Nafarren arteko balio partekatuak proiektua abian da

Proiektuak

2023/05/15

Nafarren arteko balio partekatuak proiektua abian da

Nafarren arteko balio partekatuak euskararen sustapenaren inguruko proiektua martxan da eta aurtengo udazkenean lehenengo emaitzak aurkeztuko ditu.

Urte honetan abiatu den proiektua Nafarroako Gobernua eta Eusko Ikaskuntza urtero sinatzen duten hitzarmenaren baitan kokatzen da. Ikerketaren helburua da Nafarroako bi hizkuntza nagusien kudeaketatik eratorritako arazo soziopolitikoak kudeatzea eta Foru Komunitateko herritar guztiek euskararen sustapenaren inguruan partekatzen dituzten balioak aurkitzea.

Nafarroan, bi hizkuntza propio izanik (gaztelania gehiengoan eta euskara gutxiengoan), euskararen babesaren eta sustapenaren inguruan, adostasunekin batera, desadostasunak ere gertatu ohi dira aspaldidanik Nafarroako eragile linguistiko eta soziopolitikoen artean; eta, beste maila batean, gizarte zabalean ere jarrera desberdinak agertzen dira herritarren artean. Normalean, estilo bateko zein besteko hizkuntza-politiken inguruan elkarrizketa maila txikia gertatzen da hizkuntza-politika horien eragina (positiboa, neutroa zein negatiboa) jasotzen duten talde sozialen artean: euskal hiztunak, gaztelaniazko hiztunak, administrazio publikoak, elkarte zibilak, hezkuntza arloko aktoreak, langileen ordezkariak, ordezkari politikoak, eragile sozialak, ikerlariak, gizarte osoa.

Ikerketa honen abiapuntuko ikuspegia da gizarte batean hizkuntza aniztasuna gertatzea ez dela gatazkaren sinonimoa izan behar, maiz inplizituki ulertzen den bezala, baizik eta aberastasun sozialaren iturria, hiztun talde desberdinek partekatzen dutena bilatu eta kudeaketa egokia egiten badute. Horregatik 2023ko proiektuaren helburua Nafarren arteko balio partekatuak euskararen sustapenari buruz identifikatzea eta aztertzea da.

Helburu hauek betetze aldera, azterketa kualitatibo baten bidez udaberri honetan proiektuak ikerketa kualitatiboari ekin dio. Sortzen edo eraikitzen ari diren diskurtsoak aztertzeko, talde triangeluarrak, talde sozializatuak ere esaten zaienak, bereziki egokiak dira eta horiekin lan egin dugu. Horiek diseinatzeko, kuota selektiboak hartu dira kontuan, hala nola: adina, generoa, jatorria, euskara jakitea/ez jakitea, edo Nafarroako eskualdeak. Talde bakoitza lau pertsonaz osatua egon da eta orotara bederatzi talde triangelular bilduko ditugu Nafarroako eskualde ezberdinetan; Elizondo-Bortziria aldean, Tafalla aldean, Lekunberrin, Tuteran, Lizarraldean eta IruƱerrian.

Saioak, Xabier Erizek eta Carlos Vilchesek, proiektuko zuzendari zientifikoek gidatuta eta koordinatuta, digitalki grabatu dira eta hitzez hitz transkribatu dira. Azkenik, talde-saioetan sortutako testuei diskurtsoaren analisia aplikatu zaie eta emaitzak aurtengo udazkenean aurkeztuko dira.

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp