Albert Einstein errebeldea dela aipatu izan duzu. Zergatik? Non islatzen da errebeldia hori?
Ez zegoen batere ados inguruan zeuzkan egitura sozialekin: ez eskolaren egiturarekin, ez gaztetan Alemanian ezagutu zuen erregimen militarrarekin, ez zientzia lantzen zuten moduarekin. Nahikoa gauzaren aurka errebelatu zen.
Adibidez?
Bigarren mailako ikasketak amaitu baino lehen, alde egin zuen Institututik. Bera Alemanian bizi zen, eta gurasoak Italian, emigrante moduan. Eta haien etxean azaldu zenean, sekulako nahigabea eman zien. 17 urte zeuzkanean, nazionalitate alemanari uko egin, eta suitzarra eskuratzea erabaki zuen. Urte batzuk behar izan zituen horretarako, baina buru-belarri jarri zen horretan. 17 urteko gazte batek aleman izateari uzteko erabakia hartzea esanguratsua da oso.
Einsteinek kontzientzia politiko jakin bat zeukala esan al daiteke?
Einstein ideologikoki inon kokatzekotan, sozialismoaren inguruan kokatu beharko genuke. Baina, hala eta guztiz ere, nahiko garatuta zeukan bere kontzientzia. Ezin zituen bidegabekeriak eta militarismoa jasan. Sistema politiko alemana zurruntzen ari zela ikusten zuen, kutsu diktatoriala hartzen, gogortzen. Eta, jakina, jasangaitza iruditzen zitzaion juduek pairatutako bidegabekeria.
Ez zen, bestalde, ikertzaile makala izan...
Ez horixe. Oso berezia izan zen. Garai hartan -bera 1879an jaio zen-, ikertzeko modu berri bat sortu zen: aldizkari zientifikoak irakurtzen hasi ziren, eta lana talde txikietan egiten. Baina berak nahiago zuen lanean bere kontura, isolatuta, aritu. Eta ez zeukan aldizkari zientifikoak irakurtzeko ohiturarik. Liburu klasikoak, ordea, asko gustatzen zitzaizkion, eta bere garaiko obra nagusiak ere bai. Edonola ere, ez zen gainerako ikertzaileak bezalakoa. Errebeldea zen, bakartia. Bere buruari buruz egindako deskribapen batean, adierazi zuen bera beti izan zela bakartia, eta bere izena jende guztiak ezagutzen zuen arren, inork gutxik zekiela zertan aritzen zen.
Albert Einstein al da munduko zientzialaririk ospetsuena?
Historian zehar sekula ez da bera bezain zientzialari ospetsurik izan. Bere ospeak zientziaren mugak zeharkatu ditu. Litekeena da ospe hori bere izaera berezi eta erakargarriagatik eskuratu izana, ikuspegi zientifikotik oso teoria ausartak aurkeztu zituelako. Gainera, hori da Albert Einsteini buruz esan beharreko lehendabiziko gauza: zientzialari aparta izan zela, eta pentsalari bikaina. Asko gustatzen zitzaion pentsatzen aritzea. Isolatu eta pentsatzen aritzea. Eta, beste alde batetik, jendaurrean zeukan jokamoldea aipatu behar da, ohitura guztietatik kanpo... Batxilergoko edo unibertsitateko irakasleen kasuan ohikoa den arren, berak ez zuen irakasle karrerarik egin. Eta, horretaz guztiaz gain, itxura berezia zeukala aitortu behar da: janzteko modua, aurpegia bera, ilea eramateko modua... Ezaugarri horiek guztiek jendearen arreta deitzen zuten.
Zeintzuk ziren bere bertuterik azpimarragarrienak?
Nire ustez, bere jakin-mina. Ikusmin handiko gizona zen. Asko gustatzen zitzaion jakitea. "Arimaren gose" egon behar zela esaten zuen, “jakiteko irrikaz”. Eta, irrika horrek bultzatuta, lan izugarri egin zuen. Langile aparta zen. Nahiz eta horrenbeste lan egiteak osasunean ere eraginik izan. Einstein Niels Bohrekin (1885-1962) Bruselako kaleetan, 1927.
Ahuleziaren bat izango zuen...
