Aitzol Aramaio. Zine zuzendaria: Norberak nahiz eta istorioak ez idatzi beraganatu ditzake, eta, hori da, Elorriagaren istorioarekin nik egin dudana

2008-07-18

VELEZ DE MENDIZABAL, Josune

Hiru urteko buruan Aitzol Aramaio ondarrutarrak bere lehen film luzea estreinatu du. Unai Elorriagaren “SP-rako tranbia” izeneko eleberria oinarri hartuta zuzendari euskaldunak “Un poco de chocolate” luzemetraia eraman du iragan apirilean zine aretoetara. “Emozionatu ninduen istorioak eta hori kontatu behar nuela erabaki nuen”, aitortu du Aramaiok. Barbara Goenaga, Daniel Brühl, Hector Alterio eta Julieta Serrano aukeratu ditu gidoilari eta zuzendariak ekoizpen honetarako protagonista, baita Unai Elorriaga idazlea bera ere bide lagun eta aholkuri.

“Terminal” laburmetraiak (2003) Aitzol Aramaioren izena Venezia, Berlin eta New York-era eraman zuen, baita sari ugari eskuratu ere. Orain berriz, bere lehen film laburrera egin du jauzi ondarrutarrak. Nola tratatu zaitu kritikak?

Filma estreinatu eta opor batzuk hartzea erabaki nuen, horien artean Kritikari ez erreparatzea barne zegoela. Ekoizpen prozesua lan handikoa izan da, erdibitzea bezalakoa... Kritika berari iruditzen zaiona baino jendeari gustatu zaion edo ez interesatzen zait. Orain estreinatu zenetik hiru hilabete pasa direla, jakin badakit Kritika aldetik denetarik egon dela, ezin baitaiteke guztiei gustatzen zaien zerbait egin. Hala ere, niri filmak ikuslegoari sentiarazi dioen iruditzen zait garrantzizkoena eta hori lortu dudala jakinarazi didate ikusleek.

Zergatik aukeratu zenuen Unai Elorriagaren “Sp-rako tranbia” eleberria zure zuendari lanean aurrera pausu hori egiteko?

Unairen eleberria irakurri nuenean zeharo hunkituta geratu nintzen. Oso identifikatua sentitu nintzen pertsonaiekin. Istorio hura kontatu behar nuela sentitu nuen. Banekin proeiktuari helduz gero hiru urte emango nituela lanean buru belarriz baina hastear zihoan bidaia ez zuen ezerk geldituko. Liburua irakurtzerakoan sentitu nuen emozioak filmarekin aurrera egiteko indarra eman zidan. Disfrutatzea nabarmendu nuen orduan nire helburuen artean, eta horrela izan da.

Bidaia lagun Hector Alterio, Julieta Serrano, Daniel Brühl eta Barbara Goenaga aukeratu zenituen. Zer da kasting-ean bilatu zenuena?

Hasieran gidoia euskaraz egin nuen baina behin produktorak irakurri zuela erdaraz egitea aholkatu zidan. Orduan Hector Alteriorekin gogoratu nintzen, proiektua aurkeztu nion eta baietz esan zidan. Gainontzeko aktoreak zeintzuk izango ziren ere argi nuen, aurretik gogoko bainituen Daniel Brühl eta Barabara Goenaga. Unai Elorriagak bere eleberriarekin sorrarazi zidan sentimendu berak islatu nahi nizkien protagonisteei ere. Nire proiektuarekin maitemindu behar nituen, guztiok sentitu behar genuen zirrara zen hura. Horregatik lan taldeko aukeraketa egin baino lehen, euren profesionaltasunari begiratzeaz gain, ezinbestekoa jo nuen modu pertsonalean ere eurak ezagutzea. Ordu asko eman genituen proiektuaren inguruan hizketan, elkar ezagutzen... behin kastinga amaituta ere, errodajean alegia, grabazio orduak amaitu arren minutuak luze joaten zitzaizkigun elkarren artean mintzatzen...

“Un poco de chocolate” lanaren fruiturik jaso al duzu dagoeneko? Hau da, eskaintzaren bat egin al dizute honezkero?

Bai, aukera izan dut. Madrilgo produktora batek gidoi bat eskaini dit baina istorioa ez zitzaidan gustatu eta ezetz esatea erabaki dut. Niretzako istorioa da garrantzitsuena. Istorio bat, bere pertsonaiekin, kontatzea baita nire helburua... eta istorioa ez bazait gustatzen orduan ez du merezi horretan aritzea...

Norberak nahiz eta istorioak ez idatzi beraganatu ditzake eta hori da Elorriagaren istorioarekin nik egin dudana. Izugarri gustatu zitzaidan eta neureganatu nuen. Horregatik, ondo-ondo aukeratu behar da hasieratik...

Ezetz esanak ez al dizu zinema munduan ateak iztea ekarriko?

