Itziar Plazaola Giger. Filosofian lizentziatua eta Hezkuntza zientzietan doktoratua: Hizkuntza, batez ere, gertaera sozial bat da

2007-12-14

SALABERRIA, Urkiri

Ginebrako unibertsitatetik etorri dela egun batzuk pasatzera, aprobetxatu dugu Itziar Plazaolarekin, aurrez aurre, hitz egiteko. Donostiako Zurriola kafetegian dugu hitzordua. Plazaola andereak oso mugimendu lasaiak ditu, baina oso erantzun azkarrak. Elkarrizketa izan baino solasean aritu gara, euskara, eleaniztasuna, hezkuntza, gizartea... atera dira mahai gainean.

Eleanitza izateak Munduaren “kosmoikusmena” aberasten du.

Nire ikuspuntutik esaterik dagoen gauzarik nagusienetako bat da eleaniztasuna dela erregela eta ez salbuespena. Alegia, munduaren gehiengoan egoera eleanitzak daude, eta nolabait, konturatzen ari gara, azken urteetan batez ere, elebakartasunaren ideologia behera joan dela.

Baina, ona al da eleanitza izatea?

Bai, horixe. Zenbat eta lehenago eleanitza bihurtu eleaniztasunak eskainiko dizu hizkuntzaren funtsezko izate arbitrarioa dela deskubritzea. Gauzen izenak ez direla berezkoak jabetzen gara. Naturak ez ditu gauzen izenak sortzen bere ezaugarrien artean. Modu zeharo arbitrario batean, hizkuntzak bere kategoriak jartzen ditu munduan eta kategoria horien bitartez mundua barneratzen dugu, gureak egiten ditugu baina hizkuntzak emandako kategoriekin. Orduan, hizkuntz bakar batekin bizi den pertsona batek pentsa dezake, adibidez gaztelaniadun batentzat genero kontuarekin, ilargia femeninoa dela eta ilargiarekin lotzen ditu ezaugarri batzuk feminitate munduan sailkatuko ditu. Baina aleman batentzat, ilargia maskulinoa da eta guretzat neutroa...

Orduan, ez dago hizkuntzarik kategoria unibertsala izango duenik?

Ez. Eta hori da, hain zuzen, eleaniztasunak ematen dizun esperientziarik fuerteena. Egia da, elebakar batentzako oso deskubrimendu zaila dela.

Kategoriak unibertsalak ez direla deskubritzea elementu fuertea da bai eleanitz batentzat, bai edozein hiztunarentzat eta bai linguistika berarentzat. Komentatzen ari garena ez da beti hain ebidentea izan. Garai bateko jakintsuak eta linguistak ez ziren honetaz ohartzen eta, beraien ustez, gramatika unibertsala sortzea posible zen, griego eta latinaren kategoriekin.

Eleanitzaren ildoa hartua, zein da garairik onena hizkuntzak ikasteko? Ez al da nahasten ume txiki baten burmuina hasten bagatzaizkio hainbat hizkuntzetan?

Hasteko, zehaztu beharko genuke zein teoriarekin ikusten dugun fenomeno hori, zeren hizkuntza, batez ere, gertaera sozial bat da, eta beraz burmuinaren barruan dagoela ez da ikuspegirik egokiena. Egia da zenbait haurrek bere ikasketetan eta bere ikasteko prozeduran arazoak agertzen dituztela. Nola d0a prozedura eta zergatik agertzen dira arazo horiek?, ez da hain erreza bi hitzetan erantzutea. Nik ez dakit. Dudarik gabe, gure gizartean ikaragarrizko erronka dugu arlo horretan. Haur bati, gaur egun, ezin zaio hizkuntz asko erakutsi baino besterik egin, ez dago beste irteerarik, hori horrela da.

Eta momenturik egokiena beste hizkuntzekin hasteko?

Noiz, nola, zein metodologia... zer paper eman ama hizkuntzari... hor dago mila aukera ezberdin eta aztergai mila eta oraindik ikerketa asko egin beharko genuke.

Zeri diozu ama hizkuntza?

