Nafarroako Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoaren proiektua: ondorioak eta hurrengo pausuak

Proiektuak

2020/03/24

Nafarroako Aniztasunaren Kudeaketa Demokratikoaren proiektua: ondorioak eta hurrengo pausuak

Eusko Ikaskuntzak iaz Nafarroako bizikidetza eta aniztasunaren kudeaketa demokratikoan eragiteko bideak ireki zituen eta 2020an jarraipena emango dio parte-hartze gune berrien bidez.

Aniztasunaren kudeaketa demokratikoa egitasmoa Eusko Ikaskuntza eta Nafarroako Gobernuaren arteko lankidetza markoan kokatzen da. Egitasmo honek 2018an elkarlanean gauzatutako Gure jendea, aniztasuna eta kohesio bideak ekimenean sakontzea bilatu du, eta bi ardatz nagusi hauetan jarri du azpimarra: bizikidetza aniztasunean eta proiektu partekatu baterako kultura demokratikoan. Helburu orokorra bizikidetzarako erreferentziazko marko baterako hurbilketa eta proiektu partekatu baterako aukeren azterketa egitea izan da. Hortaz, askoren arteko sinergiak eragin eta Nafarroako herritarrengan elkarbizitzarako elementu posibleak landu dira.

Proiektuaren helburu nagusiak 2019an:

  • Bizikidetzarako (edo proiektu partekatu baterako) erreferentzia esparru bat eraikitzeko tresnak eskaintzea.
  • Nafarroako aniztasuna modu demokratikoan kudeatzen lagunduko duen argudio sorta bati ekitea elkarlanean.
  • Nafarroako Gobernuaren beraren eskariari men eginez, euskararen aurrean eta diskurtso berritzaileak eraikitzeko aukeretan dauden iritzien eta jarreren diagnostikoa egitea.

Helburu horiek lortzeko, bizikidetza eta kultura demokratiko ardatzei erreparatu zaio, esparru komuna sortzea ahalbidetuko duen estrategiaz gogoeta egiteko eta, hortaz, demokratizazioan sakontzeko. Erabaki estrategikoak elkarlanean hartzea ahalbidetuko duten tresnei buruz hausnartu nahi izan da. Horretarako, adituen, eragileen eta herritarren arteko lankidetza ahalbidetu duten esparruak eraiki dira.

 

Dinamika eta lagina

Eusko Ikaskuntzak prozesu ireki, parte-hartzaile eta deliberatzaile baten bidez jardun du Nafarroan 2019an zehar. Prozesu horretan, herritarren, gizarte-eragileen eta adituen ordezkaritza zabal batek parte hartzea nahi izan da, kultura eta gizartea kohesiorako eta elkartasunerako giltzarri gisa hartuta, ikuspegi inklusibo, integratzaile eta plural batetik, herritarrentzat garrantzitsuak edo/eta ezinbestekoak diren erronkak izendatzeko.

Nafarroako lurraldearen kultura, geografia eta identitate-aniztasunari erantzuten dioten hiru udalerritan gauzatu da proiektua: Baztan, Berriozar eta Castejonen. Hain zuzen ere, udalerri horiek aukeratu dira kultura eta nortasun arloetan aniztasun eredu desberdinak irudikatu eta immigrazioari dagokionez errealitate sozio-demografiko oso desberdinak dituztelako.

Hiru toki horietan eratu dira Herritarren Mahaiak, non bertako herritarrek proiektuaren Talde Eragileak egindako galderak erantzun dituzten, eta ondoren Gizarte Foroak egin dira tokiko komunitateetako eragileen, teknikarien eta ordezkarien topaketarako. Azken horietan, gainera, Herritar Mahaietan ateratako emaitzak kontrastatzeko aukera izan dute.

 

Ondorioak

Parte-hartze guneak ospatu ondoren ondorioztatu daiteke Nafarroa anitza dela, izan ere, parte-hartzaileen artean behin eta berriz errepikatu den ideia da hau. Hiru herrietan aipatu da, baina ikusi ahal izan dugunez, gutxienez hiru modu desberdinetan ulertzen da aniztasun hori. Badugu, lehenik, aniztasuna kontzeptu deskriptibo gisa, besterik ez. Aipamena egiten zaie paisaiari, gastronomiari, folkloreari edo hizkuntzari, eta berez esanahi positiboa ematen zaio, esangura politikorik gabe. Bigarrena, aniztasuna arlo politikoari lotuta. Izaera ezkorra hartzen du askotan, nafarren arteko gatazka politikoa eta gizartearen polarizazioa irudikatzen dituelako. Eta badugu, azkenik, hirugarren adiera bat, arlo kulturalari lotua. Gehienbat immigrazio berriak eragindako kultura aniztasunaz ari gara. Berez oso gai eztabaidatua da gizartean, eta horregatik, nabarmentzekoa da egindako saioetan nahiko esanahia positiboa hartu duela.

