero UNIQUALek egiaztatuko ditu. Ondoren, esku-liburuak ezarri egingo dituzte. Audit programa ANECA, Galiziako agentzia eta Kataluniakoa kalitatea bermatzeko barne-sistemak lantzeko programa batean ari dira lanean. Helburua unibertsitate bakoitzak berezko sistema eduki eta kalitatea ziurtatzeko barne-prozedura erabiltzea da. Estatuan dauden 60 unibertsitateetatik gehientsuenak parte hartzen ari dira sistema horretan. “Horrek esan nahi du Espainiako unibertsitatea, oro har, kalitatea barne-ikuspegi batetik bermatzeko sistemen aldekoa dela. Gure kasuan ere, hiru unibertsitateak dagoeneko parte hartzen ari dira”. Hemengo hiru unibertsitateetarako prestakuntza UNIQUALek ematen du, programa orokorrari jarraituz (helburu horrekin Madrilen elkartu ohi dira). Ebaluatzaile bankua Gainerako agentziekin batera, ebaluatzaile-banku bat sortzekotan ari dira elkarlanean. Izan ere, erabilitako ebaluatzaileek oso baldintza akademiko garrantzitsuak bete behar dituzte eta, zenbat espezializazio-alorretan, ez da erraza ebaluatzailerik aurkitzea. Agentzia guztientzako ebaluatzaile-bankua sortuko da, erkidego bakoitzean egin beharreko deialdien bidez. Ebaluatzaileei trebakuntza basikoa emango zaio. Ebaluatzaile trebatuak eta Espainiako Unibertsitatean ospe handia duten alorretan adituak izango dira, eta agentzia desberdinetako ebaluazio programetan kolaboratu ahal izango dute.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Felícitas Lorenzo. Euskal Herria Museoko zuzendaria: Museoaren errentagarritasun soziala bilatzea da gure lehentasuna

 

Irakurri

Lucía Martínez Odriozola. Euskal Kazetarien Elkarteko lehendakaria: Komunikabideek hobeto informatzen dute indar ekonomiko handiagoa duten heinean

 

Irakurri

Xabier Paya. Bertsolaria: Euskara jakiteak bi oin gehiago, bi begi gehiago, bi esku gehiago izatea suposatzen du

 

Irakurri

José Ramón de Miguel Bosch. Merkataritza-nabigazio kapitaina: Oraindik ez dugu askorik ezagutzen Andrés de Urdaneta

 

Irakurri

Mertxe Urteaga. Arkeologoa, Oiasso Museoko zuzendaria: Bildu egin behar gara Gipuzkoako arkeologia egiteko

 

Irakurri