Urteko galdera

Gorka Moreno Márquez / EHUko irakaslea

26/02/2019

Gorka Moreno Márquez / EHUko irakaslea

Gizarte Kohesioari buruz… Diru-Sarrerak Bermatzeko Errentaren inguruan

Gizarte kohesioari buruz hitz egiten dugunean niri datorkidan lehenengo hitza elkartasuna da eta hau esaten dudanean Liverpool futbol taldeko ereserkiaren izenburua etortzen zait burura: You never walk alone.

Ez dugu ezer berririk deskubrituko gure gizarteek pertsona eta talde ezberdinak baztertzen dituztela esaten badugu. Zentzu horretan, duina eta errespetagarria den edozein gizartek elkartasuna eta kohesioa bultzatzeko tresnak martxan jarri behar ditu gizarte ezberdintasunak leuntzeko eta gizarte bazterketari aurre egiteko.

Euskal gizarteak bere kohesio sistema propioa eraiki egin du azken hamarkadetan. Argi dago industria sektorearen ezaugarriek honetan paper handia dutela, bertan ematen diren lan-baldintza eta lan-harreman arautuek garrantzisuak direlarik gure errealitate sozioekonomikoa ulertzeko eta beste hainbat eremuetatik bereizten gaituzten aldagai batzuk ulertzen: soldatak, langabezi eta pobrezia tasak, gini indizea, etab.

Baina hauen gainetik, nire ustez, azpimarratu beharreko oinarrizko elementu bat dugu. Pobrezia eta gizarte bazterketari aurre egiteko, Euskal Autonomia Erkidegoak gutxieneko errenten sistema garatu bat eraiki egin du azkeneko 25-30 urteetan, gaur egun Diru-Sarrerak Bermatzeko Errenta –DSBE hemendik aurrera- bezala ezagutzen dugularik.

DSBEari esker, gurean dauden pobrezia tasak beste erkidego batzuenak baino txikiagoak dira eta gizarte-zaurgarritasun egoeran dauden hainbat pertsona eta familia bizitza duinago bat aurrera eraman dezakete. Akatsak eta ahuleziak izango dituen sistema bat da, baina argi izan dezagun jokatzen duen papera oso garrantzitsua dela eta euskal errealitatearen gizarte kohesioa ulertzeko ezinbesteko neurria dela. Honen harira, DSBEren kontrako iritziak entzuten dira sarritan, alde batetik zein bestetik… Badakit, ezinezkoa dela eta egokia ere ez, baina behin baino gehiago esan dut nik ondo egongo litzatekeela hilabete batez bada ere DSBE desagertzea, horrela ikus dezagun zenbat faltan botatzen dugun. Beste hitz batzuekin esanda, zaindu maite duzun hori… Damutu baino lehen…

 


Eusko Jaurlaritza

Compartir:
Facebook Twitter Whatsapp