Antonio Sánchez Escudero. Kanpo merkataritzan lizentziatua: Zerbait eginarazten dizun indar handi bat duzunean, badakizu azkenean lortu egiten duzula

2010-07-16

SILLERO ALFARO, Maider

BELAXE. ITZULPEN ZERBITZUA

Honela deskribatuko nuke Antonio Sánchez: gizon langile, erne eta oso aktibo bat. Berarekiko hizketaldi bat arrazoi askogatik da aberasgarria. Atsegin du jendearekiko harremana, eta azken 74 urte honetan ikasitako guztia erakusteko ahaleginetan dabil. Dabilen tokian beti kemena darion pertsona horietakoa dugu Antonio.

Konta iezaguzu nor den Antonio Sánchez.

Madrilen jaio nintzen, 1937ko apirilaren 13an. Handik 13 egunera, Gernikako zorigaiztoko bonbardaketa izan zen. Hondamendi bat. Behin, bonba bat erori zen gure etxean ere. Amak, berehala, hartu eta ohe azpian sartu ninduen. Hari esker nago bizirik. Aitak Ondare Nazionalean lan egiten zuen, eta Riofrío-ra bidali zuten, Isabel de Farnesiok La Granja ondoan (Segovia) eraikiarazi zuen jauregi batera. Ni mendi hartan hazi nintzen 5 urtetik 13ra arte; ez geneukan, ez txorrotako urik, ez argindarrik. Animalia ugari zen inguru hartan: adarzabalak, oreinak, azeriak, milaka saguzar, enara, matxinsalto, kilker... Aitak idazten eta irakurtzen irakatsi zidan; animaliek, ordea, beste gauza asko irakatsi zizkidaten.

Hura izan zenuen eskola...

Horixe, han ez baitzen, ez eskolarik, ez ezer. Bakarrik ginen, eta ni ametsetako lagun batzuekin jostatzen nintzen, eta, normalean, irabazi egiten nuen, jakina (irribarre batekin). Hiru gauza bakarrik genituen etxean: kinke bat, petrolio-lanpara bat eta arte-egurra.

Azal iezadazu: nola iristen da eskolara joan ez den pertsona bat unibertsitarioentzako eskolak ematera?

Sekula oztoporik izan ez dudalako. Anekdota bat kontatuko dizut: Riofríotik Madrila joan ginen, eta oso anekdota ederra gertatu zitzaidan hor. Banindoan Gran Vía-tik, eta zinema aurkitu nuen: gauza berria, niretzat. “Las minas del Rey Salomón”, irakurri nuen kartelean. Txartel guztiak salduak ziren, baina niretzat ez zen oztoporik: banekien ikusiko nuela film hura. Sartzeko orduan, jende artean nahasi eta erraz igaro nintzen. Igo gora, eta besaulki bat hartu nuen, baina aretozaina etorri, eta bidali egin ninduen. Alditxo bat egin genuen zain, baina hirugarren solairuko toki guztiak bete ziren. Orduan, esan zidan aretozainak: “Mutikoa, hire txartela ez duk hemengoa, zenbat ordaindu duk?”. Eta nik, jadanik prestaturik bainengoen: “Ba, 50 pezeta eman dut, eta 15 itzuli didate”. “A!, horixe”, erantzun zidan, “hire txartela Club motakoa duk, goazen behera”. Iritsitakoan, beheko aretozainak esan zuen bi toki zituela libre bata bestearen ondoan, eta beste bakar bat. “Bakar hori izango duk hirea mutiko”. “Seguru, seguru”, nik. Bata bestearen ondoan ziren bi aulkiak bete egin ziren, Nodoa hasi zen, Nodoa bukatu zen, eta ustezko nire aulkia hutsik zen artean, eta esertzen utzi zidaten. Beti galdetu diot neure buruari ea zer gertatu ote zitzaion egun hartan zinemara huts egin zuen pertsona hari? Zer izan ote zuen? Nik bai bainekien film hura ikusiko nuela. Hainbesteko indarra ote du buruak?

Gertatu al zaizkizu horrelako gehiago?

Bai, askotan. Esate baterako, handik urte batzuetara, jadanik lanean ari nintzela, Riad-etik Kairo-rako hegaldi batean. Bidaiari guztiak arabiarrak eta egiptoarrak ziren, eta, 10.000 metrora ginenean, emakumezko zerbitzari batek zerbait esan zuen arabieraz; ez nion ulertu, baina hegazkineko guztiak aztoratu zituen. Egin nuen kolkorako: “Hemen, baduk zerbait”. Handik gutxira, zerbitzarik, berriro, orduan bozgorailuz, eta ingelesez: “Is there any medical doctor on board, please?” (Ba al da medikurik hegazkinean, mesedez?), eta nik, neure artean: “hemen, baduk zerbait, eta inork ez dik ezer egiten”. Orduan, eskua altxatu nuen. Zerbitzariak galdetu zidan: “Are you a medical doctor?” (Medikua al zara?), eta nik, sendo: “Yes, I am” (Bai). Joan nintzen berarekin, eta, aurreneko lerroan, 50 bat urteko gizon bat topatu nuen, erabat zurbil, masailak ihar-ihar zituela... hilzorian zirudien. Nik, orduan, zerbitzariari: “Esan iezaiozu hemen dela medikua. Ez, hobeto esanda, esan iezaiozu Europako medikurik onena dela hemen”. Orduan, Ibrahim-ek (izen hori zuen), zerbitzariak esana entzutean, begiak ireki eta nigana zuzendu zituen, eta ohartu nintzen lasaitu egin zela. Ipini nion eskatu nuen oxigenoa, eta eskatu nion zerbitzariari, berehala, esateko hari ez kezkatzeko, sendatuko zela, eta alturagatik zela hura (aldi berean, heldu eskutik gizonari, eta neuk esan nion, izenez deitzen niola). Gero, itzuli, eta esan nion zerbitzariari: “Gizon hau izorratuta dago. Beraz, anbulantzia bat nahi dut pista ondoan, gu heldu bezain laster hau ospitale batera eraman dezaten”. Eta, bai horixe, han zen anbulantzia. Ez dakit gizon hari ezer gertatuko zitzaion hegazkinean, edo hilko zen, baina beraren ondoan egote hutsagatik, itxaropena etorri zitzaion atzera, bizitzeko gogoa. Indar hori ematea da kontua. Egia esan, sekula ez nuen inongo zigorren beldurrik izan medikua ez izan eta hala nintzela esateagatik, ni hari laguntzen ari bainintzen. Indar hori da berriro. Zerbait eginarazten dizun indar handi bat duzunean, badakizu azkenean lortu egiten duzula”.

Konta iezadazu gehiago zeure haurtzaroaz. Madrila heldu zinen garaian gelditu gara.

Hiriburuan nintzela, hamahiru urterekin, egun batean esan nion aitari lanean hasi nahi nuela. Onartu zuen, eta, egun osoa hirian hara eta hona eman ondoren, lan-eskaintza batzuekin etxeratu nintzen. Azkenenean, inportazio- eta esportazio-enpresa bat aukeratu nuen. Euro bat baino apur bat gehiago bakarrik irabazten nuen, baina sekula ez dut dirua izan lehentasun. Iluntzeko 8ak arte aritzen nintzen lanean aste guztietan, eta, irteten nintzenean, hizkuntza-eskola zentralera joaten nintzen; 8etatik 9etara, frantsesera, eta 9etatik 10etara, ingelesera. Metroan, tranbian, kalean oinez nindoala, edonon ikasten nuen. Hamazazpi urte nuela, aita hil zitzaidan, eta, orduan, soldadutza egin ondoren, Alemaniara joan nintzen.

Alemanez ere bazenekien, ingelesez eta frantsesez gainera?

Moldatzen nintzen apur bat. Egin ezazu kontu ni tornulari gisa lan egitera joan nintzela, baina hara heldutakoan interprete jarri ninduten. Enpresa hartan, 400 espainiar eta 800 italiar ziren, eta, beraz, italiera dezente ere ikasi nuen. Enbaxadore moduko bat nintzen han, harreman publikoetako espezialista bat. Esperientzia zinez ederra izan zen. Handik, Koloniako Unibertsitatera joan nintzen, eta Kanpo Merkataritza ikasi nuen lau urtez. Alemaniar bat hartu nuen andregaitzat, eta, benetan, huraxe izan zen alemana ikasteko erarik onena.

Baina egungo emaztea gipuzkoarra duzu, Astigarragakoa. Nola ezagutu zenuen?

Kontua da arreba euskaldun batekin neukala ezkonduta, eta gozotegi bat zeukan, Astigarragan. Milagros, nire oraingo emaztea, bi bat aldiz nuen ikusia, baina sekula ez genuen hitz egin izan. Egun batean, Alemanian nengoela, hari gutun bat idaztea erabaki nuen. Berak ere erantzun zidan, eta elkarri gutunak bidaltzen hasi ginen. Halako batean, tren-txartel bat erosi, eta Astigarragan azaldu nintzen. 1966 zen, eta 67an ezkondu ginen.

Mayor Hermanos enpresan hasi nintzen lanean, Esportazioko Zuzendari gisa, eta, gero, Los Angelesa joan ginen bizitzera, urtebete. Orduan, Milagros haurdun gelditu zen, eta Donostiara etorri zen erditzera.

Los Angelesen ere bizi izan zinen? Harrituta uzten nauzu.

Egun batean, ari nintzen lanean, eta iragarki bat ikusi nuen egunkarian, ingelesez. Dallaseko (Texas) enpresa batena zen. Zuzendari bat eskatzen zuten Espainian, makinen erosketen gaiak eramateko Europan. Eta, curriculuma bidali beharrean, joan zuzenean bidaia-agentzia batera, eta hegazkin-txartel bat erosi nuen. Iritsi hara, eta esan nion enpresaren zuzendariari: “I am your man” (Ni naiz zure gizona). Harritu egin zen, eta esan zidan curriculuma bidaltzearekin aski nuela..., baina, han nintzenez, fabrika osoa erakutsi zidan, eta, iluntzean, jai batera gonbidatu ninduen. Goizeko ordu biak inguruan, ez dakit gehiegi edan zuelako edo probatu nahi ninduelako, eman zizkidan bere autoko giltzak, eta esan zidan eramateko bera eta emaztea etxera. Nik, nola mendian hazia naizen, katuaren instintua daukat, eta aurkitu nuen bidea. Bere etxeko atean utzi nuenean, esan zidan: “The job is yours” (Lanpostua hirea duk), eta txeke bat eman zidan. Ez nuen kobratu, zeren Dallasetik Los Angelesa joan bainintzen zuzenean. Enpresa askoz hobea aurkitu nuen han, eta bertan gelditu nintzen.

Kontua da amerikar enpresa batean gelditu zinela.

Bai, hogei urte. Enpresak makina-erreminta erosten zuen. Beraz, nik makina-erreminta asko esportatu ditut Euskal Herritik. Nik 300 bat marka neramatzan, baina 6 edo 7 marka saltzen nituen ia beti, emaitza onak ematen zituztenak. Harreman onak izan ditut beti neure bezeroekin, kalitatea saltzen eta zintzoa izaten saiatu bainaiz beti. Azkenean, haiek niri erosten zidaten, pertsonari. Horixe da saltzaile on baten lehen premisa.

Egia al da 80 naziotan baino gehiagotan bizi izan zarela?

Bai, Europa osoan izan naiz, eta Afrikan, Hegoafrikan, Ekialde Ertainean: Kuwait, Dubai, Abu Dhabi, Qatar, Daman, Durham, Emirreriak, Hong Kong, Singapur, Japonia, Hego Amerika, Kanada, Ipar Amerika, Mexiko, etab.

Asko ikasi behar izan duzu...

Bai. Niri, ordea, dakidana partekatzea gustatzen zait. Ez dut neuretzat gorde nahi dakidan guztia. Besteek ere nik daukadan hau partekatzea nahi dut, neuk ere beste pertsona batzuengandik jaso baitut dakidana.

Oso pertsona ernea al zara?

Bai, oso. Erne ibilita, gauza asko ikasten dira. Bidaiatzea atsegin dut, beste nazioak eta bazterrak ikustea, baina, batik bat, pertsona atsegin dut.

Bilobatxo bat daukat, Lia, eta jadanik esan diet haren gurasoei nirekin asko ikasiko duela, ez baitiot ezer egiten irakatsi behar. Gauzak bere kasa egiten ikasi behar du. Pentsa ezazu Kristobal Kolon Amerikara heltzen dela eta ohiko mutil argia azaltzen zaiola Michelin gidarekin! Bakoitzari bere kasa ikasten eta huts egiten utzi behar zaio, hutsetatik ikasi egiten baita. Berriz jaioko banintz, saiatuko nintzateke huts gehiago egiten, gehiago bidaiatzen, jende gehiago ezagutzen, eguzki-sartze gehiago ikusten, museo gehiagotara joaten... hau da, modu biziagoan bizitzen. Zeren bizia ez baita, ez etorkizuna, ez iragana, baizik eta elkarrekin lotutako uneak, zoriontasun-uneak. Ni zoriontsu izaten saiatzen naiz, ederragoa baita, eta hobeto sentitzen bainaiz.

Sinetsita nago arrisku asko igaro dudala bizitzan, ohartu gabe. Heriotza ondo-ondoan izan dut zenbait alditan, eta une horiexetan ezagutzen dugu geure burua: ea adoretsuak, menderakaitzak, koldarrak... garen.

Eta zuk, ezagutzen al duzu zeure burua?

Saiatzen naiz ezagutzen, baina oso zaila da. Garuna hain infinitua da, iruditzen baitzait garenaren % 10 bakarrik aurkitu dugula. Eta hori, datua puztuta. Maiz, atsegin ez ditugun erreakzioak izaten ditugu, edo uste ez ditugunak. Oso zaila da.

Arrazoi bategatik galdetu dizut: zuk, zeure eskoletan, orri zuri bana ematen diezu ikasleei, eta eskatzen diezu zuhaitz bat marrazteko eta esaldi bat idazteko. Informazio apur horrekin, ikaslearen nortasunaren zertzelada batzuk ateratzen dituzu. Besteak ezagutzeko, garrantzitsua al da aurrera norbera ezagutzea?

Bai. Nik esango nuke badakidala apurtxo bat neutaz. Baina gauza bat kontatuko dizut: billarrean jokatzen nuenean, eta aurkari batek ongi jokatzen zuela ziostanean, ni lasai gelditzen nintzen. “Tira, jokatzen dut zertxobait” esaten zidatenean, aldiz, orduan kontuz, apalek asko jakiten baitute. Garuna infinitua da. Bai, neure burua ongi ezagutzen saiatzen naiz, eta neure burua gogotik maitatzen, Antonio baita dudan adiskiderik onena, hau da, neu. Berarekin emango dut denborarik gehien bizitzan. Eta gogotik maite behar duzu zeure burua, zeren, ez baduzu maite, ez baitzara besteak maitatzeko gai izango.

Zure azken lanak arte eszenikoekin lotuta egon dira...

Lau urte aritu naiz Arte Eszenikoak ikasten, eta, hortik abiatuta, antzerki apur bat egin dut, eta film labur batzuk egin ditut, iragarki batzuk, Hospital Central-eko kapitulu batean aritu nintzen, eta José Coronado-ren telesailean ere bai, Ris Científica-n. Oso oldarkoia izan naiz beti. Gauzak egin behar dira, hesiak hautsi, eta huts egiten bada, ez da ezer pasatzen. Tortilla bat egin nahi baduzu, hauts ezazu arrautza, begira geldituta ez baituzu ezer egingo.

Arriskurik gabe, ez da loriarik, diotenez.

Egia. Nik ikastera bultzatzen ditut neure ikasleak, zeren zenbat eta gehiago ikasi, orduan eta libreagoak izango baitira. Handiagoa ahalegina, eta zoriontsuagoa pertsona.

Baina maiz entzuten da zenbat eta ezjakinagoak izan orduan eta zoriontsuago bizi garela.

Baina hori tontoa izateko era bat da! Gauzak nolakoak diren jakin behar da, haiek ulertzeko. Ni, esate baterako, sakon sartu naiz pinturaren munduan, eta pintatzen ikasi dut, pintura bat nolakoa den ulertzeko, eta pintoreak egiten duen prozesua ere ezagutzeko. Garunean daukagu guztia. Adibidez, ni munduko gizonik aberatsena naiz. Hor daukat Las Meninas, zoragarria!, Prado Museoan, eta, nahi dudanean, ikustera joaten naiz. Mendiak, haranak eta aintzirak ditut mundu osoan, eta nahi dudanean ikusten ditut. Animaliek irakatsi zidaten “denborarik” ez dela, gauza garrantzitsuak une zehatzetan kontzentratzen direla. Txori batek ez daki beste milurteko batean sartu garen, edo astelehena nahiz ostirala den, zeren horiek guk asmatu baititugu. Berdin gertatzen da zoriontasunarekin. Zoriontasuna oraintxe bertan da.

Izan zaren nazio guztietatik, zeinek aberastu zaitu gehien?

Guztiek eskaini didate zerbait. Guztiek dute gauza ederren bat, eta hartan jarri ditut nik begiak. Jendearen eta lekuen alderdi ona hartu behar da beti. Nahiz eta ezaugarri polit bakar bat izan han, hura ikusten asmatzen duena da pertsona positiboa. Aita oso positiboa nuen, gauzen alde ona ikusten zuen beti. Ni bi aldiz gelditu naiz lanik gabe bizitzako une garrantzitsuetan. Orduan, aita gogoratu, eta esaten nion neure buruari: “Tira, ez duk ezer, baduk beti irtenbideren bat”, eta beti topatzen nuen bidea. Galduko duzu borrokaldiren bat; barruko borroka hori, ordea, irabaz dezakezu azkenean.

Jendeari laguntzean dago zoriona. Ni sinetsita nago Kalkutako Ama Teresa izan zela XX. mendeko pertsonarik zoriontsuena, jende askori lagundu baitzion. Eta, dakusazunez (ahotsa kraskatzen zaio), pertsona horiez ari naizenean hunkitu egiten naiz.

Seguru nago zuk ere jende asko egiten duzula zoriontsu zeure eguneroko bizitzan, ez daukat dudarik...

Ez bazaizu atsegin zauden tokia edo egiten duzun lana, hor gustatzen ez zaizun pertsona bat dagoelako, zoaz. Izan zaitez zoriontsu, gutxiago irabazita ere. Izan ere, ez du balio diruak, baizik eta norberak, gozatzen jakiteak. Eta argia bazara, ikasi baduzu, gogotik gozatuko duzu.

Elkarrizketaren azkenean, egoera aldatzen da, eta Antoniok egiten dit niri galdera bat: “Ongi pasatu al duzu?”. “Oso ongi”, nik. “Ba, nahikoa dut horrekin”. Antonio Sánchez Escudero (Madril, 1937) Madrilen jaio zen, batere zibila ez zen gerra hartan. Bost urte bete arte, gerraostea eta gosea ezagutu zituen. 5 urtetik 12ra arte, Riofrío mendian bizi izan zen, urik eta argindarrik gabe. Aitak irakurtzen eta idazten irakatsi zion, eta berak ahal zuen guztia irakurri zuen. Adiskide nagusiak: animaliak eta basoa. 12tik 21 urte arte, Madrilen bizi izan zen. Inportazio- eta esportazio-enpresetan aritu zen lanean, eta ingelesa, frantsesa eta aleman apur bat ikasi zituen. 21 urtetik 30era, Europa osoan ibili zen. Lau urte egin zituen Alemanian; hor, Koloniako Unibertsitatera joan, eta Kanpo Merkataritza ikasi zuen. 30 urtetik 62ra, estatuko eta atzerriko hainbat enpresatan aritu zen (beti inportazioarekin eta esportazioarekin lotuta). Urte horietan, munduaren erdia igaro zuen, 80 naziotan baino gehiagotan bizi izan zen, eta 2.000 hegaldi-ordu baino gehiago metatu zituen bizkarrean. Gaur egun, 74 urte ditu. Lau urte darama Arte Eszenikoak ikasten, eta Euskal Aktoreen Batasuneko (EAB) kide da. Honako hauek ditu zaletasunak: artea (XVII. eta XVIII. mendeko grabatuak erosten ditu, eta argiztatzen; kirolak (bizikleta), eta musika: 4 urte darama txalaparta ikasten. Horretaz kanpo, pilatesera eta yogara joaten da, euskaltegian dabil, eta idatzi egiten du. Sei hizkuntza dakizki ongi, eta horien tituluak ditu: Pitman School of Languages (Londres), Mangold Institute, Escuela Central de Idiomas, Sorbonne, Universität zu Köln, etab. Eskolak ematen ditu EHUn, eta orain hamar urtetik daukan Parkisonak ez dio eragozten bizitza aktibo hori egitea. “Beren lanetatik ezagutuko dituzue” lema gustatzen zaio. Ederki datorkio berari.
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Francisco Xavier Medina. Antropologoa: Elikagaien segurtasuna inoiz baino handiagoa da gaur egun

 

Irakurri

Ana Etxaide. Hizkuntzalaria: Nafarroan baziren euskaraz egin arren euskaldun sentitzen ez zirenak

 

Irakurri

Xabier Arakistain. Montehermoso Kulturuneko zuzendaria: Feminismoa XX. mendearen motoreetako bat da, eta XXI. mendean oraindik egiteko dagoen iraultza

 

Irakurri

Baleren Bakaikoa. Ekonomialaria: Sistema kapitalista aztertzeko oinarriak faltsuak dira

 

Irakurri

Manuel Carreiras. BCBLko zuzendaria (Basque Center on Cognition, Brain and Language): Egun jada ez da eztabaidatzen hizkuntza kultura edo genetika den

 

Irakurri