Garbi Losada: "Antzerkian, beste lanbideetan bezala, bizirik gaudelako egiten dugu lan: pasioagatik, interesagatik edota bizirauteko, alegia"

2002-10-25

SALA, Teresa

Elkarrizketa: Garbi Losada Garbi Losada, antzerki zuzendaria, egilea eta aktoresa "Antzerkian, beste lanbideetan bezala, bizirik gaudelako egiten dugu lan: pasioagatik, interesagatik edota bizirauteko, alegia" * Teresa Sala Aski da antzerkiari buruz nola mintzatzen den entzutea, ondorio garbi batera iristeko: pertsona batzuk lanbide jakin batean aritzeko jaio badira, horietakoa dugu, zalantzarik gabe, Garbi Losada. Unibertsitatean zebilenean hasi zen antzezten, baina garai hartan ez zuen pentsatu ere egiten antzerkilaria bihurtuko zenik. Obrak interpretatu, zuzendu eta idazteaz gain, eskolak ematen ditu, eta sari ugari jaso ditu. Nolanahi ere, arlo honetan urteak daramatzan arren, esperientzia luzea izanagatik ere, zuzendari gazte hau ez da gai bere obrak estreinaldi egunean ikusteko. "Asko dramatizatzen dut eta oso gaizki pasatzen dut. Zerbait oker aterako denaren beldur egoten naiz. Ez naiz obra ikusteko gauza. Kalera irteten naiz, buelta batzuk ematen ditut, aretozainarekin hitz egiten hasten naiz..." Noiz erabaki zenuen antzerkian lan egitea? Nolakoa izan zen arte honekin izan zenuen lehenengo kontaktua? Fakultatean hasi nintzen antzezten. Magisteritza eta Pedagogia ikasi nituen. Baina orduan antzerkiarena ez zitzaidan lanbide bat iruditzen, eta are gutxiago etorkizunean nik izango nuen lanbidea. Pedagogiako azken ikasturtean, lagunen artean "Tanttaka" antzerki taldea sortu genuen, eta orduan Pedagogia bigarren maila batean utzi eta bete betean antzerkian hasi nintzen, antzerkitik bizi nahian. Nolakoak izan ziren urte haiek? Zein da zure historia? Nire historia, Euskal Herriko beste jende askoren antzekoa da. Konpainia berrietan eta historikoetan interes desberdinak sortzen dira, eta orduan zatitu egiten dira. "Ados Teatroa", adibidez, "Tanttaka" ren adar bat da. Beti aritu naiz antzerkian lanean. Telebista saioren batean gidoilari eta aktoresa lanetan ere aritu naiz, eta produkzio zinematografikoren batean ere bai. Aktoresa, gidoilaria eta zuzendaria zara.Zein arlotan aritzen zara erosoen? Zein da gehien gustatzen zaizuna? Antzerkiaren alor guztiak ditut gustuko. Duela sei bat urte "Ados Teatroa" sortu zenetik, batez ere obrak idazten eta zuzentzen aritu naiz. Nahiko gutxi antzeztu dut. Baina ez hori egitea erabaki nuelako, baizik eta gauzak horrela etorri direlako. Sormenaren alderdiak gero eta gehiago erakartzen nau, gero eta lan gehiago sortzen zait... Asko gustatzen zait gauza berriak idaztea. Ez dakit erosoago sentitzen ote naizen, baina kontua da gehiago gustatzen zaidala. Antzeztea ere asko gustatzen zait, oso gauza zaila da, erronka handi bat, baina beharbada niri dagokidana zuzentzea eta idaztea da. Agian denborarekin ikusiko dut ezetz, oker nagoela, baina oraingoz behintzat lana badaukat. "Gus eta Gas". Euskal Herrian, zure ustez, nahiko aukera al dago antzerki trebakuntza duin bat lortzeko? Gaur egun eskari handia dago. Nik uste dut arte eszenikoei lehen baino arreta handiagoa eskaintzen zaiela, eta trebakuntzak hobera egin duela. Arte Eszenikoen