Aizpea Goenaga. Aktore, idazle eta zuzendaria: Ikus-entzunezko euskal mundua oso mugatua da eta horri buruz hausnarketa egitea izugarri sanoa iruditzen zait

2005-11-04

SALA, Teresa

Naturaltasunaren arrastoa gainetik kendu ezin duen pertsona horietakoa izaki, erraz hitz egin daiteke Aizpea Goenagarekin. Erraz eta gustura. Akzioko emakumea dela diosku, itzulingururik gabe, egiten ikasten du eta batzutan kosta egiten zaion arren erortzen den guztietan altxatzen da. Bernardo Atxagaren “Zeru Horiek” nobelan oinarritutako TV movie-a zuzendu berri du, Television Española katearentzat, euskaraz. Eta, momentuz, bere lan kuttunena dela aitortu digu. Bihotza eman duelako eta magia sortzeko gai izan delako.

“Zeru Horiek” Atxagaren obra, TV movie-a bilakatu duzu, hori izan da zuren azken lana.

Angel Amigo izan zen guzti honen sortzailea: Berak buruan zeukan hiru euskal nobela egokitzea (“Zeru Horiek”, “Zorion perfektua” eta “Bihotz bi”) gero Televisión Española kateari eskaintzeko. Televisión Españolak zerbait egin nahi zuen hizkuntza minoritarioen alde. Hala, bi borondate uztartu ziren: Euskaraz kalitatezko zerbait egin nahi zuen produkzio-etxe baten borondatea eta Television Españolak berak erakutsi zuen jarrera. Gustura hartu zuen kateak proiektua eta niri eskatu zidaten gidoiaren lehenengo idazketa. Lehenengoa, bigarrena, eta hirugarren idazketak egin nituen eta halako batean pelikula zuzentzearen proposamena heldu zitzaidan. Asko lagundu ninduen hasieratik proiektua ezagutzeak eta hasieratik bertan egoteak, nobelaren aukerak jakiteak. Hainbeste aldiz irakurri dut “Zeru Horiek”… Koma bakoitza non dagoen ere badakidala.

Zure lehenengo TV movie-a, gainera.

Bai, oso esperientzia indartsua izan da eta oso ona. Nik asko eskertzen diot Angel Amigori eman zidan aukera, Televisión Españolari eta Manolo Perez Extremerari, erakutsi digun ausardiagatik. Zeru horiek.

Ausardia, euskarazko ekoizpen bati aukera telebista espainiar batean ematea izan daiteke?

Bai, beno... Orain arte, ikus entzunezko arloan euskaraz lan egitearen aukera Euskal Telebistan edo Eusko Jaurlaritzan genuen. Hortik kanpo ezinezkoa egiten zitzaigun euskaraz lan egitea. Badirudi herri honetan ezin dela komedia ez den lanik egin, ezin direla gai konkretu batzuk ukitu delikatuak direlako. Azkenean, baztertzen hasi eta ohartzen zara euskal mundua, ikus entzunezkoari dagokionez, oso mugatua dela. Eta nik uste dut honi buruz hausnarketa egitea oso sanoa dela. Niri sortu zaidan aukera bezalakoak suertatzen direnean konturatzen gara zein murriztuak eta estututa gauden ikus entzunezkoaren esparruan. Eta horrek pena ematen du.

Ezkorra zara gai honetan?

Ez, inolaz ere ez. Baina iruditzen zait inertzian erortzeko joera daukagula eta inertzia horrek zera esaten digu; “hau da dagoena eta onartu behar da”. Eta orduan erantzun behar dugu ezetz, eta gure jomugak haratago bideratu behar ditugu.

Euskal zinema ikusle ez-euskaldunen artean zabaltzea izan daiteke erronka?

Borroka gogorra izan da “Zeru Horiek” euskaraz egitearena. Gaztelaniaz filmatzeko aukera ere bazegoen eta ondoren bikoiztu, estatu mailan ezagunak diren aktoreen partaidetza izanik. Baina nik uste dut mundu honetan arriskuak hartu behar direla eta aurrera begiratzea premiazkoa dela.

Zein izango da ekoizpenaren ibilbidea? Bikoiztuko da?

Zorionez, eta hau izugarria iruditzen zait, Espainia osoan zabalduko da eta lehenengo emisioan euskaraz eta azpitituluekin emango da.

Eskarmentu xelebrea dirudi Bartzelonan euskaraz filmatzearena.

Bai, hori beste eragozpen bat izan da. Baina eragozpenek ere badute bere aurpegi ona. Kataluniako taldea geneukan eta katalanek begirune berezia diete euskal kontuei. Anekdota ugari dugu honen inguruan. Niri “Akira Kurosawa” deitzen zidaten aktoreei joan eta euskaraz mintzatzen nintzaielako eta beraiei japoniarra iruditzen zitzaielako. Egia esatera, oso ongi pasa dugu filmaketan. Niretzat oso garrantzitsua izan da, nik Atxaga miresten dudalako eta istorio hau bereziki maite dudalako. Oso ekipo ona sortu dugu, Nagore Aranburu aktoreak, adibidez, txundituta utzi gaitu oso lan ona egin duelako. Guztia eman dugu lan honetan, bihotza eman dugu eta drama horretan barre egin dugu. Magia sortu duen filmaketa izan da bizitu duguna eta ni oso pozik nago horregatik. Zeru horiek.

Atxagazalea zara, beraz…

Bai, oso. Niri izugarri gustatu zitzaidan “Zeru horiek” irakurri nuenean. Pentsa dezakezunez, ilusio handiarekin bizitu izan dut hau guztia. Oso istorio esanguratsua iruditu zait beti, hitz gutxirekin gauza asko kontatzen dituena. Istorioa, gainera, nahiz eta hemen kokatuta egon, oso unibertsala iruditzen zait. Eta emakume baten istorioa da… Gauza asko ditu nobelak gustatzen zaizkidanak, gainera, oso irakurketa baikorra dauka. Edo nik baikor irakurri dut behintzat.

Irakasle ikasketak egin zituen Aizpea Goenagak. Zergatik?

Bai, eta erantzuna oso sinplea da: Nik ikasketa horiek egin nituen titulu bat izateko. Zuzenbidea ikasten hasi nintzen, baina hasieratik ikusi nuen mundu hori ez zela niretzat. Antzerkia ikasi nahi nuen Madrilen baina gurasoek ezetz eta ezetz, karrera bat egin behar nuela eta horregatik hasi nintzen irakasle ikasketekin. Gainera, zorte handia izan nuen, Seminarioan ikasi nuen eta oso irakasle onak izan nituen. Bederatzi ikasle ginen nik aukeratutako filologia esparruan, pagotxa izan zen. Taldeko hiruk titulua behar zuten irakasleak ziren eta ez ziren eskoletara etortzen, beraz, sei ginen. Txandak egiten genituen, maiz bakarrik nengoen klasean. Irakasle izugarri onak izan ditut, Andu Lertxundi edo Joseba Arregi batzuk aipatzearren. Amaitu nuenean etxekoei eman nien titulua eta Madrilerantz abiatu nintzen.

Eta Ipurbeltz aldizkariko zuzendari ere izan zinen…

Madrilen nengoela egin nuen. Hilabetekaria zenez materialak bidaltzen zizkidaten eta denboraz prestatzen nituen gaiak. Gero, Donostiara bueltatu nintzenean hemendik egin nuen lana. Andu Lertxundik egindako “proposizio deshonesto” bat izan zen Ipurbeltz zuzentzearena. Nik ez dut inoiz neure burua irakasle gisa ikusi, ez dut inoiz tentaziorik izan irakasle izateko. Polita izan zen Ipurbeltzena niri idaztea beti gustatu zaidalako, dibertsifikazioa atsegin dut.

Momentu honetan ere gauza ezberdin asko egiten dituzu…

Gauzak egiten ditut, baina ez hainbeste, eta bide berdina jarraitzen dute gainera. Zuzentzen dut, antzezten dut eta haurrentzat zein helduentzat idazten dut, betiere edozein motatako ikuskizunak buruan ditudala.

Zein da gozagarriena?

Jo… Nik orain ez nuke pelikula zuzentzearena ezergatik aldatuko. Antzeztea ere asko gustatzen zait. Orain, adibidez, “Tramankulu” antzezlanarekin nago eta ikusleak aurrean izatea izugarria da. Eta idaztea, idaztea plazerra da niretzat. Berdin zait idatzitakoa inork irakurtzen ez badu ere, nik oso ongi pasatzen dut idazten.

Nondik ateratzen duzu denbora?

Oso telebista gutxi ikusten dut eta bizitza sozial gutxi egiten dut. Nire bizitza lanak eta nire haurrek osatzen dute. Nire ametsa orain lan gutxiago izatea litzateke, baina ez da kasua eta, gainera, oso gustura nago egiten ari naizenarekin. Goenkale zuzentzen ari naiz, egunero, “Zorion Perfektua”-ren gidoia izango denaren lehen idazketa ari naiz egiten…

Ba al duzu lan kuttunik?

Noski, “Zeru horiek”. Zalantzarik gabe. Ez dakit azkena delako edo asko eman dudalako, baina gogortasun horretan, 18 egunetan pelikula bat filmatu dugu, eta inplikazioa izugarria izan da. Bihotz gehiena jarri dudan istorioa izan da hau. Zeru horiek.

Egun euskal zinea osasuntsu dagoela esan daiteke?

Bai, ekoizpen ezberdinak ari dira bideratzen, baina hori izan beharko litzateke egoera normala. Ez gintuen harritu beharko. Nik ez dakit nola erakundeak ez diren gogor jartzen hemen ekoizten den gutxiarekin. Izan ere, Europa mailan hainbesteko ekoizpen bat exijitzen da eta hemen ez gara minimora iristen. Konturatzen bazara, Valentzian, Galizian eta Katalunian egiten dira gauzak. Hemen uda honetan egin dira gauzak baina Zenbat urte egon gara ezer gabe? Eta azkenean konformismo horretara ohitzen gara. Hemengo erakundeek eskainitako bekak, nik eskertzen ditut. Baina gero obrak eszenaratzeko azpiegitura bat beharko litzateke, eta ez dago. Zentro dramatiko bat edo dena delakoa. Hori ez dago eta pena handia da. Gure euskal gizarte honetan atzeratuta gabiltza esparru honetan. Gutxiegirekin konformatzen gara.

Eta Madril ikus entzunezko esparruan ari diren profesional euskaldunez beteta dago.

Noski. Nola ez dira joango bada? Ezinegon minimoa izanez gero ezinezkoa da hemen gelditzea. Hemen ez da ezer ekoizten. Uda honetan eman den fenomenoari jarraipena eman behar zaio.

Ba al daukazu proiektu berezirik gauzatzeke?

Bai, badauzkat buruan gauzak… Eusko Jaurlaritzak beka eman zidan 2002an antzezlana idazteko eta hor daukat. Erdi aroan kokatua dago eta asko maite dut. Horrekin zerbait egitea gustatuko litzaidake.

Zinema edo antzerkia?

Komedia edo drama? Biak. Antzeztu, zuzendu edo idatzi? Hirurak. Nik uste dut guztiak direla osagarriak. Ni akzioko emakumea naiz, intelektuala baino. Batzuk hausnarketan kargatzen dituzte euren pilak, nik egin behar dut ibiltzen jarraitu ahal izateko. Horretaz jabetu nintzenean ohartu nintzen aurrera egin behar nuela.

Zer duzu esku artean?

“Zeru Horiek” ekoizpenaren muntaia, “Zorion Perfektua”-ren gidoia izango denaren lehen idazketa egiten, eta “Pok” taldeak egingo duen antzezlan bat zuzenduko dut.

Kritikak ongi hartzen dituzu?