Gizarte diziplinatik begiratuta, bere jokamolde arbitrarioa segur aski. Adibidez, irakasle zen arren, ez zitzaion ikasleak izatea gustatzen. Ikertzea laket zuen, bere bulegoan aritzea, pentsatu edo hausnartzea. Baina ez zuen ikaslerik nahi. Oso ikasle gutxi izan zituen bere bizitzan zehar. Sekula ez zuen doktore tesi bat zuzendu. Beregana hurbiltzen ziren gazteei lanak egitea gomendatzen zien. Laguntzaileak, berriz, bai, izan zituen, eta asko gainera. Matematiketan, erlatibitatearen teoria orokorra lantzen ari zenean, teoria bereziaren matematika baino indartsuagoa behar zuela ikusita, laguntzaile baten premia sortu zitzaion. Giza ahuleziei begiratuz gero, esan beharko genuke emakumeenganako zaletasun punttu bat zeukala, eta horrek ezegonkor bihurtu zuela bere bikote bizitza. Bere azken egunetan adierazi zuen inbidia ziola heriotzara arte maitasunean egonkortasuna izan zuen lagun bati.
Albert Einsteinen bizitza eta obraren zein alderdi iruditzen zaizkizu txundigarrienak?
Oso bitxia da Einsteinekin daukadan harremana. Ni Mantxako herrixka txiki batean jaio nintzen, Alcázar de San Juan-en, sendi xume batean. Etxean ez geneukan libururik ere. Baina pertsonaia ezagunen biografiak gordetzen zituzten gutunazal sorpresadunak izaten genituen. Eta biografia horietako bat Albert Einsteinena zen. Hamar edo hamabi urte izango nituen artean. Ordukoa da pertsonaia honi buruz izan nuen lehendabiziko erreferentzia. Bere liburua irakurri nuen arren, ez nuen deus ere ulertu, baina interesgarria iruditu zitzaidan. Eta pertsonaiari buruzko dokumentazioa biltzen hasi nintzen: bere irudiarekin egindako iragarkiak, bere izenari eman zaizkion erabilera ezberdinak... Bitxikeria ugari, liburuez gain.
Zer daukate Fisika Zientziek bizitza osoa haiei eskaintzeko? Non dago gakoa?
Nire ustez, burua lantzean: zerbaiti buruz pentsatzea, kontzentratzea, zeure buruari galderak egitea, erantzunak bilatzea, galdera eta erantzunak lotzen joatea... Fisika Zientzietan, gainera, galdera bereziak egiten dira: Zer da izadia? Zertaz eginda daude gauzak? Nolakoa da Unibertsoa? Misterioetan barna arakatzea bezalakoa da, oso erakargarria. Dena den, etsigarria ere izan daiteke. Baina benetako zientzialaria ez da porroten aurrean uzkurtzen; alderantziz, porrotetatik ere ikasi egiten du. Zientzialari batzuek esaten dute aurkikuntzarik garrantzitsuenak behin eta berriro porrot egin ondoren egiten direla. Einstein, adibidez, eremuaren teoria bateratua ateratzen tematu zen, baina ez zuen lortu, eta hainbat urte eman zituen porrot horren zamarekin. Bestalde, ez zuen ontzat ematen jende guztiak onartzen zuen mekanika kuantikoaren printzipioa, eta horrek ere, nolabait, porrot moduko bat suposatzen du bere ibilbide zientifikoan. Bere biografia pertsonal eta zientifikoa aztertzen duenak ikusiko du arrakasta gutxi eta porrot asko izandako gizona dela Einstein. Madrileko Zientzia Fakultateko klaustroarekin "San Bernardo kaleko etxetzarrean", 1923.
Zure aburuz, behar bezainbeste zabaltzen al da gaur egun zientzia gizartean?
Nire ustez, hobetu egin beharko litzateke zientziari ematen zaion trataera. Eskoletatik hasita. Ahalegin bat egin beharra dago zientzia erakargarriagoa bihurtzeko. Zientzia, berez, oso erakargarria da, baina fisika eta kimika, beren teoria eta arazoekin, aspergarriak dira ikasleentzat. Gazteek urruneko gauza arraro baten moduan ikusten dituzte zientzia zehatzak, baina ez da hala. Erabiltzen dugun edozein tresna, zientziaz beteta dago. Oso hurbil daukagu, baina ez gara konturatzen. Jendeari ikusarazi behar diogu zientzia gure eguneroko bizitzan sartuta dagoela. Ramón Pérez de Ayala eta Abraham Yahudarekin. Einsteini gobernu errepublikarraren erabakia helarazi zioten; berarentzat katedra bat sortzea Madrilgo unibertsitate zentralean, 1933.