Tailerrean, profesional garenok hasiberrientzako eskolak ematen ditugu. Dena den, hutsuneak ere somatzen dira. AETko ikasle asko Madrilera joaten dira trebatzera, hemen ez dauzkatelako aurrera egiteko aukera gehiegi. Arte Eszenikoen Tailerrak daukan ona da irakasleok lanean ari garen profesionalak garela. Ona da irakasleak pedagogo hutsak ez izatea, lanbidetik urruntzeko arriskua izaten dutelako. Diru laguntza gutxi jasotzen ditugunez, gehiena autofinantzatu egin behar izaten dugu, eta diru hori gazteen matrikuletatik eta irakasleon soldata baxuetatik ateratzen dugu. Hungarian izan zarenean, zein desberdintasun ikusi dituzu hemengo antzerkiarekiko? Arrazoi pertsonalak medio, sarritan izan naiz Budapesten. Ikaragarria da. 400 antzoki inguru dauzkate, eta egunero betetzen dira. Oso egitarau anitza daukate. Hungariako Gobernuak garrantzi handia ematen dio kulturari, eta diru laguntza asko banatzen ditu. Niri izugarrizko inbidia ematen zidan antzokiak beti hain betetaikusteak. Gainera, mota guztietako ikuskizunak izaten dituzte. Desberdinak dira; antzerkiaren aldetik alde handia ateratzen digute. Dena den, hemen asko aurreratzen ari gara azpiegiturei dagokienez. Herri txikietan antzoki berriak zabaltzen ari dira. Guk, hasierako urteetan, herrixketako polikiroldegietan ematen genituen ikuskizunak, "poliantzokietan". Orain behintzat behar bezalako eszenatokietan aritzen gara. Nik uste dut borondatea badagoela. Kontua da egitarauek egonkorragoak izan beharko luketela, jende gehiago erakartzeko. Zer pentsatzen duzu instituzioek antzerki ekoizpenei zuzentzen dizkieten diru laguntzei buruz? Eusko Jaurlaritzak antzerki emankizunetarako diru laguntza ematen du, oso garrantzitsua, baina ez da nahikoa dauden antzerki talde guztientzat. Ez nuke biktimaren papera egin nahi, baina konpainiek ia batere dirurik gabe lan asko egin behar izaten dute. Nire ustez hemen egiten dugun antzerkia interesgarria da. Euskal Herritik kanpo ere interesa agertzen dute hemen egiten dugun antzerkiarekiko, eta hori ona da oso, gure ekoizpenak esportatzeko gai garela adierazten duelako. Espainian asko interesatzen zaizkie Kataluniako eta Euskal Herriko antzezlanak. Nire ustez ospe ona dauka hemengo antzerkiak. Beraz, ikusten denaren arabera, antzezlan euskaldunak, Kataluniakoekin batera, Estatu mailan kalitate mailarik onenetakoa dutenak direla esan dezakegu... Andaluzian ere lan asko egiten dute. Katalunian tradizio luzea dute, urte asko daramatzate antzerkia lantzen, eta, gainera, laguntza ekonomikoak jasotzen dituzte. Eta Euskal Herrian ez daukagun gauza bat daukate: egitarau egonkorrak. Antzoki batean hiru hilabetez egoteko aukera daukate. Hori Euskal Herrian ez da geratzen; Bartzelonan eta Madrilen bai ostera. Aukerarik antzekoena, Bilbon uda partean egiten dutena da. Konpainiek hilabete bat eman dezakete obra antzezten, baina oso konpainia komertzialei bakarrik ematen diete aukera hori. Euskal Herrian, tamalez, ez daukagu denboraldiak egiteko aukerarik.Madrilen eta Bartzelonan bai, baina hemen ez. "Lamiak" Euskarazko Ikuskizun Onenaren 2002 Donostia saria jaso duzu, "Lotsa Gabe" obragatik. Zenbateraino bultzatzen dute sariek obra bat edo egilearen lana? Inork ez du lana sariak irabaztearren egiten. Beste jende guztiak dituen arrazoi berdinagatik egiten dugu lana: pasioagatik, interesagatik, bizirauteko, bizirik gaudelako. "Sari" hitzak oso ondo adierazten du bere esanahia. Zenbaitetan, obra egin denetik denbora askora etortzen dira sariak, eta une horretan moralaren aldetik kili kolo ibiliz gero, sariek ikaragarrizko poza ematen dute. Beste alde batetik, oso aproposak izaten dira ikuskizunari bultzada bat emateko. Jendeari gustatu egiten baldin bazaio, kritika onak jasotzen baldin baditu, eta gainera sari bat eman baldin badiote, ikuskizuna ondo salduko da. Norberaren eta konpainiaren kurrikuluma hobetzeko balio dute, eta ikuskizuna hobeto saltzeko. Bizitzeko, alegia. Ba al duzu arrazoi bat edo bestegatik besteak baino kuttunagoa duzun obrarik? Beti modu berezi batean maitatzen ditut etorkizunean egingo ditudan obrak, ilusio handia egiten didate. Dena den, baditut obra kuttun batzuk ere. Esate baterako, oso pozik nago "El amigo de John Wayne" egin izatearekin. Gaia, batera komertziala izan gabe, atzeratu baten ingurukoa da eta, oso interesgarria iruditzen zait. Hasieran zaila ikusten nuen obra konpainia independente batek antzeztea, baina "Ados Teatroa" prest azaldu zen obra antzezteko. Niretzat pribilegio bat izan da komertziala ez den gai bati buruzko gidoi bat prestatzea, gero banatzeko zailtasunak izango nituela jakin arren. Baina sorpresa ederra hartu genuen, azkenean uste baino komertzialagoa izan delako. Jendeari gustatu egin zaio. Hasiera batean ez dirudi oso gai erakargarria, baina zorionez oso ondo funtzionatu du. Eta, gainera, itxaropenak ematen dizkizu, ikusarazten dizulako ez dagoela aurrez jakiterik zerk funtzionatuko duen. Dirudienez, ez dira gauza komertzialak ondo funtzionatzen duten bakarrak. Hasierabatean komertziala ez dirudienak ere ondo funtziona dezake. Komertziala deitzen diot jendeak ondo hartuko duenari, banatu egingo denari, sarrerak salduko dituenari... Hara, saltzeaz hitz egiten ari naiz berriz ere... Nabari da hau dudala bizibidea... "El amigo de John Wayne" Zaila al da antzerkitik bizitzea? Bai. Asko borrokatu beharra dago, baina posible da hala ere. Ikuskizun bakoitza berria eta desberdina izaten da: bata oso ondo joan daiteke, eta hurrengoak agian ez hain ondo, ez duelako interesa pizterik lortzen. Oso zaila da, batez ere hasieran. Eta, gainera, denbora asko hartzen du. Hiruhilabete honetan zehar, astean behin eskolak emango ditut Arte Eszenikoen Tailerrean, baina ez zait beste ezertarako denborarik gelditzen. Beste edozein lanbidetan bezala, honi ere behar duen denbora eskaini behar diozu. Antzezlea jaio egiten da ala egin egiten da? Bi gauzak. Nik uste dut talentua landu egin daitekeela, lanaren bidez garatu. Batzuek ikaragarrizko talentua daukate, baina ez baldin badute lantzen, ez dute behar bezala garatzen. Eta, beste alde batetik, bada baita hasiera batean hainbeste talenturik ez daukan jendea, baina ahaleginak egitearen ondorioz oso modu interesgarrian garatu dutenak. Nire ustez, eguneroko lanak ikaragarrizko garrantzia du. Antzezteko, aktorea izan beharra daukazu, eta aktore izateko, gogoa izan behar duzu. Bokazioa da behar dena. Ba al da bereziki miresten duzun aktore edo aktoresarik? Ez bereziki. Jende asko miresten eta errespetatzen dut, eta asko gustatuko litzaidake haien parera iristea. Baina ez naiz batere mitozalea. Jende desberdin askoren lana miresten dut. Zer dauka oraintxe Garbi Losadak eskuartean? Nik esango nuke "Ados Teatroa" eta Garbi Losada ia gauza bera direla. Orain haurrentzako clown ikuskizun bat prestatzen ari gara, "Kokoroko" izenekoa, "El amigo de John Wayne" banatzen, eta "Las mujeres de verdad tienen curvas" filmaren aurreprodukzioa prestatzen. Datorren urtean hasiko gara obra hau antzezten. Horren aurretik, kalekoikuskizun bat estreinatu behar dugu. Lan asko daukagu, baina hori ona da. "El amigo de John Wayne" Emakumea, aktoresa, zuzendaria eta idazlea izanik, nola egiten diozu aurre egunari? Euskal Herrian jende asko ibiltzen da horrela. Ez dut uste nire egoera besteekiko hain desberdina denik. Beti aritu naiz bi sexuetako jendearekin lanean, eta guztion bidea oso antzekoa izan da. Ez naiz emakumea izateagatik baztertua sentitu. Saritua ere ez. Dena den, egia da azkenaldian emakumeak beste lanpostu batzuetan sartzen hasi direla, adibidez sormenarekin edo zuzendaritzarekin lotuta daudenetan, edo teknikoen taldean. Gizartean ikusten den garapenaren isla izango dela suposatzen dut. Emakumeok, oro har, gero eta leku gehiagotan gaude. Zorionekoa sentitzen naiz lana nire izenean egin dezakedan garai batean jaio izateagatik. Duela ez hainbeste denbora, emakumeek ezin zuten beren izenean sinatu. Orain behintzat, lardaskeria bat idatzi arren, neronek idatzi dudala esan dezaket. Zeintzuk dira ikuskizun baten historiako unerik hunkigarrienak? Ni obra estreinatu baino askoz ere lehenago hasten naiz disfrutatzen. Bidaia bat prestatzen arituko banintz bezala sentitzen naiz: nolakoa izango den pentsatzen dut, dena iruditzen zait posible... Horixe izaten da unerik gozoena. Ez duzu oztopo bat bera ere ikusten, dena da posible. Hain gutxi kostatzen da amets egitea... Gero hasten da benetako prozesua: aurrekontuak, lantaldea, testua... Entseguak orokorrean guztioi gustatzen zaizkigu, oso lan interesgarria delako, eta antzerkiaren mundua oro har oso bokazionala denez, asko disfrutatzen dugu. Estreinaldiaren egunean faktore asko hartu behar dira kontuan, irrika handia izaten dugu, eta gauzak ondo ateratzen badira poz handia hartzen dugu. Estreinaldiko gauak mitikoak izaten dira, oso une bereziak. Zerbait bukatu denaren sentsazioa izaten dugu. Eta gainera jendeari gustatu egiten baldin bazaio... ikaragarria izaten da. Une horretan pentsatzen duzu denak merezi izan duela. Gero, banaketa egitekounea iristen da, oso gogorra, lan handia egin behar delako jendea obra ikustera joateko, saltzeko, nominak ordaintzeko... "Manolito gafotas" Bitxikeria pila bat izango dituzu gogoan... Bai, asko. Antzezleok oso gogaikarriak gara, beti gure birei, egitasmoei, entseguei eta une bereziei buruz hizketan... "Shakespeare in love" filmean, oso anekdota interesgarri bat ikusi nuen, antzerkiko arlo esparru guztietara eraman daitekeena: estreinaldiaren egunean, ikusleen laguntzarekin, desagertu egiten direla aurreko egunean zeuden oztopo eta zailtasun guztiak. Beti okerrena gertatuko denaren beldur izaten gara, baina azkenean ia inoiz ez da ezer gaizki ateratzen. Gezurra dirudi teloia altxatzen denean gauza guztiak magiaz bezala nola konpontzen diren, gure beldur guztiak nola uxatzen diren. Aktore batek, eszenatokian dagoenean, segurtasun handiagoa sentitzen du. Oso urduri egongo da eta beldurra izango du, baina arazorik egonez gero zerbait egingo du bere aldetik. Aldiz, zuzendariaren egoera oso bestelakoa da. Zuzendariak egin du egin behar zuena; hortik aurrera itxaron egin behar du, zer gertatzen den ikusi. Nik asko dramatizatzen dut eta beti okerrena gertatuko dela pentsatzen dut. Oso gaizki pasatzen dut. Sekula ez dut obra estreinaldiaren egunean ikusten. Eta zer egiten duzu? Ridikuloa. Bueltak ematen aritzen naiz, kalera irteten naiz, aretozainarekin hitz egiten gelditzen naiz, aldageletan negar egiten dut... Inolako arrazoirik gabe sufritzen egoten naiz. Oraindik ez dut konpontzerik lortu. Garbi Losada Atutxa Garbi Losadak lotura estua du azken urteotako euskal antzerkiarekin. Ikasle zela hasi zen antzezten, eta ordutik esparru desberdinetan aritu da lanean: antzerki lanak zuzentzen, telebistarako gidoiak idazten, zineman zein antzerkian antzezten, eta irakasten. Ikusleek zein kritikak harrera aparta egin dizkiete "Manolito Gafotas", "Lamiak" edo "El Amigo de John Wayne" bezalako lanei, eta hainbat sari jaso ditu emakume honek. Antzerkian, "arlo gogor honetan", "pasioagatiketa bizirauteko" aritzen dela aitortzen digu. Egitasmoz beteriko denboraldi batean sartu berri da orain. SARIAK 2002 Antzerkiaren alde egindako lanaren Arriola saria. 2002 Euskarazko Ikuskizun Onenaren Donostia saria, "Lotsa Gabe" obragatik (Zuzendaria eta egilekidea). 2001 Zuzendaritzako ADE sariaren finalista, "Manolito Gafotas" obragatik. 2001 Euskarazko egile onenaren Arte Eszenikoetako Max saria, "Gus eta Gas" obragatik. 2000 Antzerkiaren alde egindako lanaren Txema Zubia saria. ANTZERKIKO ZUZENDARI ETA EGILEA El amigo de John Wayne.(2002) ADOS TEATROA Konpainia. Egilea eta zuzendaria. Sutargi (2000). Aukeran dantza taldea. Zuzendaria. Gus y Gas (2000) ADOS TEATROA Konpainia. Egilea eta zuzendaria. Sin vergüenzas Lotsa gabe (2000) VAIVEN Konpainia. Zuzendaria eta egilekidea, Felipe Lozarekin. Manolito Gafotas (1999) Elvira Lindo ren pertsonaiari buruz. ADOS TEATROA Konpainia. Bertsioa eta zuzendaritza. Desperrados (1998). ADOS TEATROA. Zuzendaria eta egilekidea, José Antonio Vitoria rekin batera. Lamiak (1997). ADOS TEATROA. Egilea eta zuzendaria. La noche de bodas (1995). BEDEREN 1 Konpainia. Egila eta zuzendaria. Robinson Crusoe (1994). ADOS TEATROA. Zuzendaritza eta testua. Adagio violentissimo (1992). TANTTAKA Konpainia. Zuzendaritza eta gidoia. 1993an ETBrako egokitua. Oscar Wilde no tiene nombre (1992). Oscar Wilde ren "De Profundis" obraren ingurukoa. TANTTAKA Konpainia. Egilea: José Antonio Vitoria. Zuzendaritza. Aguro Rápido (1991). HIKA Konpainia. Egilea eta zuzendaria. Como Hansel y Gretel (1991). TANTTAKA Konpainia. E. Humperdinck en HANSEL ETA GRETEL operan oinarritua. Testua eta zuzendaritza. Moon (1990). Donostiako Orfeoiaren Kantu Eskola. Kurt Weill en HIRU PENIKEEN OPERAn oinarritua. Zuzendaritza eta dramaturgia. Pasen y mueran (1990). DUODENO