Kritikak ongi hartzen ditut kolokatzen ditudanean. Eta, ez pentsa, Kosta zait puntu honetara iristea. Kritika batzuk oso mingarriak izan daitezke aurrera egiten uzten ez dizutelako eta asko okupatzen duten tokietatik egiten dutelako. Tirada handiko egunkari batek egiten baldin badu altxa behar duzu, baina gogorra da. Pertsonen arteko kritikak kolokatu egiten ditut. Iristen zara puntu batera non badakizun zein pertsona interesatzen zaizun eta zein ez. Hortik aurrera ez dituzu guztiak zorro berean sartzen. Hasteko eta aurrera jarraitzeko, gizakume oro bezala, animo dosi bat behar dut. Ezin dut onartu dena lurrera botatzea. Iruditzen zait lan guztiek badutela, bere hutsegitean ere, balioko zerbait. Zer ez duzun egin behar jakiteko bada ere. Zalantzarik gabe, ez daukat ezer argi eta ezer seguru eta kolpeek lurrera botatzen naute. Emozionalki kritikak ukitzen naute, min puntua uzten didate.

Eskertuko duzu jendearen esker ona… Eta jendearen kritika ere bai. Askok bihotzez egiten dutelako. Aizpea Goenaga (Donostia, 1959) Irakasle ikasketak egin zituen arren, aktore lanetan egin zuen bere burua ezagun: halaber, idazle eta zuzendaria da. Ipurbeltz haurrentzako aldizkaria zuzendu zuen zenbait urtez. Eta artikulu ugari idatzitakoa da aldizkari desberdinetan: Irutxulo, Zazpika, Euskonews… 1995ean Donostia Hiria saria irabazi zuen Zu(t)gabe antzezlanari esker. Honetaz gain, 2000. urtean Javi Cilleroren Uztailaren laua, Renon (1999an sari bera jasotakoa) eszenaratzea zuzendu zuen. Maité eta Jaun eta jabe telebista emanaldien gidoiak idatzi ditu eta Euskal Telebistako serie anitzetan agertu izan da aktore modura. Idazle lanetan, Antzezten… teketen ten! lau antzerki lanez osatutako liburua argitaratu zuen 1999an, haurrek antzeztu ditzaten. 2002an Lauterdi pirataren altxorra argitaratu zuen; Atxu hamaika urteko neskaren oporraldiko koadernoa. 2004an Agur betirako antzerti liburua argitaratu zuen. 1995 Zu(t)abe, Kutxa Fundazioa 1999 Antzezten… teketen ten!, Erein 2000 Gutiziak (beste egileekin), Txalaparta 2002 Lauterdi pirataren altxorra, Txalaparta 2004 Agur betiko, Artezblai SARIAK 1995 Donostia Hiria saria 2002 Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak emandako antzerki beka
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Ana Agirre. Eusko Jaurlaritzako Industria, Merkataritza eta Turismo Sailburua: Gaur egun Euskadin I+G jarduerak egiten dituztenak 1.000 enpresa dira. Lisboan finkatutako helburu europarrera iritsi nahi badugu 500 gehiago behar ditugu

 

Irakurri

Joxerra Gartzia. Komunikazioan aditua: Askoren kezka nagusia ergatiboa zuzen erabiltzea da, baina ergatibo guztiak bere tokian jarrita inor hunkitzeko gaitasunik ez daukan diskurtsoa alperrikakoa da

 

Irakurri

Jose Miguel Larrañaga. Aranzadi Zientzia Elkarteko lehendakaria: Galtzen bazara, erreka bilatu eta ura jarraitu, iritsiko zara-eta

 

Irakurri

Iñaki Mujika. Lanbide Heziketako eta Etengabeko Ikaskuntzako Sailburuordea: Irakasleek ikasten ikasteko, ikasitakoa desikasteko, eta aurrera egiten ikasteko aukera ematen duten agertoki didaktikoak bultzatu behar dituzte

 

Irakurri

Jon Marcaide Osoro. Astrofisikaria: Politika zientifikoan adore politiko gutxi egon da beti

 

Irakurri