Bokazionala al da zientzialaria? Sinesten al duzu jenioen jaiotzetiko talentuan? Txinparta bat bederen izan behar dela iruditzen zait. Edozein arlotan, pertsona bat beste guztien artean gailentzen baldin bada, barruan zerbait duenaren seinale da. Baina barruko gauza hori landu egin behar da. Lan asko egin behar da, eta gogo onez. Zientzialariek, beharbada, jende arruntak baino adimen handiagoa izan dezakete, baina, funtsean, lanean aritzeko sekulako gogoa da daukatena, eta buruan dauzkaten milaka galderentzako erantzunak bilatzeko grina. Antonio Moreno González Alcázar de San Juan-en jaio zen (Ciudad Real). Lehen Hezkuntzako irakasle nazionala da, Fisika Zientzietan doktorea, eta Zientzia Esperimentaletako Didaktikako irakasle titularra Complutense Unibertsitateko Hezkuntza Fakultatean. Lehen Hezkuntzarako eta Batxilergorako hainbat testuliburu prestatu du, eta artikulu ugari idatzi ditu zientzien irakaskuntzari eta fisikaren historiari buruz. "Nivela Libros" argitaletxeak editatutako biografien bildumaren zuzendaria da, eta baita “Científicos para la Historia” eta “Novatores” edizioetakoa ere. Vida Escolar, Revista Española de Física, Science & Education, Anales de la Real Sociedad Española de Química eta Revista de Educación-eko argitalpen batzordeetako kidea da eta, halaber, Estatu mailako zein nazioarteko batzorde zientifikoetako kidea. Aholkulari zientifiko lanetan aritu da Hezkuntza eta Zientzien Ministerioan, Expo 92an eta Madrilgo Erkidegoko Ikerketarako Zuzendaritza Nagusian -Zientziaren Astean Madrilgo unibertsitateak koordinatzeko-. “María Díaz Jiménez” Magisteritza Eskolako zuzendaria da, Zientzia Esperimentalen Didaktika Saileko doktoradutza programaren koordinatzailea, eta Estatuko Eskolen Kontseiluko Batzorde Irakunkorreko bokala. Jaso dituen sarien artean, Complutense Unibertsitateko Ohorezko Domina eta Alessandro Volta Domina aipatu behar dira; azken hau, pila asmatu zenaren bigarren mendeurrenean (1999) jasoa. Gaur egun, Hezkuntza eta Zientzien Ministeriopean dagoen Irakasleak Prestatzeko Goi Institutuko zuzendaria da. OHOko eta Bigarren Mailako Hezkuntzako irakasleei zuzendutako prestakuntza ikastaroak zuzendu eta eman ditu, dela ikastetxeetan, dela nazioko zein nazioarteko udako ikastaroetan. Zientzien, zientziaren historiaren eta Espainiako hezkuntza zientifikoaren irakaskuntzarekin lotutako ikerketa proiektuetan parte hartu du, eta baita ikerketa historikoak irakaskuntzan duen aplikazioaren ingurukoetan ere. Testuliburuen analisiak prestatzeaz gain, Madrilgo Complutense Unibertsitateko material zientifikoaren inbentarioa egin du. Argitalpenen hautaketa: Artikuluak: - Progreso, secularización e instrucción pública - La formación de profesores de ciencias en España: historia de una frustración - El profesorado y la dimensión europea - La Junta para la Ampliación de Estudios e Investigaciones Científicas: la vida breve de una fundación ahora octogenaria - Science in quarentine: Academic Physics in Spain (1750-1900) - La España finisecular del XIX: ciencia, política y cultura - La Sociedad Española de Física y Química: una institución para la regeneración patria - La historia de la ciencia: ¿saber útil o curioso complemento? - La Física en los manuales escolares: un medio resistente a la renovación - “Weighing” the Earth: a Newtonian Test and the Origin of an Anachronism - La física de los quanta en España Liburuak: - Aproximación a la física: una historia de visionarios, rebeldes y creadores - Una ciencia en cuarentena. Sobre la historia de la física en España desde la ilustración hasta 1900 - José Rodríguez Carracido - La Física Moderna (en Historia dela Ciencia y de la Técnica en la Corona de Castilla)