Konpainia. Zuzendaritza: Karlos Zabala. Zuzendaritza laguntzailea. Ida y vuelta (1988). Ekoizlea: ISTRIPU. Egilea eta zuzendaria. Ultimos pasos de un caballeroandante (87). Konpainia: ISTRIPU. Testua eta zuzendaritza. EUSKADIko ANTZERKI GAZTEAREN SARIA. ZINEMA ETA TELEBISTA Elkano. (2000) animaziozko metraje luzeko filma. Ekoizlea: DIBULITOOM. Gidoilarikidea. Benta Berri (1997 98), ETBrako telesaila (105 atal), PAUSOKA. Aktoreen zuzendaritza. Gure familia eta beste piztia batzuk (1996), ETB, PAUSOKA. Gidoilaria. Bi eta bat (1990). ETBrako komedia. Zuzendariak: K. Zabala eta E. Olasagasti. Zuzendaritza laguntzailea (1 7 ataletan) . ANTZERKIKO AKTORESA Todas culpables (1994 95). Ekoizlea: TANTTAKA. Egilea: Martine Tartour. Zuzendaria: Pere Sagristá. La cacatúa verde (1993). Ekoizlea: ARTESZENA. Egilea: Arthur Schnitzler. Zuzendaria: Mario Gas. Adagio violentissimo (1992). TANTTAKA. Libertango (1990). Astor Piazzolaren lanean oinarrituriko musikala. Zuzendaria: Joxan Goikoetxea. Konpainia:H.A.T. Kontuz, maite zaitut Peligro, te quiero (1990). Konpainia: TANTTAKA. Norena: Guillem Jordi Graells. Zuzendaria: F. Bernués. Musika: Iñaki Salvador. Flaminio (1989). G. B. Pergolesiren komedia musikala. TANTTAKA. Zuzendaria: Carlos Zabala. Agur, Eire, agur (1988). Ekoizleak: TANTTAKA eta TOPO. Norena: Brian Friel. Zuzendaria: Pere Planella. Ondoloin (1987). Ekoizlea: TANTTAKA. Egileak: Mikel Anza eta Tanttaka. Zuzendaria: F. Bernués. Mujer ante el espejo (1986). TANTTAKA. Egilea: Adrian Desiderato. Zuzendaria: F. Bernués. Sírvase usted mismo (1985). TANTTAKA. Zuzendaria: F. Bernués. Tuerto a lo tuyo, que rifan un ojo (84). TANTTAKA. Zuzendaria: F. Bernués. Bai, baina non? (1984), Hau bai nahastea (1983). TANTTAKA. Dtor: F Bernués. ZINEMA ETA TELEBISTAKO AKTORESA Jone sube al cielo (1998). Joseba Salegiren metraje luzeko filma. La buena madre (1995). 35 mm ko metraje laburreko filma. Zuzendaria: José Antonio Vitoria. Protagonista. La caja de croissants (1996). Metraje laburreko filma. Zuzendaria: Koldo Losada Ciao amore, ciao (93). 35 mm ko metraje laburreko filma. Zuzendaria: J. Antonio Vitoria. Loraldia El tiempo de las flores (1989). Oscar Aizpeolearen metraje luzeko filma. IRAKASLEA Interpretazio irakaslea. TAE (Taller de Artes Escénicas). Donostia. Idazketa dramatikoa. Getxoko Antzerki Eskola. 98. Interpretazioa. Donostiako Orfeoiaren Kantu Eskola. 89 90. Interpretazioa. Hernaniko Antzerkiko Udal Tailerra, 1985etik 1989ra. Argazkiak: Garbi Losada Euskonews & Media 185.zbk (2002 / 10 25 / 11 1) Euskomedia: Euskal Kultur Informazio Zerbitzua Eusko Ikaskuntzaren Web Orria
Partekatu
Facebook Twitter Whatsapp

AURREKOAK

Antonio Bea: "Hilabete eta erdian, Irati eta Urruña artean, 2 milioi uso pasatzen dira"

 

Irakurri

Errakel Armentia: "Afrikan haurrak gosez hiltzen ari dira, HILTZEN, hatxez eta letra larriz"

 

Irakurri

Roberto Otaegui: "Nik uste dut genetika kontua dela. Euskadin oso fuerte sentitu nuen mendiaren indarra"

 

Irakurri

Toti Martinez de Lezea: "Historia gu guztiona da, denok handik gatozelako"

 

Irakurri

Elías Querejeta: "Jendearengana ahalik eta begiradarik zabalenarekin hurbiltzeak norberaren burua ezagutzen laguntzen du"

 

Irakurri