Oro har, jarrera abegikorra nabarmendu da kultura, ohitura eta erlijio desberdinen arteko bizikidetzan, denontzat aberasgarria delakoan. Hala ere, ezinegon argia sumatu da zenbaitetan, ez baita ikusi besteen aldetik integratzeko asmo sendorik. Azkenik, bitxia da Nafarroaren ezaugarri nagusi modura aniztasuna agertzea eta aldi berean behin eta berriz Nafarroaren berezko nortasun bakarraz hitz egitea.

Elkarrizketarako jarrera erakutsi dute beti saioetako partaideek. Haien ustez, bizikidetza lantzea izan behar da ardatza nafarrek dituzten gatazketan aurrera egiteko, baina gehiegizko polarizazio politikoa eta ideologikoa ikusten dute, politikariek eta erakunde erlijiosoek sustatua askotan.

Nolanahi, bizikidetzaren bidean ideia bat edo beste irudikatzera heltzen badira ere, ez dago proposamen argirik oztopo horiei aurre egiteko; ez dira sentitzen gai tamaina horretako erronketan eragiteko, eta zeregin hori Nafarroa mailako eragile nagusien gain jartzeko joera nagusitzen da. Hala ere, esanguratsua da, ildo honetan, proposamen batzuk mahaigaineratu direnean, batzuen erreakzioa erabat ukatzea izan dela.

Nafarroan gatazka eragiten duten gaien artean, euskara da alde handiz aipatuena. Euskara gatazka iturri nabarmen modura ageri da askoren iritziz, eta are okerrago, adostasunerako aukera gutxi ikusten zaio. Esan gabe doa, gatazka arintzeko premia larria ikusten da oro har, baina negoziatzeko tartea benetan txikia antzematen da: batzuek, adibidez, euskara urratu ezineko eskubide modura ulertzen dute, Nafarroa osoan bete beharrekoa; eta besteek, aldiz, onenean jota, guztiz gai arrotz gisa ikusten dute, haiekin inolako harremanik ez daukana, eta are okerrago, txarrenean jota, baita elementu diskriminatzaile gisa ere hartzen dute, lan arloari dagokionez, esate baterako.

Txosten osoa ikusi 

 

Jarraipena

2019. urtean egindako lanaren ondorioak ezagututa, Eusko Ikaskuntzak 2020. urtera begira gaian sakontzea, bizikidetzan indargunea jarriz, erabaki du. Zehatzago hurrengo helburuak ezarri ditu:

  • Herritar gehienek onartuko luketen nafar identitatearen osagaiak izendatzea; edoonartuak izateko prestasun handiena islatzen dutenak (osagai bateratzaileak)
  • Identifikatzea nafar identitatearen zeintzuk osagai izan daitezkeen nafarren arteko banaketa edo gatazka eragiten dutenak (osagai banatzaileak)
  • Aztertzea, nafar aniztasunaren kudeaketa demokratikoa lortze aldera, zeintzuk izan daitezkeen ekinbide eta foro egokienak osagai bateratzaileak indartzeko, baita zein erakunde, talde edo komunitateri eskatu beharko litzaiokeen ere erantzukizunik handiena
  • Izendatzea, nafar aniztasunaren kudeaketa demokratikoa lortze aldera, zeintzuk izan daitezkeen ekinbide eraginkorrenak osagai banatzaileak nolabait indargabetzeko eta kontsentsu berriak gauzatzeko haien inguruan. Era berean, adieraztea zeintzuk izan daitezkeen ere erantzukizun handieneko taldeak, erakundeak edo komunitateak.

Aurrekoan bezala Talde Eragileak izanen du proiektuaren zuzendaritzaren ardura eta parte-hartze gune ezberdinen arteko koordinazioa. 2020rako hiru parte-hartze gune nagusi planteatzen dira:

  • Adituen taldea: mundu akademikoan gaian adituak diren pertsonak beti ere perfil ideologiko anitzekoak
  • Eragileen mahaia: Nafarroako eragile nagusiak identifikatu ondoren, hauen ordezkari izanen diren kideekin mahai anitz bat egitea proposatzen da
  • Nafarroako Herritarren Mahaia: Nafarroako zonalde ezberdinetako herritarrez osatutako mahaia

 

INFORMAZIO GEHIAGO

Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp