Bingen Mendizabal, Konpositorea: "Zaila da musika ogibide edukitzea"

2002-11-29

DIAZ DE MENDIBIL, Ismael

Elkarrizketa: Bingen Mendizabal, Konpositorea Bingen Mendizabal, Konpositorea "Zaila da musika ogibide edukitzea" * Ismael Diaz de Mendibil Bingen Mendizabalen bizitza goitik behera aldatu zen 1989an. Ordura arte, beste musikari askoren moduan euskal panoraman nolabait bizirauten zuen musikari on bat zen Mendizabal. Baina urte hartan Juanma Bajo Ulloa zuzendari gazteak "El reino de Victor" laburmetrairako musikaz arduratzeko enkargua eman zion, eta ordutik ez dio lana egiteari utzi. Emaitza, ikusgarria da benetan: 13 urtetan, 20 soinu bandatik gora konposatu eta sari ugari jaso ditu. Eta telefonoa jo eta jo ari zaio, isildu gabe. Jende gehienak hainbat filmerako prestatu dituzun soinu bandengatik eta Hertzainak taldekoa izateagatik ezagutzen du Bingen Mendizabal. Ez da gutxi, baina ziur gehiago ere badela. Musika tradizionala gustatzen zait, bai hemengoa, bai kanpokoa. Ikaragarri gustatzen zait musika irlandarra, eta horregatik beti hartu dut parte folk talderen batean, baina inoiz ez dute aurrera egin. Hertzainaken jo baino lehen, Nahiko izeneko talde batean egon nintzen. Euskaraz jotzen genuen, rock eta funky arteko musika. Baina ez zen oso musika komertziala eta desagertu egin zen. Gutxi gorabehera orduan sortu zen euskal rock erradikala deitzen dena. Ados al zeunden izen horrekin? Beno, etiketa bat zen. Talde batzuk erradikalak ziren eta beste batzuk ez hainbeste, baina guztiak zaku berdinean sartu zituzten. Euskal rockaren historiako talde horietako musikari asko ez ziren sekula musika eskoletan izan. Autodidaktak ziren. Baina zuk, ordea, bazeneukan musika ikasketarik... Bigarren mailako ikasketak amaitzean, musika ikasten hasi nintzen: solfeoa, harmonia, kontrapuntua, biolina, konposizio pixka bat... Gauza asko ikasten hasi nintzen, baina ez nuen bat bera ere bukatu. Han musikari asko ezagutu nituen. Eta Carmelo Bernaola izan nuen irakasle. Eta zer esaten zuen Bernaola irakasleak Bingen Mendizabal bezalako ikasle gazte eta rock zale bati buruz? Bernaolabere belaunaldiaren eta bere produktuaren militante porrokatua zen. Berari gustatzen zitzaiona abangoardiako musika zen. Rocka ez zuen oso gustuko, zaharregia zen horretarako, eta zaila egiten zitzaion ulertzea, batez ere mugimendu sozialaren alderdia. Musikari bakoitzak bere zaletasunak dauzka. Hertzainak oso garrantzitsua izan da zure bizitzan. Baina zer suposatu zuen zehazki garai hark zuretzako? Haiekin jotzen hasi baino lehen, beren kontzertuetara joaten nintzen. Asko gustatzen zitzaizkidan. Musika ulertzeko modu bat zen. Bizitza ulertzeko modu bat. Horrez gain, oso urte dibertigarriak izan ziren. Gauzak beste modu batera ikusten ikasi nuen. Transizio garaia zen, haize berrien garaia, ia gauza guztiak zalantzan jartzen genituelako. Gizartea hain zurruna izanik, guk askatasuna eta dibertsioa bilatzen genituen. Niretzat oso positiboa izan zen, baina, beste mugimendu guztiek bezala, bere alderdi negatiboak ere izan zituen. Zeintzuk adibidez? Je, je. Garai hartan drogak hartzeko ohitura asko zabaldu zen, baina batzuek ez zuten neurria hartzen jakin. Dena den, nire kasuan alderdi positiboak askoz gehiago izan ziren negatiboak baino. Argi dago Hertzainak taldeak ezer onik, iraultzailerik eta interesgarririk izango zuela, XXI. mendeko gazteek bere musika entzuten jarraitzen dute eta. Bai, jakina. Nik uste dut bide berri bat erakutsi nahi genuela, bizitzeko eta pentsatzeko beste modu bat, eta hori beti da ona. Arteak bide berriak bilatzen lagundu behar du. Hertzainak zera esaten zuen: "Euskadin rock and rollak ez du dirurik emanen". Urte batzuk igaro dira ordutik. Zuzen al zebilen Hertzainak? Ba, egia esan, ez du diru gehiegi ematen. Zaila da musikatik bizitzea, batez ere zure diru iturriak CDen salmentatik eta kontzertuetatik ateratzen dena baldin bada. Nik nahiko zorte ona izan dut, alde horretatik egonkortasuna daukadalako, eta, egia esan, hori asko eskertzen da. Lan bila ibili beharrean, une honetan lana dabil nire bila. Orain ez dut milaka ate jotzen ibilibeharrik. Orain telefonoak nahi adina aldiz jotzen du. Eta nola igaro zinen rock and roll etik zinemara? Irudirako gauzaren bat egina neukan, baina ez nuen sekula horretan pentsatu. Juanma Bajo Ulloak "El reino de Victor" laburmetraierako musika konposatzea eskatu zidanean hasi zen guztia. Zinemarako konposizio musikalak oso elementu garrantzitsu batekin jokatu beharra dauka: irudiarekin. Bai, egia da. Zinemarako lan egiteak daukan alderdi onenetako bat da ideia edo historia bat osatzen laguntzen duzula. Hori niri errazagoa egiten zait huts hutsean abesti bat konposatzen hastea baino. Zineman, musika beti beste egitura handiago baten barruan dago. Eta musika horrek filmak duen maila bera izaten saiatu behar duzu. Ezin du beste elementuen gainetik ez azpitik egon. Eta soinu bandek ba al dute estilo propiorik? Ezin da esan estilo jakin bat daukatenik. Filma nolakoa den, estilo bat edo beste hartuko duzu. Soinu bandetan mota guztietako estiloak topa ditzakegu. Erabat desberdinak diren bi alderdi ezagutzen dituzu: batetik, konposatzen aritzen zaren estudioa, eta bestetik kontzertuetako eszenatokiak. Zein duzu gustukoago? Konposatzearena bakarkako lana da. Denbora asko eman behar izaten duzu bakarrik. Baina eszenatokian zure lana gizarteari erakusten ari zara. Jendearekin zaude eta jendea zurekin dago. Erantzuna une horretan bertan jasotzen duzu. Niri bi alderdiak konbinatzea gustatzen zait, Mikel Urdangarin eta "Bar Puerto" rekin egin dudan bezala. Hertzainakekin konbinatzen nuenean, anarkikoagoa nintzen, batez ere gauez egiten nuen lana, baina orain txukunagoa naiz. Arreta gehiagoz jokatzen dut. Esperientzia izango da. Nola erabaki zenuten Mikel Urdangarinek eta zuk "Bar Puerto" diskoa ateratzea? Nik astean behin Vitoria Gasteizko taberna batean jotzen nuen, lagun batzuekin, eta behin Mikel agertu zen. Gurekin jotzen hasi zen, eta oso lagunak egin ginen. Mikelek gogo handia zeukan Bar Puertoren formatoa berreskuratzeko, berak aspaldian egin zuelako ikuskizunhori, eta proposamena luzatu zidanean berehalakoan eman nion baietza. Oso esperientzia polita izan zen. Beraz, baliteke geroan berriz ere horrelako zerbait egitea. Pantaila handira eramango zaitut berriz ere. Inolako antzekotasunik ba al dago zure musika ipini diezun filmen artean? Ez, oso film desberdinak dira. Arlo honetan, ahalik eta ondoen egokitzen jakin beharra daukazu. Komunean daukaten gauza bakarra musikaren egilea Bingen Mendizabal dela da. Zuzendari gazteekin zein kontsakratuekin aritu zara lanean. Bai. Normalean, zuzendari gazteek kasu gehiago egiten diote musikariari, produktua hobeto kontrolatu nahi izaten dutelako, baina lanean urteak daramatzaten zuzendariek nahi duzuna egiteko askatasuna ematen dizute. Batzuei ez zaio gustatzen gazteek duten joera hori, baina niri ez dit batere molestatzen. Musikari batzuek, konposatzen hasi baino lehen, zuzendariarekin hitz egiten dute, eta gero konposatzen dutenetik ez dute nota bakar bat ere aldatzen. Ni, ordea, akordio batera iristen saiatzen naiz. Asko hitz egiten dut zuzendariekin, eta ezer aldatu behar dudala pentsatzen badut, aldatu egiten dut. Zinema, azken batean, taldeko lana da, baina ez da ahaztu behar sorkuntza pertsonala ere badagoela. Buru egiten duena zuzendaria da. Zinema oso subjektiboa da. Erlojuz kontra aritu behar izaten al da? Bai, normalean denbora gutxi izaten dugu. Hilabete batetik gehienez ere laura bitartekoak izaten dira epeak. Gaur egun, informatikari esker, post produkzio prozesua lehen baino askoz ere bizkorragoa izaten da. Aizu, Bingen, eta zer behar da musikatik bizitzeko? Hara, ze galdera zaila! Beharbada, konstantea izatea. Jo ta ke, lortu arte. Konstantea izatea orduan. Baina goserik ere pasa beharko da batzuetan. Ba bai. Momentu batzuetan lanik gabe egoten zara, baina saiatuz gero, azkenean izen bat lortzen duzu. Musikaren kontu honetan behar izaten al da aitabitxirik? Dudarik gabe, horrelakoak ere izaten dira musikaren munduan. Disketxeetako laborategietan diseinatzendiren taldeak ditugu horren adibide, baina gero ez dute aurrera egiten. Galdera filosofiko bat: 40 urterekin, nahi zenuen lekura iritsi zara? Nik ez nuen inora iristeko asmorik. Inoiz ez diot nire buruari helbururik ipini, ez dutelako inora eramaten. Egiten dudanarekin pozik nago eta kito. Helburuak egunero joaten dira betetzen, eta helburu handiegiak ipintzea gainera ez da sanoa. Hasieran lortuko nuenik uste ez nituenak lortu ditut horrela, je, je... Askoz hobeto horrela. Sorpresa gehiago jasotzen dituzu gainera. Ikasle nintzen garaian beti ipintzen zidaten helbururen bat, baina niri sistema horrek ez zidan balio. Ez dago guzti guztientzat balio duen eskemarik. Txarrena da txikitandik formula hori erakusten digutela: azterketak gainditu, gero titulua atera, gero ez dakit zer... Formula horrek jende asko motibatuko du, baina beste askorentzat ez du balio. Kulturari dagokionez, zer botatzen duzu faltan? Zerbait izatera iristeko, finkatuta dagoena egin beharra dago, jende guztiak egiten duena: ikasketa batzuk egin, etapa batzuk igaro... Eskolak oso ondo daude, baina benetan behar dena gauzak egiteko gogoa daukan jendea da, dela musikan, dela beste edozein arlotan, ez hainbeste lege, titulu eta erreforma! Titulurik ez baduzu, ez zara ezer. Bere kabuz ibili nahi duen jendeari ez zaio nahi duena egiten uzten. Faltan botatzen dut sistemak agintzen duen moduan ez, baizik eta beste modu desberdin batean pentsatu eta jokatzeko askatasuna. Mahai gainean milaka euro ipini beharrik gabe lasai jo eta filmatzeko lekuak egotea... "Bere kabuz ibili nahi duen jendeari ez zaio nahi duena egiten uzten". Zure kasua ote? Bai horixe, je, je... Nirea eta nire inguruan dauden beste askorena. Bigarren mailako konpositoretzat jotzen al zaituzte titulurik ez izateagatik? Ez, ibilbide bat egin dudalako. Eta izango ez banu, zer? Jende on asko dago, inork ezagutzen ez dituenak. Orduan, Vitoria