Arazo latza izan dezakegu kontu horrekin. Soziolinguistikatik abiatua, ama hizkuntzaren atzean hiru kontzeptu aurki ditzakegu: lehenengoa berba bernakularra da. Ameriketako beltzen hizkuntza azterturik, bere esanahia, alegia, nahiz eta hizkuntz asko egon bere inguruan ume batek beti berba mota bat dauka. Bestalde, erreferentzi hizkuntza, hau da pentsatzen dugun hizkuntza, mundua zein kategoriekin barneratzen duguna, bigarren hizkuntz bat ikasten dugunean hizkuntz horrekin abiatuko gara. Eta azkenik, hirugarrena da identitatea edo pertenentziaren hizkuntza, hau da, zuk sentitzen duzu zure arbasoen hizkuntza zure ama hizkuntza bezala baina agian ez zara gai hizkuntz hori hitz egiteko.

Zein da hizkuntz bat belaunalditik belaunaldietara pasatzeko modurik eraginkorrena?

Dena batera. Normalki politika linguistika ona baduzu, hobe hizkuntzarentzat, eta kalean erabiltzen bada, askoz hobe. Kontua ez da zein den modurik onena transmisiorako baizik eta zein den egoera. Nola tratatzen dugun aniztasun hori, eta desberdintasunak, diferentziak.

Gure agintarien aldetik ikusten dugu ahalegin handiak egiten direla euskara sustatzeko, identitate seinalea da, noski, baina ez da bakarra. Benetan merezi du “antzinako hizkuntz” bat bizirik mantentzea?

Gauza bati kontu egin behar zaiola gai hauetaz ari garenez, hizkuntza bizidun bat bezala tratatzeak arriskuak baditu: hizkuntza bizirik edo hilik, hizkuntza zaharra... ez da aproposena, akaso, hizkuntz bati buruz hitz egiteko. Hizkuntza zaharra bada, hil egingo da! (Pentsatuz) Gizakiok ez gara bakarrik eraginkortasuna, efizientzia, gure nortasuna lantzeko esfortzuak egin behar ditugu, berezkoa dugu gure baitan ahalegintzea, gure bizitzaren zatia baita. Agian horregatik, gure hizkuntzari zor diogu ahalegin hori egitea, ahalegin horiek gure bizitzari zentzua ematen diote. (Adibidez!...Iribarrez)

Zein da zure nahia gure XXI. mendeko gizartearekiko? Nire nahia, dudarik gabe, gure erronka handiena, gure gizartean dagoen aniztasun hori nola tratatu eta nola hizkuntz minorizatuak ez galdu. Nola lortu etorkinek, baita ere euskara ikas dezaten. Itziar Plazaola Giger (Donostia, 1952) Ezkonduta. Bi seme-alaben ama. Donostian Magisteritza ikasi (Zientzietan espezializatua). 1974 Bilbon Euskal Filologian lizenziatua. 1983 Genève-n Hezkuntza zientzietan doktoratua. 1993 Unibertsitate Irakaslea; Genève-ko Unibertsitatean, La Vallée D’Aoste Unibertsitatean, eta Mondragon Unibertsitatean. Umeen irakasle bezala aritu da, Debako Arte Eskolan, arte espresioa. 1974-76. Villabonako eskolan. 1976-78 Baita, hizkuntza eta hezkuntzarekin lotuak dauden hainbat seminario, ikerketa eta ekintza berezietan parte hartu du.
Compartir
Facebook Twitter Whatsapp

ANTERIORES

Ana Fernández Sáinz. UNIQUALeko zuzendaria: Funtsezkoa zen Euskal Unibertsitate Sistemaren kalitatea kanpotik ebaluatzeko erakundea sortzea

 

Irakurri

Felícitas Lorenzo. Euskal Herria Museoko zuzendaria: Museoaren errentagarritasun soziala bilatzea da gure lehentasuna

 

Irakurri

Lucía Martínez Odriozola. Euskal Kazetarien Elkarteko lehendakaria: Komunikabideek hobeto informatzen dute indar ekonomiko handiagoa duten heinean

 

Irakurri

Xabier Paya. Bertsolaria: Euskara jakiteak bi oin gehiago, bi begi gehiago, bi esku gehiago izatea suposatzen du

 

Irakurri

José Ramón de Miguel Bosch. Merkataritza-nabigazio kapitaina: Oraindik ez dugu askorik ezagutzen Andrés de Urdaneta

 

Irakurri