Norberak nahi ez duen gauza bat egitea askoz ere txarragoa dela pentsatzen dut.

Zinema bidean jarraitzeko asmoa duzula eta, eskuartean egitasmo berririk ba al duzu dagoeneko?

Zer kontatu nahi dudanaren bila nabil momentu honetan eta gero hortik hasiko naiz istorioa sortzen. Momentu honetan istorio bila nabil, filme asko ikusten , irakurtzen... eta azken finean kontatu nahi dudan horretan pentsatzen, nire zorioneko kontuak, nire zalantzak, beldurrak... Sormen prozesua kaotikoa da nonbait, zerbaitek emozionatzen zaitu eta gero zerbait horrenganako diskurtsoa sortzean datza. Fitxa Filma: Un poco de chocolate (Unai Elorriagaren “SP-rako tranbia” liburuan oinarrituta) Zuzendaria: Aitzol Aramaio Gidoia: Aitzol Aramaio eta Michel Gaztambide Aktoreak: Daniel Brühl, Hector Alterio, Julieta Serrano, Barbara Goenaga Musika: Bingen Mendizabal Aitzol Aramaio (Ondarru, 1973) Berezko gauzei erreparatzen die Aitzol Aramaio. Sentimenduei, alegia. Horregatik Unai Elorriagaren liburuaren ikutuekin gatibu geratu eta sentimenduen unibertso hori guztia filme batean islatu behar zuela erabaki zuen Aitzolek. “Sentiarazten dituzten istorioak kontatu nahi ditut”, aitortu du zuzendari gazteak. Ondarrutarraren lehen filme luzea bada ere, “Un poco de chocolate” ez da zinemarako idatzi duen egitasmo bakarra. Izan ere, bere izaeraren adierazle du Aramaiok “Terminal” lana. Film labur honi esker mutila zuzendari eta gidoilari lanetan trebea zela argi geratu zen. “Oraingoan egin dudan modura ‘Terminal’-ean zerbaiti buruz aritzeko beharra sentitu nuen. Ondarrun heroinak jende asko eraman zuen eta hori kontatzeko premia sentitzen nuen”, azaldu du. Andoaingo Zine eta Bideo Eskolan aritu zen bere ikasketen lehendabiziko garaian Aitzol Aramaio, baita ostean Gasteizko Mendizabalako eskolan ere. “Ordutik hiriarekin maiteminduta geratu nintzen”, dio eta ordutik ere Arabako hiruburuan bizi da ondarrutarra. “Herri handi bat da niretzat, non denetarik duzun –azaltzen du–. Izugarri gustatzen zait Alde Zaharrak duen bizia, betiko denda txikietara joan eta dendari eta bizilagunekin mintzatzea...”. Giza harremanekin gozatzen duen pertsona horietakoa da Aitzol Aramaio. Konpartitzea eta elkarren artean komunikatzea ditu gustuko. Entzuten ere badaki ondarrukoak eta horrexegatik, kritikak dioena dioela ere (“ona nahiz txara izanik”, nabarmentzen du) bere filmak ikusleari eragiten diona gailentzen du Aramaiok. Zinea

“Un poco de chocolate” (2008). “Terminal” laburmetraia (2003). Bideoklipak “Sunne” Kepa Junkera (2006). “Buenos Aires” Kepa Junkera (2006). “Tatihoa” Kepa Junkera (2006). “Negua” Mikel Urdangarin (2005). “Juliette” Platero y tu (1995). “Juan” Lin ton taun (1995). “Hay poco rock and roll” Platero y tu (1996). “Lili” Mikel Laboa ( 1995). Telebista

Eva Arguiñanoren “Hoy Cocinas tú” programaren zuzendaria. La sexta. 2006. ETB-ko “Lo que faltaba” programaren errealizadore, 2002. “Inmigración” dokumentalaren gidoia eta zuzendaritza. ETB, 1999. “Super bat” pogramaren errealizadore. ETB 1996-1977. “Bosnia” dokumentalaren gidoia eta zuzendaritza. ETB, 1993.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Jose Angel Iribar. Futbol jokalari ohia: Kirolari ona izateko imaginazio asko behar da; irudimena gazte-gaztetatik erabili behar da

 

Irakurri

María Ángeles de la Caba Collado. Pedagogian doktorea. Psikologian lizentziatua: Gogorra irudituko zaizue, baina gure gizartean balioak ez ditu hezkuntzak finkatzen, merkatuak baizik

 

Irakurri

Jean Haritschelhar. Euskaltzaina: Euskarak diplomatikoak behar ditu

 

Irakurri

Manu Muniategiandikoetxea. Artista: Diskurtsoa perfektua baldin bada, ez da zinezkoa

 

Irakurri

Txema Muñoz. Kimuak-eko zuzendaria: Askoz ere interesgarriagoa da film labur bat euskaraz filmatzea ingelesez baino

 

Irakurri