Gasteizko auditorioa bezalako proiektuak elitistak irudituko zaizkizu... Ez, ez, niri auditorioaegitea oso ondo iruditzen zait! Baina kontuan izan behar da auditorio hori, azken batean, eraikin bat dela. Enblematikoa eta nahi duzuen guztia, baina artistei ate berriak zabalduko dizkie, ala itxi egingo dizkie? Esaterako, euskaraz abesten duten taldeei ateak zabaldu ala itxi egingo dizkie? Behintzat, egitera doazenez, Vitoria Gasteizen dauden beharrei erantzungo dien programazio bat egin dezatela eskatuko nuke. Bukatzen ari gara. Nola liteke Vitoria Gasteiztik, hain hiri handia izan gabe, eta daukan kontserbadore eta klerikal famarekin, Hertzainak edo Cicatriz bezalako taldeak ateratzea? Frankismoak gauza batzuk estali egin zituen. Gu sistematik kanpo geunden, sistema apurtu nahi genuen. Gizarte batean pentsamolde kontserbadorea eta iraultzailea, biak dira beharrezko. Orain bertan oso garai kontserbadorean bizi gara. Elkartasuna bezalako balioak ezerezean daude. Pentsamolde bakarra inposatzen zaigu. Ezkertiarra izateko moduko garaia da hau. Azken galdera: zein proiektu dituzu eskuartean? Salbatore zuzendari italiarraren azken filmeko musika prestatzen ari naiz. Filmak "No tengo miedo" du izena. Zuzendari honek Oscar saria irabazi zuen "SubterrÁneo" film arrakastatsuarekin. Zuzenean jotzeari dagokionez, berriz, esango dizut... je, je... Beraz, zerbait badago, ezta? Bai, bada zerbait. Formato txikiarekin itzuli nahiko genuke eszenatokietara, baina esango dizuet bere garaian. Bingen Mendizabalen filmografia El reino de Victor Juanma Bajo Ulloa (1989) Alas de mariposa Juanma Bajo Ulloa (1991) El ojo del fotógrafo Iñaki Dorronsoro (1992) Mi hermano del alma Mariano Barroso (1993) Como ser infeliz y disfrutarlo Enrique Urbizu (1993) La madre muerta Juanma Bajo Ulloa (1993) La Regenta Fernando Méndez Leite (1994) Dame Lume Hector Carré (1994) Extasis Mariano Barroso (1995) Cachito Enrique Urbizu (1995) Hotel y domicilio Ernesto del Río (1995) Lucrecia Mariano Barroso (1995) Bajo la piel Francisco Lombardi (1996) Robo en el Cine CapitolFernando Guillén Cuervo (1996) Airbag Juanma Bajo Ulloa (1997) Secretos del corazón Montxo Armendariz (1997) Vigo, the passion for life Julian Temple (1997) Doña Barbara Betty Kaplan (1998) La hora de los valientes Antonio Mercero (1998) Los lobos de Washington Mariano Barroso (1999) Pantaleón y las visitadoras Francisco Lombardi (1999) El arte de morir Alvaro Fernández Armero (2000) Tinta roja Francisco Lombardi (2000) Visionarios Manuel Gutierrez Aragón (2001) Nos miran Norberto López Amado (2001) El viaje de Carol Imanol Uribe (2002) Kamchatka Marcelo Piñeiro (2002) Ismael Diaz de Mendibil Argazkiak: egilearenak Euskonews & Media 190. zbk (2002 / 11 29 / 12 6) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Marie Jeanne Minaberry : "Nire idazteko moldean hori da garrantzitsuena: erritmoa eta bihotza"

 

Irakurri

Joseba Jauregizar Bilbao: "20 urtetan, I+G-n egindako inbertsioa 22 aldiz biderkatu dugu"

 

Irakurri

Manuel Fuentes: "Ezingo dugu gizarte modernoa izan, baldin eta ez bagara zientzia eta teknologi ikerkuntzan buru belarri aritzen"

 

Irakurri

Francisco Igartua Rovira: "Oso bizitza astindua izan dut eta inoiz ez naiz inon integratu"

 

Irakurri

Dionisio Amundarain: "Euskararen kontra daudenak alde jarriko ditugu"

 

Irakurri