Entrevista: Manuel Fuentes Manuel Fuentes, Saretek eko lehendakaria "Ezingo dugu gizarte modernoa izan, baldin eta ez bagara zientzia eta teknologi ikerkuntzan buru belarri aritzen" * Teresa Sala Manuel Fuentes Saretekeko lehendakaria dugu, edo, bestela esanda, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarekoa. 1997an sortutako proiektu honen helburu nagusia, Euskadi Europaren baitan berrikuntza teknologikoetan erreferente bihurtzea da. Manuel Fuentesek hogeita hamar urtetik gora daramatza zientzia, teknologia eta berrikuntzaren munduan lan egiten; esperientzia luzea du beraz. Besteak beste, CEITeko zuzendari orokorra, Nafarroako Unibertsitateko Ingeniarien Goi Eskolako Ikerketa zuzendariordea, eta "CMIC: Centro de Investigación en Microsistemas" eko sortzaile eta sustatzaile izan da. Donostiako bulegoan hartu gaitu elkarrizketa egiteko, eta zera azpimarratu nahi izan digu: "zientzia eta teknologian aurrera egiteko, behar beharrezkoa dela sare hau osatzen duten eragile guztiek parte hartzea". Zer da Saretek? Saretek Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sarea da, irabazi asmorik gabeko elkarte pribatu bat. Euskal Autonomia Erkidegoan arlo zientifiko edo teknologikoan diharduten eragileak biltzen ditu, eta bere ezaugarri nagusia da zentro publiko zein pribatuak biltzen dituela, hau da, bai unibertsitate eta parke teknologikoak, eta baita Sareteken bezero diren ia zentro guztiak ere. Sare berezia da, oso aktore mota desberdinak hartzen dituelako bere baitan: ikertzen aritzen direnak, aplikazio teknologikoei begira ikertzen dutenak, eta emaitza horiek sare industrialean edo berrikuntzan txertatzeko aritzen diren organismoak. Fenomeno honek oso arrakasta handia lortu du Norvegia edo Singapur bezalako herrialdeetan. Gauza konplexua da, baina guztiz interesgarria. Demografia handiegirik ez duten herrialdeetan funtzionatzen du ondoen, errazagoa delako faktore guztiak esparru txiki batean koordinatzea. Zein da Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren EuskalSarearen egitekoa? Sareteken helburua, Euskadi Europaren baitan berrikuntza teknologikoaren arloan erreferente bat izatea da. Eta helburu hori betetzeko bi ildotan aritu beharra daukagu lanean: batetik, gizartea bere erakunde sozial, enpresarial eta edukatiboen bidez mugiaraziz, eta bestetik ezagutza zientifiko eta teknologikoak garatzen dituzten erakundeak bultzatuz, ezagutza hauek gero lehiakortasuna hobetzeko balio dutelako, eta, ondorioz, gizartearen ongizate maila ere bai. Sareteken modu koordinatu batean aritzen gara sarean lanean, merkatuari eta bezeroari begira, gure eskaintza beren beharretara egokitu ahal izateko. Zein da Saretek osatzen duten eragileen tipologia? Zertan aritzen dira? Nola sailka litezke? Saretekek, gaur egun, zer ekarria duten ia eragile guztiak biltzen ditu bere baitan: ezagutza zientifikoak sortzen dituztenak, ezagutza teknologikoak sortzen dituztenak, ezagutza hauek hauek martxan jarri eta aberastasunak sortzeko enpresa mundura eramateaz arduratzen direnak, eta abar. Saretekeko kideak oso ezberdinak dira beren artean, baina guzti guztiak jarduera zientifiko eta teknologikoan inplikatuta daude. Sareteken dauden eragileak zeinen desberdinak diren konturatzeko, beren tipologia ikusi besterik ez dago: Oinarrizko eta Goren Mailako Ikerketa Zentroak, Unibertsitateak, Ikerketa Kooperatiboko Zentroak, Teknologia Zentroak, Teknologia Garatu eta Transferitzeko Nazioarteko Zentroak, Ikerketarako Zentro Sektorialak, Osasungintza Ikertu eta Garatzeko Zentro eta Unitateak, Enpresaritza Ikertu eta Garatzeko Unitateak, Ziurtapen Unitateak eta Saiakuntza Laborategiak, Ikerketarako Herri Erakundeak, Erdi Mailako Berrikuntza Erakundeak, Parke Teknologikoak, eta Enpresa eta Berrikuntza Zentroak. Zenbat kide ditu gaur egun Saretekek? Gaur egun 56 kide ditu guztira, Euskal Autonomia Erkidegoan diharduten ia eragile publiko eta pribatu guztiak. Kontuan hartu behar da Saretek duela gutxi jarri dela abian, oraintxe hasi dela ezagutzera ematen. Eragileek, gainera,begi onez ikusten dute gure ekimena. Eta hemendik gutxira kide berri gehiago izango ditugu. Saretek oso elkarte gaztea da: 1997an sortu zen Eusko Jaurlaritzaren eskutik. Zein erronka dauzkazue etorkizunari begira? Egia da oso elkarte gaztea dela gurea. Esan duzun bezala, 1997an sortu zen, Eusko Jaurlaritzaren dekretu baten bidez. Bizpahiru urtetan nahiko une larriak igaro ditugu, baina azken urte honetan, eta hemendik aurrera batez ere, bultzada handia izan du, dinamismo handiz ari da lanean. Oraindik ez da oso ezaguna, baina ziur aski gero eta jende gehiago joango da bere berri izaten. Sareteken helburu nagusia gizartean berrikuntzaren aldeko kultura sortzea da, eta Euskal Herria Europan erreferente bihurtzea berrikuntza teknologikoaren esparruan. Eta helburu hori betetzeko, esparru desberdinetan aritu beharra daukagu: informazioan, trebakuntzan, kooperazioaren sustapenean izan ere, gure erronka nagusietariko bat kide guztiek sarean lan egin eta kooperatzea da , eta zientzia eta teknologiaren esparruko enpresak sortzen. Nolanahi ere, gehienbat kalitatezko ikerketa zientifiko eta teknologikoa bultzatu behar dugu, goi mailako berrikuntza industrialen oinarrian dauden ikerketak. Zein onura dakartza Saretekeko kide izateak? Saretekeko kideek, onurak baino gehiago, betebeharrak dauzkate. Izan ere, Saretekek zerbitzu bat eskaini nahi du, eta horrek denbora eta ahaleginak egitea eskatzen du. Dena den, Saretek bezalako sare bateko partaide izateak baditu bere abantailak ere: zientzia, teknologia eta berrikuntzaren inguruko informazioa berehalakoan eskura izatea, eta esparru zientifiko eta teknologikoko gainerako eragileekin aurrerapen eta esperientziak trukatzea. Inolako baldintzarik bete behar al da Saretekeko kide izateko? Erakunde batek Saretekeko kide izan nahi badu, baldintza bat bete beharra dauka: Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko Eragile ziurtagiria izatea. Sare hau, Euskal Herrian esparru honetan diharduten erakundeen "erregistro" modukobat da. Eusko Jaurlaritzak finkatzen ditu ziurtagiri hori jaso ahal izateko bete beharreko baldintza objektiboak (egitura juridikoa, bitarteko pertsonal eta materialak, Eusko Jaurlaritzaren Zientzia, Teknologia eta Berrikuntza politikan zenbaterainoko inplikazioa duen, etab...). Behin ziurtagiria eskuratutakoan, orduan sartzen da erakundea Sareteken. Teknologia zientziaren aplikazio praktikoa da, teknologia horren onuraduna enpresa da, eta, azkenik, gizartea legoke, euskal gizartea kasu honetan. Azalduko al zeniguke prozesu hau? Zer egiten du Saretek zehazki kate horretan? Zientzia eta Teknologiaren Euskal Sarearen ikuspegitik, garapen teknologikoa ahalbideratzen dutenak oinarrizko ikerketetatik lortutako emaitzak dira, eta garapen hauek gero industrian inplementatzen ditugunean, abantaila batzuk lortzen ditugu lehiakideen aurrean. Hori ekonomiarik aurreratuenetan gertatzen da. Teknologiari esker, ikerketa horietatik lortutako emaitzak enpresei trasladatzen zaizkie, eta, ondorioz, gizarteari. Hori da "Zientzia Teknologia Enpresa Gizartea Sistema" deitzen dena. Saretek kate horretan hutsunerik edo koordinazio akatsik ez egoteaz arduratzen da, agente guztien artean zubiak eratzeaz. Zure ustez, zein egoeratan dago Euskadi teknologia berrien eta enpresaritza jardueraren ikuspuntutik, beste herrialde edo autonomia erkidegoekin alderatuta? Profesional onak trebatzeko adina aukera eta baliabide al dauzkagu? Nire ustez, Euskadiren egoera ona da. Euskal Herrian oso azpiegitura indartsua daukagu ikerketak egiteko. Oraindik gauza berria denez, desberdintasun asko ikus daitezke kualifikazio zientifikoaren eta teknologikoaren arloan, baina hala ere azpimarratzekoa da instituzioek oso politika aktiboak dituztela. Euskadik, gainera, oso industria trinkoa du automozioa, aeronautika, makinaria, tresneria eta elektronika bezalako sektoreetan. Lehiakorrak izateko, guztiz beharrezkoa da arlo hauetan ikerketak egitea, baina hala ere egia bide luzea gelditzen zaigula oraindik.Aldaketa teknologikoak oso azkar gertatzen dira, etengabe berritu beharra daukagu. Euskadik bere BPGren %1,51 inbertitzen du Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza lanetan. Estatuko batezbestekoa, berriz, %0,90ekoa da. Gure helburuetako bat Europar Batasuneko batezbestekora hurbiltzea da, %2,10era, eta teknologikoki aurreratua egongo den sare industrial bat sortzea. Dena den, Euskadin Ikerketa, Garapen eta Berrikuntza arloan egiten den inbertsioaren tasa, erreferentzia modura balio diguten eta demografiaren aldetik gure antzeko dabiltzan beste herrialde batzuetakoa baino dezente txikiagoa da. Norvegia, Singapur edo Korean, adibidez, inbertsio tasa %4ra igotzeko ahaleginak egiten ari dira. Zure iritzian, gizartea jabetzen al da zientzian eta teknologian aurrera egiteak daukan garrantziaz? Zer hobetu beharko genuke? Zein esparru landu beharko genituzke? Nola ari dira egokitzen hiritarrak aldaketa zientifiko eta teknologikoetara? Gizartearen zati handi bat konturatzen da egunero erabiltzen diren teknologia berriek zenbateko garrantzia daukaten. Bestela, ikusi zeinen harrera ona izan duten ordenagailu pertsonalak eta Internetek gure gizartean. Baina, dena den, oraindik ez zaio behar adinako garrantzia ematen zientziaren eta teknologiaren aldeko apustuari, eta esparru honetara bideratu beharreko baliabide ekonomikoei ere ez. Beraz, konturatu behar dugu ezin izango dugula gizarte modernoa garenik esan ez baldin badugu ikerketa zientifiko eta teknologikoak egiten jarraitzen. Azaroan, Euskadiko Zientzia eta Teknologiaren Lehenengo Astea ospatuko dugu, eta bertan hitzaldi orokorrak, teknikoak, ikustaldiak eta ate irekien egun bat izango ditugu. Bere helburua, hiru lurralde historikoetako hiritarrak Euskadin garatzen ari garen ikerketa zientifiko eta teknologikora gerturatzea da. Nola iritsi zen Manuel Fuentes Saretekeko lehendakari izatera? Poz handia da niretzat ohorezko kargu hau betetzea. Saretekeko lehenengo lehendakaria naiz, oraingoz izan duen bakarra. Atzerrian eta EuskalHerrian urte asko eman nituen ikertzaile lanetan, eta CEITen sorreran oso parte hartze estua izan nuen, nire unibertsitate katedra ikerketarekin uztartzeko konpromisoa hartu nuen... Ziur aski urtetan pilatu dudan esperientziagatik egongo naiz postu honetan. Manuel Fuentes, Saretek eko lehendakaria Manuel Fuentes Zientzia Fisikoetan lizentziatua eta doktorea da Madrilgo Complutense Unibertsitatean, eta Materialen Zientziako ingeniaria eta Philosophycal Doctor Sheffieldko Unibertsitatean (Erresuma Batua). Era berean, TECNUNeko (Nafarroako Unibertsitateak Donostian duen Campus Teknologikoko) Ingeniarien Goi Eskolako irakaslea da, eta Fellow of the Institute of Materials (FIM). Erresuma Batuan ingeniari eta ikertzaile lanetan ibilia da, baina urterik gehienak Nafarroako Unibertsitateko Ingeniarien Goi Eskolan eta CEITen eman ditu. Azken honen sortzaile nagusietako bat izan zen gainerea. 80ko urteetan, CEITeko Ikerketa zuzendaria eta Donostiako Ingeniarien Goi Eskolako Ikerketa zuzendariordea izan zen. 90eko urteetan CEITeko zuzendari orokorra izan zen, eta 2000. urtean bere Patronatuko lehendakariorde exekutibo. Hain zuzen ere horretan jarraitzen du gaur egun, TECNUNeko Ingeniarien Goi Eskolako katedradun izatearekin batera. Gainera, Ikerketa Teknologikoko Zentroen Euskal Elkarteko (EIT) lehendakaria izan da 1989 1991 biurtekoan, eta baita 97 99 bitartean ere. Bestetik, Saretek, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko lehendakaria da erakunde hau eratu zenez geroztik. "CMIC: Centro de Investigación en Microsistemas" eko sortzaile, sustatzaile eta lehendakaria izan da. Zientzia eta teknikari buruzko artikulu ugari idatzi ditu, eta ikerketa proiektu eta Doktore Tesi askotako zuzendaria izan da. Materialen Zientziaren alderdi desberdinei buruzko nazioarteko hitzaldi zientifiko ugari zuzendu ditu, materialei buruzko programa nazional eta nazioartekoen ebaluatzailea da, eta bi batzorde exekutibo europarreko kide da. Hitzaldi asko eskaini ditu nazioarteko foroetan,gonbidatu gisa. Euskalerriaren Adiskideen Elkarteko Ohorezko (1970) eta Merezimenduzko Kidea da (1983). Epaimahai ugaritako lehendakari izan da; besteak beste, "Dr. A. De Leeuw Damry Bourlart" Flandesko Zientzia Aplikatuko Bost Urteroko Sarikoa (2000ko martxoa, Brusela), esparru honetan gailendu den flandestarrari bost urtean behin banatzen zaiona. Teresa Sala Argazkiak: Egilearenak Euskonews & Media 188.zbk (2002 / 11 / 15 22) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Webgune honek cookieak erabiltzen ditu, propioak zein hirugarrenenak.
Hautatu nabigatzeko nahiago duzun cookie aukera. Guztiz desaktibatzea ere
hauta dezakezu. Cookie batzuk blokeatu nahi badituzu, egin klik
"konfigurazioa" aukeran. "Onartzen dut" botoia sakatuz
gero, aipatutako cookieak eta gure cookie politika onartzen duzula
adierazten ari zara. Sakatu
Irakurri gehiago
lotura informazio gehiago lortzeko.